67. ALDIZKARIA - 2013ko apirilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZURRUN

Ultzurrungo Kontzejuko auzolanak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Ollarango Ultzurrungo Kontzejuak, 2013ko martxoaren 2ko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Ultzurrungo Kontzejuko auzolanak arautzen dituen ordenantza.

Ultzurrunen, 2013ko martxoaren 5ean.–Alkatea, Mikel Cobos Solano.

AUZOLANA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana edo herritarren lana arautzea, Ollarango Ultzurrungo Kontzejuaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau, lehenik, auzolanaren bidez arautzen da, Ultzurrungo ohitura zaharra baita; orobat, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53, 54 eta 55. artikuluek xedatzen dutenaren bidez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Toki entitatean bizi direnek dute auzolana egin beharra.

Familia unitate bakoitzeko kide bakar batek egin beharko du auzolana.

4. artikulua. Salbuetsita daudenak:

a) Hemezortzi urtez beheitikoak eta berrogeita hamabostez goitikoak.

b) Ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak.

c) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

5. artikulua. Erregulazioa.

Ultzurrungo Kontzejua behartua dago auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzeko.

6. artikulua. Herritarren lana edo auzolana urtean 10 egunetan eginen da, gehienez; horietatik 3 ez dira izanen ondoz ondokoak. Oro har, jaiegun ez diren larunbatak izanen dira auzolana egiteko egunak, goizeko zortzietatik ordu biak arte, salbu eta aurretik deialdian justifikatuta legokeen kasu berezia bada. Lan aferak direla-eta familia unitateko kide batek ere ordu horietan ezin badu auzolana egin, Kontzejuari jakinaraziko dio, bereizkeriarik ekarriko ez lukeen beste ordutegi bateko auzolanen batera deitzeko. Bertze lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada. Aldez aurretik, ordezpen horren berri emanen zaio Kontzejuari.

Egiten ez den auzolaneko ordu bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren bi halakoa ordainduko da, urteko gutxieneko hogeita lau ordu horietara iritsi arte. Eta, alderantziz, familia bakoitzari dagozkion auzolaneko urteko hogeita lau orduak igarotzen badira, Kontzejuak kopuru hori bera ordainduko du, ordu bakoitzeko.

Traktorearen ordu bat peoiaren lau orduren parekoa izanen da.

Pala duen traktorearen ordu bat peoiaren bost orduren parekoa izanen da.

Hondeamakinaren ordu bat peoiaren sei orduren parekoa izanen da.

Sasiak garbitzeko makinaren ordu bat peoiaren bost orduren parekoa izanen da.

Zenbateko hori ordaindu beharko da, tasa eta ordainketekin batera, urteko Kontzejuko kontuak egin ondoren.

Diru kopuru hori premiamendu bidez eskatu ahalko da. Urtean egiten diren auzolanak ez dira kontuan hartuko hurrengo urteetarako.

7. artikulua. Edozein arrazoi dela medio, urteren batean ez badago behar adina lan famili unitate bakoitzak auzolaneko gutxieneko hogeita lau orduak egin ditzan, auzolaneko orduen kalkulua hurrengo paragrafoan adierazi bezala eginen da.

Famili unitate bakoitzak egindako orduak zenbatuko dira. Lortzen diren orduak zatituko dira auzolana egin beharko luketen famili unitateen kopuruarekin; azken emaitza hori izanen da famili unitate bakoitzak urte horretan egin beharreko ordu kopurua eta horren gainean ezarriko da ordenantza honen 6. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoa.

8. artikulua. Ultzurrungo Kontzejuak urtean hiru auzolan eginen ditu, gutxienez, eta horietarako deia 48 ordu lehenago eginen du, bando bidez eta iragarki oholean agertuz, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

9. artikulua. Auzolan bakoitzeko lana Kontzejuko kide batek zuzenduko du.

10. artikulua. Ultzurrungo Kontzejuak, interesdunek eskatuta, auzolanetik libratzeko aukera emanen du obrak edo zerbitzuak beste bitarteko batzuk baliatuz egiten badira, hala nola garraioa, bestelako makina batzuen bidezko lanak, lantegietako lanak eta abar. Lehendik egindako lanak direla eta, ez da auzolanetik libratuko Kontzejuaren Auzolan Batzordeko ordezkariak ez badu oniritzia ematen auzolana egin aitzin.

Iragarkiaren kodea: L1303806