37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa ordenantzetan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2010eko urtarrilaren 5ean egin osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen hasiera batean ondotik ematen diren ordenantzen eta udal erregelamenduaren zenbait artikulutan:

-Eguesibarko Udalaren ordenantza fiskal orokorra.

-Merkataritza ez egonkorraren gaineko Eguesibarko udal ordenantza.

-Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

-Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespen horren iragarkia 2010eko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 5ean, argitaratu zen eta, akats zuzenketa, berriz, 2010eko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean. Jendaurrean egoteko epea bukatu eta alegaziorik aurkeztu ez zenez, aipatu aldaketak behin betiko onetsi ziren, 2010eko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 5ean, argitaratutako testuaren arabera, eta, akats zuzenketa, berriz, 2010eko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 10ean; inguruabar hori 2010eko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 28an, argitaratu zen, eta berriz ere ematen da argitara aipatu ordenantzen aldaketaren testua. Argitaratzen diren unean hartuko dute indarra.

1. Eguesibarko Udalaren ordenantza fiskal orokorraren 32. artikulua ("Zehapen prozedura") erantsitako testuan bezala geratu da.

2. Eguesibarko merkataritza ez egonkorra arautzen duen udal ordenantzaren 22. artikuluaren 1. eta 2. atalak erantsitako testuan bezala geratu dira.

3. Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzaren 32. artikuluaren 1. atala erantsitako testuan bezala geratu da.

4. Zakur arriskutsuak edukitzea arautzen duen udal ordenantzaren 3. artikuluaren 4. atala honelaxe gelditu da: "Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea".

5. Zakur arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantzari beste artikulu bat gehitzea, 11.a, "Zehapen prozedura" izenekoa, erantsitako testuan geratu den bezala.

6. Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantzari beste atal bana gehitzea bi artikulutan, ondotik azaldu bezala:

"17.3. Heskaiak eta lurzati pribatuetako gainerako zuhaixka erako elementuak ez dira inola ere eremu publikoetan sartuko".

"36.a) .../... Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

.../...

-Heskaiak eta/edo lurzati pribatuetako gainerako zuhaixka erako elementuak eremu publikoan sartzea."

Testu erantsia (goian azaldu diren aldaketetan aipatzen dena).

"Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguaren agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark 15 eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguaren agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatuko balira edo karguen agirian aurreikusitakoak baino larriagoak izanen balira, instruktoreak interesdunari helaraziko lioke beste karguen agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezkoa iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du prozeduran aztertu ez den gertaerarik onartuko, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere."

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2013ko otsailaren 4an.-Alkatea, José Anastasio Andía García de Olalla.

Iragarkiaren kodea: L1301675