58. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2013 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, enpresa txiki eta ertainek Nafarroan araututako eta behar bezala erregistratutako establezimendu turistikoak hobetu eta berritzeko 2013. urtean egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen deialdia onesten duena.

Turismo azpiegituren eta zerbitzuaren kalitatea ezinbesteko jarduketa-ildoa da sektorearen lehiatzeko estrategia, eta orobat, etorkizuna bideratzeko era berrian. Horri dagokionez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak azken urteotan kalitate eta ezaugarri bereziko establezimenduak sortzea sustatu du.

Ildo beretik, eta establezimenduak franko eta askotarikoak izanik, ulertu da lehentasuna dela zerbitzuen kalitatea handitzeko ekimenak ahalbidetu eta bultzatzea, halako antzinatasuna duten establezimenduak hobetuz eta berrituz.

Aurten jarduketa gehiagotarako diru-laguntzak emanez indartzen den lan ildo hau bat dator Turismoko Estatuko Idazkaritzak segitzen duenarekin, eta denok batera lan egitearen alde agertzen jarraitzen du, horrela, Nafarroako establezimendu turistikoek kalitate maila handia lor dezaten. Q arauak UNE arau bihurtzeak ere laguntzen du horretan, arrakastaz ekin baitzaio horri turismoaren esparruan.

Horregatik, beharrezkoa da, orobat, Q ikurraren ezarpena sustatzen eta laguntzen segitzea, horrek Nafarroako turismoaren irudi orokorra hobetzen lagunduko duelakoan, kalitateko destino gisa eratzen duelako, enpresen sektorearen lankidetzarekin eta kalitatea kudeatzeko egungo ereduak erabiliz.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Erregelamendu horrek “de minimis” laguntzei buruzko EEaren Ituneko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ukitzen du. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen aurreko hiru zergaldietan.

Azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren arabera, deialdia norgehiagoka ebatziko da, aurrekontuan behar adina diru badago. Horretarako, baremo bat aurreikusi da, atal bakoitzerako lehentasun ordena eta proposatutako inbertsio proiektuari ematen ahal zaion diru-laguntza portzentajea zehaztuko duena.

Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiari deialdi honen ondoriozko gastu-konpromisoak bere gain hartzeko, foru aginduaren bidez onetsi ondoren ebatzi ahal izateko.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Enpresa txiki eta ertainek Nafarroan araututako eta behar bezala erregistratutako establezimendu turistikoak hobetu eta berritzeko 2013an egiten dituzten inbertsioetarako diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

281.648,00

A10001-A1130-7709-432300: Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko (ADPT).

2013

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2013ko martxoaren 11n.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEK NAFARROAN ARAUTUTAKO ETA BEHAR BEZALA ERREGISTRATUTAKO ESTABLEZIMENDU TURISTIKOAK HOBETU ETA BERRITZEKO 2013an EGITEN DITUZTEN INBERTSIOETARAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea

Oinarri arautzaile hauen xede da enpresa txiki eta ertainei laguntzak emateko araubidea ezartzea, honako hauek egiteko:

a) Establezimendu turistikoetan 2013an egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, Kalitate Turistikoaren Q ikurra edo UNE araua lortu edo hari eusteko asmoz egiten direnak, betiere establezimendu horiek Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita baldin badaude.

b) Establezimendu turistiko arautuetan 2013an egiten diren eraberritzeak eta hobekuntzak, betiere Nafarroako Turismoko Erregistroan behar bezala inskribaturik baldin badaude.

Eskaera atal bakar baterako egin daiteke. Datu hori argi adierazi behar da eskaeran.

2.–Aurrekontuko diru-zuzkidura.

Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko zuzkidura 281.648 eurokoa izanen da gehienez, eta 2013ra luzatutako 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Transferentziak ekimen pribatuari eskaintza turistikoa hobetu eta berritzeko” izeneko A10001 A1130 7709 432300 kontu-sailaren kargura izanen da (ADPT). Diru kopuru hori handitzen ahalko da, programa berean sartutako beste deialdi batzuk ebatzi ondoren soberan gelditzen den dirua gehituz, aurkezten diren eskaeren arabera, edo aurrekontuetako kontu-sailari diru erabilgarri gehiago erantsiz.

