7. ALDIZKARIA - 2013ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2017/2012 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoaren Arautegia", Gobernu Kontseiluak 2012ko abenduaren 20an hartutako erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2012ko abenduaren 20an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez "Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoaren Arautegia" onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:

"GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO EGOITZA ELEKTRONIKOA SORTZEN DUENA

I. TITULUA

Egoitza elektronikoa

1. artikulua. Egoitza elektronikoaren xedea.

1.-Arautegi honen helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoa sortzea eta bere funtzionamendua arautzea, Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoaz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 10. artikuluak ezarritakoa betetzeko.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoa https://sedeelectronica.unavarra.es/sede helbidean egongo da erabilgarri, eta bertan zuzenean sartzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean esteka bat izango da (http://www.unavarra.es). https://sedeelectronica.unavarra.es/sede.

3.-Egoitza Elektronikoaren titulartasuna Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokion, eta unibertsitateak bere funtzionamendua bermatuko du infomazioaren eta zerbitzuen erantzukizun, osotasun, eskuragarritasun, egiatasun, kalitate eta eguneratze printzipioekin bat etorriz, Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoaz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 4. artikuluak ezarritako moduan.

4.-Edukien kudeaketa eta administrazioa Idazkaritza Nagusiari dagokio eta Egoitzaren kudeaketa teknologikoa eta segurtasuna Kudeatzailetzaren ardura izango da.

5.-Unibertsitateko Egoitza Elektronikoaren baldintza eta zehazpen teknikoak aipatu Egoitzan argitaratuko dira.

6.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoaren funtzionamenduari dagokionez, arau hauek xedatutakoari jarraituko zaio: Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoaz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legea; 2009ko azaroaren 6ko1671/2009 Errege Dekretua, lehengo legea partzialki garatzen duena, gainerako garapeneko arautegia eta arautegi hau.

2.-artikulua. Erabilgarritasuna.

1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoa erabilgarri egongo da urteko egun guztietan eta egunak dituen hogeita lau orduetan, ezinbestekoak diren etenaldi teknikoak galarazi gabe.

2.-Programatutako etenaldiak erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie, ahal den aurrerapenarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web orrialde ofizialean eta Egoitza Elektronikoan bertan.

3. artikulua. Egoitza elektronikoaren data eta ordu ofiziala.

Nafarroako Foru Erkidegoan aplikagarriak diren data eta ordu ofizialek arautuko dute egoitza elektronikoa. Aipatu data eta ordua ikusteko moduan jarriko dira egoitzan bertan eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak izango ditu bere osotasuna bermatzeko.

4. artikulua. Egoitza Elektronikoaren edukia.

1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoak baliabide hauetara sartzeko aukera emango du:

a) Egoitza Elektronikoari buruzko informazio eguneratua, eta informazio horretan sartuko dira Egoitza arautzen duten arauak eta Egoitza kudeatzeko eta administratzeko ardura duen erakundea.

b) Egoitza Elektronikoaren nabigazio mapa eta erabilgarri dauden zerbitzuen zerrenda eta haietara sartzeko modua.

c) Bitarteko elektronikoen bidez tramitatzeko aukera ematen duten administrazio-prozeduren katalogoa.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Elektronikoa eta bere sorrera-araua.

e) Erabiltzaileek egoki jotzen dituzten kexak eta iradokizunak egiteko bitarteko bat.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoko datuak babesteko politika eta pribatutasun politika.

g) Argibideak erabilerraztasunari buruz.

h) Identifikatzeko eta autentifikatzeko, bai eta bere eskumenak erabiliz benetako dokumentu elektronikoak emateko ere, erabiltzaileak erabiliko dituen ziurtagiri digitalen eta sinadura elektronikoko sistemen tipologiak.

i) Egoitzaren erabiltzaileek beren burua identifikatzeko eta beren egintzak autentifikatzeko erabiliko dituzten ziurtagiri digitalen eta sinadura elektronikoko sistemen tipologiako zerrenda.

j) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoak erabiltzen dituen data eta ordu ofizialak.

k) Nafarroako Unibertsitate Publikoko araudia, bai eta argitaragarriak diren beste egintza eta ebazpen batzuk ere.

l) Laguntza eta aholkularitza elektronikoko zerbitzuak, Egoitza Elektronikoa zuzen erabiltzeko.

m) Idazkaritza Nagusiak emandako ebazpenen bidez zehazten den beste edozein informazio edo zerbitzu.

