37. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 6an hartua, "Lizarrako Kale Nagusiko 58. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia" izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

Lizarrako Kale Nagusiko 58. zenbakiko jabeen komunitateetako buruek eskaturik, Lizarrako Udalak 2012ko ekainaren 21ean egindako osoko bilkuran erabakita, hasiera batean onetsi zen "Lizarrako Kale Nagusiko 58. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia", haren helburua izanik igogailu bat paratzea eraikin horretan. Ondoren, plan berezia jendaurrean jarri zen, interesdunek bidezko juzgatzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epea iraganik, eta alegaziorik aurkeztu ez denez, Lizarrako Udalak 2012ko azaroaren 8ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onetsi zen behin betikoz aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek, jabeen komunitate baten onurarako, desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea, irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak (kasu honetan igogailu bat) paratzeko asmoz batik bat bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.

Lizarrako Udalak aurkeztutako espedientean Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak egindako ziurtagiri bat eta osasun txosten bat daude, zeinetan frogatzen baita hainbat desgaitasun mota eta hainbat desgaitasun maila dituzten herritar batzuk bizi direla Lizarrako Kale Nagusiko 58. zenbakiko jabeen komunitatean. Horrek justifikatzen du desjabetzeak ukitzen dituen ondasunak presaz okupatzea, igogailua paratuta ahalik eta lasterren izan dezaten sarbide hobea beren etxebizitzetan.

Horrenbestez, Lizarrako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua pagatzeko behar adinako kreditua dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Lizarrako Kale Nagusiko 58. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia" izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Lizarrako Udalak sustatu du.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Lizarrako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2013ko otsailaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1301873