249. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

497E/2013 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, NA-700 errepideko Ororbiako saihesbidearen trazadura izeneko proiektuaren Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustapen eta Etxebizitza Departamentuak sustatu du proiektua.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B atalean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura hastearren, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak, 2010eko uztailaren 29an, NA-700 errepideko Ororbiako saihesbidearen proiektuaren txosten laburtua aurkeztu zuen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak 2010eko abuztuaren 3an egindako idazkiaren bidez, aldez aurreko kontsulten tramitea egin zen, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hamabost entitateri egin zitzaien kontsulta, eta hiruk erantzun zuten.

Kontsultaren emaitza sustatzaileari bidali zitzaion 2010eko urriaren 5ean, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zedin. Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanaren nahitaezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zitzaizkion. Jasotako erantzunak eta departamentu honek garrantzitsutzat jotzen dituen ingurumen alderdiak 1. eranskinean agertzen dira laburturik.

3. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta 4. eranskinean, berriz, Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana aski dela egiaztaturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoarekin bat, idazkia egin zen 2012ko martxoaren 16an.

Sustapeneko kontseilariaren maiatzaren 22ko 69/2013 Foru Aginduaren bidez (2013ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 10ean), behin-behinekoz onetsi zen “NA-700 errepideko Ororbiako saihesbidea” egiteko proiektua eta jendaurrean jarri zen.

Jendaurreko epean bost alegazio jaso dira. Alegazioak haiei emandako erantzunekin batera laburbildu dira 2. eranskinean.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatu egin dela. Egokitzat jo da iparraldeko alternatiba hautatzea eta, horren barrenean, 1. alternatiba, ingurumenean eragin txikiena izanen duena delako, neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. NA-700 errepideko Ororbiako saihesbidearen trazaduraren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

2. Jarduera izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, eta gainera baldintza hauek bete daitezela:

1.–Zabortegien eta instalazio osagarrien kokalekua.

Ororbiako saihesbidearen trazaduraren proiektuak hiru gune ditu zabortegi izateko; haietako bat, Oltza Zendeako 3. poligonoko 215. eta 219. lurzatiak hartzen dituena, proiektuan jasota dago baina ez Ingurumen eraginaren azterlanean. Beste biak Oltza Zendeako 3. poligonoko 224. eta 233. lurzatietan kokatzen dira.

233. lurzatian, A azpilurzatian, dagoenak alor bat ukitzen du haren ipar-ekialdeko mugan, erdialdean zuhaixkak dituen ezponda batean, maila desberdineko bi alor landu bereizten dituela. Bertako landaredia Lonicero etruscae-Rosetum agrestiseko elordi-lahardiak dira, eta kontserbatzea merezi dute; hortaz, gune hori zabortegi gisa erabiliz gero, betegarriak geruzaka ezarri beharko dira ezponda gainean, lurzatiaren hegoaldeko muturretik hasita, ezpondan hobekien kontserbatuta dagoen landaredia zaintzearren.

Eraikuntza proiektuak espazio horien jatorrizko egoeraren eta amaierako egoeraren oinplanoko eta zeharkako eta luzetarako profilen planoak bilduko ditu. Lehengoratze proiektuak kontuan hartuko ditu espazio osagarri horiek eta, zabortegien kasuan, berriz nekazaritzan erabiltzera bideratuko dira lehengoratze jarduketak.

Nolanahi ere, proiektuaren testuan lurren zabortegien edo maileguen eremu gehiago behar direla egiaztatzen bada, haien ingurumen baimena tramitatu beharko da, 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, arau horren 2C eranskineko O atalean ageri den jarduketa baita.

Obrak bukatutakoan lehengoratu eginen da jarduketa osagarriek ukitutako eremua. Zerbitzuan segitu behar dutenetan paisaiaren integrazio lanak eginen dira inguru hurbilarekin fisiografikoki egokituz, landare lurra hedatuz, substratua prestatuz, ereinez, hidroereintza eginez eta ukitutako zuhaitz eta zuhaixkak landatuz.

2.–Higaduraren kontrako babesa, ingurumena lehengoratzea eta paisaiaren integrazioa.

Obrak hasi aurretik, obrek ukitutako eremuak berriz landareztatzeko proiektu bat aurkeztuko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta proiektu horren barrenean memoria, baldintzen agiria, neurketak eta aurrekontua jasoko dira.

