Iragarkia
56. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CORELLA
Aldaketa puntuala Udal Planean. Behin betiko onespena
Sustapeneko kontseilariak, urtarrilaren 17ko 311/2013 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zuen Corellako Udal Planean aldaketa egiteko espedientea. Lurzoru urbanizaezinaren hirigintzako araudi partikularraren 26, 27 eta 28. artikuluei dagokie, Trafor Reciclaje, S.L.k sustaturik. Xedea da eraikuntza eta eraispenen ondoriozko hondakin arrisku gabeen kudeaketa sartzea.
Espedientea onetsirik, aldatutako artikuluak ondotik ematen den bezala gelditu dira:
26. artikulua. Nekazaritza-produktibitate handiko lurzorua.
26.1. Definizioa.
Lurzoru horretan nekazaritzako kalitate handia duten lurrak sartzen dira, hori frogatzen duten ureztaketako ustiategiek hala agertuta.
26.2. Babes araubidea.
Eremu horien hedadurari eta kalitateari eusteko helburuarekin arautu dira erabilerak eta jarduerak.
a) Hauek onartuko dira:
1. Mintegiak eta berotegiak.
2. Baratzezaintzarako eraikin eta instalazioak.
3. Eraikuntzaz kanpoko jarduerak, artikulu honen b atalean agertzen ez direnak.
b) Hauek baimentzen ahalko dira:
1. Pista eta bide berriak egitea.
2. Meatzaritza.
3. Legar eta hareak ateratzea.
4. Harrobiak.
5. Landaretza erretzea.
6. Nekazaritzako eraikin eta instalazioak.
7. Azpiegiturak.
8. Lurzoru andeatuko eraikuntzako hondakinak birziklatzeko planta.
c) Hauek debeku dira:
Artikulu honen a eta b ataletan agertzen ez diren eraikuntzako jarduerak.
26.3. Lurzati berrantolamenduko prozesuaren eraginpean dauden lurzoruak (ikus eranskina).
Nekazaritzako produktibitate handiko lurzoru gisa kategorizatuta dauden lurzoruak, udalerrian tramitatzen eta egiten ari den lurzati berrantolamenduko prozesuan integratuta daudenak, honako babes araubide honen mendean egonen dira:
a) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak:
Pista eta bide berriak irekitzeko eta landaretza erretzeko baimena ematen ahalko da, baita legarrak eta hareak erauzteko eta lurzoruaren ezaugarri edafikoekin nahiz lurzoruan egin beharreko berrantolamenduko jarduketekin bateragarriak diren lur-mugimenduak egiteko ere.
b) Eraikuntzako jarduerak:
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak interes publikoko azpiegiturak (horien artean berrantolamendu prozesuko azpiegiturak) nahiz behin-behineko obra eta instalazioak baimentzen ahalko ditu. Azken horiek interesdunak eraitsi edo eraldatu beharko ditu beharrezkoa denean, lurzati berrantolamendua egiteko.
Behin-behineko obra edo instalazioei baimena emateko, sustatzaileak fidantza bat edo beste berme bideren bat aurkeztu beharko du, burutzeko proiektuan ageri den obra kostuaren %20koa.
Eraikuntzako gainerako jarduera guziak debekatuta daude.
Lehendik dauden eraikinak, planeamenduak antolamendutik kanpokotzat jotzen ez baditu, zaharberritzen ahalko dira, azalera handitu gabe, aurretiaz beraietan egiten ziren erabileretarako.
26.4. Produktibitate handiko lurzoruetako eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak.
Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak araudi honi lotuko zaizkio:
I. Nekazaritzako produktibitate handikoen kategorian sarturik dauden edo sar daitezkeen lurzoruetan jarduera suerte hori baimentzeko proposamena ez dago onarturik 84/1990 Foru Dekretuan; beraz, ez dira orokorrean baimendu behar. Hala ere, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak behin-behineko onespenerako planeamenduari buruz 201eko otsailaren 23ko datarekin luzatu txostenera jota, salbuespen hau bildu dugu:
Produktibititate handiko sailkapena duten lurzoruetan, birziklatzeko plantak baimenduko dira kasu zehatzetan bada, betiere lurzoru andeatu eta berreskura litezkeenetan, eta horiek lehengoratu behar badira, 84/1990 Foru Dekretuaren 7. artikuluaren 2. atalean jasotzen den bezala, haren bidez arautu baita 2010eko otsailaren 23ko behin-behineko onespena.
Udalak, berriz, begiratu beharko du Nafarroako industrialde eta industria jardueretan lurzoru andeatuak lehengoratzeko planak betetzen direla, eta txostenak honela jasotzen du, berariaz onesten baitu zer lurzatitan egin daitezkeen betelanak eraikuntzako produktu birziklatuak erabiliz; gisa horretako jarduera ezartzeko eskabide bakoitzerako txosten bat eginen da, eskabidearen xedeko lurzatia zein den espresuki agerturik, baimentzen den salbuespenarekin.
