7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Ordenantza, Eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duena

Zizur Zendeako Udalak, 2012ko ekainaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eremu publikoa terrazekin okupatzea arautzen duen udal ordenantza. Hura 2012ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 13an.

Espedientea jendaurrean egoteko epea iraganik, "Cizur Pan, S.L.k" aurkezturiko alegazio bakarra osoko bilkuran aitzinetik ebatzita, behin betiko onetsi da 2012ko urriaren 4an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, haren testu osoa argitara emanen da, eragin juridikoa indar dezan.

Zizurren, 2012ko azaroaren 29an.-Alkatea, José Joaquín San Martín Murillo.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOA TERRAZEKIN OKUPATZEA ARAUTZEN DUENA

Ordenantza hau prestatu da Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren babespean eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne merkatuko zerbitzuei buruz 2006ko abenduaren 12an eman 2006/123/EE Zuzentarauak agindurik eta Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak eta zuzentarau horri egokitzeko Estatuko nahiz Nafarroako gainerako legeriak orobat agindurik.

1. artikulua. Xedea.

1.1. Orokorrean, ordenantza honen xedea da Udalaren jabari publikoko lurren aprobetxamenduak terrazak paratuta hartzen duen araubide juridikoa arautzea.

1.2. Arau honen aplikazio esparruan sartzen da bai terrazak erabilera publikoko espazioetan eta jabari publikoan paratzea bai espazio pribatuetan daudenak erabilera publiko komun orokorrari irekita badaude.

1.3. Kioskoak (finkoak edo denboraldikoak) edo muntadura iraunkorrak ez dira ordenantza honen xede. Okupazio horiek aldez aurreko kontzesio administratiboa beharko dute.

2. artikulua. Baimenen izaera.

2.1. Terrazak eremu publikoan paratzea Zizur Zendeako Udalaren erabaki ahalmenekoa da, berekin dakarrena haren titularrarendako espazio publikoaren erabilera berezian aritzeko ahalmena.

2.2. Baimenak luzatzean, irizpidea izanen da erabilera publiko komuna eta erabilera berezia bateragarriak izatea; gatazka baldin bada, lehentasuna espazio irekiaren erabilera publiko komunak izanen du, interes orokorreko arrazoiengatik.

3. artikulua. Terraza kontzeptua.

Ordenantza honi dagokionez, orokorrean, terraza izanen da higiezin batean kokatutako ostalaritzako edo sukaldaritzako establezimendu bati erantsitako instalazioa, erabilera publikoari irekitako kanpokoko espazioetan kokatua, mahai sorta batek eta dagozkien aulkiek osatua, eta, hala baldin bada, elementu osagarriak dituena, hala nola eguzkitakoak, klimatizaziorako elementu mugigarriak, toldoak etab. Azken horiek haizetik babesteko itxitura bertikalak izaten ahal dituzte, betiere zorura ainguratu gabeak.

Terraza kontzeptuaren barnean mota desberdinak egon daitezke, hala nola terraza estalia edo beladorea; horiek estalgarri bat dute beren goialdean, finkoa edo mugigarria izan daitekeena zoruan bermaturiko egitura baten gainean. Espaloitik goiti egiten duen zoladura independentea izan dezakete, eta irekiak nahiz alboetan itxiak izan daitezke. Mota horretako terrazek gainerako terrazei aplikatzen zaizkien baldintza orokor berberak bete beharko dituzte beren ezaugarriei eta kokalekuei dagokienez, nahiz eta kontuan hartu beharko diren bereizgarriei aplikatzen ahal zaizkien baldintza berariazkoak.

4. artikulua. Ostalaritzako establezimenduen tipologia.

4.1. Ostalaritzako establezimendutzat hartuko dira jatetxeak, kafe etxeak, kafetegiak, garagardotegiak, tabernak eta ostatuak, musikarik gabeak nahiz musika dutenak.

4.2. Salbuespenez eta zerbitzu teknikoek aitzinetik aldeko txostena emanda, terrazak baimentzeko baimena ematen ahalko zaie behar den lizentzia edo kontzesio administratiboa duten establezimenduei, jendeari irekitako espazioetan beren ostalaritza lana egin dezaten, hala nola kiosko-ostatuei, finko nahiz mugigarriei, eta denboraldiko izozkiak saltzeko kioskoei.

4.3. Ez zaie terrazarik paratzeko baimenik emanen ingurumenari buruzko legeriaren arabera dantzatoki eta/edo diskoteka sailkapena duten establezimenduei.

