33. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

30/2013 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2013-2014 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzen duena.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duenak, 12.1 artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak arautuko duela funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura, baldintza beretan sartzeko aukera izan dezaten.

Foru dekretu hori aplikatzeko, eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskolatzearen arloan ezarritako esparruaren barnean, komenigarritzat jo da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe guztietan ikasleak onartzeko irizpideak eta prozedurak arautzea.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Ataleko buruak txosten bat aurkeztu du, non funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2013-2014 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura proposatzen baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 21.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Ebazpen honen xedea da funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2013-2014 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautzea, zehaztapen hauekin bat:

1. Ikaspostuen hartzaileak.

Ikaspostua eska dezakete 2011n eta 2012an jaiotako haurren aitak, amak edo tutoreek, eta 2013an jaiotako haurrenek, baldin eta horien jaiotza 2013-2014 ikasturte hasiera baino 16 aste lehenago bada. Urtebetetik beherako adingabeentzako instalaziorik ez den haur eskoletan, ikasturte hasieran urtea egina duten haurrentzat bakarrik eskatzen ahalko da ikaspostua.

Ikastetxeetan hasteko, haurrak 16 aste beteak izanen ditu, edo urtebete, baldin eta ikastetxeak urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez badu.

Ebazpen honetan aurreikusitako prozedura aplikatuko zaie 2012-2013 ikasturtean ikastetxean matrikulatuta ez dauden haurrei.

2. Haurrak onartzeko prozeduran eskumena duten organoak.

Entitate titular bakoitzak Hautapen Batzorde bat izendatuko du, eta gutxienez ere entitate titularraren eta ikastetxeen ordezkari batek edo batzuek osatuko dute. Entitate titularraren ordezkari bat izanen da batzordeburua.

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikaspostuak gordetzeko prozedura zehaztu eta aurrera eramatea.

b) 2013-2014 ikasturterako hutsik dauden ikaspostuak argitaratzea.

c) Tramitaziorako baremoa eta epeak argitaratzea.

d) Aurkezten diren eskaerak tramitatzeko onartzea.

e) Eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea, haurrak onartzeko araudian ezarritako irizpideekin bat.

f) Haurrak onartzeko prozesua ebaztea, onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea, lortutako puntuazioa adierazita, eta erreklamazioak ebaztea.

g) Apirileko eta ekaineko behin-behineko plangintzaren plantillak eta 2013ko ekainaren 15a baino lehen behar diren matrikula datu guztiak igortzea Hezkuntza Departamentura, baita iraileko ikasturte hasierako behin betiko plantilla ere, 2013-2014 ikasturteari dagokiona.

3. Haurrak onartzeko prozeduraren zati diren jarduketak.

Jarraian adierazten diren jarduketak eginen dira funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozeduran:

a) Ikaspostuak gordetzea, ikastetxe horietan 2012-2013 ikasturtean matrikulatu diren haurrei.

b) 2013-2014 ikasturtean hutsik egonen diren ikaspostuen kopurua zehaztea.

c) Eskaerak aurkeztu eta jasotzea, baremazioa egitea eta behin-behineko zerrendak argitaratzea.

d) Erreklamazioak ebaztea eta behin betiko zerrendak argitaratzea.

e) Ikasturte hasierako behin-behineko eta behin betiko plangintzaren plantillak prestatu eta Hezkuntza Departamentura igortzea.

f) Matrikula egitea.

Iruñean, aurreinskripzioa batera eginen da Gizarte Politiketako Departamentuaren ikastetxeetan eta Iruñeko Udalaren mendekoetan.

4. Haurrak onartzeko prozeduraren garapena.

4.1. Ikaspostuak gordetzea.

4.1.1. Hautapen Batzordeak epe bat eta jarraibide batzuk ezarriko ditu 2012-2013 ikasturtean ikastetxera joan diren haurrei ikaspostua gordetzeko.

