43. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Saltoki ugariko eremuetako lokalak berritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak 2012ko azaroaren 29an egin bilkura arruntean erabaki zuen hasiera batez onestea Saltoki ugariko eremuetako lokalak berritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa eta, orobat, 2012ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 31koan, argitaratutako iragarki batzuk baliogabetzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horren aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Tuteran, 2013ko otsailaren 15ean.–Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

UDAL ORDENANTZA, SALTOKI UGARIKO EREMUETAKO
LOKALAK BERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. Zioen azalpena.

Merkataritzak eta hiriak elkarri eragiten diote, eta harreman sozial eta ekonomikorako testuingurua sortzen. Bizi ohituren aldaketek eta hiriek hazteko gaur egun duten moduak desabantailan jartzen dute merkataritza tikia, hiri inguruko merkataritza eremu gero eta ohikoagoen aldean.

Hirietako iraunkortasun ekonomiko eta sozialerako, beharrezkoa da hiri inguruek eta tokiko saltokiek egokitzapen ahalmena izatea herritarren kontsumo premia berrietara.

Turismo eta Merkataritzako Estatu Idazkaritzaren mendeko Merkataritza Politikako Zuzendaritza Nagusiak prestatu zuen Merkataritzan Produktibitatea eta Lehiakortasuna Hobetzeko Plana (2009/12). Haren barnean, Hiri Merkataritza Sustatzeko Programak, bere lau lerroetako batean, jarduketa hau jasotzen du: “Saltokien egokitzapena eta modernizazioa”.

Nafarroako Barne Merkataritza Modernizatzeko 2008/2011 II. Planean, I. programan hau agertzen da: Nafarroako txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko I. programak ezartzen ditu saltokiak modernizatzeko gauzatu beharreko neurriak.

Tuterako enplegua eta merkataritza jarduera bulkatzeko proiektua hurrengo lau urteetan garatuko da, eta biltzen du aitzinetik aipatu den guztia eta jasotzen du, jardueretariko batean, diru-laguntzen deialdia Tuterako Alde Zaharrean dauden lokalak xede berrietarako egokitzeko eta egungo saltokiak hobetzeko.

Horregatik guztiagatik, Tuterako Udalak, Merkataritza, KAUB eta Osasun Zinegotzigoaren bitartez, haize eman nahi dio Aldeko Zaharreko merkataritza eremura jarduera berriak erakartzeari, eta gisa horretara bere apurra egin Tuterako hiri sareko merkataritzako karrika guztietan jadanik diren merkataritza espazioak hobetzen, inguruaren hobekuntzaren eta lokalaren irudi publikoaren onerako izan dadin.

Hiriko merkataritza eta hura garatzeari on egiten dioten politikak gakoak dira Udalaren jarduketetan.

2. Xedea.

Ordenantza honek laguntzak arautzen ditu sustengatu eta bulkatu beharrez Tuterako hiri sareko merkataritzako karriketan dauden saltokien zaharberritze eta moldatzea eta 1. eremuan dauden lokalak negozio berrietarako egokitzeko jarduerak.

Ordenantzan aipatzen diren hiru merkataritza eremuak Tuterako Merkataritza Dinamizatzeko Planak ezartzen ditu eta honela identifikatzen ditugu: 1. eremua, 2. eremua eta 3. eremua. 1. eranskinean xehe-mehe zehazten dira horietako bakoitzean sartu diren merkataritzako karrikak.

Eranskinean karrika berriak sartzeko edo daudenak kentzeko, Merkataritzako Hirigunea taxutzeko estrategiarekin bat, merkatari elkarteak jakinaren gainean jarri ondoan, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakia hartuko du.

3. Zenbatekoa.

Ordenantza honen xedeko laguntzak esleitzeko baimentzen diren gastuetarako, baldintza izanen da kreditu egokia eta aski izatea Udal aurrekontuaren 47001.7611 kontu-sailean (Merkataritza entitateendako diru-laguntzak).

