56. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Udal ordenantza, udal kiroldegiaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Erriberriko Udalak, 2013ko urtarrilaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Erriberriko udal kiroldegiaren erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erriberrin, 2013ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Francisco Javier Legaz Egea.

“ERRIBERRIKO UDAL KIROLDEGIAREN ERABILERA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Erriberriko udal kiroldegiaren instalazioak herritarrek eta oro har jendeak (erabiltzaileek) nola erabiliko dituzten arautzea.

2. artikulua. Erabilera eta erabiltzaile motak.

Instalazioen erabilera hertsi-hertsian kiroletakoa izan daiteke eta kiroletakoa ez dena ere bai. Kirol erabilera zentzu zabalean hartu behar da, hau da, ariketa fisikoa egitea instalazioetan horretarako prestatuta dagoen edozein eremutan, hala nola gimnasioa, kiroldegiko pistak, talde jarduerak kiroldegiko aretoetan eta ur eremua. Kiroletakoa ez den erabileran sartzen dira kirolez kanpoko jarduerak, Udalak edo zerbitzuaren esleipen-hartzaileak baimentzen ahal dituenak.

3. artikulua. Orokorrean eska daitezkeen betebeharrak.

Orokorrean, honako hauek ezarri dira:

1.–Eskatzaileek beren nortasuna eta ordezkaritza egiaztatu beharko dituzte.

2.–Erriberriko Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen instalazioetako erabiltzaileek izaten dituzten kirol istripuetan.

3.–Erriberriko Udalak eskubidea du instalazioen erabilera murriztu edo eteteko, eta horren ordez beste une batzuetan baimentzeko.

4.–Instalazioak erabiltzeko tasak une bakoitzean erregelamenduz ezartzen den moduan ordaindu beharko dira; oro har, kirol instalazioa erabili aurretik ordainduko dira.

5.–Erriberriko Udalak erabiltzailearen gaitasunari buruzko osasun ziurtagiriak eska ditzake zenbait kiroletarako. Edonola ere, ez du erantzukizunik izanen instalazioetan kirola egitean gorputzeko lesioak izaten direnean. Halaber, gutxieneko adinak ezar ditzake kirol instalazioetan nor bere kasa (monitorerik gabe) ibiltzeko.

6.–Eremua jaialdiak eta beste ekitaldi batzuk egiteko erreserbatzen denean, antolatzaileek beren gain hartuko dute ondoren erabiltzeko moduan uzteko konpromisoa eta, horretarako, garbiketa enpresa batekin sinatutako kontratua aurkeztuko dute.

7.–Erabiltzaileek Erriberriko Udalak edo, hala denean, esleipen-hartzaileak egiten dizkien eskaerak bete beharko dituzte beti, instalazioen kontserbazioari eta horien erabilera egokiari dagokienez.

8.–Instalazioak kirolekoak ez diren gauzetarako erabiltzen dituztenek beharrezkoak diren lizentziak eduki beharko dituzte, beharrezkoak izanez gero, eta ekitaldiak egiteko ezarritako baldintzak bete; aginduzko azterlan eta proiektuak aurkeztu beharko dituzte, eta horiek zorrotz bete beharko dute segurtasunaren eta osasunaren arloan indarra duen legedia.

9.–Instalazioak erabiltzeko eskubidea frogatzen duen agiria, helburuaren, kasuen eta erabiltzaile motaren arabera, hauetakoren bat izanen da: tiketa eta/edo erreserbako ordainagiria, aldi baterako abonamendua, hiruhilekoa edo urtekoa eta/edo herritar txartela.

II. KAPITULUA

Instalazioetako sarrerari buruzko xedapenak

4. artikulua. Instalazioetan sartzea eta erabiltzaile baimendu bihurtzea.

Inskribatu eta jarduera hasi ahal izateko, honako hau bete beharko dute erabiltzaileek:

–Karnet neurriko argazki bat aurkeztu beharko dute herritar txartelik ez badute.

–Bazkidearen inskripzio orria bete.