4.2. Hutsik dauden ikaspostuen kopurua zehaztea.

4.2.1. Hautapen Batzordeak zehaztuko du zenbat ikaspostu huts aurreikusten diren ikastetxe bakoitzean, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera. Foru dekretu hartan, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautzen da. Ikaspostu horiek jendaurrean jarriko dira 2013ko otsailaren 22an, onartzeko prozesuan aplikatuko den baremoarekin batera, ikastetxeko eta entitate titularraren iragarki oholean.

4.3. Eskaerak.

4.3.1. Eskaerak ikastetxean eta/edo entitate titularrean jaso eta aurkezten ahalko dira, 2013ko martxoaren 1etik 15era bitartean. Entitate titularraren ikastetxe bat baino gehiago egonez gero, edo ordutegi edo hizkuntza eredu bat baino gehiago izanez gero, eskatzaileek horietatik zein lehenesten duten adierazi beharko dute.

4.4. Dokumentazioa.

4.4.1. Sartzeko eskabideak eredu ofizialaren araberakoak izanen dira, eta haurraren jaioteguna eta eskatzailearen bizilekua egiaztatzen dituen agiriarekin batera aurkeztuko dira. Oraindik ere jaio ez den haurraren eskabidea egiteko, noiz jaioko den aurreikusten duen txosten medikoa erantsiko da eta, adoptatutako edo harreran hartutako haurren kasuan, kasuan kasuko egiaztagiria sartuko da.

4.4.2. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) NANaren, pasaportearen, atzerritarrentzako bizileku-txartelaren edo balio bera duen aitaren eta amaren edo legezko tutoreen nortasun agiriaren fotokopia.

b) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan-egoera eta/edo egoera akademikoa justifikatzen duten agiriak.

-Besteren konturako langileen kasuan, aurreinskripzioa bukatu aurreko hilabetean Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean altan zegoela frogatzen duen ziurtagiria eta enplegua ematen duenaren zinpeko aitorpena edo ziurtagiria, lanaldia adierazten duena.

-Norberaren konturako langileen lan egoerak frogatzeko, aurreinskripzioa bukatu aurreko hilabetean, mutualitate orokorrean edo Gizarte Segurantzan dagokion araubidean eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan zegoela erakusten duten agiriak erabiliko dira. Gainera, zinpeko aitorpena erantsiko da, lanaldia adierazita.

-Hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko eszedentzian egonez gero, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasi ondoko hilabete eta erdian beranduenez, jarduneko langiletzat har dadin.

-Eskaerak aurkezteko unean ikasten arituz gero, matrikularen, ikasturteko egutegiaren eta ordutegiaren frogagiria aurkeztuko dira.

c) Familiaren osaera frogatzen duten agiriak.

-Familia-liburuaren fotokopia (aita, ama eta seme-alabak) edo, halakorik ez badago, antzeko agiri ofiziala osorik.

-Familia unitateko edozein kideren minusbaliotasuna frogatzen duen agiria edo familia unitateko kideren bat Gizarte Segurantzako pentsioduna dela frogatzen duen agiria, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu.

-Haurra harrera-egoeran dagoela edo adoptatua dela frogatzen duen dokumentazioa.

d) Errenta mailak frogatzen duen dokumentazioa.

-Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2011. urtean izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak (datu fiskalak), edo 2012. urtekoak, onarpen prozesua 2013ko ekainaren 30etik aurrera hasten bada.

-Interesdunak bi aukera izanen ditu: dokumentazioa berak aurkeztea, edo entitate titularrari baimena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barrenean eskumena duen unitate organikoari edo departamentuari behar den dokumentazioa eska diezaion. Baimen hori eskabide bidez eman beharko da, deialdian dokumentazioa aurkezteko ezartzen den epearen barrenean, eta agiria noiz eta zein organotan aurkeztu zen adierazi beharko du.

e) Aitaren, amaren edo legezko tutoreen bizilekua edo lantokia eraginpeko eremu geografikoan dagoela frogatzen duen dokumentazioa.

-Erroldaren ziurtagiria, dagokion udalak emana, haurra eta bere aita, ama edo legezko tutoreak 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen udalerrian erroldatuta direla adierazten duena.