II. Jarduera hau baimentzeko kontuan hartu beharko dira 84/1990 Foru Dekretuaren III. kapituluko 2. atalean ezarritako gainerako baldintzak, lurzatien luze-zabalez, eraikuntzaz, mugetarainoko distantziaz, sarbideez, arboladiaz eta abarrez den bezainbatean (8. artikulua eta hurrengoak).
III. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko planten instalazioa egungo legar hobiei loturik egonen da, izanik horiek ustiapenean edo jadanik ustiatuak eta lehengoratu gabeak.
IV. Plantaren bizi erabilgarria, hasiera batean hamar urte izanen da, baina luzapenak onartzen ahalko dira bortz urteko aldietarako.
V. Nahitaezkoa izanen da sarbidea zolatzea eta heskaia paratzea plantaren inguruan.
27. artikulua. Produktibitate ertaineko lurzorua.
27.1. Definizioa.
Produktibitate ertaineko lurzorua nekazaritzako kalitate ertaineko lurrek osatzen dute. Zurezkoen laborantza eta lehorreko belarkiena agertzen dira horietan.
27.2. Babes araubidea.
Lurzoru mota honi dagozkion landa erabilerei eusteko helburuarekin ezarri dira erabilerak eta jarduerak.
a) Hauek onartuko dira:
1. Baratzezaintzarako eraikin eta instalazioak.
2. Mintegiak eta berotegiak.
3. Etxeko ukuiluak.
4. Nekazaritzako instalazioak.
5. Eraikuntzaz kanpoko jarduerak, artikulu honen b atalean agertzen ez direnak.
b) Hauek baimentzen ahalko dira:
1. Meatzaritza.
2. Legar eta hareak ateratzea.
3. Harrobiak.
4. Pista eta bide berriak egitea.
5. Landaretza erretzea.
6. Nekazaritzako biltegiak.
7. Herri lanak gauzatzeko, haiek mantentzeko edo haien zerbitzurako behar diren eraikin eta instalazioak.
8. Azpiegiturak.
9. Lurzoru urbanizaezinean egin beharreko industria jarduerak.
10. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak.
c) Hauek debeku dira:
Artikulu honen a eta b ataletan agertzen ez diren eraikuntzako jarduerak.
27.3. Lurzati berrantolamenduko prozesuaren eraginpean dauden lurzoruak (ikus eranskina).
Nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru gisa kategorizatuta dauden lurzoruak, udalerrian tramitatzen eta egiten ari den lurzati berrantolamenduko prozesuan integratuta daudenak, honako babes araubide honen mendean egonen dira:
a) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak:
Pista eta bide berriak irekitzeko eta landaretza erretzeko baimena ematen ahalko da, baita legarrak eta hareak erauzteko eta lurzoruaren ezaugarri edafikoekin nahiz lurzoruan egin beharreko berrantolamenduko jarduketekin bateragarriak diren lur-mugimenduak egiteko ere.
b) Eraikuntzako jarduerak:
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak interes publikoko azpiegiturak (horien artean berrantolamendu prozesuko azpiegiturak) nahiz behin-behineko obra eta instalazioak baimentzen ahalko ditu. Azken horiek interesdunak eraitsi edo eraldatu beharko ditu beharrezkoa denean, lurzati berrantolamendua egiteko.
Behin-behineko obra edo instalazioei baimena emateko, sustatzaileak fidantza bat edo beste berme bideren bat aurkeztu beharko du, burutzeko proiektuan ageri den obra kostuaren %20koa.
Eraikuntzako gainerako jarduera guziak debekatuta daude.
Lehendik dauden eraikinak, planeamenduak antolamendutik kanpokotzat jotzen ez baditu, zaharberritzen ahalko dira, azalera handitu gabe, aurretiaz beraietan egiten ziren erabileretarako.
27.4. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak.
Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak araudi honi lotuko zaizkio:
I. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko planten instalazioa egungo legar hobiei loturik egonen da, izanik horiek ustiapenean edo jadanik ustiatuak eta lehengoratu gabeak.
II. Plantaren bizi erabilgarria, hasiera batean hamar urte izanen da, baina luzapenak onartzen ahalko dira bortz urteko aldietarako.
III. Nahitaezkoa izanen da sarbidea zolatzea eta heskaia paratzea plantaren inguruan.
28. artikulua. Lurzoru generikoa.
28.1. Definizioa.
Kategoria honetan sartzen dira gainerako kategorietan sartzen ez diren lurzoruak. Corellan, produktibitate txikiko nekazaritzako erabilerako lurzoruak sartzen dira. %15etik beherako malda duten lurzoruak dira, eta herriguneetatik nahiz komunikazio-bideetatik hurbil daude. Nekazaritzakoak edo oihangintzakoak ez diren erabileretarako lurzoru eskaria egotea espero izaten ahal den lekuetan dira.
