7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2018/2012 Ebazpena, abenduaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistroaren Arautegia eta Erregistro Elektronikoa sortzeari buruzkoa", Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an hartutako erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2012ko abenduaren 20an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistroaren Arautegia eta Erregistro Elektronikoa sortzeari buruzkoa" onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ERREGISTROKO ARAUTEGIA ETA ERREGISTRO ELEKTRONIKOA SORTZEA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontzeptua.

Erregistroa eginkizun publiko bat da, eta bere helburua da ofizialki idatziz jasotzea Unibertsitateak hartu edo bidali dituen eskaera, idazki eta komunikazioen dokumentu fluxua, horretarako ezarritako erregistro sisteman sarrera eta irteera idazpenak eginez.

2. artikulua. Xedea eta aplikatzeko eremua.

Arautegi honen helburua hauek arautzea da: Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistro sistema, bere egitura, eginkizunak eta bermeak; Unibertsitateko edozein instantziari zuzendutako dokumentuen aurkezpenerako eta idazpenerako baldintzak eta irizpideak; Erregistro Elektronikoaren sorrera, bere funtzionamendua eta bitarteko elektronikoen bidez igorriko diren eskaera, idazki eta komunikazioen aurkezpen, harrera eta irteeretan bete behar diren eskakizun eta baldintza espezifikoak.

3. artikulua. Erregistro sistemaren egitura eta atxikipena.

1.1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak erregistro sistema informatizatu, bakar eta komun bat edukiko du organo, zerbitzu eta administrazio unitate guztientzat.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrak, Tuterako Erregistro Laguntzaileak eta Erregistro elektronikoak osatuko dute sistema. Erregistro bulego guztiak elkarrekin lotuta daude, halako eran non, idazpena, zeinahi bulegotan egiten dela ere, Erregistro Orokorrean integratzen baita era automatikoan.

3.-Idazkari nagusiak emandako ebazpenaren bidez beren administrazio unitateei dagozkien idazpenak egingo dituzten beste bulego batzuk sortzeko aukera egongo da.

4.-Erregistroaren zuzendaritza idazkari nagusiari dagokio, Unibertsitateko Estatutuetako 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4. artikulua. Erregistroen eginkizunak.

1.-Unibertsitateko presentziazko erregistroek, eginkizun hauek izango dituzte:

a) Eskaera, idazki eta komunikazioen harrera.

b) Eskaera, idazki eta komunikazioak hartu direlako adierazpena ematea.

c) Eskaera, idazki eta komunikazioen sarrera eta irteera idazpenak egitea.

d) Eskaera, idazki eta komunikazioak organo eta unitate hartzaileetara bidaltzea.

e) Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren jatorrizko dokumentuen kopia zigilatuak ematea.

f) Herritarrek aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektronikoak lortzea.

g) Unibertsitateak tramitatutako espedienteetara ekarritako jatorrizko dokumentuen kopia konpultsatuak egitea.

h) Legeek edo erregelamenduek esleitzen dieten beste edozein eginkizun.

2.-Unibertsitateko Erregistro Elektronikoak aurreko idatz-zatian zerrendatutako eginkizunak garatuko ditu, e, f eta g letretakoak izan ezik.

II. TITULUA

Xedapen komunak

5. artikulua. Aurkezteko tokiak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko organo eta unitateetara zuzendutako eskaera, idazki eta komunikazioak Erregistro Orokorrean edo Erregistro Laguntzailean aurkeztuko dira ondorio berberekin, bai eta Erregistro Elektronikoan ere xedapen honetako III. Tituluak ezarritako moduan edo Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein bitartekoen bidez.

6. artikulua. Idazpenak.

Sarrera eta irteera idazpenak egitean, gutxienez ere datu hauek jasoko dira:

a) Sarrera edo irteerako hurrenkeraren araberako erregistro zenbakia edo kodea, dagokionaren arabera.

b) Idazkiaren edo dokumentuaren harrera-data eta ordua, zortzi digituren bidez adierazia eguna, hilabetea eta urtea direnean, eta sei digituren bidez ordua, minutuak eta segundoak direnean.

c) Pertsona edo administrazio-organo bidaltzailearen identifikazioa.

d) Pertsona edo administrazio-organo hartzailearen identifikazioa.

e) Erregistratzen den idazki edo dokumentu motari eta bere edukiari buruzko aipamen laburra.

f) Idazki, eskaera eta komunikazioarekin batera aurkezten den orri kopurua.

g) Egokitzat jotzen diren oharrak.