Proiektu bakoitzeko, gehieneko diru-laguntza 10.000 euro da.

Proiektu bakoitzeko galdatzen den gutieneko gastu zenbatekoa 3.000 euro da.

4. Onuradunak eta baldintzak diru-laguntza eskatzeko.

Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko, sozietate irregular eta pertsona juridikoek eskatzen ahal dute diru-laguntza:

a) JEZaren ondoko taldeetariko batean dagoen saltoki baten titularra izatea edo behin-betiko ebazpenaren tenorean izatea, 1. eremuan kokaturiko jarduera berria bada:

–64. taldea. Establezimendu iraunkorretan egindako elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza.

–65. taldea. Elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.

b) Egungo jarduera bat baldin bada, laguntza zer lokaletarako eskatzen den, hartantxe gutienez ere diru-laguntza eskatu aitzineko bi urtean ari izana (hasiera datatzat hartuta JEZaren alta eguna).

c) 1. eremuan dagoen jarduera berria izanez gero, enpresa ekimenari buruzko txostena egin izana eta JEZean alta egotea diru-laguntzaren behin betiko ebazpenaren tenorean.

d) Bere betebehar fiskalak eguneratuak izatea, hala Gizarte Segurantzarekikoak nola Nafarroako Gobernuarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak.

e) Behar diren obra lizentziak eskatu izana (nahitaezkoa, kasu guztietan) eta orobat kasuan kasuko jardueran aritzeko aginduzkoak direnak.

f) Gehienez ere 10 langile izatea.

g) 1. eranskinean mugatzen diren hiru eremuetako merkataritzako karriketariko batean kokaturik egotea.

Ordenantza honetan arautzen diren laguntzetatik bazterturik daude Tuterako Udalaren lokaletan egiten diren merkataritza ekimenak.

Saltoki guztien %70 beheko solairuan egon beharko da.

Diru-laguntza biltzen ahalko dute iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31 arte egindako eraberritze jarduerak. Hasiera eguna obra baimenaren eskaeran agertzen dena izanen da, eta obra bukaerakoa, berriz, Udalak obraren bukaera onartzen duenekoa. Aipatu epearen barnean hasi baina urriaren 31n bururatzen ez direnak hurrengo deialdian sartuko dira, obra bukaera eskuratu ondoan.

5. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

Kasu guztietan:

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua.

b) Obra baimenaren edo legeztatzearen eskaera.

c) Egin beharreko obraren aurrekontu zehatza, eta horrekin batera, aurrekontu zehaztuak edo proforma fakturak.

d) Lokalaren alokairu kontratua edo jabetzaren eskritura.

e) Eratzeko eskritura Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuaren fotokopia konpultsatua eta legezko ordezkariaren ziurtagiria (nortasun juridikoa baldin badu).

f) Jarduera eratu duten pertsona fisikoaren edo legezko ordezkariaren NANa, eta enpresaren IFK.

g) JEZaren kopia.

h) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

i) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

j) Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena.

k) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena.

l) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak xede beretako bertze inolako diru-laguntzarik eskatu ez duela dioena.

m) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

n) Erantzukizuneko aitorpena, ereduaren araberakoa, enpresako langile kopuruaren gainekoa (egungo saltokiak).

1. eremuan kokaturiko jarduera berria izanez gero:

ñ) Enpresa jardueraren gaineko txostena.

6. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Interesdunak eskaera egin behar du deialdi honen 2. eranskinean agertzen den eredu normalizatuaren araberako eskabidean, eta eskatzaileak sinatu behar du.

Eskabideak aurkezteko epea diruz laguntzen ahal den aldi guztia da, eta horiek onartzeko mugaeguna azaroaren 30a da.