Lur-erauzketa eta lubetetako ezpondak ahalik eta etzanenak izan daitezen saiatuko da, proiektuan diseinatutako 3H/2V-ko erlaziokoak lur-erauzketetan eta 2H/1V-koak lubetetan.

Aldez aurretik landare lurra kentzen denean, gutxienez 30 cm-ko lur geruza kendu beharko da, eta lurzoruaren profila sakonagoa izatea espero den eremuetan, berriz, 50 cm-koa izanen da. Zabortegien azalerak eta obrek ukitutako edozein azalera eta proiektuan aurreikusitakoa ez dena ere kontuan hartuko dira. Horrela lortutako lur emankorra pilatuta edukiko da eraikuntza fasean. Lur pilek gehienez 1,5 metroko altuera izanen dute, lurra aireztaturik eta trinkotu gabe egon dadin. Ondorengo kolonizazio prozesuak errazteko, lurraren propietateak mantentzeko sistema bat ezarriko da ereite lana eginez, ureztatuz eta aldian behin ongarrituz. Oro har, substratu hori erabiliko da, lehentasunez, berriz landareztatu beharreko eremuetan.

Obrek ukitutako eremuak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko lanak bidea eraikitzeko lanekin batera eginen dira. Horretarako, obra plan bat eginen da, eta bertan ezarriko da bi jarduketen arteko koordinazioa espazioan eta denboran, euriak lurra higatu ez dezan eta lehengoratze neurriak eraginkorrak izan daitezen.

Aurrekontuko kontu-sail bat sartu beharko da proiektuan, zurezko landare estaldura mantentzeko lanak eginen direla bermatzeko, hasierako ezarpen aldian (landaketa egin ondoko 2-3 urte), landareak ongi sustraitu eta behin betiko ezar daitezen. Euri gutxi egiten duen sasoian ureztapenak eginen dira, landare hilak ordeztuko dira, zurkaitzak eta landare oinetako babesak berrituko dira, eta ongarritze, inausketa eta abarreko lanak eginen.

Hidroereitea eginen da ezponda berrietan, malda bat edo beste izan. Lubetetako ezpondetan hidroereintza pasaldi bakarrean eginen da, eta lur-erauzketetan bi pasalditan. Bertako belar eta zurezko espezieen hazien nahasketa erabiliko da. Lan hori egiteko garaia azarotik otsailera bitartekoa, biak barne, izanen da.

3.–Zarata.

Zarataren analisiak funtsezko hobekuntza berretsi du trazaduraren proiektuan garatutako 1. alternatibarako, NA-7010 errepide ondoko eraikinen hots-egoerari dagokionez. Baina, Ororbiako Hegoaldeko industrialdetik abiatu edo bertara doazen ibilgailu astunek nahitaez erabili behar dutenez NA-7010 errepidea, haren mendebaldeko muturrean, errepide ondoko familiabakarreko etxebizitzen egoera akustikoak bere horretan jarraituko du.

Horrenbestez, beharrezko neurriak hartu beharko dira, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 3. eranskinean kalitate akustikorako ezarritako helburuak bete daitezen; neurri horiek Ingurumen eraginaren azterlanean proposatuta daude, eta honako hauek dira:

–Neurri berriak hartzea gune arazotsuetan, saihesbidea egin ondoren.

–3 dB(A)-tik gorako aldeak atzemanez gero, fatxadak isolatzea edo leihoak aldatzea planteatuko da.

Obrak egin bitartean, ahal dela, ez da makineria eta ibilgailu astunik igaroko Ororbiako herrigunetik barrena.

4.–Landaredia eta fauna babestea.

Saihesbideko obrek ukitutako eremuan landaredi formazio urrien gainean dagoen eragina gutxitzearren, behar bezala balizatuko dira trazadurak hartzen duen eremua eta obrari lotutako edozein azalerari dagokiona; bereziki, Ollatibar errekaren ingurunea, eta ahalik eta gehien murriztuko da eremu horretako ukipena, okupazio iraunkorragatik edo aldi baterakoagatik; izan ere, eremu horrek korridore biologiko ahalik eta naturalena izaten jarraitu beharko du.

Makineriako parkeak, materiala pilatzeko guneak eta ibilgailuak aparkatzekoak Ollatibar eta Zuloaga erreketatik urrun egonen dira.

