31. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 6an hartua, Utzarazpen kasuetan arreta emateko Batzordea sortzen duena.

Egungo krisialdi ekonomikoak agerian utzi du jende multzo bereziki ahul batzuk egoera larrian bizi direla, gainzorpetze handia dutelako.

Langabezi tasa altuaren ondorioz eta jarduera ekonomikoaren gainbeheraren ondorioz, jende multzo horien nolabaiteko oreka hautsi da, eta hipotekak ez ordaintzea ekarri du. Ordainketen berankortasuna dela kausa, hipoteka-betearazpenen bidea irekitzen da, eta batzuetan, babesgabezia egoerak sortzen dira, eta hori larria da benetan.

Egoera horretaz jabeturik, Nafarroako Gobernuak beharrezkotzat jotzen du neurri batzuk hartzea batez ere utzarazpen eta etxetik botatze judizialei aurrea hartzeko. Horretarako, planteamendu integral bat behar da aurretik, egoera aztertu eta jarduketak proposatzeko, herritarrek etxebizitzari eutsi edo beste bat eskuratu ahal izan dezaten, eta horrekin batera, bizirik irauteko oinarrizko baldintzak bermatzeko moduko gaitasun ekonomikoa lortu edo berreskuratu dezaten.

Agintari eta botere publikoei dagokie familiak gainzorpetzeko kausak eta horren ondoriozko jokabideak eta erantzukizunak identifikatzea, prebentzio eta arintze neurriak aplikatu ahal izateko.

Konponbide guztiek botere publikoen lidergoa eta inplikazioa behar dute, eta beste sektore batzuen konpromiso eta onarpena, besteak beste finantza sektorearena.

Helburu horiek lortzeko asmoz, Utzarazpen kasuetan arreta emateko Batzordea sortzen da. Haren kideak eta eginkizunak erabaki honetan finkatzen dira.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak, Sustapeneko kontseilariak eta Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Utzarazpen kasuetan arreta emateko Batzordea sortzen da.

2. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeburua: Sustapeneko kontseilaria.

b) Batzordekideak:

-Aurrekontuaren zuzendari nagusia.

-Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia.

-Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia.

-Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia.

-Aipatutako zuzendaritza nagusiek nork bere langileen artetik izendatutako kide bana, lanbidean arlo horretan dihardutenak.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko hiru ordezkari.

c) Batzordeko idazkari lanetan Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak izendatutako kidea arituko da.

3. Hona hemen Batzordearen eginkizun nagusiak:

a) Jarduketa protokolo bat prestatzea helburu eta jarduketa-ardatz estrategiko nagusiak mugatzeko, gero utzarazpenen arloan prebentzio eta arintze neurriak hartu ahal izateko. Horretarako, behar diren administrazio, erakunde eta gizarte eragileen parte-hartzea eskatuko da.

b) Babesgabezia-egoeren gizarte eragina murrizteko behar diren jarduketak koordinatu, adostu eta sustatzea.

c) Behar diren proposamen guztiak prestatu eta, hala badagokio, bideratzea, baita arauak aldatzekoak ere.

d) Jarduketa protokoloan sartutako helburu eta neurriei lotutako beste edozein eginkizun.

e) Beharrezkotzat jotzen badu, Batzordeak egoki iruditzen zaizkion antolaketa eta funtzionamendu arauak onartuko ditu, eta lantalde berariazkoak sortzen ahalko ditu.

4. Batzordearen jarduketen finantzaketa, oro har, departamentu bakoitzari esleitutako aurrekontuen kargura eginen da, eta aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

5. Erabaki honetan xedatutakoa betearazteko hartutako neurriak gauzatzeko asmoz, Nafarroako Gobernuko departamentuek, erakundeek eta enpresa publikoek aintzat hartuko dituzte Batzordeak egiten dituen proposamenak, bai aurrekontuen gainekoak, baita bestelakoak ere.

6. Erabaki hau Batzordeko kideei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko otsailaren 6an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1301874