Proposamenak aurkeztuko dira Tuterako Herriko Etxeko HLZn, Lourdes auzoko udal bulegoan edo, bertzenaz, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aurreikusten diren lekuetako edozeinetan. Azken kasu horretan interesdunak Udalari eman beharko dio horren berri, Tuterako Udaleko HLZari faxa (948 417 119) edo telegrama igorririk.

7. Eskaeraren gaineko ebazpena.

Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan izendatua dagoen dirua, salbu eta salbuespeneko inguruabar ekonomikoek muga erabilgarri hori gutitzera behartzen badute.

Tuterako Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluazioa bururaturik, organo instrukzio egileak ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenaren proposamena Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio. Ebazpena gehienez ere bi hilabetean emanen da eskaeraren aurkezpenaren egunetik hasita.

8. Eskabideen akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

9. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Diruz laguntzen ahal dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat heldu direnak, eta zehatz-mehatz, jarduketa hauek xede dituztenak:

a) Oztopo arkitektonikoak kentzeko eta lokaletarako irisgarritasuna hobetzeko eraberritze lanak.

b) Fatxadak moldatzea eta zaharberritzea.

c) Erakusleihoak eraberritzea eta moldatzea.

d) Pertsianak, errotuluak, toldoak eta saltokiaren kanpo irudiari on egiten dion edozein elementu paratzea.

e) Erakusleihoetan, fatxadan eta salmenta aretoan argiak paratzea.

f) Kanpo itxiturako eta erakusleihoak babesteko elementuak.

g) Kanpo zoladurak eta sartzeko ezkaratzak eraberritzea.

h) Arotz-lanak eta fatxadako hutsarteak.

i) Segurtasun kristalak paratzea.

j) Suteei antzemateko eta haietatik babesteko sistemak.

k) Elementu bereziak eta interes arkitektonikoa dutenak zaharberritzea.

Tasa edo zerga moduko gastuak (lizentziak, BEZa, eremu publikoaren okupazioa) ez dira babesten ahal den aurrekontuan sartuko.

Gastu benetan egintzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

10. Laguntzaren zenbatekoa.

Diru-laguntzen zenbatekoa hau izanen da:

–1. eremuan dauden lokalak: %35.

–2. eremuan dauden lokalak: %25.

–3. eremuan dauden lokalak: %15.

Diru-laguntzaren kalkulua eginen da babesten ahal den aurrekontutik abiatuta, modu zehaztu eta justifikatuan aurkeztu bada.

Eremuagatik dagokion ehunekoa aplikatuko zaio onartutako aurrekontu osoari. Emaitza, gehienez ere 10.000 euroraino, izanen da eskatzaileari hartzea dagokion zenbatekoa, eskaeran aurrez ikusitako gastua behar bezala justifikatu ondoan.

Hasiera batean emandako zenbatekoa ez da handitzen ahalko, gastua handituta ere, baina berriz ere kalkulatuko da obra egin eta justifikatu ondoan gastuak kontzesioaren tenorean erreferentziatzat hartutako guztirako baino tikiagoak badira.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

1. eremuan jarduera berriak paratzeko, diru-laguntza hau bateragarria eta osagarria da Tuterako Udalak “enpresa berriak sortzeko” ematen dituen diru-laguntzekin.

Hobetu beharreko lokala Tuterako Alde Zaharrean baldin bada, BBEPBaren esparruan, diru-laguntzaren osagarri izanen dira “Tuterako Alde Zaharrean obrak egiteko” EEZBak kudeatzen dituen diru-laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Ordenantza honi jarraikiz ematen diren laguntzak bateragarriak dira bertze administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak egindako eraberritzearen kostua gainditzen ez badu.

12. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak dira Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan molde bertsuan ezartzen dituztenak, ondotik zehazten den bezala:

a) Diru-laguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emailearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta, diru-laguntza zertarako den, helburu horixe bete dutela ere.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta egin daitezkeen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Diruz laguntzen den lokalean merkataritza jarduera mantentzea 12 hilabetez diru-laguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik; diru-laguntza itzuli edo aldatzen ahalko da itxiera ezinbertzean gertatzen ez bada. 12 hilabeteak iraganik, baldintzak bete izanaren frogagiriak eskatzen ahalko ditu Udalak.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Diru-laguntza emateko ebazpenaren proposamena egin baino lehen, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituztela frogatzea eta Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua. Tuterako Udalarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak daudela frogatzea ofizioz eginen da.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Jarduerak Tuterako Udalaren diru-laguntza izan duela behar bezala zabaltzea.

13. Diru-laguntzaren inguruko kontu-ematea.

Onuradunak nahitaez aurkeztu beharko dio kontuen gaineko txostena diru-laguntza eman duen organoari; hartan, diruz-lagundutako jardueraren kariaz egin diren gastu guztien kontu eman beharko da, aitortzailea erantzule dela, haien frogagiri zuzenekoak erabiliz.

Kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Egindako jardueraren aitzineko eta ondoko egoeren argazkiak.

b) Egindako gastuen zerrenda izenpetua eta zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik. Diru-laguntzaren eskaeran aurkeztutako aurrekontuan erabili den ordena bera erabiliko da.

c) Egindako gastuen frogagiriak eta fakturak, zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera hurrenez hurren ordenatuak. Fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, edo zerbitzu kudeatzaileak adostuak.

d) Egindako ordainketen egiaztagiriak, erabiliz horretarako banku-zordunketa edo ordainagiri behar bezala sinatua.

e) JEZeko altaren kopia.

f) Obra bukaera.

Urteko azaroaren 30a da deialdi honetan emandako diru-laguntzaren gaineko kontuak aurkezteko mugaeguna.

Bai fakturen bai ordainagirien data izan behar da lehengo urteko azaroaren 1etik urte bakoitzean frogagiriak aurkezteko mugaegunera bitartekoa.

14. Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza osorik ordainduko da jarduera egin eta haren gaineko kontuak aurkeztu ondoan.

15. Laguntza deuseztatzea, arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. puntuan, lege horren IV. tituluan eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaizkio diru-laguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste eta zehapenak.

16. Datu orokorren babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Tuterako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.

Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.

17. Errekurtsoak.

Ebazpen honen kontra, errekurtso hauek aurkez daitezke:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Ordenantza hau aplikatuz egindako egintzen kontra, gainera, berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Eskabideak aurkezteko ohiz kanpoko epea ezarri da eskaerak aurkezteko, 2012ko urriaren 19an (ordenantza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunaren biharamuna) hasi eta xedapen iragankor hau bera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete batera, 2011ko azaroaren 1etik 2012ko urriaren 31 arte eginak izanik laguntza hauek eskuratzen ahal dituzten jardueretarako. Halaber, eta 13.a) artikuluan eskatzen den bezala, egindako jardueraren aitzineko eta ondoko egoeren argazkiak aurkeztu behar izatea oso zail gerta daitekeelako, eskakizun hori bertan behera uztea.

