43. ALDIZKARIA - 2013ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2013 FORU LEGEA, otsailaren 25ekoa, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKO EKAINAREN 9KO 6/2006 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

1. Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak Kontseiluaren 1989ko abenduaren 21eko 89/665/EEE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen, Nafarroako foru legeriara ekarriz. Zuzentaraua hornidura eta obra kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso prozedurak aplikatzeko lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen koordinazioari buruzkoa da. Arau hori aitzindaria izan zen, kontratazio publikoaren arloan erreklamazio sistema azkarra eta eraginkorra ezarri baitzuen, Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordearen bidez ebaztekoa. Batzorde hori organo independentea da esleipen-botereekiko, eta haren aurrean erreklamazioak aurkez daitezke kontratazio publikoen kontra, edozein izanik ere horien izaera eta zenbatekoa.

Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak indarra hartu ondoren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko abenduaren 11ko 2007/66/EE Zuzentaraua eman zuten, Kontseiluaren 89/665/EEE eta 92/13/EEE zuzentarauak aldatu zituena, kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso prozeduren eraginkortasuna hobetzeari dagokionez. Zuzentarau horren funtsezko helburuak dira kontratuen legez kanpoko esleipen zuzenaren kontra borroka egitea eta bermeak indartzea errekurtso-prozeduretan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren iritziz, legez kanpoko esleipen zuzena Batasunaren zuzenbidearen arau-hauste nagusia da kontratazio publikoaren arloan. Ondorio horietarako, 2007/66/EE Zuzentarauaren iritziz (14. eta 15. oinarriak), legez kanpoko esleipen zuzena da aldez aurretik Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) lizitazio iragarkia argitaratu gabe egiten den esleipen oro, kasu hauetako bat ez bada:

–2004/18/EE Zuzentarauan sartuta ez dauden kontratuak.

–Defentsaren arloko kontratuak, kontratu sekretuak eta segurtasun neurri bereziak dituztenak.

–Erosketa-zentral baten kontratuak beste entitate esleitzaile batentzat.

–Zerbitzu-emakidak.

–Entitate esleitzaile batek beste entitate esleitzaile bati esleitzeko erabiltzen diren kontratuak, lehiarako eskubidearekin bateragarria den legezko edo erregelamenduzko arau baten babesean.

–Zuzentarauaren II-B Eranskinean jasotako laguntza kontratuak (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen II-B eranskina).

–Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitutako kontratuak.

–Obra-emakidaren osagarriak diren obrak esleitzea emakida-hartzaileari berari, obraren hasierako zenbatekoaren erdia baino gutxiago egiten badute betiere.

Nabarmendu beharra dago 2007/66/EE Zuzentarauan, 15. oinarrian, legez kanpoko esleipen zuzentzat hartzen direla “barne kontratuenak”, Batasuneko zuzenbideak eta jurisprudentziak ezartzen dituzten baldintza zorrotzak bete gabe egiten badira.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak arlo honetan emandako doktrina gehitzeko xedez, aldatu egin da ente instrumentalei egiten zaizkien enkarguen araubidea.

Era berean, zuzentarauaren asmoa da bermeak indartzea errekurtso prozeduretan, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean kontratazio publikoaren arloko erreklamazio deitzen direnetan, prebentzio neurri batzuk hartuz (esleitzeko erabakia etetea; etenaldian kontratuak egiteko debekua; etendura, esleitzeko erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkezten denean), eta errekurtsoen gaineko ardura organo independente bati emanen zaiola ezarriz; organo horretako kideak izendatu eta errebokatzeko baldintzak epaileei aplikatzen zaizkien berberak izanen direla ere ezartzen du zuzentarauak, “horiek izendatzen dituen agintariari, agintaldiaren iraupenari eta kargutik kentzeari” dagokienez (2007/66/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 9. idatz-zatiaren bigarren lerroaldea).

Hori dela eta, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea aldatu egin behar da, zuzentarau berriak agindutakoaren transposizioa egiteko, eta arauak bere baitan hartzen dituen kontratu guztietara zabaldu behar da egokitzapena, foru lege indardunari oinarria eman dion irizpidearekin koherentea izanik, kontratuaren zenbatekoak ez baitu haren izaera juridikoa aldatzen, eta 2004/18/EE Zuzentarauaren esparru materialean sartutako kontratuen eta sartu gabekoen artean ez baitago funtsezko desberdintasunik.

Bestetik, aldaketa honek Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean gardentasuna lortzeko aurreikusten diren bitartekoak indartzea dakarrela kontuan harturik, bidenabar hobetu eginen da kontratuen aldaketen gaineko arautzea, Europako jurisprudentziak zehaztu dituen betebeharrekin bat. Halatan, exekutatzean kontratuak izanen dituen balizko aldaketak kontuan hartzen dira haren balio zenbatetsia kalkulatzean.

Gainera, aprobetxatu da Europar Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2011/7/EB Zuzentarauaren aginduen transposizioa egiteko; zuzentarau horren bidez merkataritza-operazioetan berankortasunaren aurka borroka egiteko neurriak ezarri ziren, eta merkatuari egokiago zitzaizkion ordainketa-epeak ere ezarri ziren, enpresen likidezia problemak arintzearren.

Azkenik, aipatutako zuzentarauen ondorioz nahitaezkoak diren aldaketa horiekin batera, beste batzuk ere eginen dira araua hobetzeko, aplikazio urteetan bildutako esperientziak aholkatuta eta manuak ukitutako operadore juridikoek eskatuta.

2. Ente instrumentalentzako mandatuei dagokienez –mandatuok Foru Legearen 8. artikuluan ageri ziren, eta, orain, ente instrumentalentzako enkarguak deitzen dira–, horien ezaugarri mugatzaileen definizio zehatza gehitu da, eta, halaber, jarduketaren publizitatea egitea sustatzen da, gardentasun berme gisa. Horretarako, erreforma honek Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea moldatzen du Europar Batasuneko jurisprudentziak sortutako doktrinara, nagusiki epai hauetan bildutakora: “Teckal”, 1999ko azaroaren 18koa; “Arge”, 2000ko abenduaren 7koa; “Stadt Halle”, 2005eko urtarrilaren 11koa; Parking Brixen”, 2005eko urriaren 13koa; “Coname”, 2005eko uztailaren 21ekoa; “Carbotermo”, 2006ko uztailaren 21ekoa; “Aroux”, 2007ko urtarrilaren 18koa; “Tragsa”, 2007ko apirilaren 19koa; eta “SEA”, 2009ko irailaren 10ekoa.

Eskatzen den lehendabiziko betebeharra da enkargua jasoko duen entitatea ez dela formalki izanen enkargua egiten duen berbera, baina honek bestearen gainean izanen duen kontrola bere zerbitzuen gainean duenaren parekoa izanen da, halako moduan non enkargua jasotzen duen entitateak ez baitu bere kabuz erabakitzeko ahalmenik izanen. Ondorio horietarako, Europar Batasunaren jurisprudentziarekin bat, bere zerbitzuen gaineko kontrolaren parekoa egiten duela ulertzeko, ezin da onartu enkarguak egiten dituzten entitateen baliabide berekitzat hartzea beren kapitalean entitate horiena ez den partaidetza duten sozietateak.

In house providing (barne kontratua) bat dagoela onartzeko, Europar Batasunaren jurisprudentziak eskatzen duen bigarren baldintza hauxe da: enkargua jasotzen duen entitateak bere jardunaren zatirik handiena bete behar duela hura kontrolatzen duen entearekin edo duten enteekin, eta halaxe jaso da testu berrian.

Europar Batasunaren jurisprudentziarekin bat, halaber, testu berriak aukera ematen du ente instrumental bat entitate batena baino gehiagorena izan dadin aldi berean, eskatzen diren bi baldintza horiek betetzen baditu betiere.

Amaitzeko, sistema ahalik eta segurtasun juridiko handienaz janzteko, ente instrumentalaren izaeraren deklarazioa eta enkarguak egiteko agindua argitaratzeko beharkizuna ezarri da; horrela, interesdunek enkargu bat egiteko erabakiaren kontrako erreklamazioak aurkez ditzakete.

3. 2007/66/EE Zuzentarauan aurreikusten diren legez kanpoko esleipen zuzenen kasuetako bat gerta ez dadin, 97. artikuluan arautu da kontratuak esleitzeari buruzko iragarkiak, lizitazio iragarkirik izan ez badute, Kontratazioaren Atarian argitaratu beharko direla, hala egiteko bide ematen duten egitatezko kasuak eta zuzenbidezko oinarriak labur adierazita.

Aukera baliatu da, orobat, agindu honetan arautzeko “aldez aurreko borondatezko gardentasuna” (voluntary ex ante transparency) duten Europar Batasuneko iragarkiak, eraginkortasun faltak eragin dezakeen segurtasun gabezia juridikoa saihesteko helburua dutenak, 2007/66/EE Zuzentarauaren 26. oinarrian adierazten denaren arabera. Horrela, esleipen-boterearen iritziz, baimenduta baldin badago kontratazio publikoari buruzko araudiarekin bat, kontratu bat zuzenean esleitzea, aurretik Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean lizitazio iragarki bat argitaratu gabe, eta aldez aurreko borondatezko gardentasuneko iragarki bat argitaratzen badu, bertan adierazirik kontratuaren xedea, kontratua zuzenean esleitzeko justifikazioa eta esleipen-hartzailearen identifikazioa, eta errekurtso eraginkorra ahalbidetuko duen gutxieneko etenaldia aplikatzen badu, deuseztasun zehapenetik salbuetsirik egonen da, eta hautatutako prozedura baliozkotzat hartuko da ondorio guztietarako.

Ildo berean, legez kontrako zuzeneko esleipena Europar Batasunaren zuzenbideko arau-hauste nagusietako bat izanik, zehaztu beharra zegoen foru legeak agindutakoa bete gabe egindako esleipen zuzena zuzenbide osoz deuseza dela deklaratu behar dela, eta deuseztasun zehapena ere gehitu da, etendura epean edo erreklamazio bat izapidetzen ari dela kontratuak formalizatzeagatik.

Azkenik, arau orokor gisa ezartzen da gainerako arau-hausteek deuseztagarritasuna sortzen dutela, administrazio antolamenduan ohi den moduan.

4. Errekurtso-prozeduretan bermeak indartzeko, 93. eta 202. artikuluetan ezartzen da esleitzeko ebazpena ez dela eraginkorra izanen (ondorioen etendura) esleitzeko erabakiaren jakinarazpena igortzen denetik 10 egun iragan arte (15 egun, Europar Batasuneko gutxienekotik gorako balio zenbatetsia duten kontratuen kasuan). Esleipena etenda geldituko da, halaber, kontratuaren esleipenaren kontrako erreklamazio bat aurkezten bada (ez beste ekintza batzuen kontra), organo eskudunak aurkaratzeaz ebatzi arte.

Nolanahi ere, zuzentarauarekin bat, esparru-akordio batetik edo erosketa-sistema dinamiko batetik datozen kontratu esleipenak eraginkorrak dira ondorio guztiekin jakinarazten diren unetik bertatik, ulertzen baita akordioak edo sistemak legezkotasun kontrolak gainditu dituela. Zehazten da, era berean, presaz izapidetutako kontratuetan (42. artikulua) ez daitekeela jarduketarik hasi etenaldia amaitu aurretik edo erreklamaziorik aurkezten bada.

Sistema ixteko arau gisa, etenaldian edo erreklamazioa izapidetu bitartean kontratuak formalizatzeari zehapena ezartzen zaio 126. eta 206. artikuluetan, kontratuak zuzenbide osoz deusez deklaratuz.

5. Errekurtso prozeduretan bermeak indartzeko, 2007/66/EE zuzentarauak ezartzen du errekurtsoen gaineko ardura organo independente bati emanen zaiola, eta organo horretako kideak izendatu eta errebokatzeko baldintzak epaileei aplikatzen zaizkien berberak izanen direla, “horiek izendatzen dituen agintariari, agintaldiaren iraupenari eta errebokatzeari” dagokienez. Horrexegatik, kide anitzeko organo independente bat sortu da, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia (208. bis artikulua), lizitazioen kontrako erreklamazioez ebazteko zeregina duena. Zuzentarauaren estandarrak betetzeko, batzorde horretako karguek mugiezinak eta independenteak izan beharko dutela ezartzen da (kideak zuzenbideko lizentziadunak izan beharko dira, eta esperientziadunak sektorean), eta haien bateraezintasun araubidea arautzen da; nolanahi ere, dauden baliabideei etekina ateratzeko eta gastu publikoa kontrolatzeko, organo malgu bat diseinatu da, bertako kideentzat bateragarria izan dadin zeregin hori jatorrizko administrazioan duten lanpostuarekin, dedikazio esklusiborik gabe, beraz.

Amaitzeko, errekurtso-prozeduren esparruan, aurkaratzeko epeak zuzentarauaren agindu berrietara doitu dira, zenbait zuzenketa tekniko egin dira, eta esleipenaren kontrako erreklamazioa (soilik esleipenaren kontrakoa, bestelako ekintzen kontrako aurkaratzeak ez baitakar ondorio hau) izapidetzen ari den bitartean kontratu baten edo esparru-akordio baten exekuzioa eteteko betebeharraren transposizioa egin da.

6. Esleipenetako gardentasuna indartzeko helburua lortu nahian, beste neurri bat kontratuen aldaketen araubidea aldatzea da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2004ko apirilaren 29an emandako epaiak (Batzordea CAS Succhi di Frutta Spa-ren aurka) ekarri duen doktrinan oinarri hartuta, batez ere. Asmoa da ziurtatzea lizitazioaren lehia izaera ez dela kaltetzen, lizitaziotik ateratzen den kontratua benetan lehiaren xede izandakoa bera izan dadila alegia, baina xedea da, halaber, Administrazioak balia dezakeen ius variandiaren erregulazioa argitzea, operadore juridikoek jakin dezaten noiz den bidezkoa kontratu bat aldatzea, edo zein kasutan suntsiarazi behar den eta lizitazio berri bat egin.

105. artikuluak mugatu egiten ditu aldaketak egiteko aukerak burututako kontratuetan, baldin eta horietan, baldintza agirietan edo lizitazio iragarkian argi, zehatz eta nahasbiderik gabe aurreikusi bada aldatzeko aukera, gehienez ere izan dezakeen esleipen prezioaren portzentajea berariaz adierazirik, eta hori balio zenbatetsian islatuta. Halere, kontratua aldatzeko aukera aurreikusten da ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, esleipen-botere arduratsu batek aurreikusterik ez zituenak, betiere kontratuaren funtsezko edukiari eragiten ez bazaio. Kasu batean nahiz bestean, aldatutakoek ez dute ekarriko, banaka nahiz batera, esleipen prezioaren ehuneko 20tik gorako aldaketarik.