5. artikulua. Baimenen ezaugarriak:

5.1. Baimenak aldi baterakoak izanen dira betiere; orokorrean, urte naturala iraunen dute.

5.2. Alkatetzak luzatuko ditu eremu publikoa terrazekin okupatzeko baimenak, udal zerbitzu teknikoek aitzinetik txostena eginda.

5.3. Baimenak prekarioan emanak direla ulertuko da, eta Zizur Zendeako Udalak erabakitzen dituen aldaketen mendean egonen dira; hark noiznahi ezeztatzeko, eteteko, mugatzeko edo murrizteko eskubidea izanen du, interes orokorreko arrazoiak sortzen baldin badira.

5.4. Ordena publikoko arrazoiengatik, trafikoaren inguruabar bereziengatik edo terrazaren erabilera eremu publikoa okupatzeko bertzelako baimenekin bateragarri egiteko, bereziki bestak edo azokak direlarik, udal zerbitzu publikoek, udaltzainek lagunduta, hala behar baldin bada, aldi baterako aldatzen ahalko dituzte erabiltzeko baldintzak eta orobat agintzen ahalko dute jarduera gauzatzea oztopatzen edo trabatzen duten elementuak berehala kentzeko.

5.5. Kasu horietan, inoiz ez da sortuko ukituek kalte-ordainik edo ordainik jasotzeko eskubiderik.

5.6. Baimenak emanen dira salbu utzita jabetza eskubidea eta deusetan ukatu gabe hirugarrenen eskubidea; ezin izanen dira ez errentan eman ezta laga ere, ez zuzenean ez zeharka, ez osorik ez partez.

5.7. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

6. artikulua. Baimenak ikusgai jartzeko betebeharra.

Baimenaren ziurtagiria eta muntadura baimendua agertzen duen planoa ikusgai jarri beharko da merkataritzako establezimenduan, ikusteko moduko toki batean, terraza haren muntadura osagarria denean.

7. artikulua. Eskaerak.

Noiz nahi den muntadura eta terraza funtzionatzen hastea, gutienez ere hilabete lehenago aurkeztu beharko dira eskaerak; tramitera onartuak izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dira berekin batera:

a) Establezimendua irekitzeko eta funtzionatzeko lizentziaren kopia.

b) Muntadura azaltzeko txostena, zer ingurunetan kokatu nahi den, horrexeri dagokionez; harekin batera, paratu nahi diren altzarien gaineko erreportaje fotografikoa aurkeztuko da, zehaztuko dituena haien azalera, izaera, forma, kopurua eta kolorea, baita toldoari edo terraza estaltzeko sistemari dagozkionak, eta orobat jarduteko epea.

c) Krokisa edo planoa, azalduko dituena toki zehatza, muntaduraren forma eta paratu beharreko elementuen neurria.

d) Terrazaren erantzukizun zibileko asegurua, baita toldoaren edo estalkiaren egilearen segurtasunaren ziurtagiria ere.

e) Bertze edozein agiri, Udalaren zerbitzu teknikoen edo interesdunaren iritziz egokia bada interes orokorreko arrazoiak daudela frogatzeko, terrazak paratu nahi direlarik erabilera publikoko espazio pribatuetan.

Terrazan, klimatizaziorako edo bertzetarako muntadura elektrikoak paratzen badira, baimena beharko da; halakoetan, tramiterako onartuak izateko, okupatzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko da behar den balorazio txostena, teknikari eskudunak sinatua; funtzionatzen hasi aitzin, berriz, espediente egiaztatua aurkeztu beharko da, ziurtatzen duena egindako muntadura indarra duen legeriaren araberakoa dela eta legeak nahi dituen segurtasun neurri guztiak betetzen dituela.

Zerbitzu teknikoek eskatzen ahalko diote interesdunari txostenak zehaztu ditzan bai baldintza estetikoak bai baldintza teknikoak, haien erabilera zuzena arautzeko eta trafikoari, oinezkoen joan-etorriari eta establezimenduei trabarik ez egiteko.

8. artikulua. Aldaketak establezimenduaren gaitasun agirian.

8.1. Establezimendua ostalaritzan edo sukaldaritzan aritzeko gaitzen duen agirian aldaketa edo kanbiamendurik izanez gero, Administrazioari eman beharko zaio horren berri, behar diren ondorioak izan ditzan.

