60. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ENERITZ

Eneritzen etxeko animaliak, bereziki zakurrak, edukitzea
arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Enerizko Udalak, 2012ko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen etxeko animaliak arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2013ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 22an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eneritzen, 2013ko otsailaren 28an.–Alkate udalburua, José Alberto Valencia Trueba.

ENERITZEN ETXEKO ANIMALIAK, BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek etxeko animaliak, bereziki zakurrak, edukitzea arautzen du.

Zakurren inskripzioa

2. artikulua. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

3. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa eta nortasun xafla emanen.

4. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

5. artikulua. Legez ezarritako egutegiaren arabera txertatuko dira zakur guztiak, eta jabeek txertoa jartzera eraman beharko dituzte. Txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie zakurrei.

6. artikulua. Amorruaren kontrako urteroko txertoa nahitaez jarri behar denez, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu.

Debekuak

7. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Azken horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

8. artikulua. Debeku da hirigunean zakurrak aske ibiltzea, baita kaleetan edo ibilgailuen trafikoa duten errepideetan eta herritarrek paseoan ibiltzeko erabili ohi dituzten bideetan ere. Eremu horietan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu zakurrak, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den katea erabiliz.

Gainera, nahitaezkoa izanen da muturrekoa jartzea inoiz erasorik egin duten zakurrei, edo arriskutsuak direla aurreikusiz gero, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duen 287/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluak eta I. eta II. eranskinek zehazten duten moduan. Honako hauek dira halako zakurren ezaugarriak, besteak beste:

–Gihar sendoak, itxura indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

–60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

9. artikulua. Debeku da zakurren edo beste edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan, edo hiriguneko erabilera publikoko beste edozein alderditan eta herriko auzo bideetan.

Debeku hori betetzeko xedez, animalia daukana eta, subsidiarioki, animaliaren jabea beharturik egonen dira gorozkiak bildu, jaso eta inguraturik eramatera eta hondakinen edukiontzietan uztera; gorozkia egondako tokia garbi uzteko ardura izanen dute.

10. artikulua. Debeku da zakurrak edo beste edozein animalia establezimendu publikoetan sartzea, eta elikagaiak saldu edo kontsumitzekoetan, nahiz eta katearekin lotuta egon eta muturrekoa jarria izan edo pertsona arduratsuek eraman, ikusteko arazoak dituztenen zakur gidariak izan ezik.

11. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egoten ahal, betiere barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan.

Erantzukizunak

12. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

13. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, bideei eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, bere ardura izanen da beharrezkoak diren neurriak hartzea animaliek bideak eta eremu publikoak ez zikintzeko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animalia zaunkaka edo zalapartaka hasten bada, berehalakoan hura isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Arau-hausteak

14. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

1.–Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluarekin bat.

b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.

d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

e) Arriskutsutzat jotzen diren zakurrek muturrekorik ez izatea.

f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

2.–Arau-hauste larriak dira:

a) Arau-hauste arinak berriro egitea.

b) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

c) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliekin sartzea.

3.–Arau-hauste oso larriak dira:

a) Arau-hauste larriak berriro egitea.

Zehapenak

15. artikulua. Zehapen prozedura Udalaren zerbitzuek abiarazten ahalko dute, edo edozein herritarrek edo entitatek eskaturik. Ustezko arau-hauste horiek salatzen dituztenek interesdun izaera izanen dute prozeduran.

16. artikulua. Arau-hauste arinek 60 eurotik 150,00 eurora bitarteko isuna izanen dute; larriek 151,00 eurotik 600,00 eurora bitartekoa, eta oso larriek 601,00 eurotik 3.000,00 eurora bitartekoa.

Erantzukizun zibila

17. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalien babesa.

18. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1190 Foru Legea, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea, Zehapen prozedura arautzen duen azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretua, Zakurren identifikazioari buruzko azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua, Amorruaren aurkako txertaketa arautzen duen 1994ko irailaren 19ko Foru Agindua, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua.

Iragarkiaren kodea: L1303424