43. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AÑORBE

Aldaketa herrilurren aprobetxamenduen ordenantzan. Behin betiko onespena

Añorbeko Udalak, 2012ko abenduaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Añorbeko herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Onespenaren erabakia 2012ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an, eta jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onesten da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Añorben, 2013ko otsailaren 11n.–Alkatea, José Ignacio Echeverría Ciordia.

AÑORBEKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunak arautzen dituen Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa) xedatutakoaren babesean ezarri da Añorbeko herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

I. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamenduak.

2. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adinez txiki burujabe edo judizialki gaitua.

b) Añorbeko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Añorben urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Añorbeko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Añorbeko Udaleko Osoko Bilkurak ebatziko ditu, banan-banan, dagokion udal batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

3. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modu hauetan eginen dira, ondotik adierazitako lehentasun ordenaren arabera aplikatuta:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

4. artikulua. Esleitzeko modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 2.1 artikuluan oro har ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; gainera, familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izanen dira, edo familia unitatearen guztirako diru-sarrerak aipatu soldata eta erdia baino apalagoak.

Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, pentsioak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere; orobat, lan egoeraren gainean eta zer-nolako diru-sarrerak diren, Alkatetzak eskatzen dituen txostenak.

Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira esleipenak indarra duen bitartean.

5. artikulua. Esleitzeko modu honen xedeko laborantzako loteen azalera lanbidearteko gutxieneko soldataren erdia adinako diru-sarrera garbiak sortzeko modukoa izanen da; oinarrizko azalera hauek, alegia:

–Lehorreko lurreko lotea: 20 erregu, zainzuriak landatzeko egokiak.

6. artikulua. Lote tipoari hurrengo koefiziente zuzentzaileak aplikatuta aterako da esleitzeko modu honen onuradun diren familia unitateei emanen zaien lotea:

–Hiru kide arteko familia unitateak: 1 koefizientea (20 erregu lehorreko lur).

–Lautik sei kide bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea (40 erregu lehorreko lur).

–Seitik bederatzi kide bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea (60 erregu lehorreko lur).

–Bederatzi kidetik gorako familia unitateak: 5 koefizientea (100 erregu lehorreko lur).

7. artikulua. Familia unitate asko badira aprobetxamendu modu honetarako (lehentasuna duten herritarrendakoa) ezarritako baldintzak betetzen dituztenak eta, ondorioz, Udalari arazo sozialak sortzen zaizkio, hark aurreko bi artikuluetan adierazitako faktoreak proportzioan eta justifikatuta beheratzen ahal ditu, baina ez igo, Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimenduta. Kasu horietan, banatzeko modu honen bitartez esleituko dira herrilurretako laborantzako lurren %50, gutxienez ere.

8. artikulua. Zortzi urtekoa da esleitzen den aprobetxamendua erabiltzeko epea, baina luzatzen ahal da, interesdunak eskatu eta justifikatuz gero, epe handiagoko zikloa duten laboreak direnean, aprobetxamendua laborearen bizitzari egokitzearren.

9. artikulua. Lehentasuna duten herritarren arteko esleipen-hartzaileek lur-sari hauek ordaindu beharko dituzte:

–Lehorreko lurreko laborantza: 10,52 eta 12,02 euro/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 1999. urtekoari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, nekazariek eta abeltzainek aipatu epealdian jasotzen duten prezioen aldaketa aplikatuz; betiere, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

Dena den, lur-sariak Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

10. artikulua Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, herrilurretako aprobetxamenduen esleipen-hartzaile izateko, oro har adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

11. artikulua Ondorio guztiekin, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin beharko dituzte laborantza lanak (haien ezaugarriak herrilurretako aprobetxamenduen esleipen-hartzaile izateko baldintza orokorretan jasotzen dira), eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoirengatik beste baliabide batzuk erabiltzen direnean. Kasu horietan, Udalari jakinaraziko zaio 15 eguneko epean, haren baimena eskuratzeko.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

12. artikulua Ezintasun fisikoa edo besteren bat dela eta, esleitzen den unean edo aprobetxamenduaren epean, titularrak zuzenean eta pertsonalki herrilurrak ezin landu dituenean, Udalak herritarrei zuzenean esleitzen ahalko dizkie. Kasu horietan, Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako diru-sarrerak emanen dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Udalak badu ahalmena ezintasun fisikoa edo bestelakoa noiz den erabakitzeko, eta egokitzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahal dizkio interesdunari.

