37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko deialdia, Podologia Zerbitzurako diru sariak eman beharrez.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2012ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen banakako ebaluazioaren bidez diru-laguntzak emateko deialdia, Podologia Zerbitzurako diru sariak eman beharrez. Hura 2012ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, diru-laguntzen deialdi hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan:

Burlatan, 2013ko otsailaren 4an.-Alkatea, Juan-Carlos González Muñoz.

BANAKAKO EBALUAZIOAREN BIDEZ DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, PODOLOGIA ZERBITZURAKO DIRU SARIAK EMAN BEHARREZ

Podologia Zerbitzurako diru sariak Burlatako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez emateko deialdi publikoa onetsi da, arau hauek mugaturiko esparruan: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta gainerako lege aplikagarria, baita aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa. Deialdiak zehaztasun hauek ditu:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Deialdi honen xedea da prozedura juridikoa arautzea Burlatako bizilagun erroldatuei Podologia Zerbitzua erabiltzeagatik gizarte zerbitzuen arloko diru-laguntzak/aldi baterako laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emateko.

Podologia zerbitzurako diru saria jasotzeko aukera biztanleriaren halako sektore bati ematen zaio; ez da, beraz, biztanle guztiendako, baizik eta beren adinaren kariaz zerbitzu horien beharrean daudenendako, baldin eta haien diru-sarrera mailak ezarritako baremoarekin bat egiten badu.

Burlatako Udalak, gizarte zerbitzuen bitartez, emanen ditu Podologia Zerbitzuak erabiltzeko laguntzak.

2. artikulua. Deialdiaren finantzabidea.

Deialdia finantzatzeko aurrekontua izanen da 4533.22712 kontu-sailaren (podologiarako laguntzak) kargu aurrekontuan urtero sartzen dena; zenbateko horiek baldintzapeturik egonen dira, aurrekontu bakoitzean onesten ote diren.

Urteko deialdi bat eginen da, urte bakoitzaren amaieran, hurren-hurrengo urtean erabiltzen ahalko diren laguntzak zehazteko.

Aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean emanen dira deialdiko laguntzak.

Diru sari honen xedea betetzat joko da udal laguntza Podologia Zerbitzua ordaintzen erabili dela frogatzen denean.

3. artikulua. Baldintzak eta eginbeharrak.

3.1.-Laguntza hauek biltzeko, hauek dira nahitaezko baldintzak:

a) Burlatan bizilekua egiazki izatea eta bertan erroldaturik egotea, eskaera egin baino gutienez ere sei hilabete lehenagotik.

Oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatuko dute, udal erroldaren bidez, eskatzaileen erroldatze egoera.

b) Eskaera aurkezten den unean gutienez ere 60 urte beterik izatea.

c) Beretik, diru baliabide aski ez izatea; familia-unitatearen* diru-sarrera gordinak, kontzeptu guztiengatik, ez dira izan behar Lanbide arteko Gutieneko Soldata halako 1,5 baino gehiago, Gizarte Segurantzari egiten zaion ekarpena kenduta.

(*) Familia-unitatetzat hartzen da Pertsona Fisikoen gaineko Zerga arautzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Foru dekretuaren 71. artikuluan zehaztutakoa.

d) Eskatzen diren eskaera eta dokumentazioa ezarritako epeetan aurkeztu izana.

e) Orobat jasoko dira salbuespeneko egoerak, Burlatako adindunen ongi izate fisikoari lagun egiten dion baliabide gisa Podologia Zerbitzua behar dutenak.

Egoera bereziak halakoak diren aldetik baloratuko dira, eta behar den diru trataera izanen dute, bereziki ELZaz baliatzen diren lagunendako edo Nafarroako Gobernuaren etxeko laguntzarako laguntza ekonomikoak biltzen dituztenendako.

Baldintza hauek 4.3. artikuluan xedatuaren arabera egiaztatu beharko dira, udal artxiboetan agertzen diren datuak izan ezik.

Podologia zerbitzuak eskuratu ahal izateko, erabiltzaileek zerbitzuaren onuradun gisa akreditatzen dituen txartela aurkeztu beharko dute.

Kontzesioa gehienez ere 12 hilabetez ematen ahalko da eta betiere kontzesioaren urteko abenduaren 31n bukatuko da, urtero berritu beharko baita.

Inork ezin izanen du hilebetean zerbitzu bat baino gehiago hartu.