Fauna babesteari dagokionez, arekak eta luzetarako drainatze obrak egokituko dira. Anfibioek, narrastiek eta ugaztun txikiek areka, kutxeta eta drainatze bideetan harrapatuta geratzeko arriskua dutenez, obra horietan animaliak irten ahal izateko arrapalak edo antzeko gailuak diseinatuko dira.

Gainera, Ingurumen eraginaren azterlanak dioen bezala, zeharkako drainatze bideak animalientzako pasabideak izateko egokituko dira eta alboetan espaloiak jarriko zaizkie, animaliak haietatik lehorrean igaro daitezen.

5.–Ondare historiko eta kulturala babestea.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Arkeologia Atalak 2010eko abuztuaren 10ean egindako txosten arkeologikoarekin bat, hautatu den iparraldeko saihesbideak ez du ukipenik sortuko Nafarroako Ondare Arkeologikoan katalogatutako ondasunetan; dena dela, jarraipen arkeologiko orokorra egin beharko zaio obrari, arkeologiako teknikariak obran bertaratuta ondare arkeologikoan eraginak izan ditzaketen lur mugimenduak egiten diren bitartean.

Jarraipenean obra guztiak sartuko dira, maileguak, zabortegiak, materiala aldi baterako pilatzeko guneak, bide osagarriak, eta abar.

6.–Eraikuntza proiektuak prestatutakoan, Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako determinazioak betetzen direla frogatzen duen dokumentua igorriko da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari, Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 6an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsulta tramitearen emaitza

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 48. artikuluan ezarritako aldez aurreko kontsulten tramitean, NA-700eko Ororbiako Saihesbidearen trazadura proiektuari dagokionez, hiru erantzun jaso dira, kontsultatutako erakunde hauenak:

Oltzako Udala

Arazuriko Kontzejua

Ororbiako kontzejua

X

Iberoko Kontzejua.

Ondare eta Kulturako zuz. nag.

X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza zuz.

Biodibertsitatea Zaintzeko zuz.

Ebroko Ur Konfederazioa

X

LAB

UGT

ELA

CCOO

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Gurelur

–Ebroko Ur Konfederazioak planteatu diren alternatibei buruzko idazkian adierazten du iparraldeko alternatiba dela egokiena ikuspuntu hidrologikotik, ez baita Arga ibaia ukitzen ez eraikitzeko fasean, ez ustiatzekoan. Gainera, adierazten du analisi kuantitatiboa egin beharko dela eraikitze fasean gerta daitezkeen kutsadurek ur baliabideetan duten eragina neurtzeko eta isuriak kontrolatzeko neurriak hartu beharko direla eraikitze fase horretan.

–Ororbiako Kontzejuak adierazi du honako alderdi hauek hartu beharko direla kontuan:

  • Ukitutako bide guztien iragazkortasuna mantentzea, eta ebatzita daudenez gain, Ollatibarkoa hartu behar da kontuan (Nafarroako Mendi eta Eskaladako Federazioak homologatutako bidezidorra) eta alerta izan Zuloaga errekaren uholde arriskuei buruz.
  • Ukitutako landarediaren kapituluan zenbait espezie kontuan hartu ez direla eman dute aditzera; haietako batzuk Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzei esker landatutako aleak dira. Alde horretatik planteatu dute, obrek espezieak ukituz gero, haiek tokiz aldatzeko aukera kontuan hartuz planifikatu beharko zela saihesbidearen eraikuntza.
  • Ollatibar erreka gaineko bidezubia zabaltzeko eskatu dute. Erreka horren inguruko trazadura aldatzea planteatu dute.
  • Zehaztasun akats bat atzeman dute geologiako planoan.
  • Iparraldeko alternatiba egokientzat jotzeko erabakia ulertzen du Ororbiako Kontzejuak eta harekin bat egiten du, baina zenbait aldaketa planteatzen ditu haren trazaduran herriarekiko lotura eta hartatik abiatzen diren komunikazio bideak hobetzeko, gune arazotsuak saihesteko eta kostua gutxitzeko. Gainera, NA-700 eta NA-7010 arteko tartean, paisaian integratzeko eta zarataren eragina murrizteko neurriak proposatu dituzte.
  • Beste atal batean diote obrak aukera ematen duela saihesbide berriko trafikoak eta beste sorgune batzuek, hala nola, trenak, eragindako zarata murrizteko.
  • Dauden zerbitzuen gaineko ukipenari dagokionez, herriaren iparraldean den goi tentsioko linea beste bide batetik eramatea ona litzatekeela diote, eta lurpean sartzea.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten batean adierazi ditu Nafarroako ondare arkeologikoan katalogatuta dauden ondasunak eta zer neurri hartu, ukipenik izanez gero. Bada, inguruan aztarnategi hauek katalogatuta daudela adierazi dute: San Cristobal I (Behe Paleolitoa), Mandandias (Neolito-Eneolitoko kokalekua) eta Arzanegi (Eneolitoko kokalekua).