13. artikulua Laborantza apartzerian eman edo besteri lagatzen dioten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipenaldia bukatu arte, espedientea ireki eta interesdunari entzunaldia eman ondoren. Herrilurra galdutako onuradunek Udalaren Diruzaintzan utzi beharko dute apartzeria edo lagapena gertatu zenetik izandako etekinen zenbatekoa.

14. artikulua Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Udal zerbitzuen edo Alkatetzaren txostenen arabera, esleitutako herrilurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenak, aurreko hiru artikuluetan xedatutakoaren arabera.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Udalak agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, beraiek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenak, horretara beharturik egonik.

e) Esleituriko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez duenean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.

15. artikulua Zertarako esleitzen diren herrilurrak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta toki entitatearen baimen espresa beharko dute bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzak egiteko.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

16. artikulua Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, familia unitateko titular diren herritarrei zuzenean esleituko zaizkie, herrilurretako aprobetxamenduen esleipen-hartzaile izateko oro har ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua Udalak erabakiko du zein den herritarren arteko esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; esleipen-hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan.

18. artikulua Zortzi urtekoa da esleitzen den aprobetxamendua erabiltzeko epea, baina luzatzen ahal da, interesdunak eskatu eta justifikatuz gero, epe handiagoko zikloa duten laboreak direnean, aprobetxamendua laborearen bizitzari egokitzearren.

19. artikulua Herritarren arteko zuzeneko esleipenaren hartzaileek lur-sari hauek ordaindu beharko dituzte:

–Lehorreko lurreko laborantza: 21,04 eta 24,04 euro/erregua/urtean; zein den lurren kalitatea. Esleipen bakoitzarekin lurzatien zerrenda eginen da, haien prezioekin.

Zenbateko horiek 1999. urtekoari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, nekazariek eta abeltzainek aipatu epealdian jasotzen duten prezioen aldaketa aplikatuz; betiere, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

20. artikulua Lurzati kopuru bat gordeko da onuradun berrientzat.

21. artikulua Esleipen-hartzaileak zuzenean eta pertsonalki landatuko ditu lurrak; horretarako, lehentasuna duten herritarren arteko esleipenaren onuradunentzat xedatutakoari jarraituko zaio.

22. artikulua Zertarako esleitzen diren herrilurrak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta toki entitatearen baimen espresa beharko dute bestelako erabilera, aprobetxamendu edo laborantzak egiteko.

3. ATALA

Udalaren ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko esleipena

23. artikulua Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Enkantea egin ondoan laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

24. artikulua Udalbatzak osoko bilkuran erabakita, hogeita hamar egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herrilurren esleipena eska dezaten. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko ediktuen oholean argitaratu beharko da.

25. artikulua Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da honako hauen gainean:

a) Udalerriko biztanlea izatea, gutxienez 3 urteko antzinatasunez, eta urtean bederatzi hilabetez, bederen, bertan bizitzea.

b) Eskatzailea zein toki entitateri dagoen lotua, harekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideei buruzkoa. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduen eskatzaileek kideren batek ezintasun fisikoa edo adimenekoa duen adierazi beharko dute.

d) Jabetzan duten laborantzako azalera, labore motak espres adierazita.

e) Zein diren errentan edo jabetzaz bestelako titulu baten bidez landatzen diren lurrak, labore motak espres adierazita.

f) Hirilurreko zein ondasunen titular den, haien kapital zergagarriei buruzko aitorpena, etxebizitzari dagokiona izan ezik, eta familia unitateko kide bakoitzak zenbat aziendaburu dituen espezie bakoitzetik.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzeko.

26. artikulua Aurkeztutako eskaerak aztertu aurretik, Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu esleipen modu bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan, onartzen direnen zerrenda, behin-behinekoa izanen dena.

27. artikulua Modalitate bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udaletxeko ediktuen oholean argitaratuko da eta interesdunei jakinaraziko zaie, bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkez daitezen hamabost (15) egun naturaleko epean.

Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

28. artikulua Alegazioak aurkeztu eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haien gaineko ebazpena emanen du Udalak osoko bilkuran, eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du. Udaletxeko ediktuen oholean jarriko du ikusgai.

29. artikulua Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Udalak osoko bilkuran esleituko ditu ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten loteak.