3.2.-Honako hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntza emateko oinarria den jarduera egitea.

b) Laguntza ematen duen organoaren aitzinean frogatzea baldintzak betetzen direla.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

d) Podologia Zerbitzura joateari (altak eta bajak, etab.) dagokionez gertatzen diren aldaketen berri ematea gizarte zerbitzuei, baita edozein aldaketaren berri ere laguntzak ematea ahalbidetu zuten baldintzetan.

e) Hitzordua eskatzea zerbitzua erabiltzeko, ematen zaion telefono edo helbidean.

f) Indarra duen erabiltzaile txartela aurkeztea eta podologoari dagokion zenbatekoa ordaintzea zerbitzua egiteko.

g) Hartutako dirua itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan aurreikusten diren kasuetan.

4. artikulua. Eskatzeko sistema, epeak eta dokumentazioa.

4.1.-Eskatzeko sistema.

Aitzineko deialdian laguntza eskuratu ala ez, eskatzaile guztiek urtero egin behar dute eskaera, lehenago laguntzak eman izanak ez baitakar, berez, gerokorik, hau da, ez du inolako eskubiderik sortzen hurrengo urteetan laguntzak biltzeari dagokionez.

Eskabideak inprimaki ofizialeko ereduaren arabera beteko dira; hura eskatzaileak sinatu beharko du. Eredu hori interesdunen eskura dago Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan. Harekin batera, deialdi honetako baldintzen egiaztagiriak aurkeztuko dira.

4.2.-Epeak.

a) Urte naturaleko azken hilabetean ezarriko da eskaerak hurrengo urterako aurkezteko epea.

b) Epe arruntetik kanpora aurkezten diren eskaerei ezezkoa emanen zaie bertzerik gabe.

4.3.-Agiriak.

4.3.1. Diru sari eskaerak Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan eginen dira.

Eskaera egiten dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Podologia zerbitzurako laguntza eskaera (agiri ofiziala), behar bezala betea eta sinatua (I. eranskina).

-N.A.N./A.I.Z.

Aitzineko bi agirietarik bakarrik ere izan ezean, indarra duen pasaportea aurkeztuko da.

-Diru-sarreren eta haien etorkiaren egiaztagiriak, hala nola nominak, pentsioak, diru sariak, sorospenak etab., deialdiaren aitzin-aitzineko urtean eskuratuak.

-Azken ekitaldiko errenta aitorpena edo aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak luzatua, hura egiteko beharkizunik izan ezean.

Udalak bertze edozein jakingarri eta/edo agiri osagarri eskatzen ahalko du, espedientea ebazten den bitartean beharrezkoa bada.

Eskatzaileek behar den inprimakia bete beharko dute, eredu ofizialaren arabera, betiere betetzen badituzte 3. artikuluan biltzen diren baldintzak. Horretarako, agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, jatorrizkoarekin batera; biak alderatuko baitira Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan aurkezten direlarik.

Aitzineko ataletan aipatzen diren agiriak izan ezean, eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien dokumentu eta ziurtagiriak ekartzen ahalko dituzte diru, gizarte edo familiaren aldetik bizi duten egoera frogatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusiari jarraikiz.

Eskaerarekin batean aurkezten ez badira deialdian ezarritako agiriak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

4.3.2. Aurkezteko tokia:

a) Eskaerak eta eskatutako agiriak Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroan bilduko dira, ezarritako epean, eta egiaztatuko da eskabideko atalak behar bezala beterik daudela eta erantsitako agiriak behar direnak direla.

b) Eskabideak beterik aurkeztean, eskatzaileari kopia itzuliko zaio, sarreraren zigilua eta data dituela, hura aurkeztu izanaren frogagarri.

c) Orobat, aurkeztutako dokumentazioaren kopia jaso dena zigilatuko da, behin fotokopia jatorrizkoarekin alderatu ondoan, aurkeztutako agiriaren egiazkotasunaren frogagarri.

5. artikulua. Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

5.1.-Betiere, irizpideak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.3 a) artikuluan biltzen diren printzipioei lotuko zaizkie.

5.2.-Arloan eskumena duten teknikariek izanen dute espedientea bideratzeko ardura; gisa hartara, deialdiaren kudeaketa, jarraipena eta balorazioa eginen dute, haren fase guztietan, eta haien lana izanen da, halaber, behar diren txostenak egitea, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezten direlarik, ebazpen proposamena egiteaz aparte.

6. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

6.1.-Organo eskuduna. Araudiaren araberako eskumen banaketari jarraikiz, ebazteko eskumena duen organoa alkatea da, bertze baten esku uzten ahal badu ere.