Lurzoru generikoaren barnean, hiru instalazio mota sartzen dira; haien kokapen zehatza lurzoru urbanizaezineko kategorizazio planoetan agertzen da:
1. Lehendik dauden industria instalazioak.
2. Turismo kanpalekuak.
3. Abeltzaintzako poligonoa.
28.2. Babes araubidea.
Lurzoru mota horretarako berezko erabilerak eta jarduerak ezarriko dira, lurzoru mota horren berezko landa erabilerei eusteko eta azalera horietan garatzen den jardueraren edo inguruneari lotuta egotearen eraginez lurzoru horretan garatu behar direnak ezartzeko. Lurzoru mota horren erabilera onartuak eta baimengarriak “Erabilera bereziak” sailkapenean sartzen dira.
a) Hauek onartuko dira:
1. Mintegiak eta berotegiak.
2. Baratzezaintzarako instalazio osagarriak.
3. Etxeko ukuiluak.
4. Erlezaintzako instalazioak.
5. Eraikuntzaz kanpoko jarduerak, artikulu honen b atalean agertzen ez direnak.
b) Baimentzen ahalko dira:
1. Nekazaritzako biltegiak.
2. Herri lanak gauzatzeko, haiek mantentzeko edo haien zerbitzurako behar diren eraikin eta instalazioak.
3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako eraldaketa industriak.
4. Artisautza lantegiak.
5. Erauzketa industriak.
6. Energia hidroelektrikoa sortzeko jarduerak.
7. Eraikuntzarako lur egosia ekoiztea.
8. Karearen eta igeltsuaren fabrikazioa.
9. Hargintza.
10. Substantzia lehergarriak ekoiztu edo manipulatzeko jarduerak.
11. Ibilgailuak desegiteko tokia eta hilerria.
12. 60.000 m²-tik gorako lurzatia behar duten lehenengo ezarpenean 12.000 m²-ko azalera eraikitzeko duten industriak.
13. Aparkalekuak.
14 Gasolindegiak eta errepideko zerbitzuak.
15. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak.
c) Hauek debeku dira:
Eraikuntzazko gainerako jarduerak.
28.3 Lurzoru urbanizaezinean dauden industria-instalazio eta -eraikinak.
Lurzoru urbanizaezinean dauden industria-instalazio eta -eraikinak 84/1990 Foru Dekretuan edo hori ordezten duen araudian agertzen diren zehaztapenek arautuko dituzte.
28.4. Turismo kanpalekuak.
Lurzoru generikoaren barnean turismo kanpaleku bat paratzeko lurrak aipatzen dira, Rincón del Suelorako errepidearen ondoan, La Estanquillatik hurbil. Haren ezaugarriak Turismo kanpalekuak arautzen dituen martxoaren 27ko 76/1995 Foru Dekretuan xedatzen denarekin bat etorriko dira.
Corellarako, bereziki, determinazio hauek ezarri dira:
–Kanpalekuaren gehieneko azalera: 16.500 m².
–Ez da eraikuntzarik zutitzen ahalko La Estanquillako ohantzetik 50 m baino gutiagora.
–Egungo arboladiari kontuko zaio.
–Debeku da hirigintzako lurzatiketa egitea kanpalekuko lurretan, banaezinak izanen dira.
–Kanpatzeko eremuak ez du hartuko kanpalekuaren %75 baino gehiago.
–Arbolak landatzeko izanen da, gutienez ere, azaleraren %15.
–Arbola lerro bikoitza izanen da kanpalekuak Rincón de Sotoko errepidera jotzen duen aitzinaldean.
–Kanpalekuaren kanpoaldean aparkaleku bat sortuko da, gutienez ere 10 autorendako lekua izanen duena.
–Eraikinak bat etorriko dira inguruko arkitekturaren ezaugarria tipologiko eta eraikuntzakoekin.
–Turismo kanpalekuko perimetro guztia hesitu beharko da. Debeku dira itxiturak alanbre arantzadunez egitea. Itxitura ez da opakua izaten ahalko 1,20 m garaitik goiti.
–Eraikigarritasuna: 0,12 m²/m².
–Eraikuntzen gehieneko garaiera: BS + 1+ teilatupea.
–Gutieneko tartea eraikuntzetatik mugetara: 6 m.
–Onartzen da eremu bat mugatzea kanpalekuaren barnean, bungalowak edo movil homeak paratzeko 76/95 Foru Dekretuan finkaturiko baldintzetan. Eremu horrek ez du hartuko kanpalekuaren %20 baino gehiago.
–Debeku dira anitzendako geletan ostatatzeko instalazioak.
–Turismo kanpalekua ezartzeko prozedura 76/95 Foru Dekretuaren 13.etik 18.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da.
28.5. Abeltzaintzako poligonoa.
a) Arau orokorrak:
–Lurzoru generikoaren barnean adierazten dira Pinseque aldean poligono bat paratzeko lurrak.
–Abeltzaintzako poligonoaren xedea eta helburua ekoizpenerako azienda edukitzea eta haztea baizik ez da izanen, ahal dela modu intentsiboan, hau da, lurrari loturik egon gabe.