Adierazitako aurrekontua honela banatuko da:

2.a. Kalitatearen arloko inbertsioak: gehienez 72.000 euro, hau da, guztirakoaren %25,56

2.b. Inbertsioak, gainerako establezimendu turistiko arautuetan: 209.648 (%74,43%); kopuru hau honela banatuko da:

2.b.1.–Ostalaritzako establezimenduak: 80.000 euro.

2.b.2.–Apartamentuak eta landetxeak: 70.000 euro.

2.b.3.–Turismoko kanpalekuak: 14.000 euro.

2.b.4.–Aterpetxeak: 14.000 euro.

2.b.5.–Jatetxeak: 31.648 euro.

Espedienteak azterturik eta deialdiaren ebazpena proposaturik ataletakoren batean dirurik geldituko balitz, honela banatuko litzateke:

–2.a ataleko gerakinak 2.b atalari gehituko zaizkio, zerrendan dauden ordena berean.

–2.b ataleko azpiataletako gerakinak, lehenbizi, atal bereko azpiatalei gehituko zaizkio, zerrendan dauden ordena berean, eta, beharrezkoa balitz, bigarrenik, 2.a. atalari.

3.–Onuradunak.

Establezimendu turistikoen titular diren turismoko enpresa txiki eta ertainek (aurrerantzean turismoko ETEak) eskuratzen ahal dituzte foru agindu honetan azaltzen diren laguntzak, baldin eta deialdi hau argitaratzen den egunean establezimendua behar bezala erregistratuta badute Nafarroako Turismo Erregistroan.

Nolanahi ere, deialditik kanpo geldituko dira 2011ko deialdian erreformengatik laguntza jaso duten establezimenduak (Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariaren martxoaren 9ko 17E/2011 Foru Agindua) eta 2012koan jaso dutenak (Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak otsailaren 3an emandako 6E/2012 Foru Agindua), salbu eta emandako diru-laguntzaren portzentajea, aurrekontuan diru aski ez egoteagatik, deialdian ezarritako mugara iritsi ez bazen.

ETE bat zer den argitu behar izanez gero, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioa hartuko da kontuan, edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak.

4.–Laguntzen barruan sartzen diren proiektuak eta erreferentzialdia.

2012ko azaroaren 16tik 2013ko azaroaren 15era bitarte egin eta fakturatu diren hobekuntza eta eraberritzeetarako inbertsio proiektuak sartzen dira deialdi honen barruan; honelakoak:

–Establezimenduetan mantentze-lanak eta eraberritzeko lanak: isolamenduak, saneamenduak, elektrizitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, berokuntza sistemak, igeltserotza edo zurgintza.

–Establezimenduaren altzariak eta ekipamendua, baldin eta inbertsiotarako hartzen bada ekipamendu hori, berritze hutsa izan gabe.

Azpiegituretan ingurumen aldetik egokiak diren material eta produktuak erabiliko dira (material birziklatuak, elementu berrerabiliak, energia-galerak murrizteko eta energia-kontsumoa optimizatzeko lagungarri diren isolatzaile termikoak edo material erregogorrak; metal astunik edo osagai arriskutsurik gabeko pintura eta bernizak, ur-pinturak alegia, pigmentu naturalez eginak, KOH ahalik eta gutxien jaulkitzen dutenak; ura aurrezteko gailuak eta emaria mugatzeko mekanismoak dituzten saneamendu-osagaiak etab.). Edonola ere, Etxegintzaren Kode Teknikoan ezarritako eskakizunak kontuan hartuko dira, ingurumenak jasan dezakeen eragina neurtuko da, kalteak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko neurriak hartuko dira eta energia eragimeneko irizpideak eta ingurumen neurriak integratzen ahalegindu beharko da.

Era berean, obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemak, bilketa sailkatua ahalbidetzen dutenak, aurreikusiko dira.

5.–Gutxieneko irizpideak proiektuak onesteko.

Laguntza jaso ahal izateko, establezimenduek baldintza eta ezaugarri hauek bildu beharko dituzte:

a) Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko hobekuntzak eta eraberritzeak establezimendu turistikoetan:

–2011ko urtarrilaren 1a baino lehen Turismo Erregistroan inskribaturik egon behar du establezimenduak.