-Aitak, amak edo haurraren tutore lana egiten duenak zerbitzuak ematen baditu eskatu den ikastetxean edo entitate titularraren Haur Hezkuntzako beste edozein ikastetxetan, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko zuzendaritzak emandako ziurtagiria, eskatzaileak bertan lan egiten duela adierazita.

-Haurraren zaintza eta ardura duten aitaren, amaren edo legezko tutoreen lantokia zein den frogatzen duen dokumentazioa.

-Bizilekua aldatzea aurreikusi bada, etxebizitza ikasturtea hasi baino lehen emanen dela frogatzen duen agiria baloratuko da. Kasu horretan, gaur egungo bizilekua zein den adieraziko da jakinarazpenetarako, eta bizileku berria, berriz, baremazioa egiteko.

f) Sarbide zuzenerako baldintza bereziei buruzko dokumentazioa:

-Haurraren minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria eta/edo haurraren mendekotasun handia (III. gradua) aitortzen duen egiaztagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik berariazko hezkuntza beharrak dituela dioena.

g) Beste edozein egoera berezi baloratzeko frogagiriak. Medikuaren, psikologoaren, gizarte langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da inguruabar hori frogatzeko.

4.4.3. Alegatzen den egoerari buruzko dokumentaziorik aurkezten ez bada, zero puntuazioa emanen da onarpen baremoan dagokion atalean.

4.4.4. Egiaztatzen bada eskabidean edo erantsitako dokumentazioan adierazitako datuak okerrak edo faltsuak direla, dagokion puntuazioa aldatuko da eta, kasua bada, emandako ikaspostua kenduko.

4.4.5. Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein unetan frogagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

4.5. Ebazpenaren faseak.

4.5.1. Eskabideak baloratzeko, Hautapen Batzordeak ebazpen honen eranskinean ageri den baremoa aplikatuko du, haurren gurasoek edo legezko tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

4.5.2. 2013-2014 ikasturterako behin-behineko plangintzaren plantilla 2013ko apirilaren 12a baino lehen igorriko da Hezkuntza Departamentura. Adinaren araberako unitateak planifikatzeko eta banatzeko, erreferentzia gisa ikasturtearen hasierako eguna hartuko da. Haurrak onartzeko epeak egokitu dituzten entitateen kasuan, plangintza hori onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu baino lehen igorri beharko da.

4.5.3. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin-behineko itxarote-zerrenda ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholean jarriko dira 2013ko maiatzaren 8an, ebazpen honetan ezarritako baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.5.4. Erreklamazioak ikastetxearen entitate titularrean aurkeztuko dira, Hautapen Batzordeari zuzenduta, behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduz. Aurkezteko epea 2013ko maiatzaren 8an hasi eta maiatzaren 14an bukatuko da, biak barne. Ezin izanen dira inolaz ere hautapen baremoan puntuazioa ematen duten agirietako akatsak zuzendu.

4.5.5. Onartuen behin betiko zerrenda eta behin betiko itxarote-zerrenda 2013ko maiatzaren 24an argitaratuko dira ikastetxearen eta entitate titularraren iragarki oholetan, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz.

4.6. Matrikula egitea.

4.6.1. Matrikulak entitate titularrak finkatzen duen tokian eginen dira, 2013ko maiatzaren 24tik 31ra bitarte.

4.6.2. Matrikula egiteko, beharrezkoa da haurrak 16 aste beteak izatea ikasturtea hasten denean, edo 12 hilabete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.6.3. Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, beste esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

4.6.4. Eskatutako aukeretako batean matrikula egiteko, uko egin beharko zaie ikastetxe bereko beste aukera guztiei edo herri bereko beste edozein ikastetxeri, ikastetxearen toki entitate titularrak hala ezartzen duen udalerrietan."

4.6.5. Matrikula egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

-Haurraren inskripzioa duen Gizarte Segurantzako kartillaren edo txartelaren fotokopia.

-Matrikulari dagokion kuota ordaindu izanaren egiaztagiria.

-Beste udalerri batean bizi diren haurren kasuan, modulutik udalari dagokion portzentajea finantzatu izanaren egiaztagiria. Finantzaketa hori bizitokiko udalaren edo familiaren beraren kontura izanen da.

-Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2012ko pertsona fisikoen errentaren gaineko aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badute, beharkizun horretatik salbuetsita daudela frogatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak sinatua, eta horrekin batera, lan bizitzaren txostena eta familiak 2012. urtean izan dituen diru-sarrerak zehazten dituzten agiriak. Dokumentu hau aurkezteko, bada astia 2013ko ekainaren 30a arte.

-Ordainagiriak helbideratzeko banku entitateko kontu-zenbakiaren fotokopia, titularra eta zenbakia espres adierazita.

-Kasua bada, beharrezkoa den osasun informazioa, haurra behar den moduan zaintzeko.

4.6.6. Itxarote-zerrendan dauden haurrak ikastetxean matrikulatzen ahalko dira ikaspostuak hutsik gelditzen direnean, betiere 16 aste beteak badituzte, edo 12 hilabete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan. Matrikula egiteko, zorrotz jarraituko zaio zerrendako puntuazio ordenari, 2014-2015 ikasturterako ikaspostu hutsen zerrenda argitaratu arte.

4.6.7. Eskabide berriak matrikulazio epea bukatu ondoren aurkezten ahalko dira, horretarako ezarritako epe arruntetik kanpo, 2014-2015 ikasturterako bete beharreko ikaspostuak argitaratu arte, betiere haurrak 16 aste beteak baditu, edo urtebete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

Eskaera horiek kontuan hartuko dira ikasposturen bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxarote-zerrenda agortu ondoren. Ikaspostuak esleitzeko, eskabidea aurkezteko egunari jarraikiko zaio, betiere haurrak 16 aste beteak baditu, edo 12 hilabete, urte batetik beherako haurrentzako instalaziorik ez duten ikastetxeen kasuan.

4.6.8. Salbuespen gisa, entitate titularrak egokitzat jotzen duenean eta Hezkuntza Departamentuaren oniritziarekin, haurrak matrikulatzen ahalko dira behin ikaspostu hutsak argitaratuta, betiere hurrengo ikasturterako eskaintzari eragiten ez badio.

4.6.9 Hautapen Batzordeak 2013-2014 ikasturteko behin betiko plangintzaren plantilla igorri beharko du 2013ko irailaren 30a baino lehen, hark onets dezan.

5. Hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleak.

Hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten haurrek sarbide zuzena izanen dute Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

Sarbide zuzena emateko beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak (Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak) aldeko txostena ematea, alde batera utzita eskaerekin batera aurkezten diren txostenak.

6. Epeak egokitzea.

Aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, entitate titularrek ebazpen honen 4.2.1., 4.3.1., 4.5.2., 4.5.3., 4.5.4. eta 4.5.5. ataletan aipatutako epeak egokitzen ahalko dituzte, eta beranduenez apirilaren 8an 2013-2014 ikasturterako ikaspostu hutsak argitaratuko dituzte.

7. Ikasleak onartzeko prozedura berezia.

Haurrak 2013-2014 ikasturtean onartzeko prozedura bereziak abiarazten ahalko dira ikastetxe berrietarako edo unitateak handitzen dituzten ikastetxeetarako. Halakoetan, horretarako eratutako Hautapen Batzordeak, aldez aurretik Hezkuntza Departamentuari jakinarazita, ebazpen honen 4.2.1., 4.3.1., 4.5.2., 4.5.3., 4.5.4., 4.5.5., 4.6.1. eta 4.6.6 ataletan adierazitako epeak zehaztuko ditu.

8. Tarifak.

Tarifak aplikatzeko, Hezkuntza Departamentuak familien 2013-2014 ikasturteko tarifak erregulatzen dituen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. Bajak.

9.1. Ikasturtea hasi eta hamabost egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari nahitaezko baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, justifikaziorik gabe, hamabost egun naturalean jarraian agertzen ez denari. Kasu horietan, entitate titularrak familiari idatziz jakinaraziko dio haurra bajan eman duela ikastetxean. Jakinarazi eta hamabost egunen buruan gauzatuko da baja.

9.2. Ikasturtean borondatezko bajarik badago, idatziz komunikatu beharko zaizkio ikastetxeko zuzendaritzari gutxienez hamabost egun lehenago.