7. artikulua. Zenbaketa.

1.-Erregistro idazpenen zenbaketa urte natural bakoitzeko lehen egunean hasiko da.

2.-Dokumentuen erregistroa era automatizatuan egingo da, eta idazpenen zenbaketa bakarra ezarriko da harrera eta irteera hurrenkeraren arabera.

3.-Sistema informatikoan etenaldiak baldin badaude, erregistro bulego bakoitzak sarrera eta irteerako zenbaki elkarren hurreneko bat jarriko die bulegora aurkezten diren idazki eta dokumentuei, eta une horretan egoera arautuko da datuak erregistro sisteman sartuz.

8. artikulua. Aurkezpenaren ondorioak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio organo eta unitateetara zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko egunak, arautegi honetako 3. artikuluan onartutako edozein tokitan aurkezten badira, ondorioak edukiko ditu, hala badagokio, herritarrek epeen zenbaketa betetzeari dagokionez.

9. artikulua. Erregistratzeko diren dokumentuak.

1.-Unibertsitateko erregistro orokorrak eta erregistro laguntzaileak aurkezten zaizkien edo hartzen dituzten eskaera, idazki eta komunikazio guztiak onartu eta haien idazpenak egin beharko dituzte, betiere, bidaltzailea identifikatzen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoko edozein administrazio organo edo unitatetara zuzentzen badira, eskaera, idazki eta komunikazio horien harrera bidezkoa bada arautegi honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.-Halaber, erregistratzekoak dira:

a) Irteera idazpenarekin, Unibertsitateko dagokion administrazio organo edo unitateek egin dituzten eta beste administrazio publiko, erakunde, entitate eta partikular batzuei zuzenduta dauden idazki eta komunikazio ofizialak.

b) Sarrera idazpenarekin, Unibertsitatearekin hitzarmena sinatua duen beste administrazio publiko batera zuzendutako eskaera, idazki eta komunikazioak, hitzarmen horren arabera, Unibertsitateko erregistroak dokumentuak aurkezteko tokiak badira.

3.-Inoiz ere ez dira erregistratuko:

a) Erregistratzen den idazki, eskaera edo komunikazioarekin batera doazen dokumentuak.

b) Pertsona identifikatuari eta ez betetzen duen edo daukan karguari zuzendutako korrespondentzia pertsonala. Kasu honetan, hartzaileari emango zaio, eta agiri ofizial bat bada, ahalik eta lasterren erredistratu beharko da.

c) Argi eta garbi Nafarroako Unibertsitate Publikoko organo eta eskumenei ez dagozkien gaiei buruzkoak diren idazki, eskaera edo komunikazioak.

d) Anonimoak eta nork bidali dituen jakiteko aukerarik ematen ez duten idazkiak.

e) Publizitatea, informazio komertzialeko idazkiak edo antzekoak.

f) Gonbitak, agurrak, zorion txartelak eta protokolo eskutitzak.

g) Estatuko Administrazioko, autonomia erkidegoetako, toki erakundeetako eta NUPekin dagokien hitzarmena sinatu gabeko unibertsitateetako organoetara zuzendutako idazki, eskaera eta komunikazioak.

h) Komunikazioak, oharrak, barne zirkularrak eta jakinarazpenak oro har.

i) Ziurtagiriak, aktak, txostenak eta beste frogagiri edo iritzi-agiri batzuk. Dokumentu horiek bidalketa-idazki batekin batera aurkeztuko dira, eta bidalketa-idazkiaren idazpena egingo da erregistro sisteman.

j) Faxaren bidez bidalitako telegramak eta dokumentuak.

4.-Erregistroan idatz-oharra behar duten eskaera, idazki eta komunikazioen hartzaileak diren administrazio organo eta unitateek ez dituzte interesdunarengandik zuzenean jasoko, eta behar den erregistrora bideratuko dira, han jasotzeko, eta, beharrezkoa balitz, arautegi honetan onartutako beste aurkezpen toki batzuetara.

10. artikulua. Administrazio organo eta unitateen arteko komunikazioak.

1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio organo eta unitateek beraien artean zuzenean egingo dituzte harremanak, erregistro orokorreko sistema erabili gabe.

2.-Komunikazioa bidali duen organo edo unitatearen iritzian beharrezkoa denean organo edo unitate hartzaileak komunikazioa hartu duela jasota geratzea, hartu delako adierazpena eskatuko zaio organo edo unitate hartzaileari, eta honek berehala eta berari komunikazioa bidaltzeko erabili den bitarteko beraren bidez igorri beharko du.