Laborantzako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Osoko Bilkurak laborantzako loteak esleituko dizkie herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei. Lote horien ezaugarriak eta azalerak ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

Lurzatiak esleitutakoan, Udaletxeko ediktuen oholean argitaratuko da eta interesdunei jakinaraziko zaizkie onuradunen zerrenda eta dagozkien herrilurretako lurzatiak, zortzi (8) egun naturalean, bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

30. artikulua Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Osoko Bilkurak behin betikotzat joko du laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

–31.1. artikulua. Añorbeko Udaleko herrilarreen aprobetxamendua baterako ustiapen unitatea da beste finka partikular batzuekin, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, eta bazkaleku hauetan banatzen da:

a) “Larransus” bazkalekua, 1.948,63 hektareaduna.

b) “El Monte” bazkalekua, 327,70 hektareaduna.

c) “Pastizal” bazkalekua, 69 hektareaduna, honako lurzati hauek osatzen baitute:

POLIGONOA

LURZATIA

ALDERDIA

AZALERA

7

39

Hierba de las cabras

1.926 m²

7

41 a-b

Hierba de las cabras

12.579 m²

7

42 a-b-c

Hierba de las cabras

73.023 m²

7

43 a-b-c-d

Hierba de las cabras

21.675 m²

7

44 a

Hierba de las cabras

85.769 m²

8

66 a-b

La Estanca

8.320 m²

8

60 a-b-c-d

La Estanca

145.383 m²

8

65 a-b

La Estanca

209.641 m²

8

301.c.

La Estanca

5.168 m²

8

67

La Estanca

1.007 m²

8

68

La Estanca

2.360 m²

9

1

El Boyeral

79.732 m²

9

91

El Boyeral

358 m²

9

115

La Chaola

43.369 m²

GUZTIRA

690.310 m²

c) “Bekaira” bazkalekua, 79,05 hektareaduna, honako lurzati hauek osatzen baitute:

POLIGONOA

LURZATIA

ALDERDIA

AZALERA

7

1

Bekaira

191.915,65 m²

7

10

Labeaga

186.574 m²

7

2

Bekaira

5.196,43 m²

7

96

Bekaira

5.442,20 m²

7

12

Labeaga

5.606,96 m²

7

11

Labeaga

9.309,38 m²

7

86-A

Araneder

380.695,09 m²

7

84

Araneder

5.825,33 m²

GUZTIRA

790.565,04 m²

2. Dagokion espedientea tramitatu aurretik, non neurriaren egokitasuna justifikatuko baita eta bertan interesdunari entzutea eta jendaurrean 15 eguneko epean egotea nahitaezkoa izanen baita, Añorbeko Udalak aipatutako bazkalekuen azalera eraldatzen ahalko du, halako eran non urteko kanona aldatuko baita.

32. artikulua Añorbeko Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

33. artikulua Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

34. artikulua Zuzenean eginen da larreen aprobetxamendua, eta ez dira zilegi azpierrentan ematea edo lagatzea. Horrenbestez, Añorbeko Udalarentzat, ez dituzte larreak zuzenean aprobetxatuko:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez dituztenek, hartara behartuta egonik.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak eskaturik, ezarritako epean aurkezten ez dituztenek.

35. artikulua Esleipena 15 urterako izanen da.

–36. artikulua. Añorbeko Udalak abere-zama hau kalkulatzen du 31. artikuluan adierazitako bazkalekuentzat:

a) “Larransus” bazkalekua, 1.000 buru ardi azienda.

b) “El Monte” bazkalekua, 300 buru ardi azienda.

c) El Pastizal: 500 buru ardi azienda.

d) Bekaira: 400 buru ardi azienda.

Behi-aziendak eta zaldi-aziendak bazkalekuak aprobetxatzeko, honako parekotasun hauek ezarri dira:

–Zaldi abelburu bat behi aziendako abelburu bat eta erdi da.

–Behi aziendako abelburu bat ardi aziendako zortzi abelburu dira.

–37. artikulua. 1. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta dauden ixtegiak, Añorbeko Udalak sari bat finkatzen du bazkaleku bakoitzerako:

a) “Larransus”: 4.000 euro urtean edo 500 euro hilabetetan, udako hilabeteetan.

b) “Del Monte”: 1.500 euro urtean edo 300 euro hilabetetan, udako hilabeteetan.

c) “El Pastizal”: 3.210 euro urtean.

d) Corral del Pastizal: 1.500 euro urtean.

e) Bekaira: 2.800 euro urtean.