8.2. Jarduerarako lizentziaren titulartasun aldaketaren berri aitzinetik emateak ahalmena emanen dio titular berriari muntadura ustiatzen segitzeko, baimenak indarra duen bitartean, lehenagotik egiten zen baldintza beretan.

9. artikulua. Baimenak berritzea.

Baimenak bertzerik gabe berritutzat joko dira, epe bererako, zergadunak dagozkion tasak ordainduta, betiere aldatu ez badira baimena ematea ekarri zuten inguruabarrak eta haren titularrak zehapen irmorik hartu ez badu, ordenantza honetan aipatzen dituen arau-hauste larrietariko bat egiteagatik.

Betiere, beharrezkoa izanen da berritzeko eskaerarekin batera aurkeztea hura emateko baldintza guztiak betetzen direlako erantzukizuneko aitorpena.

10. artikulua. Terrazetan kontsumitzen ahal diren produktuak.

Terraza ostalaritzako zer establezimenduri loturik dagoen, bertan saltzen eta kontsumitzen ahal diren produktu berak saldu eta kontsumitzeko eskubidea dakar berekin terraza paratzeko baimenak.

11. artikulua. Ordutegiak.

11.1. Orokorrean, terrazak 9:00etan ematen ahalko dio hasiera bere jarduerari; zer establezimenduren eranskina den, harexen ixteko ordutegiaren arabera geldituko da.

11.2. Salbuespenez, ordenantza hau garatzean, arautzen ahalko dira terraza erabiltzeko ordutegi guztiak, kontuan harturik bai urtaro desberdinak, herrietako bestak, lanaldiaren iraupena eta hiriko aldeak, bai espazio publikoetan hartzen duten tokia, ingurunea bizitegitarako den ala ez, haren izaera historikoa edo interes orokorreko bertzelako baldintza batzuk.

12. artikulua. Okupazio eremuak.

12.1. Orokorrean, terraza paratzeko baimenak haien okupazioa mugatuko du eskatzailearen titulartasunpeko ostalaritzako establezimenduaren fatxaden parean dagoen eremu publikoko zatira, salbu eta aldameneko higiezinek baimen idatzia ematen badute; betiere sar-atera librea bermatu beharko da aldameneko etxebizitza eta lokaletara.

12.2. Betiere, baimenak emateko ibilgailuen joan-etorria irekia nahiz itxia duten bide publikoetarako, beharrezkoa izanen da oinezkoendako joan-etorria osotara libre gelditzea gutienez ere eraikinaren fatxadari itsatsirik 1,80 metroko zabalera duen eremuan; ahal dela eremu hori espaloiaren ertzaren ondoan izanen da, luzetara, eta hartatik gutienez ere 30 zentimetrora berezita.

12.3. Oinezkoendako gelditu diren bide publikoetan edo ibilgailuek sarbide mugatua dutenetan, betiere bermaturik gelditu beharko da larrialdietako ibilgailuen joan-etorri librea; horretarako 3,50 metroko zabalera izanen da gutienez. Erabilera publikoko ataripeak edo arkupeak dituzten bideen kasuan, terraza espaloiaren gainean jarri beharko da, ataripea libre utzirik beti pertsonen harat-honatetarako. Mahaiak kanpoko zutabeei atxikirik ezarriko dira, zutabeen tarteen azpian, sekula ez arkupearen barrenaldean, karrikak garbitzeko makinei traba egin ez diezaieten.

12.4. Ez da baimenik emanen terraza bat paratzeko, haren antolaerak edo kokalekuak interes kulturalekoen katalogoan sartutako eraikin edo ondasunen interesa mendratzen badute. Muntadurak klase horretako ondasun bati eragiten ahal badio, zerbitzu teknikoek finkatuko dituzte eskatzaileak baimena eskuratzeko jarri beharko dituen neurri zuzentzaileak.

12.5. Antolaeraren kariaz, halako plaza eta oinezkoendako espazio batzuetan beharrezkoa bada espazio mugatua banatzea hura okupatzeko eskaria egin duten hainbat establezimenduen artean, Udalaren zerbitzu teknikoek auzian dagoen espazioa mugatuko dute, plaza osoan edo haren zati batean; terraza erabilerarako kontuan hartzen den espazioa bereziki irizpide objektibo hauei jarraikiz esleituko dira: plazaren edo banatu beharreko espazioaren gainean proiektaturiko lokal edo establezimenduen fatxadek dituzten metroak, edukiera eta/edo azalera erabilgarria.

13. artikulua. Okupaziorik gabeko eremuak.

