68. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantza, Taxi zerbitzua arautzen duena.
Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2013ko urtarrilaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Azagrako udalerriko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Jendaurreko aldia iragan da, iragarkia 2013ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7an, argitaratu ondoan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsita gelditu da, Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Azagran, 2013ko martxoaren 15ean.–Alkatea, Ismael Pastor Murgui.

ORDENANTZA, AZAGRAKO UDALERRIAN
TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

2005eko uztailaren 16an, indarra hartu zuen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak. Lege horren lehen xedapen iragankorrak zioenez, udalerri guztiek, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan sartzen direnek izan ezik, foru lege horretan xedatutakoaren arabera egokituko dituzte ordenantzak, hark indarra hartu eta urtebetean.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren otsailaren 2ko 11/2011 Foru Aginduaren bidez, Azagrako Udalari jakinarazten zaio taxi lizentzia berri bat emateak berekin ekarriko duela hiri arteko taxi zerbitzuen baimena, dagokiona, ematea.

Azagrako Udalak 2013ko urtarrilaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi da ordenantza hau.

Ordenantza honek lau titulu, bi xedapen iragankor eta azken xedapen bat ditu.

Lehen tituluak ordenantzaren xedea arautzen du, baita haren aplikazio eremua eta eskumena duen administrazioa ere.

Bigarren tituluak arautzen ditu lizentziak, zerbitzua egiteko gaitasuna ematen duten tituluak diren aldetik; lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna; haien indarraldia, ikus-onetsia, etendura eta iraungipena; lizentzien eskualdatzea, baita lizentzien erregistroaren sorrera ere.

Hirugarren tituluak arautzen ditu zerbitzua egiteko baldintzak, eta alde horretatik zehazten du zein diren jardueran aritzeko baldintzak, gidarienak, ibilgailuenak eta zerbitzua egiteko moduarenak.

Laugarren tituluak arautzen du zerbitzuaren gaineko ikuskatzailetza, baita erabiltzaileen erreklamazioak ere.

LEHEN TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da osorik Azagrako udal mugapean hiriko taxiak egiten dituen zerbitzuak arautzea.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Azagrako udal mugapean, taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Azagrako Udalari dagozkio.

BIGARREN TITULUA

Lizentziak

I. kapitulua

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua

3. artikulua. Lizentziak.

1. Hiriko taxi zerbitzua udal mugapean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Azagrako udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia emateko eskumena Azagrako Udaleko alkatearena da.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

4. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, udalerrian, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8. artikuluan xedatuari jarraikiz finkatzen da.

2. Erreferentzia-indize orokorraren aldaketa, betiere, lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eginen da.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna

5. artikulua. Emateko prozedura.

1. Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta esleipenetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza. Nolanahi ere, emateko prozeduran emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada hainbat lehiatzaileren artean eta haien kopurua eman daitezkeen lizentziak baino gehiago badira, gelditzen diren lizentziak deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara emanen dira.

6. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, izatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren arabera.

2. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutxienez ere 50.000.000 euro arte.

7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta iraungipena

8. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.

2. Udalak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei, aldez aurretik eskatu ere.

9. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betiere betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena egiteko noiznahi duen ahalmena.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren tramite, agiri eta gainerako baldintzak.

3. Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin bada, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana nahitaezko baldintza izanen da, betiere, ikus-onespena emateko.

10. artikulua. Etendura.

1. Lizentziaren titularrek lizentziaren etendura eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik goitiko aldian zerbitzua egitea eragozten dien bertze zerbait gertatu dela.

2. Etendura eskariarekin batean, hura funtsatzen duen egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluko kasuan, lizentzia etenik geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

11. artikulua. Iraungipena.

1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik iraungiko dira.

2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta hura, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da.

3. Prozedura hura tramitatzen den bitartean, zehapen espedientea irekitzeko eskumena duen organoak komenigarri iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu.

4. Komenigarria izateagatik lizentzia baliogabetzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan baliogabetuko den, horiexetan beretan.

V. KAPITULUA

Lizentziak eskualdatzea

12. artikulua. Eskualdatzea.