3.-Unibertsitate komunitateko kideek unibertsitateko organo eta unitateetara zuzendutako eskaera, idazki eta komunikazioak erregistroan aurkeztuko dituzte, baldin eta prozeduretan ezartzen bada Erregistroan aurkeztu behar direla, eta edonola ere hala egingo dute beren interesen defentsan jarduten dutenean.

11. artikulua. Aurkezte-agiriak.

Interesdunek zilegi dute Unibertsitateko Erregistroan aurkezten dituzten eskaera, komunikazio eta idazkiei buruzko aurkezte-agiria eskatzea Agiri horrek erregistro zenbakia edo kodea eta aurkezpen eguna egiaztatuko du, eta aurkezte agiritzat hartuko da interesdunak aurkeztutako dokumentuaren kopia bat, eta bertan agertuko da Erregistroak jarritako sarrera zenbakia eta aurkezpen-eguna.

12. artikulua. Kopia zigilatuak ematea jatorrizkoa aurkezteagatik.

1.-Prozedura arauek edo administrazio jardunbideko arauek eskatzen dutenean herritarrek jatorrizko dokumentuak aurkeztea beren eskaera, idazki edo komunikazioarekin batera, dokumentu horien kopia zigilatua lortzeko eskubidea izango dute herritarrek erregistro bulegoan aurkezten dituztenean.

2.-Eskubide hori erabiltzeko, herritarrak kopia bat aurkeztuko du, eta erregistroko langileek jatorrizkoaren erkatu eta itzuli egingo diote zigilu batekin bideratu eta gero. Zigilu horretan agertuko dira erregistro zenbakia, emate-data, aurkezpen tokia, organo hartzailea eta prozeduraren laburpena.

3.-Erregistroko langileek ez dute kopia zigiluz jotakoa emango, idazkiak erregistro orokorraren sistemaren bidez tramitatuko ez badira.

4.-Inoiz ere ez dira emango argitalpenen edo inprimakien kopia zigilatuak.

13. artikulua. Agiriak konpultsatzea.

1.-Erregistro zerbitzuak dokumentuen kopia konpultsatuko ditu kasu hauetan:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikora zuzendutako eskaera, idazki eta komunikazioekin batera aurkezten badira, edo Unibertsitateko prozedura edo deialdi batekoak badira, edo.

b) Unibertsitateak eman baditu, eta beharrezkoak badira beste edozein erakunde publiko edo pribatutan aurkezteko.

2.-Prozedura bat edo administrazio jarduera bat arautzen duten arauek eskatzen dutenean jatorrizko dokumentuen konpultsatua aurkeztea, interesdunak jatorriko dokumentu horiek itzultzeko eskubidea erabiltzeko aukera izango du, eta horretarako, jatorrizko dokumentuarekin batera, jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu beharko du.

3.-Erregistroko langileek kopia eta jatorrizkoa erkatuko dituzte, beren edukiak bat datozela egiaztatuko dute eta konpultsa zigilu bat jarriko dute kopian. Zigilu horrek egiaztatuko du kopia eta jatorrizkoa bat datozela, eta dagokion eskaera, idazki edo komunikazioari gehituko zaio hartzaileari bidaltzeko, eta jatorrizkoa interesdunari itzuliko zaio.

4.-Konpultsa zigiluan agertuko da zein egunetan egin den, bai eta egiten duen organoaren eta langilearen identifikazioa ere.

5.-Kopia konpultsatuak jatorrizkoaren balio bera izango du dagokion prozedura zehatzean, baina inola ere ez du jatorrizkoaren benetakotasuna egiaztatuko.

14. artikulua. Kopia elektronikoak.

1.-Interesdunak berak edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako dokumentu elektronikoen kopiek, bitarteko elektronikoen bidez egindakoek, jatorrizko formatua izan edo ez izan, benetako kopiatzat hartuak izango dira berehala Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 46. artikuluan ezarritako eraginkortasunarekin; betiere Unibertsitateak baldin badauka jatorrizko dokumentu elektronikoa, eta sinadura elektronikoko informazioak, eta, kasua bada, dataren zigiluari buruzko informazioak dokumentu horrekin bat datozela egiaztatzeko aukera ematen badute.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du herritarrek aurkeztutako dokumentu pribatuen irudi elektronikoak lortzea, eta dokumentu pribatuen balio eta eraginkortasun bera izango dute. Beren benetakotasuna, osotasuna eta dokumentu irudiaren kontserbazioa bermatuko duten digitalizazio prozesuen bidez egingo da, eta hori jasota geratuko da.