Aldi baterako, hiruhilekoko edo urteko kuoten kasuan, dagokien zenbatekoa ordaindu behar dute.

4.1. Dokumentazio honen jabe direla frogatzen duten interesdunei soilik utziko zaie Udalaren kirol instalazioetan sartzen:

1. Erabiltzaile libreak (banaka edo taldean): Erreserbako tiketa edo ordainagiria.

2. Abonatuak: abonamenduaren agiria, Erriberriko Udalak edo zerbitzua esleitua duen enpresak luzatua. Herritar txartela.

3. Erriberriko Udalak edo zerbitzua esleitua duen enpresak antolatutako kirol programa, ikastaro eta jardueretan inskribatutako partikularrak: jarduera ordaindu dela frogatzen duen agiria.

5. artikulua. Erabiltzeko erreserbak.

5.1. Kirol eremuetarako erreserbak Udalari edo zerbitzuaren esleipen-hartzaileari eskatu beharko zaizkio, eskatzen den erabileraren unea baino egun bat lehenago gutxienez. Erreserbarako baimena emanen da eskatutako eremua eta ordua libre badira soilik, instalazioen erabilerari dagokionez.

5.2. Kantxaren, pilotalekuaren eta padelaren erreserbak eta deuseztatzeak telefonoz, instalazioan bertan, posta elektronikoz edo faxez eginen dira.

5.3. Ezarritako tasa, oro har, erreserba egitean ordainduko da, ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren baldintzen eta zenbatekoen arabera. Likidazio bat ez ordaintzeak berarekin ekarriko du baimena besterik gabe baliogabetzea eta erreserba deuseztatzea, eta horrek ez du galaraziko zor dena ordain dadila eskatzea bidezkoa den lege prozedurari jarraikiz.

5.4. Erreserbek sor dezaketen konplexutasuna dela eta, baita ezusteko edo interes publikoko arrazoiengatik ordutegiak aldatu edo bertan behera utzi behar direnean ere,

eskubidea izanen du Erriberriko Udalak beharrezkoak iruditzen zaizkion aldaketak edo etenaldiak egiteko, eta, halakoetan, ordaindutako tasa itzuliko dio interesdunari edo likidatutako erreserbak beste data batzuetara aldatuko ditu, tasen kobrantzaren kudeaketari buruzko prozedurari aplikatu beharreko legezko xedapenekin bat.

III. KAPITULUA

Instalazioen erabilerari buruzko xedapenak

6. artikulua. Erabilera arauak, instalazio motaren arabera.

1.–Arau orokorrak.

1. Partikular eta entitate baimenduek egokiro erabili beharko dituzte instalazioak eta materiala eta, desagertu edo hondatzen badira, horren erantzule izanen dira. Nahitaezkoa da makinak zeuden bezala uztea (batez ere pisu libreen eremuan; barrei diskoak kendu behar zaizkie, eta beren tokian eta ongi ordenatuta utzi).

2. Udal kiroldegiko erabiltzaileak beren bazkide edo kideek instalazioak gaizki erabilitzeagatik egiten dituzten kalte edo hondamenen erantzuleak izanen dira.

3. Erabat debekatuta dago erretzea eta edari alkoholdunak edatea esparru guztian. Arau hori betetzen ez bada, eta ohartarazpena egin ondoren, arau-hauslea udal kiroldegitik kanporatuko da.

4. Erabiltzaileek behar den jokabide eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak begiratu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean. Gutxienez ere hamasei (16) urte beharko dira muskulazio gelako erabilera librerako (monitore edo laguntzaile gabe).

5. Erabiltzaileek instalazioa garbi eduki beharko dute, eta han egon ondoren ez da hondakinik edo zaborrik utzi beharko bertan dauden paperontzi eta edukiontzietatik kanpo. Bereziki, aldagelak, komunak eta dutxak erabiltzen dituztenean garbitasunez eta higienez jokatu beharko dute.