–Abeltzaintzako poligonoa garatzeko, Plan berezia tramitatu beharko da, 10/94 Foru Legearen 117. artikuluan ezarri bezala. Plan Bereziak poligonoaren antolamendua definituko du, erabilera desberdinak kokatuko, egungo bide sarearekiko komunikazio sistema ezarriko eta horrek funtzionatzeko behar diren azpiegiturak eskema mailan garatuko. Halaber, fase desberdinak ezartzen ahalko ditu poligonoaren barnean, urratsez urrats horiek garatzeko.
–Hura edo haren faseetariko bat gauzatzeko, urbanizazio lanak eraikuntza lanen aitzinetik egin beharko dira, edo haiekin batera.
b) Eraikinak:
–Abeltzaintzako poligonoaren barnean onartzen da eraikin hauek zutitzea, ondotik ematen diren baldintzekin:
1. Ardi aziendendako eskortak edo artegiak.
a) Erabilera: aziendak aterpetzea edo erdi ukuiluratzea modu erdi estentsiboan.
b) Gutieneko azalera eraikigarria: metro karratu 1, ardi azienda bakoitzeko.
c) Lotura lurzatian: patioko 1,5 metro karratuko lotura, artegiko azienda buru bakoitzeko.
d) Eraikuntzako materialak: adobea, adreilu hutsa, harria eta hormigoizko blokea.
e) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: solairu bat eta/edo 3,50 metro.
f) Estalkia: isurialde bat edo bikoa, teila kurbatuz edo zuntz-zementuz egina, eta kasu batean nahiz bertzean kolorea izanik gorrixka, lurkara edo zuria.
g) Bertzelako baldintzak, osasungarritasunari eta higieneari dagokionez:
–Ukuiluko kanpo murruak zarpiatuak egon beharko dira, haien eraikuntzako gaia L/bikoitza edo hutsa delarik.
–Artegiak zuzeneko aireberritzea izan beharko du.
–Segurtatu beharko da instalazioak behar bezala desinfektatu eta intsektuz eta arratoiz garbitu direla.
h) Artegiaren Instalazio osagarriak: Honako hauek bereizten eta baimentzen dira:
–Zaragarraren aurkako bainuontzia, ustiategiaren tamainaren araberako luze-zabalak dituena.
–Artzaina ostatatzeko eta babesteko etxola, gutienez ere aziendaren aterpetik 10 metrora. 28.1 artikuluan ezarritako baldintzak beteko ditu.
–Bazka biltegia ukuiluratze aroetarako (umatze, bazka urritze edo gisako garaiak): artegiari edo eskortari erantsirik egon beharko du, eta haren ezaugarri arkitektoniko eta eraikuntzako berak izan; zenbat ardi eta ahuntz buru hazten dituen, horren araberako luze-zabalak izanen ditu, gehienez ere erlazio hau izanik: 0,1 metro karratu ustiategiko ardi eta ahuntz buru bakoitzeko.
i) Gutxieneko distantziak ustiategietatik:
–100 metro, espezie bereko aziendaren artegietatik.
–25 metro, udal mugapea zeharkatzen duten errepideetatik.
–50 metro, ur ibilguetatik.
1. Esnetarako edo haragitarako behi azienden ukuiluak :
a) Erabilera: esnetarako edo haragitarako behi aziendak aterpetzea eta erdi ukuiluratzea, erdi ukuiluratze sisteman hazten direlarik.
b) Gutieneko azalera eraikigarria: 5 metro karratu esnetarako edo haragitarako behi buru bakoitzeko.
c) Lotura lurzatian: 312 metro karratu eraiki gabe, aziendak bazkatzeko edo larratzeko direnak, esnetarako edo haragitarako behi buru bakoitzeko, ukuilua dagoen lurzati berean eta ustiategi berarenak diren ingurukoetan kontatzekoak, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan.
d) Lotura gainerako lurzatiekin: 625 metro karratu eraiki gabe, aziendak bazkatzeko edo larratzeko direnak, esnetarako edo haragitarako behi buru bakoitzeko, ustiategiak erabiltzen dituen lurzatien multzoan kontatzekoak, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan. Azalera horretan sartzen da kokalekuaren lurzatian edo harekin muga egiten dutenetan kontatu dena.
e) Eraikuntzako materialak: adobea, adreilu trinko edo hutsa, harria, hormigoizko blokea.
f) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: solairu bat eta/edo 3,50 metro.
g) Estalkia: isurialde bat edo bikoa, teila kurbatuz edo zuntz-zementuz egina, eta kasu batean nahiz bertzean kolorea izanik gorria, okrea edo zuria.
h) Eraikuntzaren zerbitzuko azpiegiturak: debeku da azpiegiturako edozein saretara lotzea, ura eta argindarra hornitzekoekin salbu; sareak edo lotzeko lineak lurpetik joan beharko du. Aldiz, onartzen dira energia sorgailu autonomoak ezartzea, baliabide energetiko berriztagarriak aprobetxatzen dituztenak (eguzkia, haizea edo biogasa), eta minda eta simaurra bildu eta tratatzeko muntadurak, kapitulu honen beraren XIV. atalean zehazten diren baldintzetan.
i) Bertzelako baldintzak, osasungarritasunari eta higieneari dagokionez:
–Ukuiluko zorua iragazgaitza izanen da.