7. Esleipenetan gardentasuna indartzeko neurri horiekin batera, foru legearen erreforman zenbait hobekuntza tekniko jaso dira, esperientziak aholkatuta eta arauaren menpeko entitateek eskatuta.

Halatan, kontratuen iraupena arautu da, lehiaren printzipioa eta kontratistak egiten dituen inbertsioak behar bezala amortizatzeko beharra uztartuz.

54. artikulua aldatu da, esleipen-hartzaileak bere kaudimena eta gaitasuna frogatzeko agiriak ez aurkezteak zenbait kasutan zekartzan ondorioak, gehiegizkoak eta garestiak, saihesteko, dokumentazio hori ez delarik eskatzen esleitzeko prozeduran zehar.

74. artikuluko seigarren idatz-zatia aldatu da, enplegurako prestakuntzako zentro publikoak sartzeko, helburu bera eta arazo berberak dituzten zentroen tratamendua homogeneizatzeko xedeaz, horrela bateratu eginen baita etengabeko prestakuntza, bai administrazio publikoetako langileei zuzendutakoa bai gainerako langileei ematen zaiena.

74. artikulu honetan zazpigarren idatz-zatia erantsi da, halaber, aldizkarien eta bestelako argitalpenen harpidetza egiteko, bai eta datu-base espezializatuetako informazioaz baliatzeko zerbitzua kontratatzeko ere, betiere kalkulatutako balioa 200.000 eurotik beherakoa denean; halakoetan, eskatu daitezkeen izapide bakarrak izanen dira aldez aurreko kreditu erreserba egitea, aplikatzekoa den aurrekontuen arloko legeriarekin bat, eta kasuan kasuko faktura aurkeztea.

Hamalaugarren xedapen gehigarria erantsi da, berariaz ezarriz foru lege honen aginduen menpe egonen direla segurtasun publikoaren esparruan arau honen xedapenak bete behar dituzten entitateek egindako kontratu publikoak, bereziki Nafarroako Foru Komunitatean pertsonak eta ondasunak babesteko jarduerak, eta segurtasun publikoa eta herritarren ordena mantentzekoak.

1. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 4. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“4. artikulua. Foru lege honen menpean dauden kontratuen definizioa.

1. Obra kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, foru lege honen I. eranskinean aipatutako jarduerekin zerikusia duten prestazioak egin ditzan, edo bestela proiektua eta prestazioak egin ditzan, prezio jakin baten truke.

2. Hornidura kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, berari produktuak eta ondasun higigarriak erosteko, eskura nahiz epeka ordainduta, edo errentan hartzeko, erosteko aukerarekin nahiz aukerarik gabe, edo finantza errentamendua egiteko.

3. Laguntza kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (kontratatzailea) enpresaburu edo profesional batekin (kontratista) egiten duena, obra eta hornidura kontratuez bestelakoa; kontratistak foru lege honen II. eranskinean aipatutako zerbitzuetako baten bat egin behar du kontratatzailearentzat edo, kontratatzailearen kontura, hirugarren batentzat edo herritar guztientzat, prezio jakin baten truke.

Artikulu honen 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren kontratuen indarraldia lau urtekoa izanen da, gehienez ere, haien luzapen guztiak barne, salbu eta ohiz kanpoko arrazoiak direla-eta, adibidez, inbertsioen amortizazio egokia kontratu bereziki konplexuetan, epe luzeagoa behar denean, betiere errespetatuz merkatuan lehia aske eta eraginkorra izatearen printzipioak.

4. Herri lanen emakida kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (emakida-emailea) enpresaburu edo profesional batekin (emakida-hartzailea) egiten duena, foru lege honen I. eranskinean aipatutako obretako baten bat, ekonomikoki ustiatu ahal dena, egin eta ustia dezan; emakida-hartzaileari ordaina jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, dela obra ustiatzea, dela ustiapen hori gehi prezio bat jasotzea.

5. Zerbitzuen emakida kontratua da foru lege honen menpeko entitate batek edo entitate-multzo batek (emakida-emailea) enpresaburu edo profesional batekin (emakida-hartzailea) egiten duena, foru lege honen II. eranskinean aipatutako zerbitzuetako baten bat egin dezan; ordainetan zerbitzuaren ustiapen ekonomikoa ematen zaio, edo ustiapena gehi prezio bat”.

2. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 8. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“8. artikulua. Baliabide berekitzat hartzen diren ente instrumentalei enkarguak egitea.

1. Foru lege hau ez da aplikatuko foru lege honen menpeko entitateek beren ente instrumentalei enkarguak egiten dizkietenean obretarako, hornidurarako, laguntzarako edo obra edo zerbitzu emakidak egiteko kontratuei dagozkien prestazioak egin ditzaten, baldin eta enkarguak artikulu honetan adierazitako eran egiten badira. Artikulu honetan xedatutakoa urratuz ente instrumentalei egiten zaizkien enkarguei ezarriko zaien zehapena zuzenbide osozko deuseztasuna izanen da.

2. Artikulu honen ondorioetarako, ente instrumentaltzat joko da enkargua egiten duen entitatearenaz beste nortasun juridikoa izan, eta ondoko baldintzak betetzen dituen entitatea:

a) Enkarguak egiten dituzten entitateekiko erabakitzeko autonomiarik ez izatea, entitate enkargu-egileak kontrolatzen duelako, bere zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzera. Ente instrumentala sozietate bat baldin bada, eta enkargua entitate publiko batek egiten badu, ente instrumentalaren sozietate kapital osoa titularitate publikokoa izan beharko da.

b) Jardueraren zatirik handiena enkarguak egiten dituzten entitateentzat egitea.

Ente instrumentalaren izaerak espresuki emandako adierazpen bat beharko du, Nafarroako Kontratazioaren Atarian iragarritakoa, enkarguak zein arlotakoak izan daitezkeen ere adierazirik.

3. Ente instrumentalak nahitaez bete beharreko aginduen bidez gauzatuko dira enkarguak, eta betiere ente enkargu-egileari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea.

Europar Batasuneko gutxieneko zenbatekotik gorako balio zenbatetsia duten enkarguak egiteko agindua Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dira, eman eta 7 eguneko epean gehienez ere, labur azalduta agindua justifikatzen duten egitatezko inguruabarrak eta zuzenbideko oinarriak, Kontratazio Publikorako Batzordeak zehazten duen formatuan, eta enkarguak ez dira exekutatzen hasiko iragarkia argitara eman eta 10 egun natural iragan baino lehen.

4. Enkarguaren xede diren lanen esleipenean interesa dutela frogatzen duten enpresek eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aurkeztu ahalko dute enkargua Nafarroako Kontratazioaren Atarian enkargua argitaratu eta biharamunetik hasita 10 egun naturaleko epean.

5. Ente instrumentalek baliabide material eta tekniko egokiak eduki beharko dituzte enkarguaren xede den prestazioaren zati handiena edo zati adierazgarri bat exekutatzeko, nahiz eta enkarguaren xede diren prestazioak emateko kontratazioak ere egin ahal izanen dituzten. Kontratazio horiek ezin izanen dute kontratuaren prezioaren ehuneko 50 baino gehiagoko exekuziorik hartu. Kontratu horien esleipena foru lege honen arauen menpe egonen da. Ondorio horietarako, ez dira hirugarrentzat joko entitate enkargu-egileen beste ente instrumental batzuk.

Horretarako, enkargua egiten zaion ente instrumentalak, enkargua jaso eta bost eguneko epean, justifikatu egin beharko du, enkargua egiten dion entearen aurrean, horretarako baliabideak badituela. Baliabiderik ez duela jotzen bada, enkarguaren xede den prestazioa foru lege honetan jasotako prozeduren arabera lizitatu beharko da.

Salbuespen gisa, kontratazio-portzentaje hori gainditzen ahalko da. Betiere, horrela jokatzeko, zorrozki justifikatu beharko da badela horretarako arrazoi justu bat, bidea emanen duena enkarguaren exekuzioa ekonomikoagoa, eraginkorragoa edo efizienteagoa izateko; esate baterako, merkatuaren ezaguera berezia, enpresa-antolamendu hobea edukitzea prestazioaren edo jardueraren osotasunaren exekuzioa –oro har hartuta– aurrera eramateko, edo bestelako arrazoiren bat, justifikatuko duena enkarguak prestazioari balio erantsi bat ezarriko diola azkenean.

Enkargu batean muga hori gainditu nahi bada, Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratu beharko da.

6. Ente instrumentalek ezin izanen dute parte hartu beren entitate nagusiak deitzen dituen esleipen prozeduretan”.

3. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari 8.bis artikulua gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“8.bis. artikulua. Kapital mistoko sozietateekiko kontratuak.

1. Foru lege honen pean dauden entitateek eginiko kontratu eta emakidak, arau honetan aurreikusitako baldintzekin bat, zuzenean esleitu ahal izanen zaizkio kapital mistoko entitate bati, baldin eta entitate hori kapital publikoa eta pribatua izatekoa bada. Esleipen horiek ez dira enkargutzat joko.

2. Bazkide pribatua hautatzea eta kapital mistoko entitateari esleitu behar zaion kontratua edo emakida, bai eta bazkide pribatuak zeregin horien exekuzioan emanen duen laguntza operatiboa eta/edo kapital mistoko entitatea kudeatzeari dagokionez emanen duen laguntza administratiboa ere, foru lege honetan aurreikusitakoaren araberako lizitazio bakarra eginen da. Bazkide pribatuaren hautaketa kapital mistoko entitatearen sorrerarekin batera joanen da eta kontratua edo emakida entitate horri esleitzearekin batera.

3. Baldintza agirian, edota lehia-elkarrizketa erabiltzen bada esleipen-prozeduran zehar, gutxienez ere honakoak ezarri beharko dira:

a) Kapital mistoko entitateari esleitu behar zaion kontratuaren deskribapena, adierazita entitate horren helburu sozial bakarra kontratu hori izanen dela, eta, behin kontratua amaituta, entitatea desegin eginen dela.

b) Entitate esleipen-hartzailearen eta kapital mistoko entitatearen harremana arautzen duten entitate-estatutuak eta akziodunen itunak.

c) Hautapenerako irizpide gisa, kapital-ekarpena sartzea, eta, egin beharreko prestazio espezifikoei dagokienez, eskaintzaren ezaugarriak.

d) Gainerako zer elementuk arautuko dituzten, batetik, entitate esleitzailearen eta bazkide pribatuaren arteko harreman kontraktuala, eta, bestetik, entitate esleitzailearen eta sortu beharrekoa den kapital mistoko entitatearen arteko harremana.

Lizitazio-iragarkian, kapital mistoko entitateak exekutatu beharreko kontratuari edo ustiatu behar duen emakidari zer iraupen aurreikusten zaion jasoko da, eta modu argi eta zehatzean adieraziko da zer aukera dauden eginkizun berriak esleitzeko, horiek ere kontuan hartuta kontratuaren balio zenbatetsian.

Nahitaez egin beharko da lizitazio-prozedura berri bat, baldin eta kontratu-xedapenen aldaketa bat, edozein dela ere, ez badago baldintza agirian aurreikusita edo ez bada gertatzen botere esleitzaile arduratsu batentzat aurreikusezinak diren zirkunstantziengatik, eta ez baditu betetzen foru lege honetan kontratu-aldaketarako modu orokorrean exijitzen diren gainerako baldintzak.

4. Sortzen den kapital mistoko entitateak baliabide material eta tekniko egokiak eduki beharko ditu enkarguaren xede den prestazioaren zati handiena edo zati adierazgarri bat exekutatzeko, nahiz eta enkarguaren xede diren prestazioak emateko azpikontratazioak ere egin ahal izanen dituen. Azpikontratazio horiek ezin izanen dute kontratuaren prezioaren ehuneko 50 baino gehiagoko exekuziorik hartu”.

4. artikulua. Aldatu egiten da Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 18. artikuluko 1. idatz-zatiaren d) letra. Testu hau izanen du:

“d) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten betebehar tributarioak edo Gizarte Segurantzakoak beterik ez izatea, edota, kasua bada, Minusbaliatuak Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 3/1982 Legearen 38. artikuluaren 1. idatz-zatiko betebeharrak, erregelamenduz ezarritako moduan”.

5. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 20. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“20. artikulua. Bateraezintasunak eta haien ondorioak.

1. Pertsona fisiko lizitatzaileak edo pertsona juridiko lizitatzailearen administratzaileek kontratatzeko bateraezintasunen bat badute, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeetan jasoa, ezin izanen da kontraturik egin. Halaber, hauteskundeei buruzko legeria orokorrean aipatutako hautapen bidezko karguak edukitzea kontratatu ezin izateko arrazoia izanen da, legeria horretan ezarritako baldintzen arabera.

Kontratatu ezin izateko arrazoi horiek ezkontideak, ezkontzaren antzeko bizikidetza harreman afektiboak dituzten pertsonak eta ondorengoak ere ukitzen dituzte, baldin eta, azken horiei dagokienez, aipatutako pertsonek haien legezko ordezkaritza badute.

2. Hala ere, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten Nafarroako toki entitateetan, hautapen bidezko tokiko karguen bateraezintasunaren ondorio bakarra abstentzio-arrazoi bat egotea izanen da, baldin eta kontratazio prozeduran eska daitezkeen izapide bakarrak badira aldez aurreko kreditu erreserba egitea, aplikatzekoa den aurrekontu arloko legeriarekin bat, eta kasuan kasuko faktura aurkeztea.

3. Ezin izanen dute lizitazio prozeduretan parte hartu kontratuen zehaztapen teknikoak zehazten esku hartu duten enpresek, ez eta horiei lotutako enpresek ere”.

6. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 24. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“24. artikulua. Kontratuen, esparru-akordioen eta erosketa sistema dinamikoen balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa.

1. Foru lege honen testuan kontratuen zenbatekoa aipatzen den bakoitzean, ulertuko da haietan ez dagoela sarturik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), espresuki kontrakoa adierazten denean izan ezik.

2. Kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat zenbateko osoa hartuko da, BEZa sartu gabe. Kalkulu horretarako kontuan hartuko da zenbatetsitako kopuru osoa, horren barrenean sartuta edozein aukera mota, kontratuaren balizko luzapenak, kontratuaren aldaketen zenbatekoa, lizitazio aurrekontuaren zenbatekoaren gainean kalkulatua, eta, halakorik bada, hautagai edo lizitatzaileentzako prima edo ordainketak.

3. Lizitazioari buruzko iragarkia bidaltzen denean eginen da zenbatespena, edo, iragarkiaren beharrik ez badago, kontratua esleitzeko prozedura hasten denean.

