33. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Akats-zuzenketa, 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra hartu beharreko zerga bidezko diru-sarreren eta prezio publikoen erregulazioaren behin betiko onespenaren argitalpenean

Akatsa atzeman da 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra hartu beharreko zerga bidezko diru-sarreren eta prezio publikoen erregulazioaren behin betiko onespenaren argitalpenean -2012ko 253. Nafarroako Aldizkari Ofizialean abenduaren 31n egindakoan-, eta, horrenbestez, hura zuzentzen da, dagokion akats-zuzenketa argitara emanda.

7. arauan, Joaquín Maya Udaleko Musika Eskolak ematen dituen ikasketetan izena eman eta parte hartzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak erregulatzen dituen horretan, ez zen argitaratu 4. artikulua, Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauen atalean joan beharrekoa. Akatsa zuzentze aldera, hona 7. arauaren transkripzio osoa:

JOAQUÍN MAYA UDALEKO MUSIKA ESKOLAK EMATEN DITUEN IKASKETETAN IZENA EMAN ETA PARTE HARTZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOAK ERREGULATZEN DITUEN ARAUA

7. araua

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen Lehen Tituluko III. Kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz eta haren 28. artikuluan ageri den baimenaren babesean ezarri da.

Sortzapena

2. artikulua. Ordaintzeko betebeharra ikasketetarako izena ematean sortzen da, eta haietan parte hartu behar dutenek ordaindu behar dute, salbu ikaspostua galtzen badute ezarritako epean ez ordaintzeagatik.

Kudeaketarako eta diru-bilketarako arauak

3. artikulua. Matrikula ordaintzeko epea hamar egun naturalekoa izanen da, kasuan kasuko ikasketetan izena noiz eman eta biharamunetik kontatuta. Behin epe hori amaituta matrikula ordaindu ezean, ikaspostua galduko da.

4. artikulua. Matrikularen zenbatekoa Udalak berak ikastaroa bertan behera uzten duenean baino ez da itzuliko, edo eskola-postuari irailaren 30a baino lehen uko egiten zaionean. Azken kasu horretan, ez da itzuliko administrazio- eta kudeaketa-gastuak direla-eta urtero ezarritako zenbatekoa.

Tarifen aplikazioa

5. artikulua. 1) Aplikatu beharreko tarifak Arau honen Eranskinean daude jasota, eta barne hartuko dute, behar izanez gero, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kuota.

2) Ikasleak Eskolan behin ikasturtea abiatuta hasiz gero, ikasturtea osatzeko zenbat hilabete falta diren eta horren proportzioan ordainduko dute tarifa, betiere izena zein hilabetetan eman eta hori barne hartuta.

6. artikulua. Baldin eta eskatzaileek Arau honen eranskinaren III. epigrafean jasotako murrizketen onuradun izan nahi badute, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte, nahitaez:

a) Murrizketa familia ugaria izateagatik jasotzeko, familia ugariko titulua, betiere Familia Ugariei buruzko 20/2003 Foru Legean -zeina 6/2005 Foru Legeak aldatu baitu- ezarritako definizioarekin bat.

b) Murrizketa familiaren diru-sarrerak direla medio jasotzeko, familiako kide guztiek urtean jasotako diru-sarrera gordin guztien aitorpen justifikatua eta halakorik egiteko betebeharra duten kideen PFEZren gaineko aitorpena, eskaera noiz egin eta orduantxe aurkezteko epea amaiturik duena.

c) Murrizketa minusbaliotasuna dela medio jasotzeko, agiri ofizial bat, non jasoko baita eskatzaileak %33ko minusbaliotasuna edo handiagoa duela, edo ezintasun iraunkorra zein elbarritasuna dela bide administrazio publikoen diru-prestazioak jasotzearen gaineko egiaztagiria.

d) Murrizketa terrorismo-ekintzen biktima izateagatik jasotzeko, biktimaren izaera aitortzen duen administrazio-ebazpena edo epaia, eta biktima batekin ahaidetasun-harremanik izanez gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiria.

e) Murrizketa etxeko indarkeriaren biktima izateagatik jasotzeko, babesteko agindua edo zigor-epaia, etxeko indarkeriatzat jotako ekintzak direla-medio, eta biktima batekin ahaidetasun-harremanik izanez gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Murrizketa familiek beren baitan beste pertsona batzuk hartzeagatik jasotzeko, abegia formalizatzen duen agiria edo hura erabaki duen administrazio-ebazpena edo epaia.