2.-Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4.-Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Familiaren eta Haur eta Nerabeentzako Arretaren Zuzendariordetzari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 28an.-Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Hautapen baremoa

A) Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen lan-egoera eta/edo egoera akademikoa: 20 puntu, gehienez ere.

a.1) Haurren aita, ama edo legezko tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean, 20 puntu:

-Aita, ama edo legezko tutoreak lanaldi osoan daudenean biak.

-Aita, ama edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan eta bestea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik.

-Aita, ama edo legezko tutoreak dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, behar bezala frogaturik.

-Familia gurasobakarretan aita, ama edo legezko tutorea lanaldi osoan edo dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik.

a.2) Haurren aita, ama edo tutoreak jarraian adierazten diren egoeretako batean daudenean, 15 puntu:

-Guraso edo legezko tutoreetako bat lanaldi osoan ari denean eta bestea lanaldi partzialean.

-Guraso edo legezko tutoreetako bat dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, behar bezala frogaturik, eta bestea lanaldi partzialean.

-Familia gurasobakarretan aita, ama edo legezko tutorea lanaldi partzialean ari denean.

a.3) Lan-egoeraren kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Gizarte Segurantzan edo jarduera ekonomikoen gaineko zergan kidetu gabe egindako lana ez da kontuan hartuko.

2. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik ez dela, hau da, ordezkoen zerrenden eta antzekoen kasuetan, ez da eszedentziatzat hartuko.

3. Lanaldi mota baloratzean, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia edo gehiago hartzen duena. Aldiz, lanaldi erditik beherakoa, lanaldi laburtzat.

4. Baremaziorako, 6 hilabetetik beherako aldizkako kontratu finkoak lanaldi erdiaren parekotzat joko dira.

5. Baremazioaren ondorioetarako, lanaldi osoko lan gisa kontatuko da ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik prestazio bat jasotzeko eskubidearen aitorpena.

6. Ikasketak baloratzeko, titulu akademiko ofizialak eskuratzera bideratuak daudenak hartuko dira ikasketa araututzat: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitateko tituluak etab.

Orobat, lehentasunezko dedikaziotzat joko da interesdunak ikasturtean, gutxienez ere, 60 kredituko matrikula egina duenean.

B) Familiaren osaera, gehienez ere biltzen ahal den puntuazioa: 8 puntu.

b.1) Modalitateak:

-Deialdi berean bi seme-alabarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzen duten familiak (ikaspostuaren erreserba sartzen da): 4 puntu.

-Bi seme-alaba adingabe dituzten familien kasuan: puntu bat. Hirugarren adingabetik aurrera, puntu bat gehituko da seme-alaba bakoitzeko, eta beste puntu bat 6 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko.

-Familia unitateko edozein kideren minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsoriala, gutxienez %33koa eta aitortua bada: 2 puntu.

b.2) Familiaren osaeraren kontzeptua:

1. Familia unitatearen zati dira aitak eta amak edo adingabearen zaintza eta ardura duten tutoreak, seme-alaba adingabeak, salbu eta gurasoen baimena izanda haiekin bizi ez direnak, eta judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren mende dauden seme-alaba adindunak. Familia-harrerako egoeran dauden haurrak ere familia unitateko kideak izanen dira ondorio guztietarako.

2. Banantzea edo dibortzioa izan bada, ez dira kide gisa kontatuko adingabearen zaintza eta ardura ez duen aita edo ama.

b.3) Frogatzea.

Aurreko egoerak honela frogatuko dira:

-Familia unitateko edozein kideren minusbaliotasun aitortuaren kasuan, kondizio hori frogatzen duen dokumentazioa erakutsi beharko da, edo Gizarte Segurantzako pentsioduna dena frogatzen duena, ezintasun iraunkor osoko, absolutuko edo baliaezintasun handiko pentsioa aitorturik badu.

-Familia unitatearen kideen kopurua familia-liburuaren bidez frogatuko da. Aurrekoari dagokionez, honako hau hartuko da kontuan: familia gunean familia-liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bestelako dokumentuen bidez frogatu beharko dira, adibidez, jaiotza agirien edo banantze edo dibortzio epaien bidez, edo hori legez frogatzen duen beste edozein dokumenturen bidez.

