7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, arte plastikoen eta ondarearen arloko teknikari lanpostua aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2012ko azaroaren 28an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.-Deialdia egin da, arte plastikoen eta ondarearen arloko teknikari lanpostua betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bitartez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Nolanahi dela ere, kontuan hartuko da inor ote den arte plastikoen eta ondarearen arloko teknikari lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gelditu denik; izan ere, azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Lizentziadun titulua izatea arlo hauetakoren batean: Arte Ederrak, Filosofia, Historia, Artearen Historia, Giza Zientziak, Historia eta Musikaren Zientziak, Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Zuzenbidea, Ekonomia, Pedagogia, Kazetaritza, Psikologia, Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Soziologia; bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulua eskuratzeko moduan izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira 1. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udalaren Aurrez Aurreko Harrera Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, Aldizkari Ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbalioa duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.-Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak jendaurrera aterako du ebazpen honen bidez onetsitako deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen gibelaldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6.-Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.-Epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Fermín Javier Alonso Ibarra, Hezkuntza eta Kultura alorreko zinegotzi eskuordea.

Mahaikidea: Francisco Javier Briongos Ibáñez, Castel Ruiz EEPko zuzendari kudeatzailea.

Mahaikidea: Miguel López-Remiro Forcada, Nafarroako Unibertsitateko Arte Garaikidearen Museoko zuzendaria.

Mahaikidea: Francisco Javier Zubiaur Carreño, Nafarroako Museoko goi mailako teknikaria.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria, botorik gabe: María Teresa Lasheras Balduz, Hezkuntza eta Kultura Alorreko zuzendaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lehendakaritza Alorrari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.-Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

8.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

a) Lehen proba: azterketa teoriko bat, deialdiaren 2. eranskineko hiru zatietako bakoitzeko gai bati buruzkoa. Zati bakoitzetik bi gai aterako dira zozketa bidez, izangai bakoitzak horietako bat aukeratzeko. Probak 45 puntu izanen ditu gehienez (15 gai bakoitzeko), eta bazterturik geldituko dira gai bakoitzean gutxienez ere 8 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

b) Bigarren proba: epaimahaiak proposatuko duen kasu teoriko-praktiko bat burutzea. Probak 55 puntu izanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8.3. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.-Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Probaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

9.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Izangaiei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. idatz-zatian, ezarritakoa (Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2012ko azaroaren 28an.-Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

IZENA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA (Urtea/Hilabetea/Eguna)

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA (Kalea, zenbakia, eskailera, solairua)

HERRIA

POSTA KODEA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

ADIERAZTEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

[ ] Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

[ ] Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdian (.....eko ..... Nafarroako Aldizkari Ofizialean, .................. egunean argitaratua), Arte Plastikoen eta Ondarearen arloko teknikari lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2, 31001 Iruña).

Iruñean, 20.......(e)ko ...................aren ..........(e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. zatia.

1. Kultur politika: kontzeptua eta nazioarteko adierazpenak. Ekintza nagusiak, jarduteko eremuak eta eraginpeko taldeak. Elkarreragina beste lurralde politika batzuekin.

2. Kultur politiken bilakaera Europan 60ko hamarkadaz geroztik. Gaur egungo Europar Batasuna arteei, ondareari eta kulturari dagokienez.

3. Kultura eta kultur eskubideak Espainiako Konstituzioan, Espainiako legedian eta Nafarroakoan. Administrazio publikoek kulturaren arloan dituzten eskumenak.

4. Udalaren kultur ekintza: ekintza nagusiak, jarduketa eremuak, esku-hartze motak eta eraginpeko taldeak. Beste entitate publiko eta pribatu batzuen jarduketekin izaten den elkarrekintza eta osagarritasuna.

5. Ekonomia eta kultura. Kultura, lurraldea garatzeko eragile. Udalaren kultur zerbitzu eta jarduketen zeregina.

6. Iruñeko kultur ekipamenduak (bana-banaka aipatzea eta deskribatzea). Udalaren politikan eta kultur ekintzan duten zeregina.

7. Kultur proiektu publikoak diseinatzea: udalaren kultur proiektu baten faseak eta edukia.

8. Babesletza eta mezenasgoa, udalaren kultur proiektuen finantziazioan. Babesletza plana. Abantaila fiskalak. Arte plastikoen eta ikusizkoen eta ondarearen kasu zehatza.

2. zatia.

9. Kultur ondareari eta, zehazki, museoei buruzko Espainiako legedia, jatorria Gobernu zentralean duena.

10. Nafarroako Foru Komunitateak kultur ondarearen eta museoen arloan duen legedia.

11. Museoa eta bilduma publikoa: arte plastikoen eta ikusizkoen arloan duten zeregina. Nafarroako kasua.

12. Iruñeko Udalaren mendeko erakusketa aretoak. Azpiegitura erabilgarria, mugak eta egin beharreko hobekuntzak.

13. Arte lanen merkataritza: Espainiako azoka eta galeria nagusiak, arte ondasunen salerosketa, inportazioa eta esportazioa.

14. Arte plastikoen, ikusizkoen eta, oro har, ondarearen arloko jabetza intelektuala eta egile eskubideak Espainiako legedian.

15. Erakusketa motak eta egin beharreko muntaketak.

16. Segurtasuna erakusketa aretoetan. Segurtasuna bermatzeko neurriak. Ingurumen arloko betebeharrak.

3. zatia.

17. Arte plastikoen eta ikusizkoen gaur egungo egoera. Mendebaldeko munduan nagusi diren joerak; Espainia aipatuko da bereziki.

18. Arte plastikoak eta ikusizkoak Nafarroan 1960az geroztik: ikastetxeak, erakusketa eta hedapenerako zentroak; joera nagusiak eta sortzaile garrantzitsuenak.

19. Iruñean dauden kultur agenteak, publikoak eta pribatuak, arte plastikoen, ikusizkoen, ikus-entzunezkoen eta ondare historiko-artistikoaren arloetan. Kultur garapenarekin eta udalaren kultur ekintzarekin duten lotura.

20. Estatuan eta nazioartean dauden kultur agenteak, publikoak eta pribatuak, arte plastikoen, ikusizkoen, ikus-entzunezkoen eta ondare historiko-artistikoaren arloetan. Kultur garapenarekin eta Iruñeko udalaren kultur ekintzarekin duten lotura.

21. Erakusketak ekoitzi eta kudeatzeko ereduak. Udalaren kultur ekintzarekin duten lotura. Iruñeko kasua.

22. Arteen eta ondare historiko-artistikoaren zabalkundea eta didaktika. Udalaren kultur ekintzaren zeregina: helburuak, estrategiak eta jarduteko moduak. Iruñeko kasua.

23. Arte sorkuntzari laguntza ematea: helburuak, estrategiak eta jarduteko moduak. Udalaren kultur ekintzaren zeregina. Iruñeko kasua. Etorkizunerako proposamenak.

Iragarkiaren kodea: L1216881