1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
25/2013 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ekainaren 1eko 89/2010 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu haren bidez irakaskuntzako hizkuntza ereduetako aldaketak arautu ziren.
Maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuak, euskara Nafarroako irakaskuntza ez-unibertsitarioan sartzea arautzen duenak, 7. artikuluko 7. puntuan agintzen du ikasketak euskaraz hasi edo euskara irakasgaitzat duten ikasleek hala jarraitu beharko dutela eskolaldi osoan, non ez diren aldaketak erregelamenduaren arabera baimentzen.
Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 1eko 89/2010 Foru Aginduak, irakaskuntzako hizkuntza ereduetako aldaketak arautzen dituenak, 159/1988 Foru Dekretua garatzen du, eta prozedura eta baldintzak ezartzen ditu hizkuntza ereduko aldaketak baimentzeko.
Eredu aldaketak kudeatu diren denboran, antzeman da kasu batzuk ez direla sartzen zergati orokorren barnean, eta, bestalde, ikusi da disfuntzio psikopedagogikoengatik egin beharreko aldaketak beste modu batean arautu behar direla, arinago eta diagnostikoari buruzko txostenekin bat.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Irakaskuntzako hizkuntza ereduetako aldaketak arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 1eko 89/2010 Foru Agindua aldatzea.
Bat. 7. atala erantsi zaio 2. artikuluari. Hona hemen:
“7. Hizkuntza eredua aldatzea eskatzen bada aurreko ataletan jaso ez diren arrazoiengatik, eta horietan salbuespenezko inguruabarrak gertatzen badira, behar bezala justifikatuak, Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura bidali beharko dira eskaerak, ematen den inprimakiaren arabera. Eskaerarekin batera, hura ebazteko behar den dokumentazioa aurkeztuko da. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak eskaera ebatziko du.
Bi. 4. artikuluko 5. atala aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
“5. Ikasleek disfuntzio psikopedagogikoak alegatzen badituzte, eskatu den hizkuntza eredu aldaketa onartuko da baldin lehenago diagnostiko klinikoko txosten fakultatiboa aurkezten bada, hori gomendatzen duena, edo, bestela, ikastetxeko orientatzailearen aldeko txostenaren bidez”.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko otsailaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.
Iragarkiaren kodea: F1303188