-Banantzearen edo dibortzioaren kasuan, hura erabakitzen duen epai judiziala edo legez frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da.

b.4) Zehaztapenak.

-"6 urtetik beherako seme-alabak" kontatzeko, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak hartuko dira kontuan.

-"Bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat ikaspostua eskatzea deialdi berean" kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da eskatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik matrikula egiten ez bada.

-Familia harreran diren haurrek, betiere egoera hori behar bezala frogatuta, ikastetxean anai-arrebak izateagatik ematen den puntuazioa lortzen ahalko dute, familia hartzaileak eskatutako ikastetxean seme edo alabaren bat badu eskolatuta.

C) Familia unitatearen urteko errenta mailak; metatu ezin den puntuazioa, gehienez ere: 4 puntu.

c.1) Errenta tarteak eta puntuazioa:

-LGS halako 1,7, gehienez ere: 4 puntu.

-LGS halako 2,8, gehienez ere: 3,5 puntu.

-LGS halako 3,9, gehienez ere: 3 puntu.

-LGS halako 3,9 baino gehiago: 2 puntu.

c.2) Errenta mailen kontzeptuari buruzko zehaztapenak:

1. Aitaren eta amaren edo legezko tutoreen 2011. urteko banakako errenta edo diru-sarrera justifikatuen baturari esaten zaio familia unitatearen errenta.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2011ko aitorpena aurkeztuta frogatuko da familia unitatearen urteko errenta.

2. Zerga-oinarriaren zati orokorrari higigarrien kapitalaren etekinak eta ondare-eskualdaketen saldo positiboa gehituta ateratzen den emaitzari esaten zaio banakako errenta, etxebizitza erosi edo zaharberritzeko hartutako diru-laguntzak baztertuta.

Ondorio praktikoetarako, errenta kalkulatzeko, 507, 8810 eta 8808 laukitxoetako kopuruak batuko dira, eta 708 laukitxokoa kenduko da Nafarroako Foru Komunitateko 2011ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, edo Estatuaren gainerakoan baliokideak diren laukitxoetakoak.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egitera behartuta ez daudenek Nafarroako Gobernuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzen duena; orobat, lan bizitzaren txostena eta/edo 2011n familiak izan dituen diru-sarrerak zehazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak.

4. Banantzearen edo dibortzioaren kasuan, haurraren zaintza eta ardura dituen aitaren edo amaren errenta-aitorpena edo diru-sarrerak hartuko dira aintzat, eta epaian ezarritako urteko diru-kopurua gehituko zaio zerga-oinarriari.

D) Eraginpeko eremu geografikoa; gehienez ere metatzen ahal den puntuazioa: 20 puntu.

d.1) Aita eta/edo ama eta/edo legezko tutoreak 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen udalerrian edo eraginpeko eremu geografikoan den udalerrian erroldatua egoteagatik: 20 puntu.

d.2) Aita, ama edo legezko tutorea eskaeraren xedeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxea dagoen herrian edo eraginpeko eremu geografikoan den herrian lanean aritzeagatik: 8 puntu.

d.3) Aita, ama edo legezko tutorea entitate titularraren Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe batean lanean aritzeagatik: 5 puntu.

E) Beste irizpide batzuk.

Hautapen Batzordeak beste premia larri batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak hartzen ahal ditu kontuan, eta haiei 10 puntu eman gehienez.

F) Puntuazioko berdinketa kasuak ebaztea.

Baremoa aplikatuta, adin multzo bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ondotik:

-Familiaren errenta txikiena.

-Adinik handiena.

G) Beste udalerrietako bizilagunak onartzea.

Haur eskolaren udal titularrak beste udalerrietako haurrak ez onartzeko ahalmena izanen du, haiek modulutik udal titularrari dagokion portzentajea ordaintzeko bizilekuko udalaren edo familiaren beraren konpromisoa idatziz aurkezten ez badute.

Iragarkiaren kodea: F1301348