–Espainiako turismoaren kalitatearen sistemari atxikita egon behar du, eta urtebetean eskuratu beharko du ziurtapena, laguntza ematen denetik hasita, eta/edo 5 urteko epean mantendu beharko da.

–Bat egite berrien kasuan, aldez aurreko autoebaluazioari buruzko galdeketa egin ondoan antzematen diren beharren emaitza izanen dira aurkezten diren inbertsioak, edo hobekuntza planetan eta/edo establezimendua hobetzeko ekimenetan aurreikusiko dira, dagoeneko ziurtapena duten establezimenduen kasuan.

–Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen Udalaren ziurtagiria.

b) Eraberritzeak eta hobekuntzak establezimendu turistiko arautuetan:

–Gutxienez 10 urteko antzinatasuna izan beharko du Turismoko Erregistroan inbertsioa egin gogo den establezimenduak. Inskripzio egunak 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan behar du.

–Azken bost urteotan, gutxienez, turismoko jardueran aritu dela frogatu beharko du. Epe horretan titulartasuna aldatu bada, eskualdaketatik hasitako epera murriztuko da betekizun hori.

–Eraberritzeak edo hobekuntzak bukaturik, aplikatzen den araudira egokitu beharko du establezimenduak, aldez aurretik ez bazegoen, eta, edonola ere, gutxieneko hauek beteko ditu:

–Ostalaritzako establezimenduak: hostalaren kategoria, gutxienez.

–Apartamentu turistikoak: bi giltzako kategoria, gutxienez.

–Landetxeak: bi hostoko kategoria, gutxienez.

–Turismo kanpalekuak: 2. kategoria

–Aterpetxeak, jatetxeak: daukaten kategoria edo tipologia.

–Proiektuak edozein obra mota, kanpokoa zein barrenekoa, aurreikusten badu, dagokion obra baimena aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, edo baimen hori beharrezkoa ez dela dioen Udalaren ziurtagiria.

6.–Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko 1.a oinarrian zehazten diren eraberritzeetarako, %50eko diru-laguntza emanen da, ez itzultzeko, muga 18.000 euro izanik, eta 1.b oinarrian zehazten direnetarako, berriz, %40koa, muga 14.400 euro izanik.

Aurkezten diren proiektuek, gutxienez, 4.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta ezin dira 36.000 eurotik goikoak izan, BEZa kanpo betiere.

7.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezturiko eskaerak alderatu eta dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren, eta, hurrengo puntuan ezarritako baremoarekin bat, aurrekontuetako dirua bukatu arte banatuko dira.

8.–Baremoa.

a) Kalitatearen Q ikurra lortzeko edo mantentzeko hobekuntzak eta eraberritzeak establezimendu turistikoetan:

Deialdi honen 2. oinarrian adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

–Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, 15era arte gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

–Kalitatearen Qa zein urtetan lortu zen: 2 puntu urte bakoitzeko; 20 puntu gehienez.

–Departamentu honek azken 5 urteetan** emandako laguntzak (gastuak edo inbertsioak, sortu berrientzat emandakoak izan ezik (2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako ebazpenak):

  • 15 puntu, 8.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 10 puntu, 20.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 5 puntu, 40.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

Berdinduz gero, erabakia hartzerakoan, aurreko 5 urteetan jasotako diru-laguntzak hartuko dira aintzat lehenbizi, eta, gero, erregistroko inskripzioaren antzinatasuna, hila eta eguna ere kontuan hartuta.

b) Establezimendu arautuetan 2013an egin eraberritzeak eta hobekuntzak:

Deialdi honen 2. oinarrian adierazitako zenbatekoa agortu arteko laguntzak emateko lehentasun hurrenkera ezartzeko, alderdi hauek baloratuko dira:

–Establezimenduaren inskripzioaren antzinatasuna erregistroan: puntu 1 urte bakoitzeko, 15era arte gehienez (hila eta eguna ez dira kontuan hartuko, urtea baizik).