Era automatizatuan egin daiteke, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

3.-Baliabide elektronikoen bidez eman eta elektronikoki sinatutako dokumentu publiko administratiboen paperezko euskarriko kopiak benetako kopiatzat hartuko dira, betiere elektronikoki sortutako kodigo bat baldin badaukate edo Administrazio Publiko, organo edo erakunde bidaltzailearen fitxategi elektronikoetara sartuz benetakoak direla egiaztatzen duten beste sistema batzuk.

III. TITULUA

Erregistro elektronikoa

15. artikulua. Erregistro Elektronikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikoa sortzen da, erregistro bakar eta komuneko sistemaren barnean, Arautegi honetako 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bide elektronikotik eskaerak, idazkiak eta komunikazioak hartu eta bidaltzeko, Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 25. artikuluan ezarritako moduan.

16. artikulua. Erregistro Elektronikorako sarrera.

Interesdunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikoan sartuko dira bere Egoitza Elektronikoaren web-orrialdearen bidez: https://sedeelectronica.unavarra.es/sede.

Gutxienez ere informazio hau erabilgarri egongo da helbide horretan: sartzeko baldintza teknikoak, sinadura elektronikoko sistema onartuak, erabilgarri dauden tramite eta prozeduren katalogo eguneratua, dagozkion inprimakiak eta xedapen honen testu osoa.

17. artikulua. Interesdunaren nortasuna egiaztatzea.

Dokumentu elektronikoen identitatea, benetakotasuna eta osotasuna bermatzeko egokia den eta Unibertsitateak dauzkan bitarteko teknikoekin bateragarria den sistema elektroniko baten bidez sinatutako idazki, eskabide eta komunikazioak bakarrik onartuko ditu Unibertsitateak bere Erregistro Elektronikoan.

Hori dela-eta, 2007ko 11/2007 Legeak eta 203ko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezartzen dutenarekin bat etorriz, Unibertsitateak egoitza elektronikoan argitaratuko diren izenpe elektronikorako sistemak onartuko ditu, eta horien artean egongo da NAN elektronikoa.

18. artikulua. Aurkeztea.

Eskaera, idazki eta komunikazioak Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztea borondatezkoa izango da interesdunentzat, eta interesdunek dokumentazio hori ondorio berekin Erregistro Orokorrean edo Erregistro Laguntzailean aurkezteko aukera izango dute.

Aurreko lerroaldean esaten denaz aparte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi du arauz ezartzea nahitaezkoa dela baliabide elektronikoak bakarrik erabiltzea beregana zuzentzeko, 2007ko 11/2007 Legeko 27.6 artikuluak aipatzen dituen gorabeherak gertatzen direnean.

19. artikulua. Dokumentu onargarriak.

1.-Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6. eta 27. artikuluekin bat etorriz, Unibertsitatera bide elektronikoz bidalitako dokumentazioa baliozkoa izango da, betiere, jasota geratu bada bidali eta hartu dela, data, eduki osoa eta bidaltzailearen eta hartzailearen identifikazio fidagarria.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikoak onartuko ditu:

a) Egoitza Elektronikoan argitaratutako administrazio prozedura elektronikoen katalogoko zerbitzu, prozedura eta tramiteei dagozkien bitarteko elektroniko normalizatuen bidez aurkeztutako idazki, eskaera eta komunikazioak.

b) Aipatu katalogoan aipatzen direnetakoa ez den eta Nafarroako Unibertsitate Publiko edozein organo edo zerbitzuri zuzendutako edozein eskaera, idazki edo komunikazio. c) Horri begira erabiltzaileen eskura jarriko da inprimaki orokor bat, arautegi honetako I. eranskineko prozedura normalizatuekin loturarik ez duten eskaera, idazki eta komunikazioak aurkezteko aukera emango duena.

3.-Lege indardunekin bat etorriz, Erregistro Elektronikoan aurkezten diren dokumentu elektronikoak atzera botako ditu baldin eta:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpoko organo edo organismoetara zuzendutako dokumentuak badira.

b) Sistemaren osotasun edo segurtasuna kaltetu dezakeen kode amarrutsu edo dispositibo bat badira.

c) Dokumentu normalizatuetan, dagokion dokumentua onesten duen ebazpenaren arabera nahitaez bete behar diren eremuak betetzen ez badira, edo bere tratamendua eragozten duten inkongruentziak edo hutsak baditu.

d) Beste erregistro espezifiko batzuetan aurkeztu behar diren dokumentuak badute.