4. Obra kontratuetan balio zenbatetsia kalkulatzerakoan, kontuan hartu beharko dira obren zenbatekoa eta, gainera, kontratua exekutatze aldera kontratistaren eskueran jartzen diren materialen balio zenbatetsi osoa.

5. Obra proiektu edo laguntza kontratu baten ondorioz posible denean kontratuak lote bereizietan eta aldi berean esleitzea, lote guztien balio zenbatetsi osoa hartu beharko da kontuan. Loteen balio metatua Europar Batasunean publizitatea egiteko ezarritako gutxieneko zenbatekoa adinakoa edo handiagoa denean, publizitatea lote bakoitzaren esleipenari aplikatuko zaio.

Hala ere, foru lege honen menpeko entitateek lote bakoitzaren zenbatekoa soilik hartu ahalko dute kontuan, haien balio zenbatetsia 80.000 eurotik beherakoa denean, BEZa aparte, laguntza kontratuetan, eta 1.000.000 eurotik beherakoa, BEZa aparte, obra kontratuetan, baldin eta lote horien zenbateko metatua lote guztien balio metatuaren 100eko 20 baino handiagoa ez bada.

6. Hornidura homogeneoak lortzera bideraturiko proiektu batetik abiaturik lotetan banaturiko kontratuak aldi berean esleitzea gerta daitekeenean, lote guztien balio zenbatetsi osoa hartu beharko da kontuan, Europar Batasunean egin beharreko publizitateari dagokionez.

Hala ere, entitate kontratatzaileek 80.000 eurotik beherako balio zenbatetsia (BEZa aparte) duten loteen zenbatekoa bakarrik hartu ahalko dute kontuan, baldin eta lote horien zenbateko metatua lote guztien balio metatuaren ehuneko 20 baino handiagoa ez bada.

7. Hornidura kontratuetan, produktuen hornidura finantza-errentamenduaren, errentamenduaren edo epekako salerosketaren bidez egiten bada, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat hartu beharreko balioa honakoa izanen da:

a) Hamabi hilabete edo gutxiagoko iraupen mugatua duten kontratuetan, kontratuaren iraunaldirako zenbatetsitako balio osoa, eta, hamabi hilabetetik gorako iraupena badute, haren balio osoa, hondar-balio zenbatetsia ere barne.

b) Iraupen mugagabeko kontratuetan, edo kontratuaren iraupena zehaztu ezin denean, hileko balioa bider 48.

8. Hornidura edo laguntza kontratu aldizkakoetan edo epe jakinean berritu behar diren horietan, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat honakoa hartuko da:

a) Aurreko ekitaldian edo aurreko hamabi hilabeteetan esleitutako elkarren segidako antzeko kontratuen benetako balio osoa, hasierako kontratuaren ondoko hamabi hilabeteetarako aurreikusitako kantitate edo balio aldaketen arabera doitua, ahal bada.

b) Edo bestela, lehenbiziko entregaren ondoko hamabi hilabeteetan edo, ekitaldiak hamabi hilabete baino gehiago irauten badu, ekitaldian zehar esleitutako elkarren segidako kontratuen balio zenbatetsi osoa.

Kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzeko metodoa ezin izanen da aukeratu Europar Batasunean egin beharreko publizitatea saihesteko helburuarekin.

9. Laguntza kontratuei dagokienez, haien zenbateko zenbatetsia kalkulatzeko oinarritzat hartuko da, hala behar denean, ondoko zenbatekoa:

a) Aseguru kontratuetan, ordaindu beharreko prima eta beste ordain mota batzuk, eta banku-zerbitzu eta bestelako finantza zerbitzuetarako kontratuetan, ordainsariak, komisioak, korrituak eta beste ordain mota batzuk.

b) Proiektu bati dagozkion kontratuetan: ordainsariak, ordaindu beharreko komisioak eta beste ordain mota batzuk.

c) Prezio osoa zehaztuta ez duten kontratuetarako:

–Iraupen mugatuko kontratuetan, berrogeita zortzi hilabete edo gutxiago irauten badute, iraunaldi osoari dagokion balio zenbatetsi osoa.

–Iraupen mugagabeko edo berrogeita zortzi hilabetetik gorako kontratuetan, hileko balioa bider 48.

10. Esparru-akordioetarako eta erosketa sistema dinamikoetarako, balio hau hartuko da kontuan: esparru-akordioaren edo erosketa sistema dinamikoaren iraunaldi osorako aurreikusitako kontratu guztien gehieneko balio zenbatetsia, BEZa aparte”.

7. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 35. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“35. artikulua. Kontratuen prezioa.

1. Kontratuek beti ere prezio zehatza izanen dute, merkatura egokitua, eurotan adieraziko dena eta egiazki eginiko prestazioaren arabera eta hitzartuarekin bat kontratistari ordainduko zaiona. Kontratuan ezarririko baldintzek atzerriko monetan ordaintzera behartzen dutenean, haren gehieneko zenbatekoa eta dibisa mota ere adierazi beharko dira, eurotan emandako guztizko prezioaz gain.

2. Kontratuen prezioen berraztertzea foru lege honetan ezarririkora egokituko da.

3. Kontratuetan prezioaren ordainketa geroratua debekatzen da, non ordainketa sistema ez den ezartzen finantza errentamenduaren bidez edo erosteko aukera duen errentamendu sistemaren bidez, edo Nafarroako Gobernuak espresuki baimentzen duen.

Hala ere, finantza-errentamenduaren bidezko edo erosteko aukera duen errentamendu sistemaren bidezko ordainketa ezarria duten kontratuetan, ordainketarako gehieneko epea lau urtekoa izanen da, kontratuaren esleipenetik hasita, epe luzeagorik ez bada adosten, horretarako Nafarroako Gobernuak baimena eman ondotik.

Nafarroako gainerako Administrazio Publikoen kasuan, foru lege honen 2. artikuluaren a), c) eta d) letretan aurreikusitako horietan, aurreko lerroaldeetan aurreikusitako baimena ematea administrazio horietako organo eskudunari dagokio, bere berariazko araudiak ezarritakoari.

4. Administrazioak kontratuak finantzatuko ditu prestazioaren exekuzioak behar duen erritmora egokiturik. Helburu horretarako, bai urteko sariak programatzean bai kontratua exekutatzen ari den bitartean beharrezko diren neurriak hartu beharko ditu kontratua kudeatzen duen unitateak”.

8. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 37. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“37. artikulua. Kontratatzeko baimena.

1. Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako kontratazio organoek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute kontratu hauek izenpetzeko:

a) Balio zenbatetsia, BEZa aparte, 3.000.000 eurotik gorakoa dutenak; eta zenbateko txikiagoa dutenak, baldin eta, haien garrantzia kontuan hartuta, kontratazio organoak erabakitzen badu Nafarroako Gobernuari igortzea, hark baimena eman dezan”.

b) Urte anitzeko kontratuak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean aurreikusirikoarekin bat.

2. Erakunde autonomoetako kontratazio organoek, zein departamenturi edo zuzendaritza nagusiri atxikita dauden, haren baimena beharko dute, BEZa kenduta 750.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten kontratuak izenpetzeko.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoarekin bat, goragoko baten baimena behar duten kontratuetan, baimen hori kontratazio espedientea onetsi aitzin emanen da. Baimen hori, gastuaren onespena bezala, kontratazio organoari dagokio.

4. Goragoko batek baimena emanda izenpetzen diren kontratuetan, baimena beharko da, halaber, suntsiarazpena dakarten aldaketak egiteko eta kontratua suntsiarazteko.

5. Izenpetzerakoan 1. idatz-zatiko a) letran jasotakoa aplikatzen den kontratuetan, kontratazio-espedienteak bideragarritasun-plan bat izanen du, non, besteak beste, ekonomia-, finantza- eta gizarte-errentagarritasuna balioetsiko baita. Behar denetan, bideragarritasun-planak ustiapen-gastuei buruzko aurreikuspena jasoko du, gutxienez ere hamar urteko eperako”.

9. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 42. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“42. artikulua. Presako izapidetzearen espedientea.

1. Presako izapidetzea izan ahalko dute beharragatik luzapenik onartzen ez duten kontratazio espedienteek eta, halaber, interes publikoa dela kausa, esleipena azkartzea behar dutenek. Horretarako, kontratazio organoak izapidetzea presakoa dela adierazi beharko du, arrazoiak behar bezala azalduz, eta deklarazio hori espedientean sartuko da.

2. Presako espedienteak arrunten modu berean izapidetuko dira, baina berezitasun hauekin:

a) Aurretiazko izapidetzean parte hartzen duten administrazio, fiskalizazio eta aholku organoen eginbideetan lehentasuna izanen dute; izan ere, horiek bost eguneko epea izanen dute dagokien txostena emateko. Espedientearen zailtasuna dela kausa edo beste arrazoi justifikatu batengatik, epe horretan hura bideratzerik ez badago, administrazio, fiskalizazio eta aholku organo horiek presa deklaratu duen kontratazio organoari jakinarazi beharko diote. Horrelako kasuetan epea hamar egunera arte luzatuko da.

b) Administrazioak kontratua exekutatzen has dadin erabaki ahalko du foru lege honen 93.2 artikuluan ezarritako etendura epea amaitu ondoren eta hura formalizatu baino lehen, betiere, aurretik kontratuko betebeharrak betetzeko bermeak jarri baldin badira, administrazio klausula partikularren agirian halakorik eskatzen bada.

c) Eskaintzak edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea foru lege honetan aurreikusitako kasuetan bakarrik laburtu ahalko da.

d) Kontratua esleitzen den egunetik exekutatzen hasi bitarte ez dira bi hilabete baino gehiago joanen, bestela kontratua suntsiaraziko baita”.

10. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 45. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“45. artikulua. Administrazio klausula partikularren agiriak.

1. Lizitazio prozedura guztietan aurretiaz finkatuko dira aldeen eskubide eta betebeharren alderdi juridiko, administratibo eta ekonomikoak zehazteko itun eta baldintzak, hau da, administrazio klausula partikularren agiriak, foru lege honetan aurreikusitako berezitasunak salbu.

Agiri horiek ez dira izanen lege-xedapenen zerrenda soilak. Ezin izanen dute administrazio klausula orokorren agiriekin bat ez datorren baldintzarik eduki, halako orriak egonez gero, kasu berezietan izan ezik, eta horrelako kasuetan Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena egin beharko du aurretik.

2. Agirietan kontratua esleitzeko irizpideak ezarriko dira. Irizpideren bat funtsezkotzat joko den edo irizpideren batean eskaintza baztertua ez izateko gutxieneko puntuaziorik eskatuko den zehaztuko da, deusetan galarazi gabe teknikoki egokiak ez diren edo kontratua behar bezala exekutatuko dela bermatzen ez duten eskaintzak baztertzeko ahalmena.

3. Agirietan adierazi beharko da lizitatzaileek helbide elektroniko bat eman behar dutela, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jartzen bada jakinarazpenak bide telematikoetatik egin ahal izateko.

4. Administrazio klausula partikularren agirian eta, lehia-elkarrizketa badago, deskripzio agirian, esleipenerako irizpideetako bakoitzari dagokion ponderazio erlatiboa ezarriko da. Ponderazio hori balio-tarte egokia finkatuz adierazi ahal izanen da.

Justifikatutako arrazoiak direla medio ezin bada esleipen irizpideen ponderaziorik ezarri, garrantziaren arabera ordenatuko dira, garrantzi handiena duen irizpidetik hasita beheranzko hurrenkeran.

5. Kontratuaren baldintza ekonomikoak aldatzeaz 105.2.a) artikuluan aurreikusitako prerrogatibaz baliatzeko, administrazio klausula partikularren orrian aipatu eta arautu beharko da aukera hori, bai eta adostu daitezkeen aldaketen norainokoa eta mugak ere, espresuki adieraziz esleipen prezioaren zein gehieneko ehunekori eragin ahal dion; portzentajea hori ez da inola ere izanen ehuneko 20tik gorakoa.

Horrekin batera, foru lege honen 108. artikuluan arautzen den ahalmena, egiaz exekutatutako unitateen kopurua aldatzekoa, erabiltzeko aukera ere aipatu beharko da, eta horren portzentajea, esleipen-prezioaren ehuneko10etik beherakoa betiere.

6. Kontratazio organoak agiriak onetsiko ditu, gastua baimentzearekin batera edo lehenago, eta betiere kontratua lizitatu baino lehen, foru lege honetan jasotako arau berezien kalterik gabe.

7. Kontratua formalizatzeko agiriak administrazio klausula partikularren orrien edukiaren araberakoak izanen dira, eta horien klausulak haien zatitzat hartuko dira.

8. Kontratazio organoak klasula partikularren agiri-eredu orokorrak onetsi ahal izanen ditu bere eskumeneko eremuan erabil daitezen, kasu zehatz bakoitzari egokituta”.

11. artikulua. Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 51.1.b) artikulua aldatzen da. Honela geldituko litzateke:

“b) Gainerako kasuetan, eskaintza onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren xedearekin lotura duten irizpideak erabiliko dira, eta lehentasuna emanen zaie, irizpide subjektiboen aurretik, formula bidez baloratzeko moduko irizpideei; puntuazioaren ehuneko 50 gutxienez, irizpide horien bidez emanen da.

Irizpideak zehaztasunez ezarriko dira; zein garrantzi erlatibo duten espezifikatuko da, eta kontratuaren xedearekin egon beharko dute lotuta. Irizpide gisa ezarriko dira, esate baterako, kalitatea edo kalitatearen kontrolerako mekanismoak, prezioa, eskaintzaren balio teknikoa, ordezko produktuen eskuragarritasuna, ezaugarri estetiko eta funtzionalak, ingurumenari dagozkion ezaugarriak, funtzionamendu kostua, errentagarritasuna, salmenta ondoko zerbitzua eta laguntza teknikoa, emate data eta ematearen edo exekuzioaren epea, eta antzeko beste batzuk. Hobekuntzak aurkezteko aukera baloratzen bada, adierazi egin beharko dira hobekuntza horien baldintzak, mugak, modalitatek eta aski identifikatzeko bidea emanen duten ezaugarriak, eta kontratuaren xedearekin zerikusi zuzena izan beharko dute”.

12. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 54. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“54. artikulua. Proposamenak aurkezteko dokumentazioa.