–Ukuiluko kanpo murruak zarpiatuak egon beharko dira, haien eraikuntzako gaia adreilua edo blokea delarik.
–Eraikinak zuzeneko aireztapena izanen du.
–Segurtatu beharko da instalazioak behar bezala desinfektatu eta intsektuz eta arratoiz garbitu direla.
j) Ukuiluaren instalazio osagarriak: honako hauek bereizten eta baimentzen dira:
–Jetzitegia eta esnea hozkailuan kontserbatzeko tokia: azienda aterpetzeko ukuiluaren edo haren eranskinaren eraikuntza multzo berean bat egina, ezaugarri arkitektoniko eta eraikuntzako berekin; haren gehieneko luze-zabal eraikiak dira metro karratu 1, esnetarako edo haragitarako behi buru bakoitzeko.
–Ahotz, bazka eta pentsu biltegia, erdi ukuiluratze aroetarako: behin aziendak ukuiluratu eta jezteko erabiltzen den eraikinaren ezaugarri arkitektoniko eta eraikuntzako berak izanen ditu; eraikuntza multzo berean, hari erantsirik edo berezirik egon daiteke, nahiz eta, azken kasu horretan, haren lurzati berean egon beharko duen. Haren gehieneko lurze-zabalak izanen dira 1,5 m² esnetarako behi buru bakoitzeko eta 1,1 m² haragitarako behi buru bakoitzeko.
–Simaurtegia: aginduzkoa eta nahitaezkoa da esnetarako edo haragitarako behi azienda erdi ukuiluratuen ustiategi guztietan. Honako ezaugarri hauek izanen ditu:
I. Irazgaizte osoa.
II. Azienda bi hilabetez ukuiluraturik sortzen diren hondakinak biltegiratzeko ahalmen aski izan beharko du. Simaurtegiak, gutienez ere, 2,00 metro kubikoko edukiera izanen du haragitarako behi buru bakoitzeko, eta 3,00 metro kubikokoa, esnetarako behi buru bakoitzeko.
III. Biltegi guztia estaltzea.
Ukuiluko hondakin urak eta ur zikinak biltzeko zirkuitu itxia, simaurtegiarekin, digestorearekin edo, aldiz, horiek arazteko sistema egokiarekin lotua; galarazi beharko da, betiere debeku baita, horiek estolderia sarera, ur ibilgu naturaletara (ugaldeak, erreka zuloak, uharrak edo gisakoak) edo ureztapen sarera (erretenak edo isurbideak) isurtzea.
Metano bidezko digestore aldikakoa: haren luze-zabalak (upel kopurua, upelen edukiera) ustiategian sortzen diren gorotzen tamainari eta, beraz, kopuruari egokituko zaizkio. Haren ezarpenaren xedea izanen da ustiategia bera energiaz hornitzea.
k) Gutieneko distantziak ustiategietatik:
–100 m, bertze ukuiluetara.
–50 m, ur ibilguetara.
–25 m udalerria zeharkatzen duten errepideetara.
3. Hazteko, haragitarako edo lehiaketetarako zaldien ukuiluak:
a) Erabilerak: hazteko eta/edo haragitarako zaldi aziendak aterpetzea eta erdi ukuiluratzea.
b) Gutieneko azalera eraikigarria: 6 metro karratu zaldi azienda bakoitzeko.
c) Lotura lurzatian: 312 metro karratu eraiki gabe, aziendak bazkatzeko edo larratzeko, edo ariketak egiteko patiotako direnak, zaldi buru bakoitzeko, ukuilua dagoen lurzati berean eta ustiategi berarenak diren ingurukoetan kontatzekoak, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan.
d) Lotura gainerako lurzatiekin: 625 metro karratu eraiki gabe, aziendak bazkatzeko edo larratzeko direnak, haragitarako zaldi buru bakoitzeko, ustiategiak erabiltzen dituen lurzatien multzoan kontatzekoak, bai lehorreko lurretan bai ureztalurretan. Gainerako zaldi aziendarendako, hazteko edo lehiaketetarako baita, ez da loturarik ezartzen gainerako lurzatiekin.
e) Eraikuntzako materialak: adobea, adreilu trinko edo hutsa, harria, hormigoizko gangatila.
f) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino. Solairu bat eta/edo 3,50 metro.
g) Estalkia: isurialde bat edo bikoa, teila kurbatuz edo zuntz-zementuz egina, eta kasu batean nahiz bertzean kolorea izanik gorrixka, okrea edo zuria.
h) Eraikuntzaren zerbitzuko azpiegiturak: debeku da azpiegiturako edozein saretara lotzea, ura eta argindarra hornitzekoekin salbu; sareak edo lotzeko lineak lurpetik joan beharko du. Aldiz, onartzen dira energia sorgailu autonomoak ezartzea, baliabide energetiko berriztagarriak aprobetxatzen dituztenak (eguzkia, haizea edo biogasa), eta minda eta simaurra bildu eta tratatzeko muntadurak, kapitulu honen beraren 11. atalean zehazten diren baldintzetan.
i) Bertzelako baldintzak, osasungarritasunari eta higieneari dagokionez:
–Ukuiluko zorua iragazgaitza izanen da.