–Departamentu honek azken 5 urteetan** emandako laguntzak (gastuak edo inbertsioak, sortu berrientzakoak izan ezik):

  • 15 puntu, 8.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 10 puntu, 20.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.
  • 5 puntu, 40.000 eurotik gorako laguntzarik jaso ez bada.

–Gehienbat adin honetako jendea partaide duten proiektuak:

  • 35 urtetik beherakoak: 15 puntu
  • 55 urtetik beherakoak: 10 puntu

–Bere web orria daukaten establezimenduak: 3 puntu

–Titularra elkarte/partzuergo turistiko baten kide denean: 5 puntu

–Azken 3 urteotan (2010eko urtarrilaren 1az geroztik) ikastaro/jardunaldietan parte hartzeagatik, jarduera turistikoarekin edo titularrak edo haren zerbitzuko langileek establezimenduan egiten duten kudeaketarekin ikustekoa badu:

  • 5 puntu, 100 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.
  • 2 puntu, 50 orduko edo gehiagoko prestakuntza frogatzen badu.

Berdinketarik badago, lehenbizi, titularrek azkeneko 5 urteetan jasotako turismo laguntzei begiratuko zaie. Epe horretan diru gutxien jaso duten titularrek izanen dute lehentasuna.

Berdinketak bere horretan iraunez gero, Turismoko Erregistroko inskripzioaren antzinatasuna hartuko da aintzat (hilabetea eta eguna ere hartuko dira kontuan). Kasu honetan, establezimendu zaharrenek izanen dute lehentasuna.

(*) Baremoaren balorazioa, eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren bidez eginen da; ezin da geroago aurkeztu edo zuzendu.

(**) Azkeneko 5 ekitaldietan titularrak eta establezimenduak jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan, hau da, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak (ordainketa agintzeko ebazpenaren eguna).

(***) Establezimendua elkarte bat baldin bada, betebehar hori gutxienez bazkideen erdiek gehi beste batek bete beharko dute. Aurkezten den dokumentazioak bazkide kopurua zein den argituko du, baita haien adina ere.

9.–Araubide juridikoa eta laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza mota hau Europako Batzordeak 2006ko abenduaren 15ean eman zuen 1998/2006 EE Erregelamenduaren babespean ezartzen da. Erregelamendu hori 2006ko abenduaren 28ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta “de minimis” laguntzei buruzko EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluen aplikazioari buruzkoa da. Hortaz, enpresa onuradunak horrelako diru-laguntzen bidez gehienez ere 200.000 euro jasotzen ahalko ditu hiru zergaldiko epean. Horretarako, enpresak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinarazi beharko dio “de minimis” laguntzarik jaso ote duen hiru zergaldietan.

Laguntza horiek bateragarriak dira onuradunek proiektu berbererako jaso dezaketen beste edozein laguntzekin. Dela dela, proiektu baterako jasotako diru-laguntza guztiek 200.000,00 euroko zenbatekoa edo onartutako aurrekontua gaindituko balute, diru-laguntza horiek behar den neurrian murriztuko lirateke.

10.–Eskaerak.

Eskabideak, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ezarritako ereduaren araberakoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, Iruñeko Navarrería kaleko 39an, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan. Eskabidearen eredua Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan eta Interneten eskuratzen ahal da, helbide elektroniko honetan: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/.

Eskabideak telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala izan beharko da.

Behar bezala formalizatu, bete eta ordenatutako eskabidearekin batera, ereduan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.

Eskatutako agiri guztiak, eskaera telematika bidez tramitatzen denean izan ezik, euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira, eta paperean ere, nahi izanez gero. Paperean eta euskarri informatikoan aurkezten den dokumentazioa berdina ez bada, euskarri informatikoan aurkezten dena hartuko da aintzat.

Eskatzen den dokumentazioa:

a) Nortasuna.

–Aldaketa sozialen eskritura (Turismo Erregistroan dagoen dokumentazioa aldatzen bada).

–Ahaldunaren notario-ahalordea eta NANa, kasua bada.

b) Proiektuari buruzko dokumentazioa.

–Inbertsioa deskribatzen duen memoria.