6. Erabiltzaileek kirol arropa egokia jantzi beharko dute instalazioak erabiltzean eta, bereziki, gomazko zola duten kirol oinetakoak. Ezin izanen dute instalazioa erabili halakorik ez badute. Nahitaezkoa da muskulazio gelan eskuoihala erabiltzea. Oinetako hauek bakarrik: muskulazio gelan eta kantxan erabiliko diren oinetakoak horretarako bakarrik izanen dira (ezin dira kaletik ekartzen diren oinetakoak erabili; zolak garbi egon behar du).

7. Materiala (zutoinak, saskiak etab.) jartzea beharrezkoa denean, erabiltzaileek laguntza emanen diete instalazioko zerbitzu langileei.

8. Erriberriko Udalak ez du erantzukizunik izanen kirol esparruaren barnean gauza pertsonalak eta baliozkoak galtzen direnean. Erabiltzaileak libre utzi behar du aldageletako armairua, eta han gordetako gauzak eraman, alde egitean. Armairuetako giltzak ezin izanen dira instalaziotik atera. Erabiltzailea instalazioa erabiltzen ari denean soilik erabil daitezke. Aldageletako eserlekuetan ez da poltsarik, arroparik eta kirol-oinetakorik utziko; armairuetan egon behar dute. Armairuak alokatu nahi dituzten erabiltzaileek horretarako tasa ordainduz alokatuko dituzte.

9. Norbanako edo talde interesdunak baimendua duen erabilera eskubidea, osorik edo zati bat, erabiltzen ez badu, eskubidea galduko du, baita ordaindutako dirua itzultzekoa ere, baldin eta etenaldia idatziz jakinarazten ez badu, bi (2) egun baliodun lehenago gutxienez.

10. Aldageletatik eta dutxetatik irteteko 15 minutu izanen dira gehienez, muskulazio gelan, jarduera geletan, padel eta tenis pistetan eta kantxan kirol jarduera bukatu ondoren. Kiroldegia ixten den ordurako alde egin beharko du erabiltzaileak bertatik.

11. Ezin du pistetan egon horretarako behar den baimena ez duen inork. Erabiltzen den biltegiko materiala (pilotak, baloiak, eserlekuak, markagailuak, luzagailua...) biltegira eramanen da berriro pistak utzi baino lehen, eta erabiltzeko egoera onean utziko da, ondorengo erabiltzaileentzat.

12. Ezin izanen dira pasabideak erabili berotze ariketak, lasterketak egiteko. Badira horretarako eremuak: aulkien atzealdea pabilioia erreserbatuta dagoen ordutegian, eta horren kanpoaldeko eranskinak.

13. Instalazioetan ezin izanen da sartu ibilgailurik, motorrik, bizikletarik, gurpil-oholik, ontzirik edo beirazko ontzirik. Ezta txakurrik edo beste animaliarik ere.

14. Kirol taldeek harreralekuan esan behar dute partiduak eta entrenamenduak zer ordutan diren, edo urteko deuseztatzeak noiz diren. Partida edo lehiaketa bateko taldeetakoren bat atzeratzen bada eta horrek hasiera ordua aldatzen badu, erabilera denboratzat joko da eskatutako ordutik partida bukatu arteko denbora. Atzerapenak eragina badu ondorengo partiden edo lehiaketen hasieran, horiek eskubidea izanen dute beren saioak ezarritako orduan hasteko, eta zilegi izanen da aurrekoa bertan behera uztea, klub baimenduak ados jartzen ez badira. 16 urtetik beherako haurren taldeek kantxa alokatzen dutenean, adin nagusiko arduradun bat izan beharko dute, bai partidarako bai aldageletako dutxa aldirako.

15. Erabiltzeko baimena eta horri lotutako eskubidea bertan behera utz daitezke ezinbesteko arrazoiengatik edo Erriberriko Udalak lehentasunezkotzat jotzen dituen beste jarduera batzuengatik.