4.-Aurreko idatz-zatiko a) eta d) letretan ezarritako arrazoietakoren bat dela-eta atzera botatzen denean dokumentu bat, Erregistroak interesdunari jakinaraziko dio zergatik bota duen atzera dokumentua, bai eta ahal bada hutsune horiek zuzentzeko dauden bitartekoen berri eman ere.

5.-Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ez diren organo eta organismoei zuzendutako dokumentuak aurkezten badira, eta unibertsitatekoak ez izan arren, erregistroan haien idazpena eta hartu delako adierazpena egiten bada, administrazio organo eskumendunak horren berri emango dio dokumentuaren bidaltzaileari ahal bezain laster, eta idazkia, eskaera edo komunikazioa zergatik ez den tramitatu jakinaraziko dio, bai eta zein helbidetan aurkeztu behar duen ere, hori posible denean.

Inguruabar hori Erregistro Elektronikoan jasota geratuko da gero egiaztatzeko.

20. artikulua. Dokumentazio erantsia.

1.-Interesdunek eskatuta edo Unibertsitateak eskatuta, aurkeztutako eskaera, idazki eta dokumentuekin batera joango diren dokumentuak aurkeztuko dira, bai eta dokumentu osagarriak ere, betiere, Unibertsitateak onartutako dokumentu elektronikoen formatuetakoren batean aurkezten badira.

2.-Dokumentazio hori hasierako eskaera, idazki edo dokumentuaren egintza berean aurkezten ez bada, interesdunak dokumentazio osagarria aurkezteko egintzan esan beharko du zein den hasierako eskaeraren sarrera zenbakia.

3.-Artikulu honetako 1. idatz-zatian jarritakoak ez du galaraziko interesdunak dokumentazio erantsi eta osagarria Unibertsitateako Erregistro Orokorrean edo Laguntzailean modu presentzialean edo arau indardunek ezarritako beste edozein bitarteko erabiliz aurkezteko duen eskubidea.

21. artikulua. Dokumentuak jasotzea eta epeak kontatzea.

1.-Egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak izango ditu Erregistro Elektronikoak, eta Erregistrora sartzeko helbide elektronikoan ikusteko moduan agertu beharko dira.

2.-Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan aurkeztuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikoan. Mantentze tekniko edo operatiboko arrazoi justifikatuak daudenean bakarrik etengo da, beharrezkoa den denborarako, eskaera, idazki eta komunikazioen harrera. Erregistro Elektronikoak izan ditzakeen erabiltzaileei kasu bakoitzean ahal den aurrerapenarekin jakinarazi beharko zaie etenaldia.

3.-Bat-batean etorritako arrazoiak direla-eta Erregistro Elektronikoaren funtzionamendua eteten bada, eta ahal den guztietan erabiltzaileak mezu bat ikusiko du gertatutakoaren berri emango diona, bai eta etenaldiaren ondorioen berri ere, eta berariaz adieraziko da, bidezkoa bada, geroratu egingo direla epemuga hurbil daukaten epeak, baldin badaude.

4.-Egun naturaletan edo egun baliodunetan ezarritako epeak kontatzeko, eta interesdunak epeak betetzeari dagokionez, balioduna ez den egunean aurkeztea, hurrengo egun baliodunaren lehen orduan aurkeztea bezala izango da, ez bada arauak aukera ematen duela balioduna ez den egunean aurkeztea.

5.-Idazkia, eskaera edo komunikazioa Erregistroan aurkezten den data eta egunetik hasiko da zenbatzen Nafarroako Unibertsitate Publikoak bete behar duen epea. Nolanahi ere, idazkia, eskaera edo komunikazioa aurkeztu zuenari jakinaraziko zaio epeak zein egunetan hasiko diren zenbatzen.

6.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistroari ez zaio aplikatuko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 48.5 artikuluak ezarritakoa.

22. artikulua. Erregistro Elektronikoaren funtzionamendua eta bermeak.