2.-Egoitzarenak ez diren informazioetara sartzeko aukera egongo da Egoitza Elektronikotik esteken bidez. Kasu hauetan, erabiltzaileari berariaz ohartarazpena egingo zaio Egoitza Elektronikoa uzten duenean.

3.-Egoitzak informazioa edukiko du zerbitzuetara sartzeko dauden bideei buruz:

a) Sarbide elektronikoa, Internete bidez, herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoaz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legean ezarritako printzipioen arabera, arau indardunek gai honetan une bakoitzean ezarritako moduan.

b) Presentziazko arreta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko bulegoen bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan araututako erregistroen bidez.

c) Telefono-arreta, egoitzan bertan argitaratutako telefonoetan.

d) Etorkizunean jartzen den beste edozein sarbide.

5. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoen katalogoa.

1.-Egoitza Elektronikoaren web-orrialdean ikusteko moduan jarriko da bitarteko elektronikoen bidez tramitagarriak diren administrazio prozeduren katalogoa.

2.-Prozedura bakoitzak prozedurari buruzko informazio orokorrera sartzeko aukera eman beharko du, eta datu hauek aipatuko dira: arautzen duen araudia, bere tramitaziorako jarraibide orokorrak, bai eta organo eskumenduna, administrazio isiltasunaren ondorioak eta ebazpenaren aurka zilegi diren errekurtsoak eta zein organoren aurrean jarri behar diren ere, epeak aipatuta.

3.-Administrazio prozedura berri bat eta haren oinarria den aplikazio informatikoa gehitzea edo kentzea erabakiko du Idazkaritza Nagusiak ebazpenaren bidez, Aholkularitza Juridikoak, bai eta Kudeatzailetzak eta, kasua bada, prozedura tramitatzeko ardura duten unitateen gainetik dagoen Errektoreordetzak ere, aurrez txostena eginda.

6. artikulua. Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

1.-Egoitza Elektronikoaren orrialde nagusian inprimaki bat jarriko da erabiltzaileek egoki jotzen dituzten iradokizunak eta kexak aurkez ditzaten. Inprimaki horretarako esteka Egoitzaren orrialde nagusian agertuko beharko da.

2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko zerbitzuetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeari buruz egiten diren kontsulta guztiak gehienez ere hogei eguneko epean erantzungo dira. Beste gai batzuei buruzko kontsultak Nafarroako Unibertsitate Publikoko dagozkion organo edo unitateetara bidaliko dira berriro, eta kontsulta egin dutenei horren berri emango zaie.

3.-Iradokizun edo kexa bat aurkezteak ez du esan nahi, inola ere, administrazio-prozedura bat hasiko denik; horren berri berariaz ohartaraziko zaio interesdunari, eta administrazio-eskaerak aurkezteko erregistro ofizialak erabili behar dituela jakinaraziko zaio.

4.-Ez dira iradokizunak eta kexak egiteko bitartekotzat hartuko Egoitza zuzen erabiltzeari buruz erabiltzaileari aholkularitza emateko zerbitzuak, herritarrek dituzten arazo teknikoak, sortzen baldin badira, konpontzeko betebeharra galarazi gabe.

II. TITULUA

Identifikazioa eta autentifikazioa

7. artikulua. Egoitzaren identifikazioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoa egoitza elektronikoko ziurtagiri digital baten bidez edo bitarteko baliokide baten bidez identifikatuko da, eta ziurtagiriaren helburu bakarra izango da unibertsitateak bere burua identifikatzea eta berarekin harreman seguruak ezartzea.

8. artikulua. Administrazio jarduera automatizatua.

1.-Administrazio jarduera modu automatizatuan egiten baldin bada, jarduera hori egiteko ardura duen administrazio-organoari dagokion zigilu elektronikoa erabili beharko da.

2.-Zigilu elektroniko honek organoaren izen osoari buruzko aipamen espezifiko bat izango du, eta zein erakunderi dagokion ere aipatuko du, baina pertsona fisikoei buruzko aipamenik ez du izango.

3.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Egoitza Elektronikoan erabilgarri egongo da erabilitako zigilu elektronikoei dagozkien ziurtagiri elektronikoen zerrenda, bai eta haiek egiaztatzeko lana errazteko neurri egokiak ere.