16. Argiteriarako eskaerak eta erabiltzaileen kopuruari dagozkionak erabileraren aurretik egin beharko dira, erreserba eta ordainketa egitean. Geroago eta, betiere, erabilera baimenduaren aurretik, erabakitzen bada argiteria erabiltzea edo erabiltzaileen kopurua handitzea, tiketa edo ordainagiria trukatu beharko da, diferentzia ordainduz, horretarako ezarri den bulegoan, jendea hartzeko ordutegian.

17. Erreserba ezinbesteko arrazoiengatik (euria, matxurak etab.) deuseztatu behar denean, instalazioaren arduradunak tiketa edo ordainagiria baliozkotuko du, beste egun batean erabili ahal izateko, erabiltzeko aukeren arabera. Ez da inolaz ere bidezkoa ordaindutako zenbatekoa arrazoi horiengatik itzultzea.

18. Kirol instalazioa eta elementu erantsiak erabiltzean, honako hauek bete behar dira: araudi honetako xedapenak, baimen agiria eta, edonola ere, Udalak edo zerbitzuaren esleipen-hartzaileak ahaldundutako langileek ematen dituzten jarraibide zehatzak, batez ere instalazioan lan egiten duten etxezainak, sorosleek eta kirol monitore-animatzaileek ematen dituztenak.

19. Berehala aplikatzekoak izanen dira instalazioen erabilerarako ematen diren eta unean-unean argitaratzen diren barne arauak, instalazioak zaindu eta kirol erabilera egokia egin dadin.

Erabiltzaileek SPA eremuetan bete beharreko araudia

1. Nahitaezkoa da bainurako txanoa erabiltzea jacuzzietan. Debekatuta dago erabiltzaileak spa eremuan kaleko arropa edo oinetakoak jantzita sartzea. Osasun arrazoiengatik, ez da 15 minutu baino denbora gehiago egon behar jacuzzian, hidromasajean, saunan eta lurrun bainuan. Nahitaezkoa da spa eremuko elementuak erabili aurretik dutxatzea. Nahitaezkoa da eskuoihala eta bainujantzia erabiltzea. Nahitaezkoa da bainuko oinetakoak (txankletak) erabiltzea spa eremuan ibiltzeko. Ezin izanen da bizarra moztu, depilatu edo tindatu, ez eta higiene pertsonaleko bestelako zereginak egin ere. Metalezko gauzak, betaurrekoak, ukipen-lenteak etab. kendu egin behar dira saunan sartu aurretik. Edozein motatako ondoeza sentituz gero, bertan behera utzi jarduera. Ezin izanen da edozein likido mota erabili edo isuri. Erabat debekatuta dago spa eremua erabiltzea bihotz-hodietako arazoak, hipertentsioa, hipotentsioa edo haurdunaldia izanez gero. Garrantzizkoa da erabilerarako azaldu diren jarraibideak betetzea. Jacuzzietan, saunan eta lurrun bainuan eserita egon beharko da. Halaber, debekatuta dago spa-igerilekuan buruz botatzea.

Berehala aplikatzekoak izanen dira instalazioen erabilerarako ematen diren eta unean-unean argitaratzen diren barne arauak, instalazioak zaindu eta kirol erabilera egokia egin dadin.

Berariazko arau hauetan aurreikusita ez dauden kasuetan, gainerako kirol instalazioen erabilerarako arau orokorretan ezarritakoa aplikatuko da.

Gutxienez ere hamasei (16) urte beharko dira igerilekuetan ibiltzeko.

IV. KAPITULUA

Publizitate eremuak erabiltzea

7. artikulua. Kirol instalazioetako publizitate eremuak erabiltzea.