6.2.-Ebazteko gehieneko epea 3 hilabete da eskaera erregistroan sartu denetik, kontuan harturik epe hori eteten ahal dela interesdunari eskatzen bazaio bere eskaerako akatsak zuzentzeko edo agiriak ekartzeko. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe iragan ondoan, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 25.5. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

6.3.-Emateari buruzko ebazpenak administrazio bidea amaituko du eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 58 eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz jakinaraziko zaio eskatzaileari. Orobat, Podologia Zerbitzua kudeatzeko ardura dutenei igorriko zaie.

7. artikulua. Zenbatekoa eta laguntzak emateko eta ordaintzeko prozesua.

7.1.-Laguntzaren zenbatekoa eskatzaile bakoitzari bere diru-sarreren arabera dagokion baremoa aplikaturik aterako da.

Baremoa:

Familia-unitatearen urteko diru-sarrera gordin guztiak kontaturik (Gizarte Segurantzarako ekarpena kenduta) eskuratu beharreko diru saria dagokion ehunekoa izanen da, lauki honetan biltzen den bezalaxe:

DIRU-SARRERA GORDINAK / EURO URTEAN

DIRU SARIA

= < PFEZn aitortu beharreko gutieneko diru-sarreren zenbatekoa (ZB)

%85

= < ZB + F*

%70

= < ZB + 2F*

%50

= < ZB + 3F*

%30

= < (LGS) x 1,5

%20

Non:

[(LGS) x 1,5] - ZB

F:

------------------------

4

LGS = Lanbide arteko Gutieneko Soladata (hileko LGS x 14).

7.2.-Diru-sarreren balorazioa:

Laneko etekinen bidezko diru-sarrerak. Laneko etekinak dira eskatzailearen diru-sarrera guztiak, norberaren konturako edo bertzeren konturako lanetik heldu direnak gehi sari eta pentsio aitortuak, diru publiko nahiz pribatuen kargura finantzatzen diren gizarte aurreikuspeneko araubideetan sailkatuak.

7.3. -Laguntzen zenbatekoa.

Diruz lagunduko da, gehienez, zerbitzuaren kostuaren %85, erreferentziatako harturik Podologia Zerbitzuak ezarritako prezioa, kontratazioa arautzen duten funtsezko baldintzen agiriarekin bat.

7.4.-Eskariak emateko prozedura eta laguntzen ordainketa.

7.4.1. Gizarte zerbitzuek erabaki proposamena aurkeztuko diote Tokiko Gobernu Batzarrari, eta hartan onuradunen zerrenda agertuko da, laguntzen ehuneko zenbatetsia eta lagun bakoitzak Podologia Zerbitzua erabiltzeagatik ordaindu behar duen zenbatekoa.

7.4.2. Gizarte zerbitzuek aditzera emanen diete onuradunei zein den ehunekoa eta zenbat diru eman zaien, baita saio bakoitzagatik zenbat ordaindu behar duten, eta horren baldintzak eta iraupena.

7.4.3. Gizarte zerbitzuek laguntza izan dezaketen lagunen zerrenda prestatuko dute, bakoitzari dagokion egunekoarekin; zerrenda horiek jarriko ditu Podologia Zerbitzua egiteko kontratatu den enpresaren eskuetan.

7.4.4. Hilero Udalak laguntzen zenbatekoa ordainduko du Podologia Zerbitzuaren kudeaketaren esleipena jaso duen enpresak egindako zerbitzuengatik.

7.4.5. Diru-laguntzak emateko baldintza izanen da urte bakoitzean indarra duen aurrekontuan kreditua eskura egotea.

Eskaera guztiei erantzuteko diru aski ez bada, diru-laguntzak emanen dira lehentasuna emanez diru-sarrera gutiago duten pertsonei. Familia-unitatearen diru-sarrerak berdinak dituzten eskaerak baldin badira, lehentasuna ordena honen araberakoa izanen da: lehen-lehenik, "per capita" errenta gutiago duten eskaerak, eta bigarrenik, adin handiena duten eskatzailea.

8. artikulua. Laguntzen kontrola eta aplikazioa.

8.1.-Kontrolaren araubidea.

Diru-laguntzak baliogabetzen ahalko dira baldin eta frogatzen bada:

a) Haien zenbatekoa ez dela erabili eman zirenerako.

b) Baldintzetariko bat edo batzuk betetzen ez dituzten pertsonei eman zaiela, edo behar bezala egiaztatu ez dituztela.

