1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
49E/2013 EBAZPENA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, “Ibirikuko (Eguesibar) mugapean gas naturala banatzeko instalazioen proiekturako”. Sustatzailea Gas Navarra, S. A. da, eta udal mugape horretan gauzatuko da.
2012ko irailaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako proposamenari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Proiektatutako jarduketak helburu du Ibirikuko herriari gas naturalaren horniketa egitea. Trazadura landa lurretik abiatuko da, Elkano-Sagaseta NA 2374 eta Egues-Ibiriku NA 2377 errepideen gurutze-bidearen ondotik. Paraleloa izanen da azken errepide horrekin, alorrak zeharkatuz Ibirikuko sarreraraino. Han, herri horretan dagoen sarearekin konektatuko da. Zangan sartuta proiektatu da gasa eramatea. Hodiaren sortzailearen gainetik metro bateko lurra egonen da gutxienez, eta 1,5 metro sakonago egonen da beste zerbitzuekin gurutzatzean. Lanek irauten duten bitartean, 8 metroko zabalerako korridore bat okupatuko da aldi baterako. Zanga sartuko da horretan, eta 3 metroko zabalerako bide zortasun iraunkorra izanen du. Han laboreak baimenduko dira. Lanak bukatuta eta indusketako lurrarekin zanga itxita, landare lurra lehengoratuko da, erabilera berreskuratzeko.
Proiektuak Ingurumen ukipenen azterlana badauka. Bertan, neurri zuzentzaileak eta natur ingurunea babestekoak ezartzen dira, eta aurreikusi da zerbitzuak lehengoratzea eta nekazaritzako erabilera berreskuratzea lurzoru urbanizaezinean. Proiektuaren integrazio orokor ona kontuan izanda, ingurumeneko balio gisa aintzat hartu behar dira produkzio lurzatietako mugei lotutako landareak, mantendu beharko liratekeenak.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
2013ko otsailaren 21ean Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, “Ibirikuko (Eguesibar) mugapean gas naturala banatzeko instalazioen proiekturako”. Sustatzailea Gas Navarra, S. A. da, eta udal mugape horretan gauzatuko da.
2. Baimena ondoko hau betetzearen baldintzapean egonen da:
Saiatuko da lurzatien eta bidearen arteko mugan dauden landareak ez ukitzen pilaketekin eta makineriaren joan-etorriarekin.
Lanak bukatuta, obra hondakinak eta hondeaketetako soberako lurrak baimena duen hondakindegi edo kudeatzaile batera eraman beharko dira, hondakinak zein diren, eta obrek hartutako lurrak proiektuan aurreikusitakoari jarraikiz lehengoratuko dira aureko erabilera izateko.
Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez (errepidea, bide publikoak, ibilguak...), enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen horren gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eguesibarko Udalari, Iruñeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2013ko otsailaren 25ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1303038