Betiere, eremu hauek terrazarik gabe geldituko dira:

a) Zama-lanetarako direnak.

b) Oinezkoendako pasabideetan daudenak.

c) Ibilgailuak higiezinetan sartzeko pasabideak.

d) Ibilgailuendako joan-etorrietarako galtzadak, kontuan harturik ezarritako abiadura mugak eta bidearen zabalera.

e) Hiriko, hiriarteko eta eskoletarako autobusen geralekuak, baita taxienak ere, bai galtzadan bai aldameneko espaloi tartean.

f) Udalak erabaki litzakeen bertze espazio batzuk, hirigintza, estetika, ingurumen eta trafiko arloko baldintzen edo interes orokorreko bertze baldintza batzuen arabera.

14. artikulua. Kutsadura akustikoa.

Debeku da musika ekipoak paratzea; arlo horretan, aplikatzen ahal diren arauei jarraituko zaie betiere.

15. artikulua. Garbitasuna, higienea eta apaindura.

15.1. Terrazaren titularrak hura behar bezalako baldintzetan eduki behar du garbitasunari, higieneari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez, horiek bere ardurape hutsean baitaude.

15.2. Behar bezalako neurriak hartu beharko ditu terraza eta haren ingurua behar diren baldintzetan gera daitezen garbitasunari eta higieneari dagokienez, eta bermatu beharko du eremu okupatua egunero garbi-garbi gelditzea, sortzen diren hondakinak garaiz kendu beharko ditu eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko elementuak erabili.

15.3. Ez da onartuko produktuak edo materialak biltegiratzea edo pilatzea terrazen ondoan, ezta muntadurek berezkoak dituzten hondakinak ere.

15.4. Debeku da terrazan merkataritzako edozein makina paratzea, ez jostetakoak ez ausazkoak ez edariak, tabakoa eta gisakoak saltzekoak.

15.5. Muntadurak non dauden, hiri inguru horrexen ezaugarrien araberako altzariak izan beharko dituzte; debeku da inolako publizitaterik erakustea; salbuespena izanen dira toldoetako, lerragarrietako eta altzarietako merkataritzako logotipoak, baina horiek hagitz lausotuak izan behar dira, eta tiki-tikiak, eta ez dute beladorearen edo terrazaren estetika orokorra hautsiko.

15.6. Baimenen eskatzaile nahiz titularrei eskatzen ahalko zaie altzariek halako baldintza batzuk betetzeko estetikari eta uniformetasunari dagokienez, hiri ingurune berdintsuan kokaturiko establezimenduen artean.

16. artikulua. Arbolen eta hiri altzarien babesa.

Debeku da arbolak eta Udalaren hiri altzariak tresnatako erabiltzea, bai terrazak paratzean bai haien jardueran aritzean.

17. artikulua. Trafikoak, obrek edo bertzelako arrazoiek ekarritako goiti-beheitiak.

17.1. Seinale zutikako nahiz etzanetan trafikoaren antolamenduaren ondorioz sortzen diren aldaketa guztiek, terrazen bidezko okupazioei eragiten badiete, ukitutako terraza antolamendu horren baldintzetara egokitzea ekarriko du berekin, interesdunari aitzinetik jakinarazita.

17.2. Ustekabean edo gerora obrak edo urbanizazioak etortzen badira, edo zerbitzu publikoak ezartzen, kentzen edo aldatzen badira, Zizur Zendeako Udalak, ebazpen arrazoituaren bidez, aldatzen ahalko du ordenantza honetan aurreikusiari jarraikiz emandako baimena.

17.3. Halakoetan, inoiz ez da sortuko ukituek kalte-ordainik biltzeko eskubiderik.

18. artikulua. Fidantza.

Salbuespenez baimentzen bada egitura finkoak edo zorura ainguratutako elementuak paratzea, baimenerako baldintza izanen da fidantza bat ordaintzea; haren zenbatekoa Udalaren zerbitzu teknikoek baloratuko dute, lurzorua konpontzeak, lehengoratzeak eta berreraikitzeak duen kostuaren arabera.

19. artikulua. Instalazioen ezaugarriak.

Baimen eta/edo establezimendu baten multzo bateko elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira. Terrazaren diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin, eta kromatismoa, materialak eta diseinua ahalik eta berdinena izan beharko dituzte.

Diseinu berezi irekia edo gardena izanen dute, begietarako trabarik gabea, batez ere; ez dira oztopo izanen ingurua ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen.