1. Udalak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahal dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, betiere erosleak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:

–Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

–Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailu bera eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

–Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu toki entitateak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

3. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo bahitura baten eraginpean badira, debekua edo bahitura kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak kitatu gabe baditu.

4. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

5. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da bertze lizentzia baten titular izaten ahalko.

6. Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a. Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak sinaturiko eskabidea eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6 eta 12. artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea.

b. Behin-behineko baimena.

c. Gainerako agiriak aurkeztea, bereziki 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluko 5. atalari dagokiona.

d. Behin betiko baimena.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

13. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak erregistro batean inskribaturik daude eta hartan jasoko da:

–Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

–Lizentzia esleitzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

–Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, baimena zein egunetan eman zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

–Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; zer egunetan matrikulatu zen eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta azken azterketa zer egunetan egin zen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua; ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

–Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

–Ibilgailuan erabiltzen den taximetroa, marka eta modeloa, fabrikatzailea, paratu duen lantegia, taximetroaren identifikazio zenbakia, azken ikuskapena zein egunetan egin zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

–Bertzelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bertzelako segurtasun neurriak.

–Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

–Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

–Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak, halakorik bada, zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten adierazita, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez adierazita.

–Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

–Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen bertze batzuetarakoak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

–Lizentziari dagozkion bertze datu batzuk, hala nola etendurak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren iraungipena etab.

HIRUGARREN TITULUA

Zerbitzua emateko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

14. artikulua. Zerbitzu egitea.

1. Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

2. Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du.

15. artikulua. Dedikazioa jardueran.

1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gainean Udalak zerbitzua antolatzeko ematen dituen arauei jarraikiz.

Zerbitzua egitea eragozten duen gorabeherarik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala beterik dagoenean, Udalak ematen ahalko du lizentziari dagokion zerbitzua egitetik gelditzeko baimena.

Zerbitzua egitetik gelditurik gutxienez ere 2 hilabetez egon daiteke eta gehienez ere 6 hilabetez. Azken epe hori iraganik, lizentziaren titularra zerbitzura itzuliko da. Dagokion baimenean aipaturiko epean ez itzultzea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1 atalean iraungitzeko aurreikusitako kasuarekin parekatuko da.

Zerbitzua egitetik gelditurik epe bat buruturik, hiru urte iragan arte ez da berriz ere eskatzen ahalko.

3. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bertzelako xede publiko edo profesionaletara erabiltzea.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

16. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

–Luzera, guztira, 4.400 mm edo gehiago izanen da eta ez da onartuko, beraz, gero elementu gehigarriak eranstea, gutxieneko balio horretara iristeko.

–Maletategiaren edukiera aulki gurpildun bat eramateko bezainbat izanen du, bizkarra eta oin-euskarria dituena, tolestuta 900 mm garai eta 1.030 mm luze izanen dena eta gurpilen arteko barne distantzia 290 mm izanen duena.

–Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak, gidariaren jarlekua barne dela. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

–Modelo bakoitzaren itxura ez da inoiz kirol auto batena izanen eta, eurotaxiak eta taxi egokituak kenduta, lehentasuna emanen zaio hiru bolumenekoari. 2 edo 2,5 bolumenekoa onartuko da bidaiarien aldeak elementu fisiko bat baldin badu, maletategiaren aldetik erabat bereizten duena.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko, eta betiere haien kokaerak segurtatuko du gibeleko jarlekuetara bi aldeetatik sartu eta ateratzea, eta berdin aitzineko jarlekuetan bakoitza bere aldetik.

Salbuespenez, mugikortasun murriztuko jendeak eramateko moldaturiko ibilgailuek gibeleko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legeriari jarraikiz bertze ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko bezainbat edukiera izan dezaten.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:

–Motorizazioa.

–Tarifen sistemaren instalazioa.

–Konexioen zigiluak.

–Zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatzea.

17. artikulua. Ibilgailu moldatuak.

