4. PROZEDURA JUDIZIALAK
IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 8. EPAITEGIA
Ediktua. 360/2012 prozedura
María Pilar Alguacil Arteta andreak, Iruñeko Lehen Auzialdiko 8. Epaitegiko (Familia Epaitegia) epaile magistratuak,
Aditzera ematen dut: Laita prokuradore andreak eskaturik, ezkontzaz kanpoko haurrari buruzko neurrien gaineko 360/2012 familia-prozedura tramitatzen ari da Iruñeko Lehen Auzialdiko 8. Epaitegi honetan, Carlos Alberto Espinosa Reinoso jaunaren aurka (non den jakiterik ez dago). Prokuradoreak Marcia Beronica Medina Japón andrearen izenean eta hura ordezkatuz jardun du. Auto horien barrenean, besteak beste hitzez hitz hauxe dioen ebazpena eman da:
Epaitza:
Partez baiesten dut Juana M.ª Laita prokuradore andreak, Marcia Berónica Medina Japón andrea ordezkatuz, Carlos Alberto Espinosa Reinoso jaunaren aurka (auzi-ihesean dago) jarri duen demanda, eta, horrenbestez, pertsonen eta ondarearen gaineko neurri hauek ezartzea erabakitzen dut:
1.-Alaba adingabearen zaintza eta jagoletza Medina andreari ematen zaizkio. Halaber, guraso-ahalaren titularrak bi gurasoak direla ezertan ukatu gabe, amak bakarrik erabiliko du adingabeen gaineko guraso-ahala. Beraz, besteak beste, bidaiak egiten ahalko ditu aitaren baimenaren premiarik gabe.
2.-Azaldutakoa dela-eta, ez da bidezkoa oraingoz bisitetarako araubiderik ezartzea. Erabaki hori alda liteke une horretan dauden inguruabarrak baloratuta, etorkizunean oraingo egoera aldatuz gero.
3.-Espinosa jaunak alaba adingabearentzat hilean 150 euroko mantenu pentsioa ordainduko du, hamabi hilabetekotan, ordainketa aurreratuetan, hilaren lehen bost egunen barnean, auzi-jartzaileak adierazten duen kontu korrontean. Pentsio horren zenbatekoa urtero berrikusiko da, Estatistikako Institutu Nazionalak edo legez hura ordezten duen erakundeak Estatu osorako adierazten duen KPIaren arabera. Lehenbiziko eguneratzea 2014ko urtarrilean eginen da.
Gastu bereziren bat egin beharra sortzen denean biek ordainduko dute, erdi bana, gastuaren arrazoia eta zenbatekoa jakinarazi ondoren, eta adostasunik ezean epaileak ebatziko du. Ondorio horietarako, honako hauek hartuko dira gastu berezitzat: gaixotasun larri edo luzearen gastuak, ebakuntza kirurgikoaren gastuak, osasun zentro batean sartzeko gastuak eta, oro har, Gizarte Segurantzak edo gurasoen aseguruek estaltzen ez dituzten medikuntza, osasun eta farmazia gastuak; eskolako gastuak, besteak beste eskolako liburuak erosteko ikasturte hasieran izaten direnak, ikasturtea gainditzeko behar dituen klase partikularrenak; eta unibertsitateko, unibertsitate osteko eta lanbide trebakuntzako ikasketen gastuak, diru-laguntzarik ez duten heinean.
Aurreko ataletakoak bezain premiazkoak ez diren gastu bereziak, hala nola adingabearen geroko eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, ikasturte amaierako bidaia eta antzekoak, bi gurasoek ordainduko dituzte, biek onartzen baldin badute jarduera horiek egitea. Bestela, eginbeharra bere gain hartzen duenak ordainduko du.
Gastu bereziak fakturaren edo ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horietan gastuaren kontzeptua eta mota adierazi behar dira.
4.-Ez da bidezkoa kostuei buruz deus berezirik erabakitzea.
Egin bedi epai honen hitzez hitzeko lekukotza, jarduketa hauetan uzteko, eta sartu jatorrizkoa epaien liburuan.
Aurkaratzeko bidea: ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkezten ahal da, jakinarazi eta biharamunetik hogei eguneko epean; horretarako, idazki bat aurkeztuko da epaitegi honetan, eta hartan azaldu zer alegaziotan oinarritzen den aurkaratzea, zein ebazpen errekurritzen den eta zein erabaki aurkaratzen.
Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Epaile magistratua.
Eta Carlos Alberto Espinosa Reinosori jakinarazpena egiteko balio izan dezan, gaur egun non den jakiterik ez baitago, honako honen bi kopia egin eta sinatzen ditut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta epaitegi honetako iragarki-oholean argitara daitezen.
Iruñean, 2013ko urtarrilaren 18an.-Epaile magistratua. Idazkaria.
Iragarkiaren kodea: J1301038