Zerbitzu horrek aditzera eman du aukeratu diren alternatibetatik 2.ak ukitzen duela zuzenean Mandadiasko aztarnategia eta haren trazadura beste bi aztarnategietatik hurbil igarotzen dela. Edozein aztarnategi ukituz gero, zer neurri arkeologiko hartu eta ingurumen aldetik zer jarraipen plan gehitu beharko liratekeen ezarri dituzte, proposatutako bi alternatibetatik edozeinetan.

Adierazitako ohar guztiak jaso dira Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak egindako txostenean eta, gainera, Ingurumen eraginaren azterlanean kontuan hartu beharreko proposamen hauek gehitu:

–Bi hautabideen artean hegoaldeko alternatiba askoz txarragotzat jotzen da ingurumenaren aldetik, Arga ibaia bi aldiz gurutzatu behar delako.

–Ingurumen eraginaren azterlanak zarataren eragina eta paisaiaren gainekoa xehetasunez aztertu behar direla dio. Gainera, ukitutako zerbitzuak behar bezala lehengoratu beharko liratekeela.

–Azkenik, mailegu eremuak eta zabortegia ezarri behar direla, nahiz lurren hasierako balantzean halako konpentsazio itxura izan.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

–1. alegazioa, Pedro Azparren Ocaña jaunak aurkeztua Oltza Zendeako Udaleko alkate-udalburu gisa.

2013ko uztailaren 1ean, alegatzaileak idazki bat aurkeztu zuen jendaurreko epearen barrenean, honako hau adierazita:

1. Saihesbideak Ollatibarko bidea moztuz gero, oraingo trazadurari eusteko.

2. Kontuan hartzeko Aguachiquita errekak jasaten duen ukipena.

3. Neurriak har daitezela 11., 13., 14. eta 232. lurzatien gaineko zarata gutxitzeko, bizigunearen mugan baitaude (horrela definituta dago Udal Planean).

4. Behar diren obrak proiekta daitezela, Zuloaga errekako urak NA-7010 harrapa ez dezan.

5. Zabortegiak zer lurzatitan kokatzen diren, haien jabeen baimenak lor daitezela.

Erantzuna:

1. Biribilgune bat proiektatu da maila berean gaur egungo NA-700ari lotzeko; Ollatibarko bideari eutsiz gero, bideak %15etik gorako malda izanen luke. Era honetan, bide hori proiektatu eta berrituko da, bide hori eta Itzakoa lotzen dituen beste bide bat eraikita saihesbidearen paraleloan.

2. Proiektuak ez du eraginik Aguachiquita errekan.

3. Saihesbidearen trazadura aldatu egin da, eta herrigunetik iparraldera urrundu. Edozein modutan, indarra duen legeriari jarraituz egindako azterlan akustikoaren arabera, aipatu lurzatietan ez da neurri zuzentzailerik beharko.

4. Alegatutakoa onartu da, drainatze lana NA-7010 errepidearekiko bidegurutzean ere eginen baita.

5. Proiektuak ukitutako finken aldi baterako okupazioak zein behin betikoak Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen eta bat datozen xedapenen legezko bermeen arabera eginen dira.

–2., 3. eta 4. alegazioak, Jesús Gárriz Ezcurra jaunak, Francisca Orcoyen Oyarzun andreak eta Mª Pilar Cortajarena Goñi andreak aurkeztuak.