–Ukuiluko kanpo murruak zarpiatuak egon beharko dira, haien eraikuntzako gaia adreilua edo blokea delarik.
–Eraikinak zuzeneko aireztapena izanen du.
–Segurtatu beharko da instalazioak behar bezala desinfektatu eta intsektuz eta arratoiz garbitu direla.
j) Ukuiluaren Instalazio osagarriak: Honako hauek bereizten eta baimentzen dira:
–Ahotz, bazka eta pentsu biltegia, erdi ukuiluratze aroetarako: ukuilutako eraikinetik bereizita badago, haren ezaugarri arkitektoniko eta eraikuntza berak izan beharko ditu. Haren gehieneko luze-zabalak izanen dira 3 metro karratu, hazteko (lehiaketetarako) zaldi buru bakoitzeko, eta 1,5 metro karratu, haragitarako zaldi buru bakoitzeko.
–Simaurtegia: aginduzkoa eta nahitaezkoa da zaldi aziendaren ustiategi guztietan, salbu eta minda eta simaurra digestore bidez arazteko sistema badago, ustiategiak sorrarazten dituen hondakin guztiak biltzen dituena. Simaurtegiak baldintza hauek bete beharko ditu:
I. Irazgaizte osoa.
II. Azienda bi hilabetez ukuiluraturik sortzen diren hondakinak biltegiratzeko ahalmen aski izan beharko du. Gutienez ere, simaurtegiak 3,00 metro kubikoko edukiera izan beharko du, zaldi azienda bakoitzeko.
III. Biltegi guztia estaltzea.
Metano bidezko digestorea: haren luze-zabalak ustiategian sortzen diren gorotzen tamainari eta, beraz, kopuruari egokituko zaizkio.
Ukuiluko hondakin urak eta ur zikinak biltzeko zirkuitu itxia, simaurtegiarekin, digestorearekin edo, aldiz, horiek arazteko sistema egokiarekin lotua; galarazi beharko da, betiere debeku baita, horiek estolderia sarera, ur ibilgu naturaletara (ugaldeak, erreka zuloak, uharrak edo gisakoak) edo ureztapen sarera (erretenak edo isurbideak) isurtzea.
k) Gutieneko distantziak ustiategietatik:
–100 m, bertze ukuiluetara.
–50 m, ur ibilguetara.
–25 m, udalerria zeharkatzen duten errepideetara.
4. Erlezaintzarako erlauntzak.
a) Erabilerak: erlekumeak aterpetzea, polena eta eztia ekoiztea.
b) Lotura: ez da finkatu, baina eztitarako aprobetxatu nahi den landaretzaren araberako erlauntz kopurua ezarriko da.
c) Eraikuntzako materialak: erlauntz laukigabeak badira, baimentzen ahalko da erlauntzak aterpetu eta hazteko fabrikako obrazko eraikuntza egokiak zutitzea, horretarako adobea, edo adreilu hutsa edo harria erabiliz.
d) Azpiegiturak: ez dira onartzen.
e) Erlauntzen instalazio osagarriak:
–Itxiturak: aginduzkoak eta nahitaezkoak dira; erlauntzen eremuaren perimetroa itxiko dute eta sarbidea galaraziko gutienez ere haietatik 10 metrora.
–Publizitate kartelak: aginduzkoak eta nahitaezkoak dira; erlauntzak hurbil daudela eta arriskua dagoela adierazi beharko diete ibiltariei eta aziendei.
f) Gutieneko distantziak erlauntzetatik:
–1.000 metro, etxebizitza isolatuetara.
–750 m, etxekoak ez diren erlauntzetara (4 erlauntza baino gehiago).
–200 metro, etxeko erlauntzetara 4 erlauntza bitarte).
–200 metro, abeltzaintzako bertze instalazioetara:
–100 metro, errepide eta abelbideetara (altxonbideak).
–25 metro, bide publikoetara.
