1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
65/2013 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren XXIV. sektoreko nekazaritza azpiegituretan jarduketak hastea onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketen Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearekin bat, 2012ko irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen "Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzea" proiektuko eremu ureztagarria Nafarroako Foru Komunitateko Ureztaketen Planeko jarduketen zerrendan sartzea eta egin beharreko jarduketen onura publikoa eta interes orokorra deklaratzea.
Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran erabaki zuen jarduketak hastea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko proiektuaren barruko interes orokorreko azpiegiturak "INTIA, S.A." sozietate publikoak eraiki eta ustiatzeko.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzati berrantolamendua funtsezko elementua dela azpiegituren arloan, eta lurzati berrantolamendua garatzen duen prozedura ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere.
Lege horren 6.1 eta 6.2 artikuluekin bat, nekazaritzako azpiegituretako jarduketak foru agindu bidez hasiko dira, eta ofizioz ere hasten ahalko dira, 13.3.2.c) artikuluan jasotakoa gertatzen denean, hots: 7/1999 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan aurreikusita dauden onura publikoko eta interes orokorreko jarduketa eta lanak egin behar direnean.
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea Larragako eta Mendigorriko udalerrietan dagoen lehorreko eremu batean, eta eremu horri Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren XXIV. sektorea deitzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Larragako eta Mendigorriko udalerrietan, foru agindu honen 3. puntuan zehazten diren mugen barrenean, dagoen eremuari Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren XXIV. sektorea deitzea onestea.
2. Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren XXIV. sektoreko nekazaritza azpiegituretan jarduketak hastea lurzati berrantolamenduaren berezko tresnen bidez.
3. Hasiera batean, 3.641 hektarea inguruko eremu bat ezartzea jarduketaren xede. Honatx mugak:
Iparraldean: Ziraukiko eta Mañeruko udal mugapeak.
Hegoaldean: Berbintzanako udal mugapea eta San Gil sakana.
Ekialdean: Arga ibaia, Larragako ingurabideko nekazaritza bidea eta Larragako, Berbintzanako eta Miranda Argako "Regadío Antiguo" Ureztatzaileen Elkarteko eremu ureztagarria.
Mendebaldean: 400 sestra-kurba, Larragako eta Mendigorriko lehorreko lurretan.
Muga horiek eta sektorearen izena aldatzen ahalko dira gaur egun tramitatzen ari den Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren bidez, nekazaritzako azpiegituretako jarduketak egiteko dagokion foru dekretuan sar daitezen.
4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein jarduera egiteko.
5. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazari-lan egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Ezin izanen dute obrarik desegin, zuhaitzik edo zuhaixkarik bota edo erre, landaketa edo alor iraunkorrik kendu edo lurra elkortu, ezta lurzatien balioa txikiagotzen duen ekintzarik egin ere.
6. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehaztu eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.
7. Aholku Batzordea sortu eta lurrak sailkatu eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei ekitea.
8. Baimena ematea eskualdean garatu nahi den oinarrizko proiektua erredaktatzeko.
9. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
10. Foru agindu hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Larragako eta Mendigorriko udalei eta Intia, S. A. enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.
11. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2013ko otsailaren 22an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.
Iragarkiaren kodea: F1303455