37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR TXIKIA

Kontzejuko pilotalekuaren erabilera arautzen duen
ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Zizur Txikiko Kontzejuak, 2012ko abenduaren 19an egin bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Kontzejuko pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Iragarkia 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zizur Txikian, 2013ko otsailaren 5ean.-Kontzejuko burua, Alfonso Pérez Negro.

KONTZEJUKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea Zizur Txikiko Kontzejuko pilotalekuaren erabilera arautzea da.

2. artikulua. Pilotalekuaren erabilera.

Pilotalekua erabiliko da instalazio mota horretako kirolak egiteko: esku pilota, pala (luzea edo motza) gomazko edo larruzko pilotarekin, frontenisa, xistera, erremontea etab.

Instalazioak ahalik eta hobekien edukitzeko, pilotalekuan aritzen den orok material egokia erabili beharko du edozein pilota motatan jarduterakoan. Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea eta materialak erabiltzea (baloiak, bizikletak, gurpil-oholak, ibilgailu motordunak etab.).

Debeku da pilotalekua erabiltzea jendearekin modu informalean elkartzeko, erretzeko, jateko edo edateko.

Betiere eskatu ondoren eta salbuespenez, Kontzejuak baimena ematen ahalko du pilotalekuan kirol jarduerak eta/edo bestelakoak egiteko, baldin eta baimena jaso duen pertsona edo entitate sustatzaileak betetzen baditu Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak, instalazioen egoera egokia bermatzeko.

Pilotalekua erabiltzeko eskabideak, aurreko atalean aipatzen direnak, aurkeztu beharko dira ekitaldia egiteko aurreikusia dagoen eguna baino 90 egun lehenago gutxienez.

Kontzejuak pilotalekuaren eta instalazioen erabilera berarentzat izanen du herriko jaietan eta berak -bere kasa edo beste entitate batzuekin batera- sustatzen dituen jardueretan, jarduera horiek gizarte, kultura eta kirol arloetan herria garatzeko helburua badaukate.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

Pilotalekuan baimendutako pilota motetan jardun nahi dutenek erabiltzen ahalko dituzte instalazioak. Zenbait muga eta kontrol errespetatuta erabiltzen ahalko dira instalazioak, betiere bermatzeko bai erabiltzaileen segurtasuna bai instalazioek egoera onean jarraituko dutela.

4. artikulua. Jarduteko ordutegia.

Pilotalekua astelehenetik igandera, biak barne, erabiltzen ahalko da urte osoan, 09:00etatik 22:00ak arte.

Pilotalekua irekita egonen da beti 16 urtez beherakoak sar daitezen, baldin eta instalazioak alokatuta ez badaude.

5. artikulua. Erreserbak.

Instalazioen erreserba gutxienez ere 24 ordu lehenago eginen da. Ordu 1etik 2 ordura bitartekoa izaten ahal da erreserba, bai Zizur Txikiko bizilagunentzat bai gainerako interesdunentzat. Bertara joanda edo telefonoz egiten ahalko dira erreserbak. Erreserbak egiteko telefonoa: 948.28.69.92.

Erreserba gutxienez ere ordu batekoa izanen da eta gehienez ere bi ordukoa, eta pilotalekua erabiltzeko eskubidea baizik ez du emanen.

6. artikulua. Tarifak.

6.1. Kirol jardueren tarifak Zizur Txikiko eskolentzat edo kirol taldeentzat:

-Argiarekin: 100 euro hiruhilekorako, astean ordu bat izanez gero; 150 euro hiruhilekorako, astean bi ordu jarraian eginez gero.

-Argirik gabe: 55 euro hiruhilekorako, astean ordu bat izanez gero; 90 euro hiruhilekorako, astean bi ordu jarraian eginez gero.

6.2. Inoiz edo behin egiten diren kirol jardueren tarifak:

-Erroldatuak edo Zizur Txikiko kirol instalazioetako bazkideak, argiarekin: 9 euro ordu baterako, 15 euro 2 ordutarako.

-Erroldatuak edo Zizur Txikiko kirol instalazioetako bazkideak, argirik gabe: 5 euro ordu baterako, 8 euro 2 ordutarako.

-Erroldatu gabeak argiarekin: 13,75 euro ordu baterako.

-Erroldatu gabeak argirik gabe: 10 euro ordu baterako.

6.3. Kirolez kanpoko jarduera eta emankizunen tarifak:

-20 euro ordu baterako, argiarekin.

7. artikulua. Arau-hausteak.

Erreserba bukatzeko ordua errespetatzen ez duenak, hurrengo ordua erreserbatuta badago, ezin izanen du 3 hilabetez beste erreserbarik egin.

Kantxan eta instalazioetan kalteak nahita egiten dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea eta hura erabiltzea 3 eta 6 hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria, deusetan ukatu gabe kalteen ondoriozko konpentsazioa.

Ordenantza honetan ezarrita ez dauden jardueretarako erabiltzen bada pilotalekua, baimenarekin batera ezarritako betebeharrak ez betetzeak berarekin ekarriko du eskatzaileak instalazioetan eragindako kalte eta galerak ordaintzea, halakorik bada, eta debekatuko zaio pilotalekuan sartzea eta hura erabiltzea 3 eta 6 hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria.

Instalazioetan adingabeek kalteak egiten badituzte, gurasoek beren gain hartu eta diruz konpentsatuko dituzte kalte horiek, eta kalteak egin dituenari debekatuko zaio pilotalekuan sartzea 3 eta 6 hilabete bitarteko epean, gertatutakoa noraino den larria.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek indarra hartutakoan Pilotalekua erabiltzeko ordenantza, egun indarra duena, indargabetuta geratuko da ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1301810