Beladorearen garaiera: puntu guztietan, barne garaiera librea 2,40 metro izanen da gutienez eta 3,50 metro gehienez; zein lokalen osagarria den, ez dute gainditzen ahalko harexen beheko solairuko forjatuaren proiekzio horizontalak markaturiko planoa.

Materiala: ahal dela aluminioa erabiliko da, eta bertze material batzuekin konbinatzen ahal da, hala nola zur tratatua, biniloa, zumea, plastiko estrusionatuak jarleku eta bizkarraldeetan etab.

Kolorea: altzarietan kolore neutroak erabili beharko dira (zuriak, orekarak, metalkarak). Ezin da kolore deigarri edo/eta biziegirik erabili. Nolanahi ere, haize-babesak edo lore-askak badira, ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, inguruko zoladuraren kolorearekiko erabat bertzelako kolorearekin margotuko dira.

Beladore itxia: alboko itxituren materiala nagusiki gardena (%60 baino gehiago) eta zurruna izanen da; lerragarriak izaten ahal dira. Betiere bete beharko dituzte suteen gaineko legeriak ebakuaziorako zehazten dituen baldintzak, baita irisgarritasun arlokoak eta EKTak (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) ezartzen dituen SUAkoak, baita aireztapen eta airearen kalitateari dagozkien baldintzak ere, itxiak direnean.

Beladore irekia: espazioaren mugaketarako elementu baxuak izan ditzake, lurretik gehienez ere 70 cm-ko garaiera dutenak.

Beladoreei kontzeko plataformarik eginez gero, lurretik 5 - 10 zentimetrora egonen da. Zorura ainguratu ahal izateko, Udalak baimena eman beharko du eta, betiere lur azpian garajerik edo sotorik ez dagoenean eta bermatzen bada finkatze elementuek ez dutela higiezinaren irazgaiztasunean eraginik izanen, eta lizentziaren titularrak edozein arrazoirengatik instalazioa kentzen denean zoladura eta okupatutako lurzorua egoera ezin hobean berreskuratuko direla bermatuta bakarrik.

Ikusmen arazoak dituztenek aise antzeman ditzaten, gutienez 40 cm-ko zerrenda bat izanen dute, lurzoruan eta beladorearen kanpoaldetik, zoladuraren kolorearekiko erabat bertzelako kolorea izanen duena.

Udalak onetsi beharko du beladorearen eredua, baimena ematen duen egintzan. Beladoreak itxiak badira, gauzatzeko proiektua izan beharko dute, teknikari eskudunek sinatua, frogatzen duena betetzen dela Eraikuntzaren Kode Teknikoa (EKT) eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

20. artikulua. Terrazaren betebehar berariazkoak.

20.1. Terrazaren jarduerarako baimendutako ordutegia amaituta, titularrak osoki bildu beharko ditu terraza edo beladoreko toldoak eta lerragarriak, eremu guztia ikusgai, garbi eta ordenaturik utzirik. Mahaiak eta aulkiak giltzarrapoz lotuko dira barnean, salaketak edo kexak izan ezik, orduan Udalak horiek pilatzeko eta bertze toki batera eramateko erabaki baitezake.

20.2. Oporraldietan eta terraza ari ez den aldietan titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu eremu publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak.

20.3. Beladoreak, hain bereziak baitira, ez dira kenduko baimena bukatu arte edo jarduera gelditu arte.

20.4. Herrietako bestetan terraza handitzeko, Alkatetzaren baimena beharko da; horretarako, eskatzaileak altzarien kokalekuaren eta ezaugarrien krokisa aurkeztu beharko du hilabete lehenago.

21. artikulua. Arau-hausteak.

21.1. Zehapen prozeduraren ondoriozko erantzukizun administratiboez gainera, arau-hausleari eskatzen ahalko zaio bertzelakotutako egoera lehengoratzeko, baita ordaina pagatzeko ere egindako kalte-galerengatik. Hala ere, legez kanpoko muntadurak kentzea edo haien funtzionamendua etetea erabaki daiteke badaezpadako neurri gisa, dagokion zehapen prozeduraren hastapena xedatu bidenabar.

21.2. Ordenantza honi lotutako muntadurak, Udalaren jabari publikoko lurren gainean ezartzen badira behar den lizentziarik gabe, berehala kenduko ditu ustiapenaren titularrak, horretarako gaztigu bakarra izanen dela Udakak emandako agindua interesdunari jakinaraztea; hala egiten ez badu, udal zerbitzuek kenduko dituzte, eta sortzen diren gastuak erantzulearen bizkar izanen dira.