1. Eskaintzetan edo parte hartzeko eskabideetan, enpresen gaitasuna eta kaudimena frogatzeko agiri hauek erantsiko dira:

a) Kontratistaren nortasun juridikoa eta, halakorik dagoenean, beraren ordezkaritza frogatzen dutenak.

b) Bermeak jarri direla frogatzen dutenak, administrazio klausula partikularren agirian hala eskatzen denean.

c) Lizitazio prozeduratik enpresa baztertzeko arrazoirik ez dagoela dioen adierazpena.

d) Enpresaren kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko agiriak.

e) Enpresak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beterik dituela frogatzen duten agiriak.

f) Enpresak laneko segurtasuna eta osasuna zaindu eta laneko arriskuei aurrea hartzeko betebeharrak, indarra duten xedapenetan ezarritakoak, beterik dituela dioen adierazpena.

g) Atzerriko enpresendako, edozein mailatako epaitegi eta auzitegi espainiarren jurisdikzioaren menpean jarriko direla dioen deklarazioa, kontratutik, zuzenean edo zeharka, sor daitezkeen gorabehera guztietarako, eta hala gertatzen denean, lizitatzaile edo hautagaiari dagokiokeen jurisdikzio foruari uko eginen diola.

2. Foru lege honen arabera beste agiri batzuk aurkeztea beharrezkoa denean, administrazio klausula partikularren agirian eta lizitaziorako iragarkian ere aipatu beharko dira.

3. Aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik badago, lizitatzaileari eskatu eginen zaio, kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko aurkeztu dituen ziurtagiri eta agiriak osatu edo zuzendu ditzan. Horretarako bost eta hamar egun bitarteko epea emanen zaio, inguruabarren arabera.

4. Administrazio klausula partikularren orrietan ondokoa ezarri ahalko da: artikulu honen 1. idatz-zatiaren a), d) eta e) letretan eskatzen den hasierako dokumentazio-ekarpenaren ordez lizitatzaileak erantzukizuneko aitorpena aurkez dezala, kontratatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena. Halakoetan, esleipen proposamena bere alde jaso behar duen lizitatzaileak gehienez zazpi eguneko epea izanen du, kontratazio mahaiak edo kontratua kudeatzen duen unitateak hala dela jakinarazten diotenetik, eskatzen diren agiriak badituela eta baliozkoak direla frogatzeko.

Behar diren agiriak epe horretan aurkeztu ezean, lizitatzailea prozeduratik kanpo geldituko da, eta lizitaziorako jarritako bermeak kenduko zaizkio edo kontratuaren balio zenbatetsiaren ehuneko 5eko penalizazioa ordaindu beharko du, bai eta kalte-ordain osagarria ere, portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik”.

13. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 61. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“61. artikulua. Kontratazio mahaiaren eginkizunak:

1. Kontratazio mahaiaren eginkizunak ondokoak dira:

a) Nortasunaren eta, halakorik denean, ordezkaritzaren egiaztagiriak kalifikatzea, bai eta kontratatu ezin izateko arrazoiei dagozkien agiriak ere.

b) Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa nahiz gaitasun tekniko edo profesionala balioestea.

c) Hautagaitza aurkeztu duten enpresaburuak onartu eta, kasua bada, aukeratzea, horrela aurreikusten den prozeduretan, eta eskaintza aurkezteko gonbita egitea.

d) Eskaintza teknikoa balioestea, esleipenerako irizpide gisa eskaintzarik onuragarriena hartzea duten prozeduretan.

e) Eskaintza ekonomikoak jendaurrean irekitzea eta ekitaldi horretan gertatzen diren gorabeherak ebaztea.

f) Eskaintzaren bat baxuegia ote den balioestea, foru lege honetan ezarritako prozedura izapidetu ondoren.

g) Esleitzeko proposamena jasoko duen lizitatzaileari eskatzea administrazio klausula partikularren agiriaren arabera beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezala.

h) Kontratua esleitzeko proposamena egitea kontratazio organoari.

i) Proposamenak kalifikatu eta balioesteko behar diren eginkizun guztiak, bai eta esleipenerako proposamena egiteko behar direnak eta legeetan esleitzen zaizkion gainerakoak ere.

2. Kontratazio mahaiko kideei bermatzen zaie eskubidea izanen dutela beren iritzia adierazteko, gehiengoarenaren kontrakoa bada, eta beren jarreraren arrazoiak aktan ager daitezen.

3. Kontratazio mahaiak, bere proposamena egin aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatu ahalko ditu, kontratuaren xedearekin zerikusia dutenak”.

14. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 65. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“65. artikulua. Europar Batasuneko gutxieneko zenbatekotik beherako prozedura irekiaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko gutxieneko zenbatekotik beherako prozedura irekian izapide hauek eginen dira:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateak txostena egitea, kontratua interes publikorako beharrezkoa edo komenigarria dela justifikatuta.

b) Kontratazio organoak baimena ematea, BEZa kontuan hartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetarako.

c) Kontratua kudeatzen duen unitateak administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren agiriak prestatzea. Administrazio klausula partikularren agiria erraztua izaten ahalko da. Bertan ondokoak arautuko dira:

c.1. Kontratuaren izaera eta xedea.

c.2. Kontratazio organoaren eta kontratua kudeatzen duen unitatearen identifikazioa.

c.3. Kontratuaren zenbatekoa.

c.4. Gutxieneko kaudimen baldintzak.

c.5. Eskaintzak aurkezteko arauak.

c.6. Kontratazio mahaiaren izendapena, halakorik bada.

c.7. Kontratua esleitzeko irizpideak.

c.8. Kontratua aldatzeko aukera eta igoeraren gehieneko portzentajea, esleipen prezioaren gainetik.

c.9. Ordaintzeko moduari buruzko arauak eta, behar izanez gero, prezioak berrikusteko arauak.

c.10. Egintzak aurkaratzeko eta errekurtsoak jartzeko araubidea. Adieraziko da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela, jakinarazpenak bide telematikoetatik egiteko.

d) Kreditu erreserba dagoela frogatzen duen agiria, aplikatzekoa den aurrekontuen arloko legeriarekin bat.

e) Txosten juridikoa.

f) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Nafarroako Kontratazioaren Atarian, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren agiriak, oso-osorik. Bereziki konplexuak diren kontratuetan, agiri osagarriak kontsultatu behar izaten baitira, eta obra proiektuetan, aditzera emanen da interesdunek zein helbidetan lor ditzaketen agiri horiek.

g) Aurkezturiko lizitatzaileak onartzea eta, kasua bada, eskaintzak balioestea, eskainitako prezioa aparte utzita, esleipenerako irizpidea eskaintzarik onuragarrienarena duten prozeduretan.

h) Eskaintzak jendaurrean irekitzea.

i) Kontratua kudeatzen duen unitateak edo kontratazio mahaiak esleipen proposamena egitea.

j) Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatzea.

k) Kontratazio organoak esleipena egiteko eta gastua onesteko ebazpena ematea”.

15. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 68. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“68. artikulua. Europar Batasuneko gutxienekotik beherako prozedura murriztuaren nondik norakoa.

Europar Batasuneko gutxienekotik beherako prozedura murriztuan izapide hauek eginen dira:

a) Kontratua kudeatzen duen unitateak txostena egitea, kontratua interes publikorako beharrezkoa edo komenigarria dela justifikatuta.

b) Kontratazio organoak baimena ematea, BEZa kontuan hartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetarako.

c) Kontratua kudeatzen duen unitateak administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren agiriak prestatzea. Administrazio klausula partikularren agiria erraztua izaten ahalko da. Bertan ondokoak arautuko dira:

c.1. Kontratuaren izaera eta xedea.

c.2. Kontratazio organoaren eta kontratua kudeatzen duen unitatearen identifikazioa.

c.3. Kontratuaren zenbatekoa.

c.4. Kaudimen baldintzak eta kaudimena balioesteko arauak.

c.5. Hautagaiak aukeratzeko irizpideak.

c.6. Eskaintzak aurkezteko arauak.

c.7. Kontratazio mahaiaren izendapena, halakorik bada.

c.8. Kontratua esleitzeko irizpideak.

c.9. Kontratua aldatzeko aukera eta igoeraren gehieneko portzentajea, esleipen prezioaren gainetik.

c.10. Ordaintzeko moduari buruzko arauak eta, behar izanez gero, prezioak berrikusteko arauak.

c.11. Egintzak aurkaratzeko eta errekurtsoak jartzeko araubidea. Adieraziko da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela, jakinarazpenak bide telematikoetatik egiteko.

d) Kreditu erreserba dagoela frogatzen duen agiria, aplikatzekoa den aurrekontuen arloko legeriarekin bat.

e) Txosten juridikoa.

f) Lizitazioari buruzko iragarkia argitaratzea Nafarroako Kontratazioaren Atarian, kontratua kudeatzen duen unitateko titularrak baimenduta. Bertan eskura egonen dira administrazio klausula eta agindu tekniko partikularren agiriak, oso-osorik.

g) Eskaintza aurkeztera gonbidatuko diren enpresak aukeratzea, administrazio klausula partikularren agirian ezarritako irizpideei jarraituz.

h) Eskaintza aurkezteko idatzizko gonbitak bidaltzea, denak aldi berean. Horrekin batera jakinaraziko dira eskaintzak aurkezteko azken eguna, eskaintzari erantsi beharreko agiriak eta eskaintzak jendaurrean irekitzeko ekitaldirako jarraibide zehatzak.

i) Eskaintza balioestea, eskainitako prezioa alde batera utzirik, esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarriena hartzea duten prozeduretan.

j) Eskaintzak jendaurrean irekitzea.

k) Kontratua kudeatzen duen unitateak edo kontratazio mahaiak esleipen proposamena egitea.

l) Kontu-hartzailetzak gastua fiskalizatzea.

m) Kontratazio organoak esleipena egiteko eta gastua onesteko ebazpena ematea”.

16. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 74. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“74. artikulua. Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren nondik norakoa.

1. Prozeduraren dokumentazioan honakoak bildu behar dira: unitate kudeatzaileak prestatutako kontratuak ase behar dituen beharrei buruzko txostena, kontratuko funtsezko baldintzak, txosten juridikoa, eta aplikatzekoak diren aurrekontu legeei jarraituz kreditu erreserba egin dela frogatzen duen agiria. Gainera, BEZa sartu gabe 300.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obra kontratuetan, kontratazio organoaren baimena beharko da.

Funtsezko baldintzetan, berriz, lizitatzaileekin negoziatzeko ezinbestekoak diren betekizun juridiko, ekonomiko eta tekniko guztiak bildu behar dira, eta negoziazioaren alderdiak zehaztu.

Funtsezko baldintza horietan ohartarazi behar da lizitatzaileak helbide elektroniko bat eman behar duela, kontratu publikoen arloko erreklamazioetan jakinarazpenak bide telematikoetatik egin ahal izateko.

2. Negoziatzeko gonbitak idatzita eta denak aldi berean bidali behar dira, proposamenak aurkezteko azken eguna, Administrazioak ase nahi dituen beharrak eta negoziazioaren alderdiak zehaztuta.

3. Negoziazioan lizitatzaile guztiek tratu bera jaso dezaten begiratuko da. Batez ere, ez da bereizkeriaz jokatuko informazioa ematean, lizitatzaile batzuek besteen aldean mesede egin diezaiekeen informaziorik izan ez dezaten. Bidalitako gonbitak, egindako negoziazioak eta jasotako proposamen edo eskaintzak behar bezala dokumentatuko dira.

4. Negoziazioa amaitutakoan, unitate kudeatzaileak esleipen proposamen justifikatua aurkeztuko du.

5. Kontratazio organoak kontratua esleitzeko ebazpena emanen du eta gastua onetsiko du, Kontu-hartzailetzak fiskalizatu ondoren.

6. Kontratuaren xedea irakaskuntza edo prestakuntzako jardueraren bat denean (Administrazioaren zerbitzuko langileentzako prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak edo enplegurako prestakuntzako zentro publikoetan emandako prestakuntza ekintzak, bai eta mintegi, solasaldi, mahai-inguru edo hitzaldiak, kolaborazioak, zientzi artikuluak edo idatzizko materialen prestaketa ere), eta espezialitate artistikoan eta antzeko jardueretan esleitzekoak diren kontratuetan, izapide hauek baizik ez dira egin beharko: aurretiaz kreditua erreserbatzea, organo eskudunak hautaketa edo izendapena egitea, eta kasuan kasuko faktura aurkeztea.

7. Aldizkarien eta bestelako argitalpenen harpidetza egiteko, zein den ere haien euskarria, bai eta datu-base espezializatuetako informazioaz baliatzeko zerbitzua kontratatzeko ere, betiere balio zenbatetsia 200.000 eurotik beherakoa denean; halakoetan, eskatu daitezkeen izapide bakarrak izanen dira aldez aurreko kreditu erreserba egitea, aplikatzekoa den aurrekontuen arloko legeriarekin bat, eta kasuan kasuko faktura aurkeztea. Kontratazio hori eginen da hornitzaileek aplikatzen dituzten baldintza orokorrak betez, ordaintzeko formulei dagozkienak barne, eta kasu hauetan prezioaren ordainketa kontratuak agintzen dituzten baldintzetan aurreikusitako moduan eginen da; entrega egin edo prestazioa eman aurretik ordaintzea onartuko da, betiere merkatuan ohikoa baldin bada.

Aurreko idatz-zatian aipatzen diren kontratuak bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez izenpetzen badira, entitate kontratatzaileek kontsumitzaile izaera izanen dute, informazioaren gizartearen eta merkataritza elektronikoaren zerbitzuen gaineko legerian aurreikusitako ondorioetarako”.

17. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 92. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“92. artikulua. Kontratuaren esleipena.

1. Esleipen prozeduran kontuan hartzen den irizpide bakarra eskainitako prezioa denean, gehienez ere hogei eguneko epean egin beharko da esleipena, eskaintzak jendaurrean ireki eta biharamunetik hasita.

2. Esleipen prozeduran kontuan hartzen den irizpidea eskaintzarik onuragarriena hartzea denean, kontratazio organoak gehienez ere hilabeteko epean esleituko du kontratua, eskainitako prezioa jendaurrean irekitzen denetik hasita, salbu eta administrazio klausula partikularren agirian beste epe bat ezartzen denean.

3. Epe horietan esleipenari buruzko erabakirik hartzen ez bada, lizitazioan parte hartzeko onartutako enpresaburuek beren proposamenak bertan behera utzi ahal izanen dituzte inolako penalizazio jaso gabe.

4. Kontratazio organoak esleipen proposamenarekin bat datorren esleipen ebazpena emanen du, proposamen horrek antolamendu juridikoa urratzen duen kasuetan izan ezik; hala denean, Kontratazio Publikorako Batzordeak txosten loteslea eman ondoren lizitazioa baliogabetu eginen da, salbu eta arau-hausteak esleipenerako proposatu den lizitatzailea baino ukitzen ez badu; kasu horretan, esleipena emanen zaio eskaintzen balorazioaren araberako zerrendako hurrengo lizitatzaileari, arau-hausteak eragiten ez badio, betiere.