–Kalitatearen arloko eskaerak direnean, horretaz gain honako hau ere aurkeztu beharko da:

  • ICTEren ziurtagiria, Espainiako Kalitate Turistikoaren Sistemari atxikita dagoela frogatzeko (sartu berrientzat).
  • Hobekuntza plana, ekintza zuzentzaileak edo ziurtagiria lortzeko beharrezko edo aurreikusitako inbertsioak ondorioztatzen dituen autoebaluaziorako galdetegia. Nolanahi ere, memoriak argi adierazi behar du inbertsioen eta sistemaren inplantazioaren arteko lotura.

–Aurrekontua, kontzeptuka zehaztua.

–Hala behar denean, ikus-onetsitako obra proiektua.

–Inbertsioetan obraren bat sartzen bada, obrarako lizentziaren kopia edo obrako lizentziarik ez dela behar dioen udal ziurtagiria.

c) Bestelakoak

–Erantzukizuneko aitorpena, enpresa txiki edo ertaintzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituela adieraziz.

–Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, azkeneko hiru urteetan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz emandako laguntzen berri ematen duena.

–Azkeneko 5 urteotako jarduera turistikoa mantentzen dela egiaztatzeko duen dokumentazioa, edo baimen espresa Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko teknikariek konprobazioa egin dezaten (establezimendu arautuetarako eskaerak).

–Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal diren kostuentzat eskatu eta hartutako beste laguntzen erantzukizuneko aitorpena.

–Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera. Helbide honetan jaso daiteke eredua: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm (betiere aurretik eskatu ez badu, edo daturen bat aldatu badu).

–Erantzukizuneko aitorpena, eskaintzen den ereduaren arabera prestatua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako egoera debekaturen batean ez dagoela dioena.

d) Baremorako dokumentazioa, zuzendu ezin dena.

Espedientearen baremoaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko dokumentazioa eskaerarekin batera bidaliko da, eta ezin izanen da gerora zuzendu, hau hain zuzen ere:

d.1) –Kalitatearen arloko eskaerak:

–Datu hauek ematen dituen erantzukizuneko aitorpena: Turismo Erregistroan noiz inskribatu zen, kalitatearen Q ziurtapena noiz eskuratu zuen eta azken 5 urteotan jasotako laguntzak. Departamentuak, betiere, egiaztatu eginen du informazio hori.

d.2) Gainerako establezimenduen eskaerak:

–Datu hauek ematen dituen erantzukizuneko aitorpena: Turismo Erregistroan noiz inskribatu zen eta azken 5 urteotan jasotako laguntzak. Departamentuak, betiere, egiaztatu eginen du informazio hori.

–Titularren adina frogatzeko dokumentazioa (titularren NANa). Elkarte bat baldin bada, bazkide guztiena eta, horrekin batera, dokumentu hauek: elkartearen bazkide kopurua zein den dioen agiria; establezimenduaren web-orria (egiaztatu daitekeen helbidea); turismoaren arloko erakunde edo partzuergoren bateko kidea dela dioen agiria (erakundeak edo partzuergoak emana); eta, aurreko 3 urteetan ikastaro edo jardunaldiren batean partu hartu badu, horien egiaztagiria eta ordu kopurua.

11.–Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabete bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

12.–Eskaerak tramitatu eta haien gainean ebaztea.

Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak espedienteak aztertu eta ebaluatuko ditu. Eskaerak, nahitaez aurkeztu beharreko agiriei dagokienez, ez baditu betetzen finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskaera beteta eta zuzen dagoela eta 5. oinarrian adierazitako proiektu baterako dela egiaztatu ondoren, 8. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da. Baremoan lortutako puntuazioa deialdiaren web orrian argitaratuko da, bere espedientea behar bezala baloratu ez dela uste duenak alegazio egokiak egin ditzan 5 egun balioduneko epean, dela erregistroaren bidez, dela posta elektronikoaren bidez. Web orriko argitalpen hori posta elektronikoaren bidez jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epean iraganik, balorazio ekonomikoa eginen da, 6. oinarria kontuan hartuz, eta ebazpena emanen da 8. oinarriko baremoari jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren proposamena ikusirik, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, argudioz hornitua, abian den urteko aurrekontuaren kargura egonen diren diru-laguntzei buruz.