5. Zerri ustiategiak:
a) Erabilerak: zerri aziendak aterpetu, ugaldu eta/edo haztea.
b) Gutieneko azalera eraikigarria: metro karratu 1 gizentzeko zerrikume bakoitzeko, eta 1,35 metro karratu umetarako zerrama bakoitzeko.
c) Eraikuntzako materialak: adreilu huts edo trinkoa, hormigoizko blokea.
d) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: solairu bat eta/edo 3,50 metro.
e) Estalkia: isurialde bat edo bikoa, teila kurbatuz edo zuntz-zementuz egina, eta kasu batean nahiz bertzean kolorea izanik gorrixka, okrea edo zuria.
f) Eraikuntzaren zerbitzuko azpiegiturak: debeku da azpiegiturako edozein saretara lotzea, ura eta argindarra hornitzekoekin salbu; sareak edo lotzeko lineak lurpetik joan beharko du. Aldiz, onartzen dira energia sorgailu autonomoak ezartzea, baliabide energetiko berriztagarriak aprobetxatzen dituztenak (eguzkia, haizea edo biogasa), eta minda eta simaurra bildu eta tratatzeko muntadurak, kapitulu honen beraren 1. atalean zehazten diren baldintzetan.
g) Bertzelako baldintzak, osasungarritasunari eta higieneari dagokionez:
–Ukuiluko zorua iragazgaitza izanen da.
–Zerritegiko kanpo murruak zarpiatuak eta margotuak izan beharko dira.
–Eraikinak zuzeneko aireztapena izanen du.
–Segurtatu beharko da instalazioak behar bezala desinfektatu eta intsektuz eta arratoiz garbitu direla.
–Murruak eta/edo estalkiak behar bezala isolatuko dira; edozein material erabiltzen ahalko da horretarako.
h) Zerritegiaren instalazio osagarriak: honako hauek bereizten eta baimentzen dira:
–Ahotz eta pentsu biltegia, zerriak hazteko nahiz gizentzeko erabiltzen den eraikinaren ezaugarri arkitektoniko eta eraikuntzako berak izanen ditu; eraikuntza multzo berean, hari erantsirik edo berezirik egon daiteke. Haren luze-zabalak izanen dira, gehienez, 0,1 metro karratu gizentzeko zerrikume bakoitzeko, eta 0,25 metro karratu umetarako zerrama bakoitzeko.
–Minda eta simaur biltegia: nahitaez paratu behar da zerria hazteko edo gizentzeko ustiategi guztietan. Honako ezaugarri hauek izanen ditu:
I. Irazgaizte osoa.
II. Ustiategiak bi hilabeteko jardunean sorrarazitako hondakinak biltzeko bezainbat ahalmen izan beharko du. Gutienez ere, biltegiak 0,30 metro kubikoko edukiera izan beharko du, umetarako zerri bakoitzeko.
III. Biltegiak guztiz estalirik egon beharko du gau eta egun.
Zerritegiko hondakin urak eta ur zikinak biltzeko zirkuitu itxia, simaurraren eta mindaren biltegiarekin, metano bidezko digestore aldikakoarekin edo, aldiz, horiek arazteko sistema egokiarekin lotua; galarazi beharko da, betiere debeku baita, horiek estolderia sarera, ur ibilgu naturaletara (ugaldeak, erreka zuloak, uharrak edo gisakoak) edo ureztapen sarera (erretenak edo isurbideak) isurtzea.
Metano bidezko digestore aldikakoa: haren luze-zabalak (upel kopurua eta upelen edukiera) eta kokalekua ustiategian sortzen diren gorotzen tamainari eta, beraz, kopuruari egokituko zaizkio. Haren ezarpenaren xedea izanen da ustiategia bera energiaz hornitzea.
i) Gutieneko distantziak zerritegietatik: Honako hauek ezarri dira:
–1.000 m, azienda mota bera ustiatzeko bertze edozein muntaduraren murruetara.
–50 m, ur ibilguetara.
–25 m, udalerria zeharkatzen duten errepideetara.
6. Etxeko eskortak:
a) Erabilerak: eskortako animaliak haztea, familiaren autokontsumorako.
b) Instalazioaren gehieneko luze-zabalak: eskortan ez da inoiz ere azienda buru kopuru hau gaindituko aldi berean:
–2 behi edo zaldi.
–Umetarako edo hazteko 2 zerrama.
–Gizentzeko 3 zerri.
–5 ardi edo ahuntz.
–10 untxi eme, ugalketarako.
–20 hegazti.
c) Gehieneko azalera eraikigarria: 18 metro karratu.
d) Lotura lurzatian: lurzati osoa dago lotuta. Lurzati berean debeku da bertze edozein eraikuntza, non ez den nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategiaren zerbitzuko familiaren etxebizitza isolatua edo energiaren aprobetxamendu hidraulikorako obrak.
e) Eraikuntzako materialak: adobea, adreilua, harria eta hormigoizko blokea.
f) Gehieneko garaiera, erlaitzeraino: 2,60 metro.
g) Estalkia: isurialde bat edo bikoa, teila kurbatuz edo zuntz-zementuz egina, eta kolorea, gorria, okrea edo zuria.
h) Eraikuntzaren zerbitzuko azpiegiturak: debeku dira azpiegitura suerte guztiak.
i) Etxeko eskortaren instalazio osagarriak: honako hauek:
–Minda eta simaur biltegia, ezaugarri hauek dituena:
- Irazgaizte osoa.