5. Esleipenaren ebazpena arrazoitua izanen da, baztertutako hautagaitza edo eskaintza bakoitza zergatik baztertu den eta aukeratutako eskaintzak zer ezaugarri edo onura dituen eta esleipenak noiz izanen duen eraginkortasun osoa azalduko baitu, eta interesdunei jakinaraziko zaie, administrazio prozedura arautzen duen legerian xedatutakoari jarraituz.

Salbuespenez, zilegi izanen da hautatutako eskaintzaren datuak isilean uztea, legeria aplikatzeko oztopo bada, interes publikoaren kontrakoa bada, enpresen merkataritza-interes zilegiei kalte egiten badie edo enpresen arteko lehia bidezkoa eragotz badezake.

6. Esleipen prozeduran erabiltzen den irizpidea eskaintzarik onuragarriena hartzea denean, esleipena eman gabe utzi ahal izanen da interes publikoko arrazoiengatik, nahiz eta aurkeztutako eskaintzak administrazio klausula eta baldintza tekniko partikularren agiriarekin bat etorri, baldin eta, inguruabar faktiko edo juridikoen ondorioz, zentzuzkoa bada interes publikoa lehenestea, kontratuaren bidez ase behar diren beharrak kontuan izanik.

7. Artikulu honetan xedatutakoa gorabehera, betiere kontratazio organoak ahalmena izanen du lizitazioari, esparru-akordioari, erosketa sistema dinamiko baten ezarpenari edo exekutatzen hasi gabeko kontratu formalizatu bati uko egiteko edo horietan atzera egiteko, interes publikoko arrazoiengatik. Kontratazio organoak ahalmen hori erabiltzen duenean, administrazio ebazpena arrazoitua izanen da eta interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura arautzen duen legerian xedatutako moduan”.

18. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 93. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“93. artikulua. Kontratua burutzea.

1. Eskumena duen kontratazio-organoak egindako esleipenaren bidez burutzen dira Administrazioaren kontratuak, edozein izanik esleipen prozedura.

2. Esleipenaren eraginkortasuna etenda geldituko da arau hauei jarraikiz:

a) Obra, hornidura eta laguntza kontratuetan, haien balio zenbatetsia Europar Batasuneko gutxienekotik behera dagoelarik, 10 egun naturaleko epean esleipenaren jakinarazpena igortzen den egunetik hasita.

b) Obra, hornidura eta laguntza kontratuetan, haien balio zenbatetsia Europar Batasuneko gutxienekotik gora dagoelarik, bai eta obra eta zerbitzu emakidetan ere, 15 egun naturaleko epean esleipenaren jakinarazpena igortzen den egunetik hasita.

Horretarako, espedienteetan ageri beharko da esleipenaren jakinarazpena igorri zen egunaren berri ematen duen ziurtagiria.

3. Esleipen egintza eten eginen da kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat aurkezte hutsagatik, harik eta erreklamazio hori ebatzi arte.

4. Esparru-akordioetatik eta erosketa sistema dinamikoetatik sortutako kontratuek esleipena jakinarazten den egunetik aurrera izanen dute eraginkortasuna”.

19. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 94. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“94. artikulua. Kontratuak formalizatzea.

1. Kontratuak agiri administratiboan formalizatuko dira 15 egun naturaleko epean, esleipenaren etenaldia amaitzen denetik aurrera. Administrazio agirian formalizatutako kontratuak edozein erregistro publikotan sarrera izateko aski titulu izanen dira.

2. Kontratistari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik kontratua behar den epean formalizatzen ez bada, kontratazio organoak bi aukera izanen ditu: kontratua suntsiaraztea, interesdunari entzun ondoren, eta lizitaziorako jarritako bermeak atxikitzea edo interesdunari penalizazioa ezartzea, kontratuaren balio zenbatetsiaren ehuneko 5ekoa hain zuzen, eta kalte-ordain osagarria eskatzea portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik; edo beste epe bat ematea, luzaezina, kontratuaren exekuzioa atzeratzen den kasuetarako administrazio klausula partikularren agirian aurreikusten den penalizazio araubidea aplikatuta.

3. Kontratua behar zen epean formalizatu ez izanaren arrazoiak Administrazioari egozten ahal bazaizkio, kontratistak kontratua suntsiarazteko eta dagokion kalte-ordaina emateko eskatu ahalko du.

4. Kontratua formalizatu arte ezin izanen da kontratuaren exekuzioa hasi, ezertan ukatu gabe larrialdiko kontrataziorako, presaz izapidetzen diren kontratuetarako eta faktura izan ezik beste agiririk eskatzen ez den prozeduretarako aurreikusitakoa”.

20. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“97. artikulua. Esleipenen publizitatea.

1. BEZa kontuan hartu gabe 50.000 euroko zenbatekoa edo handiagoa duten kontratuen esleipenak Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dira, kontratua esleitzen denetik hasita 48 eguneko epean. Lizitazio iragarkirik argitaratu ez denean, kontratuen esleipenaren iragarkietan hori arrazoitzeko egitatezko inguruabarren eta zuzenbideko oinarrien azalpen laburra ere jasoko da.

Aurrez ezarri den erosketa sistema dinamiko batean oinarritutako kontratuen kasuan, esleipenak banaka argitaratu ordez, hiruhileko bakoitzean esleitutako kontratuena batera egin ahal izanen da. Hiruhilekoa amaitutakoan hasiko da zenbatzen 48 eguneko epea.

Kontratuen zenbatekoa Europar Batasuneko gutxieneko zenbatekotik beherakoa bada eta esparru-akordio edo erosketa sistema dinamiko baten babesean esleitzen badira, ez da esleipenaren publizitatea egin beharrik izanen, baldin eta aukeratutako kontratistak nortzuk diren jakinarazteko iragarkia argitaratu bada.

2. Europar Batasuneko gutxienekotik gorako zenbatekoa duten kontratuen esleipenak edo esparru-akordioen lizitazioaren emaitzak Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eredu ofizialei jarraituz, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako epean.

Europar Batasuneko gutxienekotik gorako zenbatekoa duten kontratuak aurretiaz egindako esparru-akordioan oinarrituta badaude, ez da publizitaterik egin beharrik izanen.

3. Foru lege honen II. B eranskineko zerrendan dauden laguntza kontratuen zenbatekoa Europar Batasuneko gutxienekotik gorakoa denean, haien esleipenaren berri igorriko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialera, eredu ofizialei jarraituz, eta informazio hori argitaratu nahi den ala ez adieraziko da.

4. Balio zenbatetsia Europar Batasuneko gutxienekotik gorakoa duten kontratuetan, eta lizitazio-iragarkia salbuetsita badago, kontratazio organoaren irizpideekin bat, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzetik, foru lege honetan aurreikusten diren salbuespen-kasuetako batean dagoelako, esleipenak Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko “aldez aurreko borondatezko gardentasuneko” iragarki baten xede izanen dira, zeina eredu ofizialen arabera eginen baita, eta esleipenak 15 egun naturaleko etenaldia izanen du iragarkia argitaratzen den egunetik hasita, ekiditeko, era horretan, kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat aurkezten den kasurako, foru lege honen 126. artikuluan aurreikusitako zehapena, erabateko deuseztasuna alegia.

5. Kontratazio organoak erabakitzen duenean kontratu bat aldatzea edota kontratu gehigarriak edo osagarriak esleitzea, erabaki hori, betiere, Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da; jasota agertuko dira erabakia justifikatzen duten zirkunstantziak, irismena eta zenbatekoa, ahalmen hori egoki erabiltzen dela ziurtatzeko.

Era berean, erabaki hori onartuak izan ziren lizitatzaileei jakinaraziko zaie, eta, gainera, informazio osagarria ere emanen zaie, lizitatzaileei aukera emanen diena, kasua bada, aldaketaren erabakiaren kontra aski oinarritutako errekurtsoa jartzeko, baldin eta legezko eskakizunak ez badira bete.

6. Era berean, behin kontratu nagusia eta osagarriak amaituta, hurrengo datuak Interneten argitaratuko dira; ahal dela, erakunde kontratatzailearen webgunean: lizitazio prezioa, kontratu-exekuziorako epea, lizitatzaileen kopurua eta izenak, esleipen-hartzailearen izena, esleipenaren prezioa, lizitazio-prezioarekiko beheratze-portzentajea, kontratuak izandako aldaketa-kopurua eta horien zenbatekoa, amaierako likidazioaren prezioa, eta zer ehunekotan desbideratu den likidazio prezioa lizitazio preziotik. Jarraian, datu berak erantsiko dira, baina kontratu osagarriei buruzkoak”.

21. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 105. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“105. artikulua. Administrazio kontratua aldatzea.

1. Kontratua behin burututa, kontratazio organoak aldaketak egin ahalko ditu hura osatzen duten prestazioetan soilik horretarako interes publikoko arrazoiak badaude, eta beharrezko egiten dituen kausa objektiboari erantzuteko ezinbestekoak direnak baizik ez du eginen.

2. Kontratuak aldatu ahalko dira, betiere aldaketak kontratuaren funtsezko edukiari eragiten ez badio, eta prestazioak hasierako proiektutik edo kontratutik bereizteak kalte larriak eragiten ez badizkio interes publikoari, kasu hauetan:

a) Lizitazio agirietan edo iragarkian aldaketarako aukera aurreikusirik badago.

Aukera hori argi, zehatz eta nahasbiderik gabe azalduta egon beharko da, azalduta zein inguruabar behar diren aukeraz baliatzeko, modu objektiboan egiaztatzeko moduko inguruabarrak izanik. Era berean, erabaki ahalko diren aldaketen norainokoa eta mugak zehaztuko dira, espresuki adierazita gehienez ere kontratuaren esleipen prezioaren zer ehunekori eragin ahal dion.

Kasu honetan, agirian adieraziko da halaber kontratua aldatzeko erabiliko den prozedura, aldaketak hurrengo artikuluetan jasotakoez gain beste izapide gehigarriren bat behar duenean. Bestela, aldaketa aipatutako artikuluetan aurreikusitako moduan izapidetuko da.

b) Aldaketaren beharra behar bezala justifikaturik dagoenean, entitate esleitzaile arduratsu batentzat ustekabekoak diren inguruabarrak daudelako.

Gainerako aldaketek funtsezkoen kalifikazioa izanen dute eta esleipen berritzat hartuko dira.

3. Aldaketa guztien zenbatekoa, batera, ez da kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 20tik gorakoa izanen.

4. Kontratua ezin izanen da aldatu kasu hauetan:

a) Aldaketaren xedea denean kontratistak kontratua exekutatzean egindako akatsak edo horien ondorioak zuzentzea, kontratuaren betebeharrak edo kontratistaren erantzukizuna eskatuz eta betez konpondu daitezkeenean.

b) Hasierako kontratuan edo proiektuan ez dauden obrak, laguntzak edo hornidurak izanik, bereizirik baliatu daitezkeenean edo lan osagarriak kontratatzeko 73. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenean.

5. Aurreko eskakizunak betetzen dituzten eta kontratuan ezarritako unitateak gehitzea, gutxitzea, kentzea edo ordeztea dakarten aldaketak nahitaez onartu beharko ditu kontratistak, betiere ordezpena kontratuko unitateen artean egiten bada. Unitateak kendu edo murrizten direnean kontratistak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik eskatzeko.

6. Herri lanen emakidarako eta zerbitzuen emakidarako kontratuetako aldaketek artikulu honetan xedatutakoari jarraituko diote, haiei buruzko arau berariazkoen aplikazioa galarazi gabe. Herri lanen emakidarako kontratuan aldaketak egiten badira obrak egiten ari diren bitartean, aldaketa horiek obra kontraturako aurreikusitakoari lotuko zaizkio”.

22. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 106. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“106. artikulua. Prezioak finkatzea kontratua unitate berriak sartuz aldatzen denean.

1. Obra kontratuetan egiten den aldaketa unitate berriak sartzea denean, alegia, kontratuan egon ez diren unitateak edo ezaugarri oso desberdinak dituztenak gehitzen badira, Administrazioaren eta kontratistaren arteko negoziazioaren bidez finkatuko dira prezioak. Adostasunik lortu ezean, kontratistak Kontratazio Publikorako Batzordeari arbitrajea eskatu ahal izanen dio prezioak finkatzeko, edo bestela unitate berrien exekuzioari uko egin ahalko dio.

Kontratistak unitate berrien exekuzioari uko eginez gero, Administrazioak haien exekuzioa lizitatu ahal izanen du Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez, 73.1.c) artikuluaren babesean.

2. Obra kontratuetan ez da beharrezkoa izanen aldaketa espediente bat izapidetzea unitate berriak sartzeagatik kontratazio organoak xedatu duenean esleipenaren ebazpenean kudeaketa unitateari kreditu orokorra ematea, kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 10ekoa gehienez, betiere ehuneko hori aurreikusirik badago administrazio klausula partikularren agirian eta kontratuaren balio zenbatetsian sartu baldin bada, foru lege honen 24. artikuluarekin bat.

Kreditu orokor hori erabili ahal izateko beharrezkoa izanen da zuzendaritza fakultatiboak txostena ematea, kontratistaren adostasunarekin. Kontu-hartzailetza eskuordeak eta kontratua kudeatzen duen unitatea bere menpean duen zerbitzuko zuzendariak txosten hori berretsi beharko dute.

Kreditu orokor horren aplikazioa ziurtagiri edo ordainketa partzialetan eta kontratuaren amaierako ziurtagirian sartuko da besterik gabe.

Hala ere, geroago kontratuaren aldaketa izapidetu beharra badago, aurreko aldaketa horiek aldaketa espedientean sartu beharko dira.

3. Hornidura eta laguntza kontratuetan, aldaketa egiten bada kontratuan ez dauden edo ezaugarri oso desberdinak dituzten unitate berriak sartzeko, prezioak negoziazio prozesu batean finkatu beharko dira. Administrazioa eta kontratista ados jarri ezean, Administrazioak unitate berri horiek lizitatu ahal izanen ditu Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatuaren bidez, 73.1.c) artikuluaren babesean.

Hala ere, prozedura hori ezin izanen da erabili, baldin eta segidako aldaketen zenbatekoa hasierako kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 20 baino handiagoa bada”.

23. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 108. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“108. artikulua. Aldaketa espedienterik behar ez duten unitate-aldaketak.

Administrazio klausula partikularren agirian hala aurreikusirik dagoen kasuetan, eta kontratuaren balio zenbatetsian kontuan hartu bada, egiaz exekutatuko unitateen kopurua obra proiektuan edo hasierako kontratuan aurreikusitakoena baino handiagoa denean, besterik gabe sartuko dira kontratuaren egiaztagiri edo ordainketa partzialetan eta amaierako egiaztagirian, betiere, gastuaren igoera ez bada administrazio klausulen agirian adierazitako portzentajea baino handiagoa; portzentajea hori ez da izanen kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 10etik gorakoa.

