43. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

75/2013 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Alloko udal mugapean tissue papera fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzen duena. Jardueraren titularra SCA Hygiene Spain, S. Com. P.A. da.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2A eranskineko 6.1.b) epigrafean jasota dago, “Papera eta kartoia fabrikatzeko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak 2005eko abenduaren 23an emandako 0607/2005 Foru Aginduaren bidez, Ingurumen baimen integratua eman zen SCA Hygiene Spain, S. Com. P.A. enpresak Alloko udal mugapean tissue papera fabrikatzeko sustatutako jarduerarako, eta aurkeztutako proiektuaren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen.

Gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 20ko 1893/2011 Ebazpenaren bidez, Ingurumen baimen integratu horren azken aldaketa egin zen.

2012ko uztailaren 3an, titularrak Ingurumen baimen integratuan zehaztutako fokoen zerrenda aldatzea eskatu zuen, zerrenda horretan atzemandako akatsak zuzentzeko eta beste bi foko sartzeko. Bestalde, akats bat atzeman da instalazioak sortzen dituen efluenteak isurtzeko puntuen zehaztapenean, eta beste hondakin batzuk sartu behar izan dira III. eranskineko zerrendan.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak betetzen direla iritzita, bidezkoa da Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea.

Horrenbestez, bidezkoa da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz. Ez da bidezkotzat jotzen aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku uzten dira indarreko araudiak, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ofizioz aldatzea Alloko udal mugapean tissue papera fabrikatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 30eko 0493/2008 Foru Aginduaren bidez emana. Jardueraren titularra SCA Hygiene Spain, S. Com. P.A. da.

2. Aldaketaren ondorioz, instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 493/2008 Foru Aginduaren eranskinetan aldaketa batzuk sartu behar izan dira; horrenbestez, eranskin haien ordez ebazpen honen eranskinek izanen dute indarra, non ezarri baitira industria jardueraren funtzionamenduan bete beharko diren baldintzak.

3. Aldaketak ez du eraginik hasiera batean emandako Ingurumen baimen integratuaren indarraldian, 2013ko abenduaren 23an bukatuko baita. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak baimena berritzea eskatu beharko du, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

6. Ebazpen hau jakinaraztea titularrari, Alloko Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko otsailaren 8an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1302195