Alegatzaileek idazkiak aurkeztu zituzten jendaurreko epearen barrenean, honako alderdi honekiko desadostasuna adierazteko:

1. Saihesbideak Ollatibarko bidea moztuz gero, oraingo trazadurari eusteko.

Erantzuna:

1. Biribilgune bat proiektatu da maila berean gaur egungo NA-700ari lotzeko; Ollatibarko bideari eutsiz gero, bideak %15etik gorako malda izanen luke. Era honetan, bide hori proiektatu eta berrituko da, bide hori eta Itzakoa lotzen dituen beste bide bat eraikita saihesbidearen paraleloan.

–5. alegazioa, Daniel Beunza Hernández jaunak, Ororbiako Kontzejua ordezkatuz, aurkeztua.

Alegatzaileak, 2013ko uztailaren 15eko idazkian, 1. alegatzailearen desadostasun berak adierazi ditu. Alegazio horretarako, 1. erantzunera jo.

III. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Ororbiako saihesbidea NA-700 errepidean dago, hau da, Foru Komunitatean interes orokorrekoa den Ekialde-Mendebaldeko ardatzean. Saihesbide gisa aukeratu den alternatiba Ororbiako herrigunearen iparraldean eta mendebaldean garatzen da: muturretan biribilgune bana eginez NA-700arekiko lotunean, maila berean, eta tarteko biribilgune bat NA-7010arekiko lotunean.

Ororbiako saihesbidearen azterlan informatiboak bi alternatiba hartu zituen kontuan trazadurarako: iparraldeko alternatiba (Ororbiako herrigunearen iparraldean) eta hegoaldeko alternatiba (herrigunearen hegoaldean), eta iparraldekoa proposatu da soluzio egokientzat, hegoaldekoa baztertu ondoren, aldez aurreko kontsultetan adierazitako oharren ondorioz.

Iparraldeko alternatiba aukeraturik, beste bi alternatiba planteatu dira azterlan informatiboan: 1. alternatiba eta 2. alternatiba. Trazaduraren proiektuak 1. alternatiba garatzen du aukera hobea delako, Ororbiako iparraldeko, ekialdeko eta mendebaldeko lotuneak, Abiadura Handiko Trenbidearen eta Iruñerriko ibai ondoko paseabidearen trazadurak eta lur mugimendua murriztu beharra kontuan hartuta.

Ororbiako saihesbidea NA-700aren 7+180 KPan hasten da, eta 2.200 metro luze da. NA-7010arekin lotu arte, 1. biribilgunearen eta 2.aren artean, trazadura 675 m luze da, erradioa ezkerretara duela. 2. biribilgunearen eta mendebaldeko lotunearen artean (3. biribilgunea), ardatzak lerrokadura zuzen bat du eta, gero, bihurgune bat ezkerretara, 675 m luze.

Abiadura 80 Km/h-koa da, eta sekzio-tipoak 3,5 m-ko bi errei ditu, 1,5 m-ko bazterbideekin eta metro bateko bermarekin. Ezpondek 3H/2Vko maldak dituzte diseinatuta lur-erauzketetan, eta 2H/1Vkoak lubetetan. Hiru fabrika-obra proiektatu dira bideak berritzeko:

–1. fabrika-obra: azpiko pasabidea, Itzako bidea berritzeko (zubia, hormigoizko estribuekin eta harlauzazko taularekin, aurrefabrikatutako habeen gainean, 0+426 KPan).

–2. fabrika-obra: azpiko pasabidea Abatxitako bidea lehengoratzeko. Hormigoizko markoa 0+930 K.P.an).

–3. fabrika obra: goiko pasabidea, Itzako bidea berritzeko (zubia, hormigoizko estribuekin eta harlauzazko taularekin, aurrefabrikatutako habeen gainean, 1+795 KPan).

Uste da 119.689 m³-ko lur soberakina izanen dela eta, horretarako, bi zabortegi gune proiektatu dira Oltza Zendeako 3. poligonoko 224. eta 233. lurzatietan. Ingurumen eraginaren azterlanean beste bat gehitu da: Oltza Zendeako 3. poligonoko 215. eta 219. lurzatietan.

IV. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren laburpena

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak obren aurrekariak deskribatzen ditu eta planteatu diren bi alternatibak aztertzen, aldez aurretik aukeratua dagoen iparraldeko alternatibatik abiatuta.