7. artikulua. Tarifak aplikatzeko, ondokoen batuketa hartuko da familiako diru-sarrera gordintzat: zerga-oinarriaren alde orokorra, aurrezkiaren likidazio-oinarri berezia eta PFEZtik salbuetsiak diren aurkeztutako errentak, non aitorpen horietan sartu ez diren eta urtean-urtean justifikatu diren diru-sarrera gordinak jasoko baitira. Familiaren urteko per capita diru-sarrera gordinak aurreko batuketa familia-unitateko kide kopuruaz zatituta ateratzen den zenbatekoa izanen dira.

8. artikulua. Murrizketa bat baino gehiago jasotzeko eskubiderik edukiz gero, III. epigrafean ezarritako murrizketak ezin izanen dira metatu. Salbuespen gisara, familia ugaria izateagatik eta familiaren diru-sarrerak direla medio jaso beharreko murrizketak metatzen ahalko dira, gehienez ere, murrizketaren %100era bitarte metatu ere.

9. artikulua. Aurreko ikasturtean ikasgairen batean ohorezko matrikula lortua zutenek eskubidea izanen dute ikasturte berriko irakasgai bereko matrikula doan egiteko. Irakasgai hori izan ezean, beste batean erabil dezakete doan matrikulatzeko eskubidea.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Ikasketa arruntak.

-Ikasturterako izena ematea (40 euro jotzen duten administrazio- eta kudeaketa-gastuak barne): 49,75 euro.

-Irakasgai bakoitzeko: 82,95 euro.

II. epigrafea.-Ikastaro monografikoak.

-Ikastaroan izena ematea (ikastorduko tarifa): 3,35 euro.

-Koru- edo instrumentu-taldeetan izena ematea: 82,95 euro.

III. epigrafea.-Murrizketak.

III.1.-Familia ugaria dela-eta:

-Kategoria orokorreko familia ugariak: %50.

-Kategoria bereziko familia ugariak %100.

III.2.-Familiaren diru-sarrerak direla medio:

-Familiaren urteko per capita diru-sarrera gordinak LGSren %50etik %100era bitarte badira: %50.

-Familiaren urteko per capita diru-sarrera gordinak LGSren %50etik beherakoak badira, betiere, ikasleak eskatzen zaion gutxieneko ordu-kopurua betetzen badu: %100.

-Bestela, murrizketa ondokoa izanen da: %50.

III.3.-Minusbaliotasuna dela medio:

-Legez aitortuta %33ko minusbaliotasuna edo handiagoa duten ikasleek: %50.

III.4.-Terrorismo-ekintzen biktima izateagatik:

-Terrorismoaren biktima-izaera epaiaren edo administrazio-ebazpenaren bitartez aitortua duten pertsonak, beren gurasoak, seme-alabak eta ezkontideak edo bikotekide egonkorrak, eta, betiere, ikasleak eskatzen zaion gutxieneko ordu-kopurua betetzen badu: %100.

-Bestela, murrizketa ondokoa izanen da: %50.

III.5.-Etxeko indarkeriaren biktima izateagatik.

-Etxeko indarkeria fisikoaren edo psikikoaren biktima diren pertsonak, beren gurasoak, seme-alabak eta ezkontidea edo bikotekide egonkorrak, betiere horiek epaiak delituaren erantzule kriminalak jo ez baditu eta, betiere, ikasleak eskatzen zaion gutxieneko ordu-kopurua betetzen badu: %100.

-Bestela, murrizketa ondokoa izanen da: %50.

III.6.-Familia-abegiarengatik:

-Bereak ez diren familiek hartuak izan diren pertsonak, ebazpen judizial zein erabaki baten edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren edo pertsona hori babesteko ardura duen entitate publikoaren oniritziaren bitartez hartuak izan badira: %50.

Iruñean, 2013ko otsailaren 2an.-Alkate Udalburua, Enrique Maya Miranda.

Iragarkiaren kodea: L1302051