1.-Erregistro Elektronikoaren informazio-sistemak egiten den idazpen bakoitzean datu hauek jasota geratuko direla bermatuko du. Idazpen bakoitzeko erregistro bat ezarriko da, eta aurkeztutako dokumentazioa identifikatuko da dagokion idazpen zenbakiari lotuko zaiona:

a) Banakako sarrera erregistroko zenbaki bat.

b) Interesdunaren identifikazioa, eta, bidezkoa bada, ordezkariaren identifikazioa eta ordezkaritzaren tituluaren identifikazioa.

c) Aurkezpen data eta ordua.

d) Dokumentu elektronikoa zein organori zuzentzen zaion.

e) Lotutako espediente, prozedura edo tramitea.

f) Erregistratutako dokumentuaren izaera eta edukia.

g) Aurkezpen inprimakiari edo aurkeztutako dokumentuari erantsitako dokumentuei zenbakia eta izena jartzea, bidezkoa bada.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publiko Erregistro Elektronikoak aurkezte-agiri bat emango du automatikoki. Agiri hori dagokion idazki, eskaera edo komunikazioaren kopia benetakotzat egiaztatua izango da, aurkezpen eguna eta ordua eta erregistro sarrerako zenbakia edo kodea barne. Erregistro honek eskaerari erantsitako eta une berean aurkeztutako dokumentu digitalizatuen ziurtagiriak ere egingo ditu.

3.-Aurreko idatz-zatiko agiria ez emateak, edo berrestearen mezua ez hartzeak, edo, hala bada, transmisio akatsaren edo gabeziaren mezu bat hartzeak adierazten du ez dela hartu, halako eran non aurkezpena beste une batean edo beste bitarteko batzuk erabiliz egin beharko baita, eta horren berri emango zaio erabiltzaileari.

23. artikulua. Erregistrora sartzeko eta berau erabiltzeko beharrezkoak diren gutxienezko baldintza teknikoak.

1.-Interesdunak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikora Interneten bidez sartuko dira web-nabigatzaile bat erabiliz.

2.-Erregistrora sartzeko helbide elektronikoan erabilgarri egongo da interesdunek erabiliko dituzten sistema operatibo eta nabigatzaileen zerrenda, bai eta onargarriak diren dokumentu elektronikoen formatua ere.

24. artikulua. Segurtasuna.

1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkaritza Nagusia da arautegi honetan ezarritako Erregistro Elektronikoaren prozedura funtzionamenduaren ardura duen organoa, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Informatika Zerbitzuari dagokio sistemaren segurtasun neurriak ezartzea eta mantentzea.

2.-Erregistro elektronikoaren eta erabilitako transakzio telematikoen segurtasun protokoloak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoan kontsultatuko dira.

3.-Administrazio Elektronikoko aipatu zerbitzuetarako sarbidean benetakotzat egiaztatzeko beharrezkoak diren elementuen zaintzaren ardura oso-osorik hartzen dute erabiltzaileek, bai eta haiek modu desegokian, ez zuzenean edo axolagabe erabiltzearen ondorioen ardura ere.

4.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak erregistro honen funtzionamenduari egozgarriak zaizkion inguruabarren ardura hartuko du bakarrik, eta sistemaren erabiltzaileek egiten duten administrazio elektronikoaren bidez emandako zerbitzuen iruzurrezko erabileraren ardurarik ez du izango.

Lehen xedapen gehigarria.-Arautegi honek ezarritakoaz gainera, 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta 2003ko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak sinadura elektronikoari buruzkoak, arautuko dute Erregistro Elektronikoa; eta, aurrekoen osagarri, azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak, 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duenak, edo dekretua ordezten duten arauek.

Bigarren xedapen gehigarria.-Idazkaritza Nagusia gaitzen da arautegi hau garatzeko, eta arautegia zuzen aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Izendapenak.

Arautegi honetan genero maskulinoan agertzen diren pertsonak, taldeak edo kargu akademikoak, horrela agertzen dira markarik gabeko genero gramatikala delako. Hala dagokionean, genero femeninoa duten formak ere baliozkoak izango dira aginduen aipamenetan.

Xedapen iragankorra.-Prozedura elektronikoak mailaka txertatzea eta gaitzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko prozeduren tramitazioan mailaka txertatuko dira bitarteko elektronikoak eta Idazkari Nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da aurretiaz. Elektronikoki tramitagarriak diren prozeduren katalogo eguneratua edukiko du Egoitza Elektronikoak.

Lehen Azken Xedapena.-Erregistro Elektronikoa abian jartzea.

Arautegi honetan sortutako Erregistro Elektronikoa abian jarriko da Idazkari Nagusiaren ebazpenaren bidez zehazten den unean, eta Egoitza Elektronikoan argitaratuko da.

Bigarren azken xedapena.-Argitalpena eta indarra hartzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Arautegi honek."

Iruñean, 2012ko abenduaren 20an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F1218077