- Hondakin orokorrak biltegiratzeko bezainbateko ahalmena.
- Estaldura osoa eta gau eta egunekoa.
- Biltegia bakarrik izanen da nahitaezkoa ugaltzeko 2 zerrama, gizentzeko 3 zerri eta/edo 2 behi aldi berean daudenean.
7. Familia bakarreko etxebizitza isolatua, abeltzaintzako ustiategiaren zerbitzurako.
a) Erabilerak: familia bakarreko etxebizitza gau eta egun erabiltzen dena abeltzaintzako jarduera zaindu, begiratu eta hari zerbitzu egiteko.
Lotura hori dokumentu bidez justifikatu beharko da.
b) Gutieneko lurzatia: 20.000 metro karratu.
c) Oinplanoko gehieneko azalera eraikigarria: 150 metro karratu. Eta lurzatiaren %1,5.
d) Gutieneko azalera eraikigarria: ez da zehazten, nahiz eta betiere bermatu behar diren bizigarritasunerako gutienekoak.
e) Lotura abeltzaintzako ustiategiarekin: etxebizitza zer lurzatitan dagoen, hantxe edo haren inguruko lurzatietan izan beharko du aterpe, gutienez, ustiategiko katastroan erregistraturiko azienden %75ek.
f) Eraikuntzako materialak: adobea, adreilua, harria eta hormigoizko blokea.
g) Estalkiak: isurialde batekoa, bikoa edo laukoa, teila kurbatuz gorriz edo okrez egina. Debeku dira estalki lauak.
h) Eraikuntzaren zerbitzuko azpiegiturak: etxebizitzen sarbidetako bide zoladunak kenduta, baimentzen dira bizigarritasun baldintzak segurtatzen dituzten azpiegitura guztiak; azpiegitura orokorreko sareetarako loturak (argia, telefonoa, ur hornidura eta saneamendua) lurpetik egin beharko dira; debeku dira aireko lineak. Nolanahi ere, onartzen da energia sorgailu autonomoak ezartzea, baliabide energetiko berriztagarriak aprobetxatzen dituztenak (eguzkia, haizea edo biogasa), baita geruza freatikotik zuzenean ura hartzea hornidurarako, betiere segurtatzen bada ura edangarri bilakatze zuzen eta sanitarioa ere, eta orobat onartzen, azkenik, hondakin uren araztegi autonomoak (iragazki biologikoak, dekantazio putzuak, edafoarazteko eta/edo hidroarazteko eremuak, lurrintze putzuak edo gisakoak).
28.6. Lurzati berrantolamenduko prozesuaren eraginpean dauden lurzoruak (ikus eranskina).
Lurzoru generiko gisa kategorizatuta dauden lurzoruak, udalerrian tramitatzen eta egiten ari den lurzati berrantolamenduko prozesuan integratuta daudenak, honako babes araubide honen mendean egonen dira:
a) Eraikuntzaz kanpoko jarduerak:
Pista eta bide berriak irekitzeko eta landaretza erretzeko baimena ematen ahalko da, baita legarrak eta hareak erauzteko eta lurzoruaren ezaugarri edafikoekin nahiz lurzoruan egin beharreko berrantolamenduko jarduketekin bateragarriak diren lur-mugimenduak egiteko ere.
b) Eraikuntzako jarduerak:
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak interes publikoko azpiegiturak (horien artean berrantolamendu prozesuko azpiegiturak) nahiz behin-behineko obra eta instalazioak baimentzen ahalko ditu. Azken horiek interesdunak eraitsi edo eraldatu beharko ditu beharrezkoa denean, lurzati berrantolamendua egiteko.
Behin-behineko obra edo instalazioei baimena emateko, sustatzaileak fidantza bat edo beste berme bideren bat aurkeztu beharko du, burutzeko proiektuan ageri den obra kostuaren %20koa.
Eraikuntzako gainerako jarduera guziak debekatuta daude.
Lehendik dauden eraikinak, planeamenduak antolamendutik kanpokotzat jotzen ez baditu, zaharberritzen ahalko dira, azalera handitu gabe, aurretiaz beraietan egiten ziren erabileretarako.
28.7. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak birziklatzeko plantak:
Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko plantak araudi honi lotuko zaizkio:
IV. Eraikuntzako hondakinak birziklatzeko planten instalazioa egungo legar hobiei loturik egonen da, izanik horiek ustiapenean edo jadanik ustiatuak eta lehengoratu gabeak.
V. Plantaren bizi erabilgarria, hasiera batean hamar urte izanen da, baina luzapenak onartzen ahalko dira bortz urteko aldietarako.
VI. Nahitaezkoa izanen da sarbidea zolatzea eta heskaia paratzea plantaren inguruan.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
Corellan, 2013ko otsailaren 26an.–Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: L1303070
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
