43. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

2013ko lan egutegia

Kontuan hartuz abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretua, urteko lanaldia ezartzen duena Nafarroako Administrazio Publikoetako enplegatuentzat, hain zuzen ere Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat, eta Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 453/2012 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2013ko jaiegunak zein diren zehazten duena; ikusirik, orobat, espedientean jasotako dokumentazioa, Miranda Argako Udalak, 2013ko urtarrilaren 25ko bilkuran, honako hau erabaki du:

1.–Miranda Argako Udalaren langileendako 2013ko lan egutegia onestea, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuan urte osorako ezarritako 1.592 orduko zenbatekoan oinarriturik, eta jaiegunak zein diren zehaztea, horietan itxirik egonen baitira udal bulegoak:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri.

–Urtarrilaren 7a: Errege Egunaren ondoko astelehena.

–Martxoaren 21a: San Benito, herriko patroia (Miranda Argako herriko jaia).

–Martxoaren 28a: Ortzegun Saindua.

–Martxoaren 29a: Ortzirale Saindua.

–Apirilaren 1a: Pazko biharamuna.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

–Abuztuaren 23, 26 eta 27a: Herriko bestak.

–Urriaren 12a: Espainiako Festa Nazionala.

–Azaroaren 1a: Omiasaindu.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 24a: Gabon eguna.

–Abenduaren 25a: Eguberri.

2.–Udal bulegoak itxirik egonen dira urteko larunbat eta igande guztietan, eta gorago aipatutako jaiegunetan, horiek ere kontuan hartu baitira 2013ko lan egutegian.

3.–Astelehenetik ortziralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutu izanen da: hasiera batean, 7,33 orduko 217 lanaldi eginen dira, eta 1,39 ordu eginen dira horretarako zehazten den lanaldian.

4.–Zerbitzuaren beharrak direla-eta Alkatetzak udal langileak lanera deitzen baditu ezarritako ordutegitik kanpo edo egutegian jaiegun direnetan edo lanik gabeko egunetan, atsedenaldiekin ordainduko dira lan horiek edo aparteko ordu gisa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 51. artikuluan eta hura garatzeko erregelamenduan zehazten den bezala.

5.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Miranda Argako Herriko Etxeko iragarki oholean argitara dadila agintzea.

Argitara ematen da, eta ohartarazten da erabaki hauen kontra errekurtso hauetako bat paratzen ahal dela, hautara:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazten denetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, Miranda Argako Udalari zuzendua, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aitzinetik; bertzenaz, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Miranda Argan, 2013ko otsailaren 11n.–Alkatea, María Teresa Iradiel Ibáñez.

Iragarkiaren kodea: L1302434