37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Ordenantza fiskala, Buñuelgo Udalak antolatzen dituen hezkuntza, kultura, kirol edo gizarte ikastaro edo jardueretan sartu, izena eman edo matrikulatzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2012ko abenduaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza hori.

Aurreko erabakia 2012ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 21ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Buñuelen, 2013ko urtarrilaren 29an.-Alkatea, Joaquín Pórtoles Beltrán.

ORDENANTZA FISKALA, BUÑUELGO UDALAK ANTOLATZEN DITUEN HEZKUNTZA, KULTURA, KIROL EDO GIZARTE IKASTARO EDO JARDUERETAN SARTU, IZENA EMAN EDO MATRIKULATZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko VII. ataleko 1. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 100. artikuluaren baimenaren babesean.

Kontzeptua.

2. artikulua. Tasak galdatuko dira, Udalak hezkuntza, kultura, kirol edo gizarte arloetan urtean antolatzen dituen ikastaro, ekitaldi edo jardueretan parte hartu edo horietara joateko eskubidea ematen duten sarrera, matrikula edo gisako bertze edozein kontzeptu dela eta, prezio publikoak aplikatzeko bertze arauetan sartuta ez daudenean.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak.

3. artikulua. Sarrera hartzean, izena ematean edo matrikula egitean sortuko da tasa, kasuaren arabera.

4. artikulua. Ikastaroa edo jarduera antolatzeko oinarriek kasu bakoitzerako ezarritako moduan eta tokian eginen da diru-bilketa.

5. artikulua. Tasa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

Tarifak.

6. artikulua. Toki entitateko organo eskudunek ezarriko dituzte aplikatu beharreko tarifak, edo haren erakunde autonomoek, halakorik bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau eta toki entitate honek onesten dituen ordenantza partikularrak aldatzeko, onespenerako egin diren izapide berberak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko lehen kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: L1301424