21.3. Aitzineko artikuluan xedatu dena aplikatzen ahalko zaie hiri altzariei eta bertze edozein elementuri, behar den baimenean jasorik ez badaude edo baimendutako mugetatik harata egiten badute; horretaz aparte, emandako lizentzia ezeztatzen ahal da edo hura berritzeko baimena ukatzen.

21.4. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatuaren aurka doazen eginak eta ez eginak.

21.5. Muntaduren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau-hausteen erantzuleak.

21.6. Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

A.-Hona hemen arau-hauste arinak:

1. Emandako espazioa edo haren ingurua ez garbitzea.

2. Lizentziaren agiria eta xehetasun planoa ez jartzea erabiltzaileak, bizilagunek eta agintaritzaren agenteek ikusteko moduko tokian.

3. Produktu, ontzi edo hondarrak terrazan edo eremu publikoaren bertze edozein tokitan bildu eta pilatzea.

4. Instalazioak estetika hautsiz edo apaindu gabe edukitzea.

5. Ordenantza honetan zehazten den bertze edozein betebehar ez betetzea, arau-hauste larria edo oso larria ez delarik.

B.-Hona hemen arau-hauste larriak:

1. Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

2. Hasteko edo ixteko ordutegia ez betetzea.

3. Lizentzian aurreikusi gabeko hiri altzariak paratzea.

4. Baimendu baino azalera handiagoa hartzea.

5. Baimendu gabeko produktuak saltzea.

6. Nahitaezko asegururik ez izatea.

7. Muntaduraren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba frogatuak eragitea.

8. Lizentzia eskuratzeko aurkeztutako datuak edo dokumentazioa ezkutatzea, manipulatzea edo faltsutzea.

9. Musika tresnak edo baimenduta ez dauden bertze muntadura batzuk paratzea. Ordenantzan xedatuari jarraitu gabe, elementuetan publizitatea paratzea.

10. Eremu publikoan kalteak eragitea, 1.200 eurotik goiti egiten ez dutenak.

11. Terrazako altzariak kendu edo bildu eta pilatzeko betebeharra huts egitea funtzionamenduko ordutegia bukatzean.

Hona hemen arau-hauste oso larriak:

1. Urtean hiru hutsegite larri egitea.

2. Terrazak baimenik gabe edo baimendutako alditik kanpora paratzea.

3. Terrazaren ustiapena titularra ez den pertsonari lagatzea.

4. Muntadura berehala kentzeko agindua ez betetzea.

5. Ordenantza honetan ezarritako baldintzak behin eta berriz eta larriki ez betetzeagatik, muntaduraren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba larriak eragitea.

6. Ikuskizunak edo emanaldiak egitea edo berariaz baimendu gabeko jarduerak egitea.

7. Eremu publikoan kalteak eragitea, 1.200 eurotik goiti egiten dutenak.

22. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ezartzea ekarriko du berarekin:

A.-Arau-hauste arinek 300 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

B.-Arau-hauste larriek 301etik 800 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

C.-Arau hauste oso larriek 801 eurotik 1.200 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

Arau hauste oso larriak egiteak berekin ekartzen ahalko du, zehapen osagarri gisa, klase honetako lizentziak hiru urtez eskuratzeko desgaitzea.

2. Zehapenak mailakatzeko kontuan hartuko da egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den, egindako kalteak nolakoak izan diren eta urte berean gisa bereko bertze arau-hauste bat egin ote den, honela deklaratua baldin bada ebazpen irmo baten bidez.

3. Zehapenak ezartzeko behar den prozedura ireki beharko da lehenik; hura bideratuko da administrazio prozedura erkideari buruzko legeria orokorraren eta hura garatzeko erregelamenduaren arabera.

Hasteko erabakian agintzen ahalko da beharrezkoak diren behin-behineko neurriak hartzeko, etor litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatu beharrez, hala nola legez kanpoko muntadurak kentzea edo haren funtzionamendua etetea.

4. Arau-hausteak eta zehapenak preskribatzeko epeak dira legeria orokorrean aurreikusten direnak.

5. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

23. artikulua. Zaintza eta ikuskapena.

Udaltzainei dagokie ordenantza honetan xedatua betetzen dela zaintzea.

Xedapen iragankorra

Ordenantza honek indarra hartzean baimenak emanak dituzten terrazek (edo mahai eta aulkien kokalekuek) hiru hilabeteko epea izanen dute hartara egokitzeko.

Azken xedapena

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1216877