Hala behar badu, dirua itzuli beharko da, Diru-laguntzei buruzko Legearen 37. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denarekin bat.

Burlatako Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek beretako hartuko dituzte eskaeren espedienteen gainean ikuskapena egiteko eginkizuna, legeria aplikagarrian aurreikusten diren neurriak hartzeaz aparte zantzuak daudelarik laguntzen lorpena, xedea edo justifikazioa modu ez zuzenean egin dela.

Aplikatu beharko da finantza kontrolerako Diru-laguntzei buruzko Lege Orokor delakoaren 49. eta hurrengo artikuluetan aurreikusitako prozedura.

8.2.-Justifikazioa.

Laguntzak justifikatzeko, Podologia Zerbitzuaren kudeaketaren esleipena jaso duen enpresak faktura aurkeztuko du, eta zehaztuko haren onuradunek zerbitzua erabili dutela.

9. artikulua. Indarraldia eta xedapen osagarriak.

Arau hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte. Urtero, Udalak ofizioz eginen du LGSaren datuen araberako erreferentziako taula ekonomikoaren transposizioa, baita Podologia Zerbitzua egiten den urte naturaleko PFEZan aitortu beharreko gutieneko diru-sarreren muga ere, behar diren datu ekonomikoak erdietsi beharrez.

Urtero, alkateak, edo berak eskuordetzen duen organoak, behar den erabakia hartuko du urteko deialdia onesteko, Podologia Zerbitzuak kasuan kasuko urtean izanen duen diru-laguntzaren eskala finkaturik.

10. artikulua. Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita hura betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen kontra ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien

Epaitegian, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

11. artikulua. Onarpena eta interpretazioa.

1. Deialdi hauetan parte hartzeak berekin dakar haren arauak onartzea.

2. Udalari dagokio deialdien oinarrien interpretazioa.

3. Onuradunek ez badituzte betetzen deialdien arau partikular hauetan ezarritako betebehar edo baldintzak, diru-laguntzari uko egin diotela ulertuko da eta diru-laguntza ofizioz baliogabetu ahal izanen da.

12. artikulua. Publizitatea.

Oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Arau hauei behar bezalako publizitatea emanen zaie, izan litezkeen onuradunek haren berri izateko biderik egokiena erabiliz. Publizitatea egiteko baliabide osagarriak erabiltzen ahalko dira, hala nola Udalaren web orria, baita Burlatako Gizarte Zerbitzuen Udal Zentroaren iragarki oholak ere.

13. artikulua. Datuen babesa.

1. DBLOren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Burlatako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira diru-laguntza eskaerari erantzuteko, eta deialdira aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Burlatako udalari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bertzalde, Burlatako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak bertze xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

I. ERANSKINA

Podologia Zerbitzurako gizarte laguntzen eskaera

Deiturak eta izena:

Helbidea:

Telefonoa (finkoa nahiz sakelakoa):

NANa:

Aitortzen dut gutienez ere sei hilabete ditudala Burlatan erroldatua eta gainerako baldintzak betetzen ditudala Burlatako Udaleko Podologia Zerbitzua eskuratzeko.

Eskatzen dut gizarte bonoa eman diezadatela Burlatako Udaleko Podologia Zerbitzua erabiltzeko 20... urtean; horretarako ondoko agiri hauek aurkezten ditut:

[ ] NANaren fotokopia.

[ ] Azken ekitaldiko errenta errenta aitorpenaren fotokopia edo aitorpen negatiboarena, Ogasun Departamentuak luzatua, hura egiteko beharkizunik izan ezean.

[ ] Diru-sarreren eta haien etorkiaren egiaztagiriak, hala nola nominak, pentsioak, diru sariak, sorospenak etab., deialdiaren aitzin-aitzineko urtean eskuratuak.

Burlatan, 20....(e)ko .............aren ..............(e)an.

1. Udalak bertze edozein jakingarri eta/edo agiri osagarri eskatzen ahalko du, espedientea ebazteko beharrezkoa bada.

2. Eskabideak aurkezteko epea 20... (e)ko abenduaren ........(e)(a)n bukatuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Legearekin bat, aditzera ematen zaizu Historia Sozialaren fitxategia dagoela, bertzeak bertze eskatutako laguntza tramitatzeko.

Fitxategiaren arduraduna Burlatako Udala da (Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak). Interesdunak Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen egoitzan erabiltzen ahalko ditu fitxategian sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideak.

Iragarkiaren kodea: L1301805