Hala ere, exekutaturiko unitateen gehikuntzaren ondoren aldaketaren bat izapidetu beharra baldin badago, gehikuntza hori ere aldaketa espedientean sartu beharko da.

Edozein kasutan ere, unitate kopuruaren aldaketek egiten duten zenbatekoa eta kontratuaren aldaketek egiten dutena, batuta, ez dira administrazio klausulen agirian adierazitako gehieneko portzentajea baino handiagoak izanen; portzentaje hori ez da inola ere izanen kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 20tik gorakoa”.

24. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 114. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“114. artikulua. Ordaintzeko epea eta berandutza-korrituak.

1. Administrazioak hogeita hamar egun naturaleko epean ordaindu beharko du kontratuaren prezioa, eta epe hori kontatzen hasiko da kontratazio organo eskudunaren erregistroan jasotzen denean dagokion faktura edo agiri baliokidea, frogatzen duena kontratua osorik edo partzialki egin dela. Obra kontratuetan, epe hori obra ziurtagiriak ematen direnetik hasiko da kontatzen.

Zalantzazkoa bada faktura edo ordainketa-eskaera baliokidea jaso den data, ordaintzeko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ondasunak jaso diren egunetik edo zerbitzuak eman diren egunetik kontatzen hasita.

Zordunak faktura edo ordainketa-eskaera baliokidea jasotzen badu ondasunak edo zerbitzuak baino lehenago, ordaintzeko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ondasunak jaso diren egunetik edo zerbitzuak eman diren egunetik kontatzen hasita.

Zordunak faktura edo ordainketa-eskaera baliokidea jasotzen badu 122.2 artikuluan araututako harrera- edo adostasun-egintza baino lehen edo egintza horrekin batera, ordaintzeko epea 30 egun naturalekoa izanen da, egintza hori izan denetik kontatzen hasita. Egintza hori ez balitz ezarritako epean eginen Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, joko da epearen azken egunean egin dela.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen epeak 60 egun naturalekoak izanen dira, osasun-laguntzako zerbitzuak eman eta horretarako onartuak dauden entitate publikoen kasuan.

3. Epe horiek ordainketarik egin gabe iraganez gero, zorrak berandutza-korrituak sortuko ditu, ohartarazpen edo errekerimendurik egin beharrik izan gabe. Haien zenbatekoa izanen da kasuan kasuko seihilekoaren lehen egun naturalaren aurretik Europako Banku Zentralak birfinantzaketarako egin duen azken eragiketa nagusian aplikatutako korritu tasa gehi ehuneko zortzi puntu, salbu eta kontratua arautzeko baldintzetan tasa handiagoa ezartzen denean. Obra kontratuetan, ordea, berandutzarik izanez gero, berandutza-korrituak kalkulatzeko hasierako eguna hau izanen da: obra ziurtagiriak eman ondoko hogeita hamargarren egun naturala.

4. Ordainketaren berandutza lau hilabetetik gorakoa bada, kontratistak kontratua betetzea eten ahal izanen du, eta Administrazioari eman beharko dio horren berri hilabete lehenagotik, eten horren ondorioz sor daitezkeen eskubideak aitortzearen ondorioetarako, foru lege honetan ezarritako moduan.

5. Ordainketaren berandutza zortzi hilabetetik gorakoa bada, kontratistak eskubidea izanen du, halaber, kontratua suntsiarazi eta horren ondorioz eragiten zaizkion kalteen ordaina jasotzeko.

6. Berandutza-korrituak exiji daitezkeen kasuetan, kontratistak, gainera, 40 euroko kopuru finko bat kobratzeko eskubidea izanen du, izan dituen kobrantza-kostuen ordainetan, eta, gainera, 40 euro baino handiagoko kobrantza-kostu guztiengatiko ordain arrazoizko bat ere bai, egiaztatzen badu kostu horiek izan dituela Administrazioari egotz dakiokeen ordainketa-berandutzagatik.

7. Behin 1. idatz-zatiak aipatzen duen epea pasatuta, kontratistek idatziz erreklamatzen ahalko diote Administrazio kontratatzaileari bete dezala ordainketa-betebeharra, eta, kasua bada, berandutza-korrituak ere erreklamatzen ahalko dizkiote. Hilabete pasatu eta Administrazioak ez badu erantzun, ulertuko da aitortu dela gaindituta dagoela ordainketaren epemuga; interesdunek, horrenbestez, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Administrazioaren jarduterik ezaren aurka, eta, kautela-neurri gisa, zorraren berehalako ordainketa eskatzen ahalko dute”.

25. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 122.2. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“122. artikulua. Kontratuak betetzea eta harrera.

2. Edozein modutan, kontratua bete dela egiaztatzeko, Administrazioak harrera- edo adostasun-egintza formal eta positibo bat eginen du, kontratuaren xedea burutzen edo entrega egiten denetik kontatzen hasita hamabost eguneko epean gehienez ere. Obra kontratuetan eta herri lanen emakidako kontratuetan, administrazio klausula partikularren agiriak epe hori luzatu ahalko du obrak amaitu eta are 30 egun geroagora arte”.

26. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 124. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“124. artikulua. Administrazio kontratuak suntsiarazteko arrazoiak.

1.i) (kenduta).

2. i) Kontratua automatikoki suntsituko da, baldin eta kontratu-aldaketek, nahiz eta hurrenez hurrengoak izan, bakarka edo denek batera goranzko zein beheranzko aldaketak eragiten badituzte kontratuaren prezioan, eta gorabehera horiek kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 20a baino handiagoak badira, balio erantsiaren gaineko zerga kontuan hartu gabe”.

27. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 126. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“126. artikulua. Baliogabetasunaren arrazoiak.

1. Administrazioak izenpetutako kontratuen baliogabetasunaren berariazko arrazoiak dira hurrengo idatz-zatietan aipatzen direnak.

2. Honakoak dira administrazio zuzenbideko deuseztasun kausak:

a) Administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako deuseztasun kausa orokorrak.

b) Esleipenaren unean krediturik ez egotea edo aski ez izatea, kasuan kasuko administrazio publikoari aplikatu beharreko aurrekontu arauetan ezarritakoaren arabera, larrialdiko prozeduretan izan ezik.

c) Esleipen-hartzaileak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

d) Kontratistak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea, hori behar bezala egiaztatzen denean.

e) Kontratu baten esleipena aldez aurreko lizitazio iragarkirik gabe egitea, iragarkia aginduzkoa denean foru lege honetako arauekin bat.

f) Kontratua formalizatzea foru lege honen 93.2 artikuluan ezartzen den esleipen-etenaldia hautsiz, edo esleipenaren kontra kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat izapidetzen ari delarik.

3. Administrazio zuzenbideko deuseztagarritasun kausak dira foru lege honetan xedatutakoaren eta gainerako antolamendu juridikoaren kontrako gainerako arau-hausteak.

4. Kontratistak gaitasun juridikorik edo jarduteko gaitasunik ez izatea eta kontratazio administratiboan kontratuen baliogabetasuna dakarten gainerako arrazoiak, zuzenbide zibilean onartutakoak, antolamendu zibilean ezarritako baldintzei eta akzioak erabiltzeko epeei lotuko zaizkie, baina haiek baliarazteko prozeduran arau izanen da administrazio egintzen eta kontratuen baliogabetasunari buruz xedatutakoa”.

28. artikulua. Aldatu egin da Kontratuei buruzko azaroaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 133.1 artikulua. Honako testua izanen du:

“1. Proiektua eta obra batera kontratatzen badira, enpresaburuak obraren proiektua aurkeztuko du, Administrazioak aurreproiektua edo horren pareko agiria egin ondoren. Interes publikoko arrazoi justifikatuak egonez gero, Administrazioak zilegi izanen du proiektuak bete beharko dituen oinarri teknikoak egitera mugatzea. Kontratazio horiek salbuespenezkoak izanen dira, eta kasuotan soilik egiten ahalko dira: a) arrazoi teknikoak direla-eta, kontratista, ezinbestez, obren azterlanei lotu beharra dagoenean; b) obren tamaina edo zailtasun tekniko bereziak direla-eta, enpresaren baliabideen eta berezkoa duen gaitasun teknikoaren bidez soluzioak eman behar zaizkienean”.

29. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 144. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“144. artikulua. Emakida kontratuaren bidez egiten diren herri lanen finantzaketa.

1. Emakidadunak osorik edo zati batean finantzatuko ditu emakidaren xede diren herri lanak, eta betiere bere gain hartuko du arriskua, egindako inbertsioaren arabera.

2. Emakidadunak finantzaketa pribatua erabili ahal izanen du kontratuko betebeharrak betetzeko. Horretarako, mailegu edo kredituak kontratatu ahal izanen ditu kreditu entitateekin, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera. Kontratu horiek sinatu eta hilabeteko epean kontratazio organoari jakinarazi beharko zaizkio.

Halaber, emakida-hartzaileak beste finantzabide pribatu batzuk erabili ahal izanen ditu, kontratazio organoak baimena emanez gero.

3. Errentagarritasun ekonomiko edo sozialeko arrazoiak daudenean, edo emakidaren xede den lanaren xede publikoa edo interes orokorrak eragindako eskakizun bereziak daudenean, Administrazioak baliabide publikoak jarri ahalko ditu finantzaketarako, betiere hala zehaztu bada administrazio klausulen agirian eta horien zenbatekoa kontuan hartu bada lizitazioaren iragarkian adierazitako balio zenbatetsian; era guztietara, emakida hartzaileak arriskua bere gain hartzeko printzipioa errespetatu beharko da.

4. Emakida-emaileaz gain, beste administrazio publiko batzuek ere ekarpenak egin ahal izanen dituzte emakidaren xede den herri lanaren eraikuntza finantzatzeko, kasuan kasuko hitzarmenean ezartzen den moduan, eta beste erakunde nazional edo nazioarteko batzuek ere finantzaketan parte hartu ahal izanen dute”.

30. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 162. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“162. artikulua. Herri lanaren aldaketa.

1. Foru lege honetan aurreikusitako moduan, Administrazioak herri lana aldatzea edo handitzea erabaki ahal izanen du, bai eta emakidaren xedearekin zuzeneko zerikusia duten obra osagarriak egitea ere, emakidak indarrean dirauen bitartean. Behar izanez gero, ekonomia eta finantza plana berrikusi eginen da inguruabar berriei egokitzeko.

2. Aldaketak emakidaren oreka ekonomikoari eragiten badio, 157. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Beren ezaugarri fisiko eta ekonomikoak direla-eta ustiapen bereizia ahalbidetzen duten aldaketen kasuan, beste lizitazio bat eginen da horiek egiteko eta ustiatzeko”.

31. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 183. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“183. artikulua. Proiektuen lehiaketa.

1. Plan edo proiektu bereziak egiteko, nagusiki lurralde antolamenduaren, hirigintzaren, arkitekturaren, ingeniaritzaren eta datu-prozesatzearen arloetan, Administrazioak proiektuen lehiaketa erabiliko du, zeinaren ezaugarri baita proiektuen lehiaketako parte-hartzaileekin loturarik ez duten pertsona fisikoek bakarrik osatutako epaimahai batek esku hartzen duela.

2. Lehiaketaren aurretik, kontratazio organoak lehiaketa egiteko arauak onetsiko ditu eta deialdiaren iragarkia argitaratuko du. Iragarkia zer agerkaritan argitaratu behar den zehazteko, parte-hartzaileentzat ezarri ahal diren sari edo ordainketen balioari erreparatuko zaio. Lehiaketaren ondoriozko kontratuen zenbatekoa konputatuko da, halakorik bada.

Lehiaketaren zenbatekoa, BEZa aparte, 200.000 eurokoa edo gehiagokoa denean, iragarkia argitaratuko da Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, ezarritako eredu ofizialei jarraituz.

3. Lehiaketa irekia egin ahal izanen da, edo bestela aukeraketa egin ahal izanen da aurretiaz. Lehiaketaren aurretik hautagaiak aukeratzea erabakitzen bada, aukeratzeko irizpideek argiak, objektiboak eta bereizkeriarik gabekoak izan beharko dute. Lehiaketa egiteko arauetan ezarriko da zenbat hautagairi eginen zaien gonbita proiektua aurkezteko. Bost puntuaziorik onenak lortzen dituzten hautagaiak gonbidatu beharko dira, gutxienez ere.

4. Proiektuak izenik gabe aurkeztuko dira eta aurkezleen izenak ez dira jakinen harik eta epaimahaiak bere irizpena edo erabakia aditzera eman arte.

5. Epaimahaiak askatasun osoz emanen ditu bere erabaki edo irizpenak, eta lehiaketari buruzko iragarkian adierazitako irizpideak baizik ez du erabiliko. Hala ere, sektoreko araudiari jarraituz berariazko lanbide kualifikazioa eskatzen bada, epaimahaiko kideen herenak, gutxienez, lanbide kualifikazio hori edo baliokidea eduki beharko du.

Epaimahaiko kideak administrazio prozedura arautzen duen legerian ezarritako abstentzio edo errefusatze kausei lotuta egonen dira.

6. Epaimahaiak lehiaketaren emaitzari buruzko txostena emanen du, kide guztiek sinatua. Bertan adieraziko da proiektu bakoitzak lehiaketako arauekin bat etorriz duen sailkapena, eta behar diren ohar eta gainerako argibideak erantsiko dira.

7. Proiektuen lehiaketa baten irabazleari kontratuak esleitzeko, lehiaketaren jarraipena baldin badira eta baldintzetan aurreikusirik badago, Europar Batasunean publizitaterik ez duen prozedura negoziatua erabili ahal izanen da. Irabazle bat baino gehiago egonez gero, guztiei egin beharko zaie negoziazioan parte hartzeko gonbita”.

32. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 184. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“184. artikulua. Aplikazio-eremua.

Obra, hornidura eta laguntza kontratuak eta herri lan eta zerbitzuen emakidak 2.1 artikuluko e) eta f) letretan aipatutako pertsona eta entitateek egiten dituztenean, liburu honetako xedapenen arabera prestatu eta esleitu beharko dira, eta haien ondorioei eta amaierari dagokienez, zuzenbide zibileko edo merkataritza zuzenbideko xedapenek arautuko dituzte, ezertan galarazi gabe I. liburuan kontratu-aldaketetarako ezarritako araubidea eta hurrengo liburuan erreklamazioetarako ezarritakoa”.

33. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 195. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“195. artikulua. Dokumentazioa zuzentzea eta eskaintzak argitzea.

1. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta gaitasun tekniko edo profesionala frogatzeko dokumentazioan zerbait falta bada edo zalantzarik sortarazten bada, lizitatzaileei aurkeztu dituzten ziurtagiri eta agiriak zuzendu edo osatzeko eskatuko zaie. Horretarako bost eguneko epea emanen zaie gutxienez.

Baldintza arautzaileetan ezarri ahal izanen da hasieran dokumentazioa aurkeztu ordez lizitatzailearen erantzukizuneko aitorpena aurkez dadila, foru lege honetan kontrataziorako ezarritako baldintzak betetzen dituela dioena. Halakoetan, esleipen proposamena bere alde izanen duen lizitatzaileak gehienez zazpi eguneko epea izanen du, inguruabar hori jakinarazten zaionetik, eskatzen diren agiriak badituela eta baliozkoak direla frogatzeko. Behar diren agiriak epe horretan aurkeztu ezean, lizitatzailea prozeduratik kanpo geldituko da, eta lizitaziorako jarritako bermeak kenduko zaizkio edo kontratuaren balio zenbatetsiaren ehuneko 5eko penalizazioa ordaindu beharko du, bai eta kalte-ordain osagarria ere, portzentaje horren gainetik eragindako kalte eta galerengatik.

2. Esleipen irizpidea eskaintzarik onuragarriena hartzea duten prozeduretan, eskaintzaren bat iluna edo zehaztugabea dela iritziz gero, argibide osagarriak eskatu ahal izanen dira, betiere lizitatzaileen arteko tratu berdintasunaren printzipioa errespetatuz. Argibide osagarriek ezin izanen dute aldarazi aurkeztutako eskaintza. Argibide osagarriak emateko epea gutxienez bost egunekoa izanen da.

Ezin izanen da argibide osagarririk eskatu eskainitako prezioari buruz, non ez den formula, ekuazio edo antzekoren bat erabiltzen prezioa adierazteko, halakoetan osagaiei buruzko argibideak eskatu ahal izanen baitira”.

34. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 200. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“200. artikulua. Hautagai eta lizitatzaileei informazioa ematea esleipenaren gaineko erabakiaz.

1. Entitate kontratatzaileek hautagai eta lizitatzaileei jakinaraziko dizkiete, lehenbailehen eta idatziz, lizitazio prozeduretan hartzen dituzten erabakiak, dagoeneko lizitatu den kontratuari uko egin izanaren arrazoiak barne direla.

2. Kontratuak esleitzeko erabakiaren ondorioak eten eginen dira ondoko arauetan ezarritako kasuetan:

a) Obra, hornidura eta laguntza kontratuetan, haien balio zenbatetsia Europar Batasuneko gutxienekotik behera dagoelarik, 10 egun naturaleko epean esleipenaren jakinarazpena igortzen den egunetik hasita edo esleipena argitaratzen denetik hasita, halakorik egiten bada.

b) Obra, hornidura eta laguntza kontratuetan, haien balio zenbatetsia Europar Batasuneko gutxienekotik gora dagoelarik, bai eta obra eta zerbitzu emakidetan ere, 15 egun naturaleko epean esleipenaren jakinarazpena igortzen den egunetik hasita, edo esleipena argitaratzen denetik hasita, halakorik egiten bada.

3. Esleipenaren gaineko erabakia hartu ondoren, 15 eguneko epean igorriko zaie lizitatzaileei jakinarazpena, hautatutako eskaintzaren ezaugarriak eta abantailak labur azalduko dituena, adierazirik, halaber, esleipen-hartzailearen izena edo esparru-akordiorako hautatutako enpresena, aurreko idatz-zatian aipatzen den etenaldia amaitzeko eguna eta kontratazio publikoaren arloan erreklamazio baterako behar diren datu guztiak, horrelakorik aurkeztu nahi izanez gero. Onartu ez diren lizitatzaileen kasuan, ez onartzeko kausak ere adieraziko dira jakinarazpenean.

4. Aurretik Kontratazio Publikorako Batzordeak txostena eginda, jakinarazi gabe utzi ahal izanen dira kontratuen esleipenarekin, esparru-akordioekin edo erosketa sistema dinamikoetan parte hartzeko onarpenarekin zerikusia duten zenbait datu, baldin eta horien zabalkundea legeak aplikatzeko oztopo izan badaiteke, interes publikoaren kontrakoa izan badaiteke edo enpresen merkataritza-interes legitimoei edo haien arteko lehia zintzoari kalte egin badiezaiekete”.

35. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 202. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“202. artikulua. Kontratuak formalizatzea.

1. Kontratuak 15 egun naturaleko epean formalizatuko dira, foru lege honen 200.2 artikuluan esleipenerako ezarritako etenaldiaren epea amaitzen den egunetik aurrera, salbu eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat aurkeztu bada kontratuaren esleipenaren kontra, horrek ere esleipenaren etendura ekarriko baitu.

2. Kontratua formalizatu arte ezin izanen da kontratuaren exekuzioa hasi, ezertan ukatu gabe larrialdi kasuetako kontratazioetarako eta faktura izan ezik beste agiririk eskatzen ez den prozeduretarako aurreikusitakoa”.

36. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 206. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“206. artikulua. Kontratuen baliogabetasuna.

Zuzenbide zibilean edo merkataritza zuzenbidean ezarritako arrazoiek ekarriko dute liburu honetan aipatzen diren kontratuen baliogabetasuna.

Kausa horiez gain, liburu honetan aipatzen diren kontratuak zuzenbide osoz deusezak izanen dira haiek prestatzeko egintzaren bat edo esleipen egintza halakoa bada, hurrengo arrazoietako baten bat tarteko:

a) Esleipen-hartzaileak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

b) Kontratistak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea, hori behar bezala egiaztatzen denean.

c) Lizitazioan edo kontratuaren esleipenean publizitateari, lehiari eta gardentasunari buruzko arauak ez betetzea.

d) Kontratu baten esleipena egitea aldez aurreko lizitazio iragarkirik gabe egitea, iragarkia aginduzkoa denean foru lege honetako arauekin bat.

e) Kontratua formalizatzea foru lege honen 200.2 artikuluan esleipenerako ezarritako etenaldia urratuz.

f) Kontratua formalizatzea esleipenaren gaineko ebazpenaren kontra kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat izapidetzen ari delarik.

Liburu honetan lizitazioaren edo kontratuaren esleipenaren egintzei dagokienez ezarritako gainerako arauak ez betetzeak haren deuseztagarritasuna ekarriko du”.

37. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 208. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“208. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordea.

1. Kontratazio Publikorako Batzordea kide anitzeko organo bat da, bere eginkizunetan independentea eta ekonomiaren arloko eskumena duen departamentuari atxikia organikoki, foru lege honen 2. artikuluan aipatzen diren entitateen kontratazio publikoaren sistemaren jardunbidea egokia izatea zaintzeko zeregina betetzen duena.

2. Kontratazio Publikorako Batzordeko burua ekonomiaren arloko eskumena duen kontseilaria izanen da, eta bertako kide, berriz, foru lege honen menpeko administrazioen eta erakundeen ordezkariak, bai eta lizitazioetan esku hartzen duten enpresen eta profesionalen ordezkariak ere. Edonola ere, Batzordeko kideek kontratazio publikoaren arloan prestakuntza berezia izan beharko dute.

3. Kontratazio Publikorako Batzordeak Osoko Bilkura eta batzordeak izanen ditu bere jarduna betetzeko. Bertan, organo egonkor gisa, batzorde iraunkorra egonen da.

4. Kontratazio Publikorako Batzordeak eginkizun hauek ditu, besteak beste:

a) Txostenak egin eta, behar denean, kontratazio sistemaren alderdi administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ukitzen dituzten arauak, neurriak edo jarraibideak proposatzea.

b) Esleipenerako irizpide eta baremoak prestatzea, foru lege honen menpeko pertsona eta entitateek erreferentzia gisa erabil ditzaten.

c) foru lege honen menpeko pertsona eta entitateentzat eta kontratazio publikoak ukitzen dituen enpresa- eta lanbide-erakundeentzat arlo horretako gaiei buruzko txostenak egitea, esku-hartzeko eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuari proposatzea eredu normalizatuak, kontratuen prestaketari, esleipenari eta aldaketari buruzko agirienak, onets ditzan.

e) Txostenak ematea lizitazio baten emaitza argitaratu gabe uztearen bidezkotasunari buruz.

f) Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Kontratazio Administratiboaren Aholku Batzordeari erregelamenduz ezarritako kontratuen gainean eman behar zaion informazio estatistikoa zentralizatzea, nazioarteko arauak betetzeko.

g) Nafarroako Kontratazioaren Ataria kudeatzea.

h) Prezioen ezarpenaren inguruko arbitrajeak ebaztea Administrazioaren obra kontratuetan.

i) Nafarroako Parlamentuan aurkeztea, horretarako zehazten den batzordean, urtealdiko txosten bat, zehaztuko dituena, batetik, zer esku-hartze izan dituen organo horrek, eta, bestetik, zer proposamen egiten dituen kontratazio-sistema efizienteagoa izan dadin eta, hala, zama administratiboak sinplifikatzeko.

j) Erregelamenduz ezartzen diren beste guztiak, Nafarroako Foru Komunitatean kontratazio publikoaren sistemak ongi funtzionatzeko behar direnak.

k) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideen izendapena proposatzea Nafarroako Gobernuari.

5. Kontratazio Publikorako Batzordeak foru lege honen menpeko entitateentzako zuzeneko gomendioak edo gomendio orokorrak eman ahal izanen ditu, kontratazio publikoari edo kontratu jakinei buruzko azterlanetatik ateratzen diren ondorioak guztientzat interesgarriak izanez gero.

6. Kontrataziorako Batzordearen osaketa, antolaketa eta jardunbidea, bai eta kideek jaso beharreko lansariak ere, halakorik bada, erregelamenduz garatuko dira”.

38. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari 208. bis artikulua gehitzen zaio. Testu hau izanen du:

“208.bis. artikulua. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia.

1. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia eginkizunetan independentea eta organikoki Kontratazio Publikoaren Batzordeari atxikia dagoen organo bat da; bere zeregina da zuzenbideari jarraikiz ebaztea kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak, eta liburu honetan araututako kautelazko neurriak hartzea.

2. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak lehendakari bat eta beste bi kide izanen ditu, hirurak Foru Komunitateko Administrazioaren, Nafarroako toki entitateen edo foru lege honen menpeko beste entitate batzuen zerbitzuko jarduneko funtzionarioak, beren izendapenerako zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izatea eskatu bazitzaien; haien hautapena Nafarroako Gobernuak eginen du, Kontratazio Publikorako Batzordearen Osoko Bilkurak igorritako proposamenarekin bat, Toki Araubideko Foru Batzordeak txostena egin ondoren. Hautapena sei urterako izanen da, eta kideok aukera izanen dute berriz hautatuak izateko. Epe horretarako ordezkoak ere hautatu ahalko dira, kargua hutsik dagoenerako, edo titularra ez dagoenerako edo gaixorik dagoen kasuetarako. Nafarroako Parlamentuari izendapenaren berri emanen zaio.

Auzitegiko buruak hamar urteko lanbide esperientzia izan beharko du gutxienez, eta prestakuntza berezia kontratazio publikoaren arloan. Auzitegiko buruak Kontratazio Publikorako Batzordearen Osoko Bilkurako sortzetiko kide izan beharko du. Kideek bost urte baino gehiagoz arituak beharko dute beren jardun profesionalean, eta prestakuntza berezia izan kontratazio publikoaren arloan.

3. Auzitegiko kideak independenteak eta aldaezinak izanen dira, eta ez zaie eragozpenik eraginen Auzitegian emandako iritzi edo erabakiengatik; arrazoi hauengatik baizik ez dira kargutik mugituko:

a) Zer agintalditarako izendatzen dituzten, hura amaitzeagatik.

b) Espainiako nazionalitatea edo funtzionario izaera galtzea.

c) Dimisioa ematea.

d) Eginkizunetan aritzeko gaitasun eza, izendatu ondotik sortua.

e) Betebeharrak larriki ez betetzea.

f) Askatasunaz gabetzeko zigorra jasotzea edo delitu batengatik lan edo kargu publikoan aritzeko desgaitze erabatekoa edo berezia.

b), d), e) eta f) letretan ezarritako arrazoiengatik Auzitegiko kide izateari uzteko, beharrezkoa izanen da Kontratazio Publikorako Batzordeak espedientea izapidetzea, eta Nafarroako Gobernuari bere proposamen loteslea igortzea.

4. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideek batera beteko dituzte batzordeko zeregina eta Administrazioan duten lanpostua, eta erregelamenduz ezartzen diren dietak jasoko dituzte ordainetan, funtzionario diren aldetik dituzten lansariekin bateragarri direnak.

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kide izatea bateraezina izanen da honakoekin:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako aurrekontuetako funtsak erabiltzeko ahalmenak dituzten administrazio organoetako titular izatea.

b) Norbera edo beste norbait ordezkatuz parte hartzea kontratazio publikoan.

c) Kontratu publikoen lizitatzaile edo esleipen-hartzaile diren enpresetan zuzendari, kudeatzaile, administratzaile, kontseilukide, bazkide kolektibo izatea, edo enpresetan horietan zuzeneko esku-hartzea dakarren beste edozein izaera edukitzea.

5. Abstentzio eta errekusatze kausak izanen dira oro har epaile eta magistratuentzat ezarritakoak eta administrazio prozeduraren legerian oro har ezarritakoak, aurrekoekin bateragarriak diren heinean.

Era berean, abstentzio edo errekusatze kausak izanen dira aurkaratutako kontratu publikoaren kudeaketan parte hartzea, kontratu publiko horretan aholkularitza juridikoa ematea, bai eta foru lege honen menpeko Nafarroako Foru Komunitateko erakundeei, Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei edo haren erakunde autonomoei edo Toki Administrazioko entitateei aholkularitza juridikoa emateko eginkizuna duen organoaren burutza ere, aurkaratutako kontratuari buruzko txostena organo horri atxikitako langileek egina denean.

6. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren erabakiak eta ebazpenak bertan diren kideen gehiengoak hartu beharko ditu, biltzeko deialdia egin ondoren, eta idazkaria edo legez haren ordezkoa dena ere bertan dela, hizpidearekin, baina botorik gabe. Bozketan berdinketa gertatuz gero Auzitegiko buruak erabakiko du, bere kalitatezko botoarekin, edo haren eginkizunak betetzen dituenak. Kide guztiek dute boto partikularra egiteko eskubidea; idatziz arrazoituta, erabaki edo ebazpenei erantsiko zaie.