1. Ibilgailu moldatuen ezaugarriak horiei buruz indarra duten arauekin bat etorriko dira. Udalak ezaugarri gehiago zehazten ahal ditu bi betekizun hauek bermatzeko:

–Aulki gurpildunean doan jendea taxian erosotasun eta higiene osoz sartzea.

–Aulki gurpildunean doazen pertsonek segurtasun baldintza egokietan –aulkiaren ainguratzea eta segurtasun-uhalak barne, indarra duten arauekin bat– eta ibilgailu barnearekin interakzio osoan bidaiatzea.

2. Taxi moldatuak mugikortasun urria duten pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.

18. artikulua. Ezaugarriak.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuak zuriak izanen dira eta aitzineko ateetan zerrenda gorri bat eramanen dute, hamar zentimetro zabal izanen dena. Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen.

2. Ibilgailuaren barneko aldean zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian. Orobat, ibilgailuaren barnean ikusteko moduko tokian, plaka bat ezarriko da jarleku kopurua agertuko duena.

3. Udalak zehaztuko du zein izanen diren erakundearen nortasun korporatiboaren bereizgarrietan taxiek eraman beharko dituzten ezaugarriak eta zein tokitan.

4. Ibilgailu moldatuek, eko-taxi izenekoek, ordezkapenak egiteko taxi-ibilgailuek eta ezaugarri bereziak, hala nola txartel irakurgailua eta GPSa, dituzten ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramanen dute Udalak erabakitzen dituen tokietan eta halabereko ezaugarriekin.

5. Udalak zehaztuko ditu, irratien edo zerbitzua kontratatzen duten bertzelako enpresen informazioaren eremu eta ezaugarriak, ibilgailuaren barnean nahiz kanpoan.

19. artikulua. Dokumentazioa.

1. Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek agiri hauek eduki behar dituzte beti, ibilgailuaren barnean, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura:

Ibilgailuari lotuak:

–Udalaren lizentzia.

–Halakorik izanez gero, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena.

–Taximetroaren egiaztagiria, entitate eskudunak jaulkia.

Gidariari eta ibilgailuari lotuak:

–Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra edo soldatapekoa izan.

–Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.

–Ibilgailuaren matrikula.

–Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan, lanaldi partzialean, etab.).

–Nahitaezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.

–Erantzukizun zibileko asegurua.

Zerbitzuari lotuak:

–Ordenantza honen ale bat.

–Nafarroako Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen ale bat.

–Bi eranskailu, gibeleko ateetako bi lehiatiletan emanak, eta haietan indarra duten tarifen egitura eta mailak. Eranskailuek eguneratuak eta egoera onean egon beharko dute, erabiltzaileek aise irakur eta informazio egokia izan dezaten.

–Erreklamazio liburua.

–Ordainagiri eta fakturen taloitegi bat, Udalak baimendua, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.

–Lizentziari loturiko bertze batzuk, hala nola txartel ordainketa etab.

20. artikulua. Taximetroa, modulua eta pilotua.

1. Azagrako udalerriko taxiek taximetroa eduki behar dute, behar bezala zigilatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan eskumena duen organoak ezarritako arauei jarraituz.

2. Taximetroa ibilgailuaren aginte-mahaiaren erdian egonen da, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.

3. Taxi ibilgailuak ikus-sistema eduki behar du, erabilgarri dagoen ala ez adierazteko: kanpoaldean, argi-sistema ezarriko da sabaian eta haren bidez taxia zerbitzurako prest dagoenean pilotu berdea piztuko da; barnealdean, berriz, kartel batek taxia zerbitzurako prest dagoela adieraziko du, haizetakoaren barnealdean ezarrita, kanpotik ongi irakurtzeko maneran.

4. Orobat, modulu bat eduki behar du kanpoaldean, indarra duten tarifak agertuko dituena.

21. artikulua. Ibilgailuen urteak eta haien berritzea.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko ditu lizentziari atxikitako ibilgailuak eta betiere ibilgailuak 8 urte betetakoan.

3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da: berritzat joko dira hamabi hilabete baino gutxiago dituztenak, lehen aldiz matrikulatu zirenetik kontatzen hasita.

4. Eskariak tramitatuko dira Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.4 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasun ezaren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia denean.

