37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Artzibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2012ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Artzibarko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2012ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2013ko urtarrilaren 29an.-Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

ORDENANTZA, ARTZIBARKO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Euskara Artzibarko hizkuntza da eta bere herritarren ohiko hizkuntza izan da historian zehar. Horregatik, Artzibarko Udalak euskara herritar guztien kultur ondare komuntzat jotzen du eta, gaztelaniarekin batera, udalerriaren berezko hizkuntzatzat.

Hainbat hamarkadatan alde batera utzia, gizartearen haren aldeko nahiari eta beste estatus bati esker, belaunaldi berrietako jende gehiena euskalduna da. Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri, esan nahi du Artzibarren, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez, era egokian eman beharko ditu.

Hortaz, Artzibarko Udalak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Beraz, Artzibarko herritarrek udal zerbitzuak eta arreta euskaraz izan ditzaten bermatzea da ordenantza honen helburu orokorra.

Udalaren eta herritarren gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die herritarrei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

"... jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin".

"... erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)".

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskara zerbitzu hizkuntza bat izatea udalerriko herritarrentzat, eta euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak berariazko xede hauek ditu:

a) Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

b) Herritarrei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

c) Euskararen erabilera finkatzea Udalaren kanpoko irudian.

d) Euskararen erabilera idatziaren gaineko araudia zehaztea.

e) Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz nahitaez, eta nahitaezkoa ez den lanpostuetan euskarak zer balorazio izanen duen.

f) Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

g) Euskara sustatzeko beste jarduera batzuk bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau Artzibarko Udalaren mugapean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez; orobat, zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen II., III., IV. eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Artzibarko Udalak beste administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria eta euskarria ele bitan idatziko dira.

Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Artzibarko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Herritarrekiko harremanak

7. artikulua. Herritarrek Artzibarko Udalarekin gaztelaniaz nahiz euskaraz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten dioten herritarrei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako itzulpen zerbitzua erabiliko da -gaitasuna duen langilerik ez badago-, eta zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du gaztelaniaz, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena.

Halaber, Udalak zuzentzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan eginikoak, betiere euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dion herritarrari euskaraz emanen zaio erantzuna.

10. artikulua. 8. eta 9. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

11. artikulua. Artzibarko Udalak eta bere mendeko erakunde autonomoek gaztelania eta euskara erabiliko dituzte herritarrekin oro har aritzen direnean.

Hala, ele bitan izanen dira bai euskarri tradizionalean bai teknologia berrien bitartez egiten diren komunikazioak:

Beraz, ele bitan izanen dira:

a) Bandoak, ediktuak, herritarrei egindako oharrak edo abisuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Udalak prestatzen dituen publizitate eta dibulgazioko elementuak: liburuxkak, kartelak etab.

h) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

i) Barne erabilerako inprimakiak.

j) Posta elektronikoz bidalitako mezuak.

k) Udalaren web orriko testuak.

l) Udalaren eta haren mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa.

m) Udal informazioko aldizkari bat eginez gero, euskaraz eta gaztelaniaz eginen da.

12. artikulua. Udal jardueraren publizitatea eta hedakuntza baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan -prentsa idatzia, irratia, telebista eta Internet- bi hizkuntzetan eginen da, eta euskaraz bakarrik hedabidea hizkuntza horretakoa bada.

13. artikulua. Udalaren edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

14. artikulua. Udaleko kargudunek bi hizkuntzak erabiliko dituzte jarduera publikoan.

15. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorrean Udalaren esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte adierazpen publiko guztietan, euskarria edozein dela ere.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek. Zerrenda hori ordenantza honi erantsiko zaio, onetsi ondoren.

17. artikulua. Euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanpostu baterako deialdian izangaiek euskarazko eskakizunak betetzen ez dituztenean, lanpostua hutsik geldituko da, eta beste deialdi bat eginen da. Bigarren deialdian lanpostua berriz hutsik gelditzen bada, aldi baterako beteko da (urtebetez, gehienez ere). Horrela, berriz eginen da deialdia eta hizkuntza gaitasuna duen langileak beteko du.

18. artikulua. Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdietan euskaraz jakin beharrik ez badago, merezimendu kualifikatua izanen da hizkuntza hori jakitea; Euskarari buruzko Foru Legean eta hura garatzen duten dekretuetan edo bestelako ebazpenetan ezarritako gehieneko balorazioa emanen zaio.

19. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo beste baliokide baten bidez frogatuko da haren ezagutza; bestela, behar den eskakizuna badela erakusten duen proba gaindituta.

Nolanahi dela ere, euskara maila egiaztatu behar bada proba baten bidez, proba hori NAPIko akreditazio unitateko teknikariek eginen dute.

20. artikulua. 1. Euskara ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

2. Udalak hizkuntz prestakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta izan litezkeen ordezkotzak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

3. Udal langileak hizkuntz prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, duten ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Artzibarko udal administrazioan egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

21. artikulua. Artzibarko Udalak zerbitzu publikoen kontratazioak egiten dituenean zeharka, irizpideak ezarriko dira zerbitzu horien erabiltzaileen eskubidea, euskara zein gaztelania erabiltzekoa, bermatze aldera, ordenantza honetan aurreikusitako eran.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

22. artikulua. Artzibarko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

23. artikulua. Artzibarko Udalak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko beste entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

24. artikulua. Alde horretatik, Artzibarko Udalak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduentzako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazio kanpainetan ere.

25. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira. Halaber, laguntza ekonomikoa emanen da euskara sustatzeko edo irakasteko jarduerak antolatzearren.

26. artikulua. Orobat, Artzibarko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinalizazioko errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Artzibarko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

27. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

28. artikulua. 1. Artzibarko Udalaren diru-laguntza hartzen duten taldeei, diru-laguntza horren xedeko jardueretan euskara erabiltzeko eskatuko zaie, baita jarduera horiek sustatzeko publizitatean ere.

2. Orobat, eskolaz kanpoko jarduerak edo bestelakoak (kirola, musika etab.) antolatzen dituzten patronatu edo entitateak euskaldunek jarduera horiek euskaraz egin ditzaten arduratuko dira.

29. artikulua. Herritar euskaldunak.

Udalak euskaldunen zentsua prestatuko du, udalerriko egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta haientzako kanpaina berariazkoak berme guztiekin egitearren.

Gainera, zentsua eginik, euskarari buruzko galderak erantsiko dira Udalaren erroldako baja eta alta guztietan; horrela, zentsua eguneratuta egonen da beti, borondatezko inskripzioen bitartez.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

30. artikulua. Artzibarko Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Arazorik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.

31. artikulua. Oikonimiari (etxeen izenak) dagokionez, Udalak laguntza emanen die herritarrei beren etxeen izenak katastroan inskribatzeko, euskarazko adierari lehentasuna emanez eta, zalantzarik bada, Euskaltzaindiari eginen zaio kontsulta.

IX. KAPITULUA

Ordenantza betetzea

32. artikulua. Batzorde bat eratuko da, ordenantza hau aplikatu eta garatzean hartzen ahal diren neurri teknikoak zuzentzeaz eta jarraitzeaz arduratuko dena.

33. artikulua. Udala lankidetzan ariko da hizkuntza politikan eskumenak dituzten entitate guztiekin, ordenantza hau aplikatu eta garatzeari eta hizkuntza normalizazioaren zeregin orokorrari dagokienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Artzibarko Udalak sortu edo bultzatutako programa guztiak garatzeko, kontuan hartuko da hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegia, eta Euskara Zerbitzuak emanen die aholkua Udalaren zerbitzuei euskararen normalizazioa bermatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1301385