1. ERANSKINA

Tuterako merkataritzako karrikak, eremuka

1. EREMUA

Alde Zaharra

1

HERRERÍAS

2

YANGUAS Y MIRANDA

3

PLAZA BERRIA

4

CARNICERÍAS

5

MERCADAL PLAZA

6

RÚA

7

SAN JAIME PLAZA

8

CONCARERA

9

MURO

2. EREMUA

Zentroa

10

CARRERA

11

EZA

12

CONSTITUCIÓN PLAZA

13

SANCHO EL FUERTE PLAZA

14

PABLO SARASATE

15

CAPUCHINOS

16

ZARAGOZA ETORBIDEA

17

J. ANTONIO FERNÁNDEZ

18

SAN MARCIAL

19

FERNANDO REMACHA

20

ARANAZ Y VIDES

21

INVIERNO PASEALEKUA

22

CUESTA LA ESTACIÓN

3. EREMUA

Lourdes

23

FERNÁNDEZ PORTOLÉS

24

PADRE LASA PLAZA

25

SANTA ANA ETORBIDEA

26

FUENTE CANÓNIGOS

27

ROBLES PINTADO

28

GARIJO SATRUSTEGUI

29

NEVOT MORACHO

30

CAPARROSO PAÑOS

31

ARCOS ESCRIBANO

32

LACARRA MUNILLA

Iturria: “Tuterako Merkataritzan Jarduteko Plana”. Tuterako Udala (2009).

2. ERANSKINA

ESKATZAILEAREN DATUAK

IFZ

Izena eta bi deiturak

Helbidea

(karrika, zenbakia eta solairua)

PK

Herria

Probintzia

Tel.

Sakelakoa

Faxa

Helbide elektronikoa

SALTOKIAREN DATUAK

IFK

Izena

Helbidea

(karrika, zenbakia eta solairua)

PK

Herria

Probintzia

Tel.

Sakelakoa

Faxa

Helbide elektronikoa

JEZ

Altaren data

DIRU-LAGUNTZA BIL DEZAKETEN JARDUERAK

a) Oztopo arkitektonikoak kentzea eta irisgarritasuna hobetzea

b) Fatxadak moldatzea eta zaharberritzea

c) Erakusleihoak eraberritzea eta moldatzea

d) Pertsianak, errotuluak, toldoak eta bertzelako kanpo elementuak paratzea

e) Erakusleihoen, fatxadaren eta salmentarako aretoaren argiztapena

f) Kanpo itxiturako eta erakusleihoak babesteko elementuak

g) Kanpo zoladurak eta sartzeko ezkaratzak eraberritzea

h) Arotz-lanak eta fatxadako hutsarteak

i) Segurtasun kristalak paratzea

j) Suteei antzemateko eta haietatik babesteko sistemak

k) Elementu bereziak eta interes arkitektonikoa dutenak zaharberritzea

EREMUA

1. eremua

2. eremua

3. eremua

Bertze laguntza batzuen eskaeraren gaineko jakingarriak.

ENTITATEA

DEIALDIA

KONTZEPTUAK

ZENBATEKOA

1

2

3

AURREKONTU AURREIKUSIA

Gauzatzeko aurrekontua (tasarik eta zergarik gabe)

Diru-sarrera aurreikusiak.

FINANTZIAZIOAREN ETORKIA

ZENBAT EURO

%

Bertze entitate batzuek laguntza aurreikusiak

Norberaren ekarpena

Deialdi honetan eskatutako laguntza

GUZTIRA

ERANSTEN DEN DOKUMENTAZIOA

Obra baimenaren eskaera

Lokalaren alokairu kontratua edo jabetza eskritura

Eratzeko eskrituraren fotokopia

Eskatzailearen NANa

Enpresaren IFZ

Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituela dioen ziurtagiria.

Ogasun publikoarekikoak eguneraturik dituela dioen ziurtagiria

JEZaren kopia (jadanik dagoen saltokia izanez gero)

Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria

Enpresako langile kopuruaren erantzukizuneko aitorpena

Enpresa jardueraren gaineko txostena

Behean sinatzen dudan honek ESKATZEN DUT eskaera honi dagokion deialdian onar nazazuen,

ADITZERA EMATEN DUT eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Hitza ematen dut deialdiko betebehar guztiak beteko ditudala eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatuko ditudala.

ADITZERA EMATEN DUT ez dudala inolako debekurik eta ez dudala xede bererako eskatu bertze inolako diru-laguntzarik, emandako jakingarrietan sartu ez bada.

 Tuteran, 201...(e)ko ..........aren .......(e)(a)n

(Eskatzailearen sinadura)

Oharra: beharrezkoa da alde batean sinatzea eskaera osatzen duten orri guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1302481