37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 8. EPAITEGIA

Ediktua. Adostasun gabeko dibortzioaren 752/2011 familia-prozedura

Aditzera ematen da epaitegi honetan goian adierazitako prozedura bideratzen ari dela eta horren gaineko epaia eman dela. Hona hemen idazpurua eta xedapen zatia, hitzez hitz:

Epaitza

Partez baiesten dut Martínez de Muniain auzitegietako prokuradore andreak, Juana Ermelinda Cañar Sarango andrearen izenean eta hura ordezkatuz, auzi-ihesean den Manuel Salvador Pullaguari Carrillo jaunaren aurka jarri duen demanda, eta horrenbestez deklaratzen dut dibortzioz deseginda dagoela 1994ko maiatzaren 26an Yanzatzan (Zamorako probintzia, Ekuadorko Errepublika) egin zuten ezkontza, eta pertsonen eta ondarearen gaineko neurri hauek ezartzea erabakitzen dut:

1.-Jhandry Marley, Soraya Mishel eta Anderson Paul seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletza Cañar andreari ematen zaizkio. Halaber, guraso-ahalaren titularrak bi gurasoak direla ezertan ukatu gabe, soilik amari dagokio adingabeen gaineko guraso-ahala erabiltzea, horrek dakartzan ondorioekin, erabakiak hartu beharko baititu hezkuntzaren, osasunaren, eskolaren, atzerriko bidaiaren eta abarren inguruan.

2.-Arrazoibide juridikoetan azaldutakoa dela-eta, ez da bidezkoa Pullaguari jaunaren eta seme-alaben arteko bisita eta harremanetarako araubiderik ezartzea.

3.-Pullaguari jaunak adingabeentzat eta Rómulo Alejandro seme zaharrenarentzat hilean 400 euroko mantenu pentsioa (100 euro bakoitzarentzat) ordainduko du ordainketa aurreratuetan, hilaren lehen bost egunen barnean, amak adierazten duen kontu korrontean. Pentsio horren zenbatekoa urtero eguneratuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak edo legez hura ordezkatzen duen erakundeak estatu osorako adierazten dituen KPIaren igoeren arabera.

Gastu bereziren bat egin beharra sortzen denean bi gurasoek ordainduko dute, erdi bana, gastuaren arrazoia eta zenbatekoa jakinarazi ondoren, eta adostasunik ezean epaileak ebatziko du. Honako hauek hartuko dira gastu berezitzat: gaixotasun larri edo luzeek eragindako gastuak, ebakuntza kirurgikoenak, ospitalearenak eta, oro har, medikuntza, osasun eta farmazia gastuak, baldin eta Gizarte Segurantzak edo gurasoen aseguruek ordaintzen ez badituzte. Matrikula izan ezik eskolako gastu guztiak; esate baterako, ikasturtearen hasierako eskola materiala eta liburuak, eta klase partikularrak, kurtsoa gainditzeko beharrezkoak badira. Unibertsitateko eta unibertsitate ondoko ikasketen eta lanbide trebakuntzaren gastuetatik, diru-laguntzarik ez duen zatia.

Aurreko ataletakoak bezain premiazkoak ez diren gastu bereziak, hala nola eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak eta antzekoak, bi gurasoek ordainduko dituzte, biek onartzen baldin badute jarduera horiek egitea. Bestela, eginbeharra bere gain hartzen duenak ordainduko du.

Gastu bereziak fakturaren edo ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horietan gastuaren kontzeptua eta mota adierazi behar dira.

Ez da bidezkoa kostuei buruz ezer berezirik erabakitzea.

Egin bedi epai honen hitzez hitzeko lekukotza, jarduketa hauetan uzteko, eta sartu jatorrizkoa epaien liburuan.

Ebazpen hau irmo bihurtu ondoren, bidal bekio exhortoa Erregistro Zibilari, inskripzioa egin dezan.

Aurkaratzeko bidea: ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkezten ahal da, jakinarazi eta biharamunetik hogei eguneko epean; horretarako, idazki bat aurkeztuko da epaitegi honetan, eta hartan azaldu zer alegaziotan oinarritzen den aurkaratzea, zein ebazpen errekurritzen den eta zein erabaki aurkaratzen.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Epaile magistratua.

Eta Manuel Salvador Pullaguari Carrillori jakinarazteko balio izan dezan, gaur egun non den jakiterik ez baitago, honako hau egin eta sinatzen dut.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 29an.-Idazkari judiziala, Raquel Aguirre Larumbe.

Iragarkiaren kodea: J1301622