2. Zenbateko horiek jarri dira aipatu bazkaleku bakoitzeko zenbatesten den balioagatik, eta herritarrendako zuzeneko esleipenaren urteko lur-saria zenbateko horien %90 izanen da.

38. artikulua Zenbateko horiek 2012koak dira, eta urtero eguneratuko dira aurreko urteko KPIaren arabera, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeetan oinarriturik.

39. artikulua Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da.

–Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

40. artikulua Añorbeko Udalak beretzat gordetzen ahal du larre guztien bostetik bat, onuradun berririk balitz urtean esleitzeko.

41. artikulua Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

42. artikulua Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

a) Esleipen-hartzaileen aziendak ez dira inola ere larreez baliatuko, olibondo, mahasti edo ureztalur finketan, horien jabeen eta/edo errentarien baimen idatzirik ez badute. Baldintza hori betetzen ez badute, esleipen hartzaileek erantzun beharko dute egindako kalteez.

b) Errentariak alor eta landaketa mota guztiak errespetatu behar ditu. Euri egunetan ez da herrilurretako eta finka partikularretako belarrez baliatzen ahalko, ezta ondokoetan ere, kalte nabariak sortzen ahal dituen heinean.

Halako finka batean uzta bildu bada, esleipen-hartzailearen betebeharra da hura errespetatzea, uzta bildu eta 15 egun iragan arte.

c) Nekazariek uztondoak erretzen ahalko dituzte irailaren hamabostetik aitzina, edo Foru Komunitateko erakunde eskudunek ezartzen duten datatik aitzina, aldez aurretik arauzko baimena izanik.

d) Errentan emandako lurretan, nekazaritza lanak egitera laborariek alorretara eramandako azienda libre bazkatzen ahal da.

43. artikulua Prozedura. Udalak erabakia hartu eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarkien oholean argitaraturik, hogeita hamar egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek larreak haiei esleitzeko eska dezaten.

44. artikulua Eskaerei ordenantza honen 25. artikuluan adierazitako puntuak jasotzen dituen zinpeko aitorpena erantsiko zaie.

Aipatu zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Añorbeko Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak, dokumentu eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzeko.

Zinpeko aitorpenari abelburuen kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria erantsiko zaio, baita osasun babesari buruzkoa ere, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Foru lege horretan eta arauzko xedepenetan ezarritako beharkizun guztiak bete beharko baitira, Orobat, baliatu gogo diren bazkalekuen zerrenda ordenatua erantsiko da.

45. artikulua Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:

a) Lehentasun eskubidea izanen dute guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateek.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori esleitzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua, bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

46. artikulua Behin-behinekoz esleituta, Udaletxeko ediktuen oholean iragarriko baita, zazpi eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko; horiek halakorik gabe iraganez gero, behin betikoz esleitutzat joko da. Bestela, aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu toki entitateak eta erabaki egokia hartuko du behin betiko esleipenaren gainean.

47. artikulua Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

48. artikulua 1. Añorbeko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa (*).

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

5. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

49. artikulua Herrilurrak luberritzeko, Nafarroako Gobernuko Departamentu eskudunaren baimena beharko da, aldez aurretik.

II. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

50. artikulua Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea (esleitutako bazkalekua azpierrentan eman edo eskualdatzea, esate baterako).

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Ordenantza honek baimentzen ez duen garaian eta tokian azienda sartzea, herrilurretako lurzatien laborantza hondatuz.

e) Kalte egitea aziendaren eskorta eta putzuetan.

f) Labore iraunkorrak edo esleipen aldia baino ziklo luzeagokoak (frutarbolak, zainzuriak etab.) jartzea, Udalaren baimenik gabe.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

51. artikulua Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 300,51 euroko zehapena ezarriko da, gehienez ere.

52. artikulua Egintza gertatzen denetik bi hilabeteren buruan preskribituko dute arau-hausteek.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek xedatzen ez duen hartan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta Nafarroako Foru Eskubide Administratiboko gainerako arauetan xedatutakoa ere; orobat, Foru Eskubide Pribatuko Arauak ere.

Iragarkiaren kodea: L1302156