7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2013 FORU AGINDUA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, "Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea" entitatetik datorren fundazio bereziaren Kudeaketa Batzordea izendatzen duena.

Kreditu entitateak Berregituratu eta Konpontzeari buruzko azaroaren 14ko 9/2012 Legeak azken xedapenetako hamahirugarrenean 5. eta 6. artikuluak aldatu ditu, eta bederatzigarren xedapen iragankorra erantsi dio Aurrezki kutxen gobernu organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Dekretu Legeari.

Aipatu aginduetan ezarrita dago aurrezki kutxaren batek kontrola izateari uzten badio Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatzen den moduan edo haren partaidetza murrizten bada bere negozio finantzarioa hartu duen banketxe instrumentalaren boto eskubideen %25era iritsi gabe, bidezkoa dela fundazio berezia bilakatzea, kreditu entitate gisa jarduteko baimena galduta.

Bost hilabetekoa da eraldaketa horretarako epea, entitateak banketxe instrumentalaren kontrola galtzen duenetik.

Epe hori iraganik eraldaketa gauzatu gabe, aurreki kutxaren organo guztiak zuzenean deseginen dira eta baja emanen zaio kreditu entitateen erregistro berezian, eta babesletzak fundazio bereziaren kudeaketa batzordea izendatu beharko du, eraldaketa gauzatzeko, besteak beste.

Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea entitateak desegiteko kausan erori zen 2012ko abuztuaren 3an; hortaz, 2013ko urtarrilaren 2an bukatu zen fundazio berezia bilakatzeko eta bere gobernu organoak desegiteko bost hilabeteko epea.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak babesle lana eginen duela ezarrita dago entitatearen Estatutuen hirugarren xedapen gehigarrian.

Lege eta estatutuetako aurreikuspenak betetzearren, beharrezkoa da Kudeaketa Batzordea izendatzea, entitatearen funtzionamendu egokia bermatu eta eraldaketa gauzatzearren; orobat, Nafarroako Gobernuaren eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren artean negoziatu beharreko estatutuen proposamena prestatzea.

Kudeaketa Batzordeko kideei dagokienez, zer-nolako lanak egin beharko dituzten ikusita, uste da guztiz profil teknikoa izan beharko dutela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 66/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea entitatetik datorren fundazio bereziaren Kudeaketa Batzordea izendatzea, 2013ko urtarrilaren 3tik aurrera ondorioekin. Hona haren osaera:

-Juan Franco Pueyo jauna, Aurrekontuaren zuzendari nagusia.

-Pedro Ugalde Zaratiegui jauna, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

-José Antonio Razquin Lizarraga jauna, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren zuzendaria.

2. Beharrezko botere eta ahalmenak ematea Kudeaketa Batzordeari, entitatea fundazio berezia bilakatzeko behar diren egintza eta erabakiak har ditzan. Eragiketa horiek formalizatzeko behar diren dokumentu publiko eta pribatu guztiak egilesteko ahalmenak izanen ditu Batzordearen agindu hori hartzen duen kideak.

3. Kudeaketa Batzordeak bertako burua eta idazkaria izendatu beharko ditu lehen bilkuran, eginkizun horiek bete ditzaten harik eta agindutako zereginak bukatu arte.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea entitateari, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari, Politika Finantzarioaren Atalari eta izendatu direnei jakinaraztea.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 3an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1300172