6. Lizentzia duen ibilgailua moldatua bada, horren ordezko ibilgailua ere moldatua izanen da.

22. artikulua. Eko-taxiak.

1. Eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez baldintzak ezartzen ahalko dira gutiago kutsatzen duten motor eta erregaien programetan sartzen diren taxi ibilgailuei eko-taxien kalifikazioa eta bereizgarria emateko.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

23. artikulua. Geralekuak.

1. Udalak, elkarte profesionalekin, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin mintzatu eta gero, udalerriko taxi geralekuak finkatuko ditu.

2. Geralekuek behar bezalako zerbitzua eginen dute, Udalak une bakoitzean zehazten duenaren arabera.

3. Taxi ibilgailuak ailegatu ahalean kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bestelakorik adosten badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta minusbaliatuek beste ibilgailuren bat erabili behar badute.

4. Ibilgailuak geralekuan eginen dituen lan orduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Bertzenaz, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

24. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.

1. Interesdunak eremu publikoan eskatu ahal izanen du zerbitzua, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena eragiten.

2. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko maneran. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da.

3. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo bertze erabiltzaileren bat taxiaren esperoan.

4. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik bildu bidaiari-garraioetako geltokien eta tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren bertze instalazio batzuen inguruetan, baldin eta gisa horretara taxi geralekuetan esperoan dauden erabiltzaileak biltzeko ohiko funtzionamendua kolokatzen badute.

25. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1. Arau orokor gisa, erabiltzaileek geralekuan lehen tokian dagoen taxia hartu behar du, bertan diren taxilari guztiek bertzerik adostu ezik; mugikortasun murriztua duten jendeendako ibilgailu moldatuaren beharra dagoenean beste ibilgailu bat hartu ahal izanen da.

2. Betiere, ibilgailua hautatzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun murriztua dutenek.

26. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

1. Araubide orokorra. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.

2. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalekoa, jarlekuka banan-banan ordaintzekoa. Biztanle gutxiko aldeetan, garraio publiko kolektiborik ez bada edo behar adinakoa ez, Udalak baimena eman ahal izanen du, hiriko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalekoak, jarlekuka kontratatu eta banan-banan ordaintzeko.

27. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Udalak zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzen ahalko ditu ordutegi, egutegi, atseden eta oporren gainean, taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna bermatzeko.

2. Orobat, halako eremu, geraleku, egun eta orduetan (ospitale eremua, tren eta autobus geltokia, geraleku nagusiak etab.) zerbitzu egitera behartzen ahal du, eta horretarako taxi lizentzien titularren artean behar diren koordinazio arauak ezarri, zerbitzu horiek berdintasun irizpideen arabera emanen direla segurtatzeko.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu ibilgailu moldatuen gutxieneko zerbitzua bermatzeko.

28. artikulua. Zerbitzuaren hastapena, taximetroa abiaraztea eta zerbitzua ordaintzeko bideak.

1. Erabiltzaileak taxia eremu publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa.

2. Zerbitzua telefonoz edo gisako baten bidez eskatzen bada, orduan ere ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean abiaraziko da taximetroa. Taximetroan adieraziko den azken zenbatekoari, Udalak tarifen definizioan ezarriko duen zenbateko finkoa erantsiko zaio. Taxia nondik eskatu den, horren araberakoa izanen da zenbateko hori.

3. Matxura edo istripurik gertatuz gero, bai eta agintaritzako agenteek ibilgailuaren gidaria geldiaraziz gero ere, hura ohartarazteko edo salatzeko, taximetroa geldituko da. Zerbitzua burutzerik ez badago, erabat ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, erabiltzaileak ordaindu beharko du taximetroan adierazten duen zenbatekoa, kobratu beharreko gutxienekoa kenduta.

Erabiltzaileak hala eskatzen badu, gidariak bertze taxi bat jarriko du haren esku. Kasu horretan, erabiltzailea bigarren ibilgailuan sartzen den unean hasiko da tarifa berria kontatzen.

4. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

5. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

–Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

–Txartelaren bidezko ordainketa, halakorik duten ibilgailuetan.

6. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.

7. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, bide hauek erabiliko dira:

–Ordainagirien inprimagailua baliatuz, halakorik duten ibilgailuetan.

–Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua baliatuz.

29. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordubeteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bertzelakorik adostu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo gisako bide baten bitartez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxaroteko eskubidea izanen du, taxi gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

LAUGARREN TITULUA

Ikuskapena eta erreklamazioak

I. KAPITULUA

Zerbitzua ikuskatzea

30. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuen azterketak.

–Aldez aurreko azterketa.

Ezin izanen du zerbitzurik egin beharrezko baimena ez duen ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurretik aztertuko du haren segurtasuna, kontserbazioa eta dokumentazioa zertan diren.

–Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.

Ordenantza honen xedeko ibilgailuek urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bertzelako azterketa berezi guztiak pasako dituzte. Azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzua egin harik eta atzemandako hutsuneak zuzendu eta ikuskapen zerbitzuek hala berresten duten arte.

2. Taximetroak emandako datuak.

Lizentzien titularrek beren gain izanen dute Udalak beharrezkotzat jo dituen datuak aldian-aldian eta ezartzen den prozeduraren bitartez emateko ardura.

3. Taximetroaren ikuskapena.

Entitate eskudunek taximetroei egiten ahal dieten azterketa ukatu gabe, Udalak noiznahi egiten ahal die azterketa berezia taximetro guztiei edo batzuei, edo horretarako agindua ematen ahal du, ondokoak egiaztatzeko:

–Aparatuak kanpotik eta urrutitik ikusteko maneran erakusten duela ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez.

–Argi eta garbi adierazten duela bidaiaren zenbatekoa, indarra duten tarifa ofizialen arabera.

–Zigiluak erraz ikusteko maneran direla, karrikan ikuskatuz gero.

–Zigilu ofizialak egoera onean daudela.

–Gurpil-azalen diametroa, aparatuaren libretan jasotako egiaztapen ofizialean adierazten den huraxe dela.

–Aparatuak ez duela zulo edo mailaturik edo haren kaxa kolpeak hartu, bortxatu edo manipulatua izanaren aztarnarik.

4. Taximetroaren akatsak.

Taximetroen urteko edo ezohiko azterketen ondorioz, akatsen bat antzematen bada taximetroaren kokaleku, funtzionamendu edo aparatuak bete beharreko bertzelako baldintzei dagokienez, ibilgailua zerbitzutik at geldituko da eta ezin izanen da itzuli, akatsa antzeman zuten udal agintari edo zerbitzuek egin beharreko zuzenketari oniritzia ematen ez dioten arte.

Taximetroaren akatsen salaketak.

–Egiaztapen ofizialak ukatu gabe, taxiaren edozein erabiltzailek salaketa paratzen ahalko du Udalean edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan, taximetroaren egoera edo funtzionamenduari zein zerbitzuari oro har loturiko edozein akats antzematekotan.

–Salaketa berresten ez bada, salatzaileak zerbitzuaren zenbatekoa ordainduko du, baita haren ondoriozko egiaztapen ofizialak eragindako gastuak ere.

–Egiaztapen horretan, errore marjina txikia onartuko da tresnaren funtzionamenduan, betiere indarreko araudian ezarritakoa baino txikiagoa bada.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

31. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaion berdina da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Azagrako Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahal du, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki deritzon alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

32. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

1. Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barnetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, horretarako prestatutako bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

Lehen xedapen iragankorra.–Ibilgailuen egokitzapena.

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean taxi lizentzia baten titularrak diren pertsona fisikoek zerbitzuak egiten jarraitu ahal izanen dute, lizentzia duen ibilgailu horrekin berarekin. Ibilgailua berritzen dutenean, ibilgailu berriak ordenantza honen II. kapituluan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

Bigarren xedapen iragankorra.–Taximetroa eta modulua paratzea, halakorik ez duten ibilgailuetan.

Taximetro eta modulurik gabeko ibilgailuetan, taximetroa eta modulua paratu beharko dituzte, ordenantza honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1304119