Ez da inolaz ere baimenduko kirol instalazioetako entitate edo partikular erabiltzaileek publizitate eremuak erabiltzea, baldin eta Erriberriko Udalaren baimen espresik ez bada; baimen horrek, aipatu erabileraren ondoriozko prestazio ekonomikoak galarazi gabe, arau hauek bete beharko ditu:

–Erabil daitezkeen eremuak Erriberriko Udalak zehazten dituenak soilik izanen dira. Ezin izanen da inolaz ere erabili baimendu gabeko eremurik, eta zehatz-mehatz errespetatu beharko dira administrazio kontzesioak edo Erriberriko Udalak onartutako hirugarrenen eskubideei lotuta dagoen beste edozein kontzeptu, nahiz eta kontzesiodunak edo erabilera eskubidea duen subjektuak une horretan ez ustiatu.

–Baimena emateko baldintza izanen da honako hauek betetzea: jarri nahi den publizitate motari aplikatu beharreko legedia, erabiliko den baliabidea kontuan hartuta, Erriberriko Udalak hirugarrenekin bere gain hartutako betebeharrak eta, hala behar denean, interesdunak bidezkoak diren eskubideak aldez aurretik likidatzea.

–Interesdun baimenduak baimen aldia bukatutakoan publizitateko euskarriak kentzeko beharkizuna betetzen ez duenean, eta behar den baimena izan gabe paratzen dituenean, Erriberriko Udalak berehala desmuntatu edo kenduko ditu, eta zeregin hori subsidiarioa izanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 98. artikuluan ezarritako ondorioei dagokienez, eta horretan agertzen diren ondorioak izanen ditu; bestalde, horrek ez du galaraziko dagozkion zigorrak ezartzea, araudi honetan eta indarra duen legedian ezarritakoarekin bat.

V. KAPITULUA

Istripuak

8. artikulua. Istripuak.

8.1. Erriberriko Udalak ez du inolaz ere erantzukizunik izanen eta ez da erantzule izanen erabiltzaileek, kirolariek, zuzendaritzako kideek, entrenatzaileek eta, oro har, partikularrek izaten dituzten istripuetan, instalazioak bakarka edo taldean erabili, kirola edo horri lotutako jarduerak egiteko.

8.2. Hori hala izanik ere, eta erabiltzaileak inskribatuta daudenean Erriberriko Udalak zuzenean edo zerbitzuaren esleipen-hartzailearen bidez antolatutako programa, ikastaro edo jardueretan, monitoreek, kirol animatzaileek edo irakasleek emandakoetan, dagokien istripu aseguruko polizaren ondorioak aplikatuko dira; poliza horrek, kontratatutako mugen eta bermeen barnean, inskribatuen kirol istripuetako arriskua estaliko du.

VI. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

9. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.

Hutsegitetzat joko dira testu honetan jasotako arauen ez-betetze guztiak. Horiek ez ezagutzeak ez du betetzetik salbuesten, eta ez da inguruabar aringarritzat joko aurreikusitako zehapenak aplikatzerakoan.

Araudi hau ez betetzeagatik egindako hutsegitearen larritasunaren arabera, eta ekintzak edo ez-egiteak indarra duen legediaren araberako arau-hauste administratiboak, hutsegiteak edo delituak izan daitezkeela alde batera utzi gabe, Erriberriko Udalak aldebiko espedientea irekiko du eta ahalmena izanen du ebazpen hauetako edozein emateko:

1. Aldi baterako etenaldia eta, hala behar denean, baimenak, lagapenak, erreserbak etab. deuseztatzea, halako kontzeptuengatik ordaindutako kopuruak itzultzeko eskubiderik gabe.

2. Sinatutako erabilera kontratuetan aurreikusten diren zehapenak gauzatzea, klausuletan ezarritakoa ez betetzeagatik.

VII. KAPITULUA

Tasak edo prezio publikoak

10. artikulua. Tasak edo prezio publikoak.

Kirol instalazioak erabiltzeagatik ezarri behar diren tasak edo prezio publikoak Erriberriko Udalak une bakoitzean onesten dituenak izanen dira, eta ordenantza honen eranskin gisa argitaratuko dira.

VIII. KAPITULUA

Indarraldia

11. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. eta 70. artikuluetan aurreikusitako epeak bukatzen direnean.”

Iragarkiaren kodea: L1302907