Idatz-zati honetan aurreikusirik ez dagoen guztian kide anitzeko organoak arautzen dituen administrazio arloko legeria aplikatuko da.

7. Kontratazio Publikorako Batzordeko idazkariak beteko ditu Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko idazkari lanak.

Era berean, Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordeari laguntzeko administrazio unitateak laguntza tekniko eta administratiboa emanen dio Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari bere lanak betetzeko”.

39. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 210. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“210. artikulua. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa.

1. Kontratu publiko baten lizitazioan eta esleipenean interesa duten enpresa eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari aurkezten ahalko diote, foru lege honen menpeko entitate batek emandako izapide-egintzen edo behin betiko egintzen aurka, egintza horiek lizitaziotik baztertzen badituzte edo haien xedeei kalte egiten badiete. Erreklamazio hori, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, foru lege honetan aurreikusitako moduan egin beharko da. Ente instrumental batentzako enkargu baten lanak esleitzean interesa duten enpresek eta profesionalek ere erreklamazioa aurkeztu ahal izanen dute hori egiteko egintzen aurka.

2. Erreklamazioa aurkezteko epeak hauexek dira:

a) Hamar egun natural, lizitaziorako iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita, iragarki hori eta bertan ageri den dokumentazioa aurkaratzeko.

b) Hamar egun natural, aurkaratutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, lizitatzaileek lizitazio eta esleipen egintzen kontrako errekurtsoa aurkezteko. Lizitatzaile bat kanpoan uzteko egintza bat edo esleipena aurkaratzen denean, epea hasiko da foru lege honen 92.5 artikuluan eta 200. artikuluaren 3. idatz-zatian ezartzen den aginduzko informazioa jakinarazi eta biharamunean.

c) Hogeita hamar egun natural, kontratuaren esleipena argitaratu eta biharamunetik hasita, lizitazio iragarkia argitaratzea aginduzkoa ez denean, edo ente instrumental bati enkargua egiteari buruzko iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Arrazoi hauetako baten bat soilik hartu beharko da erreklamazioaren oinarritzat:

a) Esleipen-hartzaileak foru lege honetan adierazitako kausaren bat izatea lizitaziotik baztertua izateko.

b) Esleipendunak kaudimen ekonomiko eta finantzariorik eta gaitasun tekniko edo profesionalik ez izatea.

c) Lizitazioan edo kontratuaren esleipenean publizitateari, lehiari eta gardentasunari buruzko arauak ez betetzea; bereziki, finkatu eta aplikatutako esleipen irizpideak kontuan ez hartzea.

d) Bitarteko instrumental berekiei egindako enkarguak foru lege honetan agindutakoa urratuz.

4. Kontratu baten esleipena, esparru-akordio bat aurkaratzeak, edo ente instrumental bati egindako enkargu bat aurkaratzeak berarekin ekarriko du aurkaratutako egintza etenda gelditzea aurkeztutako erreklamazioaz Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak ebazpena eman arte.

5. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren ebazpenek administrazio bidea amaitzen dute, eta ematen diren unetik dira ebazpenok exekutiboak eta lotesleak. Lizitazioa edo mandatua sustatzen duen entitateari dagokio haiek berehala exekutatzea.

6. Artikulu honetan aurreikusitako erreklamazioa aukerakoa eta ordezkoa izanen da. Ez du eragotziko beste organo batzuei beste arrazoi batzuetan oinarritutako erreklamazio edo errekurtso gehiago aurkeztea.

Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jarriz gero, ezin izanen da aldi berean arrazoi berean oinarritutako administrazio errekurtso gehiagorik aurkeztu.

7. Titulu honetan aurreikusten ez den orotan, administrazio prozedura arautzen duten legeek errekurtsoei buruz xedatutakoa aplikatuko da”.

40. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 211. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“211. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Kontratu publiko baten lizitazioan eta esleipenean interesa dutenek Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari eskatu ahal izanen diote, gainera, aurreko artikuluan ezarritako epeetan, alegatutako arau-haustea zuzentzeko edo ukitutako interesei kalte gehiago ez eragiteko kautelazko neurriak har daitezela, esleipen prozeduran hartutako edozein erabaki edo prozedura bera etetea ere barne dela.

Erreklamazioa behar den epean aurkezten ez bada, eskaera indarrik gabe geratuko da, bai eta kautelazko neurriak ere, halakorik bada.

2. Kautelazko neurriak eskatzeko idazkia, eskatzaileak bere eskaera oinarritzeko baliatzen dituen agiriak nahitaez erantsirik, telematikoki aurkeztuko da Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari zuzenduta. Erreklamazioa osagabea bada, bi egun balioduneko epea emanen da hura osatzeko.

Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak, kautelazko neurriaren eskaera jasotzen duen egunean edo hura zuzentzen den egunean, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa eskatuko dio ukitutako entitateari. Kontratazio organoak bi egun balioduneko epea izanen du hori aurkeztu eta egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Epe hori iraganik, eskatutako dokumentazioa aurkeztu zein ez, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak ebazpen arrazoitua emanen du bost egun balioduneko epean. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, non ez den egintzaren bat edo lizitazio prozedura eteteko eskatzen; halakoetan, epearen barrenean ebazpenik jakinarazten ez bada, etenduraren eskaera onartu egin dela ulertuko da.

Idatz-zati honetan xedatutakoak ez du galaraziko esleipen egintza edo ente instrumental bati enkargua egitea besterik gabe etetea egintza horien aurka kontratazio publikoaren arloko erreklamazio bat aurkezten denean, foru lege honen 210.4 artikuluan adierazitakoarekin bat.

3. Kautelazko neurriak edozein unetan eten, aldatu edo errebokatzen ahalko dira, ofizioz edo alderdi interesdunek eskatuta, horretarako oinarri hartuz gerora gertatu diren edo neurriak hartu zirenean ezagun ez ziren zirkunstantziak, salbu eta foru lege honen 210.4 artikuluan adierazitako etenduran, kasu horretan xedapen horri berari jarraituko baitzaio. Ebazpen horren kontra ez da errekurtsorik onartuko, deusetan galarazi gabe bidezko diren errekurtsoak jarri ahal izatea prozedura nagusian ematen diren ebazpenen kontra”.

41. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 212. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“212. artikulua. Erreklamazioa izapidetzea.

1. Erreklamazioa bide telematikoetatik aurkeztuko da, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari zuzendua, erregelamenduz zehazten diren baldintzak betez, 210.2 artikuluan ezarritako epean, eta helbide elektroniko bat emanen da jakinarazpenak bidaltzeko.

Erreklamazioaren idazkiari erantsi beharko zaizkio eskatzaileak bere eskaera oinarritzeko baliatzen dituen agiri guztiak, bai eta aurkaratzearen xede den egintzaren jakinarazpenaren kopia bat ere.

2. Erreklamazioa jaso ondoren, ukitutako entitateari jakinaraziko zaio erreklamazioa aurkeztu dela, jakinaren gainean jartzeaz beste ondoriorik gabe, izapidetzeko onartu zain dagoela ere adieraziz.

Erreklamazioa osagabea bada, bi egun balioduneko epea emanen da hura osatzeko. Erreklamazioa osatuta, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak, idazkariak proposatuta, hiru egun balioduneko epean emanen du izapidetzeko onartzeari buruzko bere ebazpena. Erreklamazioa ez onartzeko arrazoiak honakoak izanen dira:

a) Epez kanpo aurkeztea.

b) Erreklamazio-egileak legitimaziorik ez izatea.

c) Eskabidearen akatsak ez zuzentzea.

d) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren eskumenekoa ez izatea.

e) Erreklamazioak inolako funtsik ez izatea.

Erreklamazioa ez onartzeko ebazpena erreklamazio-egileari jakinaraziko zaio, eta administrazio bidea amaituko du.

3. Erreklamazioa izapidetzeko onartuz gero, onarpen ebazpena jakinarazi eta administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa eskatuko zaio ukitutako entitateari. Jakinarazpenarekin batera erreklamazioaren kopia igorriko zaio.

Errekurtsoa zein entitateri egin zaion, entitate horrek, hiru egun balioduneko epean eta bide telematikoetatik, administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa igorri beharko du, erreklamazioari emandako erantzunarekin batera.

Administrazio espedientea edo kontratuaren dokumentazioa jasorik, erreklamazioa gainerako interesatuei jakinaraziko zaie, hiru egun balioduneko epean bidezkotzat jotzen dituzten alegazio edo frogak aurkez ditzaten. Hori dela eta, interesdunek posta elektronikoko helbiderik ez badute, nahikoa izanen da alegazioetarako epea Nafarroako Kontratazioaren Atarian ezartzea”.

42. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 213. artikulua aldatu da, eta testu berri hau izanen du aurrerantzean:

“213. artikulua. Erreklamazioa ebaztea.

1. Erreklamazioari buruzko ebazpena hogei egun balioduneko epean emanen da, hura aurkezten denetik hasita. Epe hori iragan eta ebazpenik jakinarazi ez bada, ulertuko da erreklamazioa ezetsi dela.

2. Prozedura amaitzen duen ebazpena eskaeraren araberakoa izanen da, eta bertan, behar bezala arrazoituta, esleipen prozeduran legez kanpo hartu diren erabakien deuseztatzeari buruz ebatziko da, bai eta bereizkeriazko ezaugarri tekniko, ekonomiko edo finantzarioak honakoetatik kentzeari buruz: lizitazio iragarkitik, aldiroko iragarkietatik, administrazio klausulen eta agindu tekniko partikularren agirietatik, kontratua arautzeko baldintzetatik edo lizitazioarekin edo esleipenarekin zerikusia duten gainerako agirietatik”.

43. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen hamahirugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

“Hamahirugarren xedapen gehigarria. Kontratazio publikoaren arloko erreklamazioen araubidea Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari aplikatzea.

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak erregelamenduz hautatuko dute edo errekurtsoak ebazteko organo bat ezarri, Kontseiluaren 89/665/EE eta 92/13/EEE zuzentarauak aldatu zituen 2007ko abenduaren 11ko 2007/66/CE Zuzentarauaren eskakizunak beteko dituena kontratu publikoen esleipenaren arloko errekurtso-prozeduren eraginkortasuna hobetzeari dagokionez, edo beren lizitazioetan egiten diren erreklamazioak ebazteko eskaera egin Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiari”.

44. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari hamalaugarren xedapen gehigarria eransten zaio. Testu hau izanen du:

“Hamalaugarren xedapen gehigarria. Segurtasunaren arloko kontratu publikoak.

Foru lege honen xedapenen menpeko entitateek segurtasun publikoaren arloan izenpetzen dituzten kontratuek –bereziki, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan pertsonak eta ondasunak babestu eta segurtasun publikoa eta herritarren ordena zaindu eta mantentzeko jarduera guztiek– foru lege honen aginduei jarraituko diete”.

45. artikulua. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeari hamabosgarren xedapen gehigarria eransten zaio. Testu hau izanen du:

“Kontratazio organoak erabakitzen duenean kontratu bat aldatzea edota kontratu gehigarriak edo osagarriak esleitzea, erabaki hori, betiere, Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da; jasota agertuko dira erabakia justifikatzen duten zirkunstantziak, irismena eta zenbatekoa, ahalmen hori egoki erabiltzen dela ziurtatzeko. Era berean, behin kontratu nagusia eta osagarriak amaituta, hurrengo datuak Interneten argitaratuko dira; ahal dela, erakunde kontratatzailearen webgunean: lizitazio prezioa, kontratu-exekuziorako epea, lizitatzaileen kopurua eta izenak, esleipen-hartzailearen izena, esleipenaren prezioa, lizitazio-prezioarekiko beheratze-portzentajea, kontratuak izandako aldaketa-kopurua eta horien zenbatekoa, amaierako likidazioaren prezioa, eta zer ehunekotan desbideratu den likidazio prezioa lizitazio preziotik. Jarraian, datu berak erantsiko dira, baina kontratu osagarriei buruzkoak.

Era berean, erabaki hori onartuak izan ziren lizitatzaileei jakinaraziko zaie, eta, gainera, informazio osagarria ere emanen zaie, lizitatzaileei aukera emanen diena, kasua bada, aldaketaren erabakiaren kontra aski oinarritutako errekurtsoa jartzeko, baldin eta legezko eskakizunak ez badira bete”.

Xedapen gehigarri bakarra.–Energia-zerbitzuak emateko kontratua.

Foru lege honen babesean egiten diren kontratuek, hain zuzen ere obra, hornidura eta laguntza kontratu-modalitateek eta modalitate mistoek, energia-zerbitzuak emateko direnean, 14 urteko iraupena izanen dute gehienez ere, kontratua baimentzeko eskumena duen organoak hala erabakita.

Kontratuaren urteko guztizko zenbatekoa, agirietan egonen baita aurreikusia, izanez gero azken bi urteetako batez besteko gastuaren berdina edo txikiagoa, batuta direla kontratazioaren xede den kontsumoa eta zerbitzuaren mantentze-lanak, inbertsioa kontabilizatuko da harreman kontraktuala amaitzen deneko ekitaldian, duen hondar-balioarekin, eta une horretan sartuko da ondasun-inbentario publikoan.

Lehen xedapen iragankorra.–Ente instrumentalei egiten zaizkien enkarguak.

Bitarteko berekitzat hartzen diren ente instrumentalei egindako enkarguek aurreko araudiari jarraituko diote, baldin eta foru lege honek indarra hartu baino lehenagoak badira, eta Nafarroako Kontratazioaren Atarian egon beharko dute argitaratuta foru lege honek indarra hartu ondoko 48 egunetan.

Bigarren xedapen iragankorra.–Aurreko araudiarekin bat esleitutako kontratuak.

Foru lege honek indarra hartu baino lehenago onetsitako kontratazio-espedienteen ondoriozko kontratuek, edo, halakorik behar ez denetan, baldintza agiriak foru lege hau indarrean sartu aurretik publizitatuak dituzten kontratuek, aurreko araudiari jarraituko diote, nahiz eta kontratuon esleipenaren aurkaratze-araubidea foru lege honek ezarritakoa izanen den.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Erreklamazioen araubidea.

Foru lege honek indarra hartzen duenean izapidetzen ari diren erreklamazioak aurreko araudian xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Laugarren xedapen iragankorra.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 97.5 eta 97.6 artikuluetan aurreikusita dagoen kontratu-aldaketen publizitatea, Nafarroako Kontratazioaren Ataria horretarako egokitzen ez den arte, bitarteko telematikoen bidez eginen da, entitate kontratatzailearen webgunean.

Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamendu-xedapen guztiak emateko, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, berriz, Kontratazio Publikorako Batzordeko kideen eta Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideen dietak finkatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko otsailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1303076