Berariazko ebazpena jakinarazteko, gehienez ere hiru hilabete izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori amaitzen bada jakinarazpena egin gabe, eskaera baztertu dela ulertuko da. Organo eskudunak argibideak edo agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea amaitu arte.

Laguntzen banaketa azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz argitaratuko da, Gobernuaren web-orrian: http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/

13.–Inbertsioaren justifikazioa.

Egindako inbertsioa fakturen kopien bidez eta ordainketaren banku agirien bidez (eskurako ordainketak eta hartze-agiriak ez dira onartuko) justifikatu beharko da. Fakturazio eginbeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren araberakoak izanen dira fakturak. Frogagiri horiek guztiak zenbakiaren arabera ordenatuko dira eta Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, http://www.navarra.es/home_es/Catalogo+de+servicios/Ayudas/ helbidean eskuragai jarriko duen inprimakiarekin batera aurkeztuko dira (inprimakia behar bezala bete behar da).

Egiaztagiriak aurkezteko epea 2013ko azaroaren 15ean bukatuko da.

Eskatutako agiri guztiak, eskaera telematika bidez tramitatzen denean izan ezik, euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira, eta paperean ere, nahi izanez gero. Paperean eta euskarri informatikoan aurkezten den dokumentazioa berdina ez bada, euskarri informatikoan aurkezten dena hartuko da aintzat.

14.–Egiaztapenak eta ordainketa.

Oro har, diru-laguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa bere alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.

Proiektuaren %80tik behera gauzatzen bada, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak erabaki dezake proiektua ez dela bete eskatzen zen neurrian, eta bidezko izanen du emandako diru-laguntza ezeztatzea.

15.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen hartzaileak betebehar hauek ditu:

a) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak egitea eta 13. oinarrian ezarritako epeetan justifikatzea.

b) Diru-laguntzaren xede den proiektua ezin bada gauzatu, idatziz jakinaraztea, gutxienez “inbertsioak bukatzeko” aurreikusitako data baino 2 hilabete lehenago. Horren berri ematen ez bada, hurrengo deialdietan kontzeptu beragatik diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko da.

c) Inbertsioak benetan egin direla eta hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzeko erraztasunak ematea.

d) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea, gutxienez 10 urteko epean, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urteko epean, ondasun higigarrien kasuan. Epe horiek diru-laguntza ordaintzen denetik hasiko dira.

e) Qren laguntzen kasuetan eta ICTE sisteman sartu berriak direnean, establezimenduek diru-laguntza jaso eta urte bateko epean lortu behar dute ziurtagiria, eta establezimendu guztiek 5 urtean eutsi beharko diote kalitatearen markari.

f) Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari jakinaraztea inbertsio horretarako beste diru-laguntzarik lortu ote den.

g) Laguntzaren xede den jarduerari buruzko informazio guztietan adieraztea Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dela. Ageriko leku batean paratzea obrak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak kofinantzatu dituela adierazten duen plaka bat.

h) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak egin ditzakeen kanpaina guztietan benetan parte hartzea, sektorearen partaidetza behar denean.

i) Parte hartzea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak edo elkarteek turismoaren arloan antolatzen dituen prestakuntza-ikastaroetan edo jardunaldietan, edo jarduera turistikoarekin edo establezimenduaren kudeaketarekin ikustekoa duten prestakuntza pribatuetan.

h) Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako gainerako betebeharrak.

16.–Laguntzen ezereztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

15. oinarrian aipatutako betebeharrak ez betetzeak, onuradunak ematen dituen datu edo informazioetan iruzur egiteak edo nahasteak eragiteak, laguntzak eman eta ordaintzeko funtsezkoak izan diren egintza edo gorabeherak egiaztatzeko lanak oztopatzeak eta ezkutatzeak beraiekin ekarriko dute emandako laguntzak ezereztatzea eta, bidezko bada, eskuratutako dirua itzuli beharra, berandutza interesak eta guzti, eta bidezko diren zehapenak jartzea, behar den espedientea tramitatu ondoren. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan ere bidezko izanen da jasotako laguntzak itzuli behar izatea, eta foru lege horretan adierazitako ondorioak sortuko dira.

17.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.

Iragarkiaren kodea: F1303863