4.-Administrazio-organoei lotutako zigilu elektronikoak Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako ebazpenen bidez sortuko dira. Ebazpen horietako bakoitzak aipatu egingo ditu zigilu administratiboak erabiltzeko ardura izango duen organo titularra, sinadura sistemaren eta ziurtagiriren ezaugarri tekniko orokorrak, ziurtagiria egiaztatzeko baliozkotze zerbitzua eta zein jarduera eta prozeduretan erabiliko den.

9. artikulua. Herritarren identifikazioa.

1.-Egoitza Elektronikotik eskainitako zerbitzuetara sartzeko, 11/2007 Legean eta 2009ko azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuan ezarritako sinadura elektronikoko edozein sistema erabiltzeko aukera izango dute herritarrek, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoak onartutakoak badira. Beren informazioa Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri, eta onartutako ziurtagiri elektronikoan (NAN elektronikoan sartutakoak barne) oinarritutako sinadura aurreratuko sistemak erabiliko dira, dokumentu elektronikoen osotasuna eta egiatasuna bermatzea eskatzen duten jarduerak egiteko.

2.-Pertsona juridikoek egin behar dituzten jarduera eta tramiteetarako Sinadura Elektronikoari buruzko 2003ko abenduaren 19ko 59/2003 Legeko 7. artikuluak aipatutako ziurtagiriak erabiltzeko aukera egongo da, ziurtagiri horiek onartzen dituzten Unibertsitatearen prozedura eta jarduera guztietan.

3.-Prozedura eta jarduera jakin batzuetan, sinadura elektronikoko sistema ez kriptografikoen erabilera baimentzeko aukera egongo da. Sistema horiek Egoitza Elektronikoan argitaratu behar dira, aipatu sistemak onartzen dituzten prozedura eta jarduerekin batera.

III. TITULUA

Ohol Elektroniko Ofiziala

10. artikulua. Ohol Elektroniko Ofiziala.

1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko organo eta zerbitzuen akordio, ebazpen, komunikazio eta administrazio-egintzak Unibertsitateko Ohol Elektroniko Ofizialean argitaratuko dira, aldizkari ofizialean argitaratzen ez badira. Ohola erabilgarri egongo da egoitza elektronikoan, Herritarrak zerbitzu publikoetara bide elektronikoz sartzeari buruzko 2007ko ekainaren 22ko Legeko 12. artikuluarekin bat etorriz.

2.-Ohol Elektronikoa arautzen duen araudi espezifikoa Administrazio Elektronikoarekin lotutako araudia daukan egoitza elektronikoaren idatz-zatian argitaratuko da.

11. artikulua. Eraginkortasun juridikoa.

1.-Aurreko artikuluak aipatutako erabaki, ebazpen, komunikazio eta administrazio egintzen argitalpen elektronikoak izaera ofizial eta benetakoa emango dio, eta ondorio juridiko osoak izango ditu.

2.-Beste edozein argitaratze bitarteko osagarria izango da soilki, eta ez du balio juridikorik izango.

3.-Erabakiak, ebazpenak, komunikazioak eta administrazio egintzak zein egunetan argitaratzen diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ohol Elektroniko Ofizialean, bakoitzari dagokion egun hura erabiliko da epeak zenbatzeko.

XEDPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren ebazpenen bidez egokituko dira:

a) Arautegi honetako helbide elektronikoak, edozein arrazoirengatik aldatu behar badira.

b) Gobernu eta ordezkaritza organoen eta administrazio unitateen izendapena, berrantolamenduen emaitza badira.

c) Egoitzan erabilgarri dauden zerbitzuetarako sarbideen harremana eta ezaugarriak.

Bigarrena.-Idazkaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko, eta berau zuzen aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibide guztiak emateko.

Hirugarrena.-Arautegi honetan genero maskulinoan agertzen diren pertsonak, taldeak edo kargu akademikoak, horrela agertzen dira markarik gabeko genero gramatikala delako. Hala dagokionean, genero femeninoa duten formak ere baliozkoak izango dira aginduen aipamenetan.

XEDPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.-Egoitza Elektronikoa Idazkari Nagusiak emango duen ebazpenean erabakitako unean hasiko da lanean, lege eta erregelamendu berme guztiak betetzeko programa eta aplikazio guztiak garatu eta ezarri ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra."

Iruñean, 2012ko abenduaren 20an.-Errektorea, Julio Lafuente López.

Iragarkiaren kodea: F1218012