Ingurune fisikoaren azterlanak ingurune abiotikoa (airearen kalitatea, klima, konfort akustikoa, geologia, litologia, geomorfologia eta maldak, eta azaleko hidrologia) eta biotikoa (flora, landaredia eta habitatak, espezieak eta eremu babestuak) deskribatzen ditu. Gainera, paisaia, abelbideak, ondare historikoa eta kultur interesekoa, eremuko hirigintza planeamendua, dauden azpiegiturak, aisialdiko jarduerak eta lurzoruaren erabilerak aztertzen ditu. Azkenik, kapitulu honek badu atal bat mailegu eta zabortegiei buruz.

Eraikuntza fasean inpaktua sortzen duten jarduerak identifikatzen ditu zehatz-mehatz: belar-sastrakak kentzea, material pilaketa, lur mugimendua, drainatze lana, makineriaren mugimendua, zabortegiak, ezpondak egitea, asfaltoa botatzea eta obra bukatzea. Ustiatze faserako, ekintza hauek aipatzen ditu: mantentze lana, hesi efektua faunarentzat.

Jarduera horien ondorioak ingurunean eraginak jasan ditzaketen elementuetako bakoitzean aztertzen dira.

Proposatutako bi alternatibek ingurunean duten eragina ebaluatu ondoren, horren guztizko balorazioa txikiagoa da 1. alternatiban 2.ean baino, eta moderatu-txikitzat jo da; trazaduraren hasmentak du, ekialdean, ukipen handiena natur inguruneko zenbait elementuren gainean: azaleko hidrologia, berezko landaredia eta erdi berezkoa (landaketak Ollatibarko bidexkaren inguruan) eta fauna.

Azterlanak aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak azaltzen dituen kapitulu bat dauka. Horietako gehienak orokorrak dira, adibidez, airearen kalitatea, hidrologia edo lurzoruak babesteari buruzkoak (pistak ureztatzea, makinen abiadura mugatzea, makinen ordutegia eta abiadura mugatzea, drainatzeak egiten diren bitartean uren kutsadura saihesteko lurrak desbideratzea, makineriako motorren kontrola, dauden pistak aprobetxatzea makinek zirkulatzeko, ukipen eremua balizatzea lurzoruaren gaineko eragina murrizteko, eta abar).

Obra paisaian integratzeko, 3H/2Vko gehieneko malda duten ezpondak diseinatu dira lur-erauzketetarako eta 2H/1Vkoak lubetetarako, landare lurra behar bezala kudeatzea proposatu da eta, ezponden gainean hedatu baino lehen, horiek behar bezala prestatuko dira (profil berria ematea, ertzak biribiltzea eta aratzea ere bai).

Zabortegi berriak kokatzeko, berezko landaredia duten heskai edo unaden ukipena sahiestuko da, hain handiak dira nezakaritzako azalerak.

Neurri zuzentzaile gisa, landareztatze proiektu bat prestatzea proposatu da, zeinak hidroereintzen aplikazioa hartuko duen kontuan lur-erauketa eta lubetetako ezpondetan, baita landaketak ere Abaxitako, Izkueko eta Itzako bideen ezpondetan ere, Ollatibarko erreka-zuloaren inguruneaz gain. Biribilguneetan ere landaketak proposatu dira. Hautatu diren espezieak egokitzat jo dira jarduketa eremurako.

Drainatze lanetarako, urari eta ornodun txikiei bidea emanen dieten diseinuak proposatzen dira, hesi efektua gutxitzeko; gainera, ur ibilguekin bat egin behar dutela aipatzen da. Ez da beharrezkotzat jotzen faunarentzat berariazko igarobideak eraikitzea.

Amaitzeko, baina beti Ondare Historikoaren Zerbitzuak proposatutakoaren arabera, neurri batzuk ezarriko dira ondare historikoa babesteko.

Ez dira beharrezkotzat jo neurri osagarriak.

Bada ingurumena zaintzeko plan bat obren faserako, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiaztatu eta aurreneurrien eta neurri zuzentzaileen aplikazioa jarraitu eta kontrolatuko dituena.

Ingurumena zaintzeko programa bat prestatzea aurreikusi da, bertan jaso daitezen aurreneurrien eta neurri zuzentzaileen jarraipena, obretan egin beharreko kontrolak, ingurumen arloko organoaren baimenak, kontserbatu beharreko balioen kartografia, hala nola, Ollatibarko errekakoa, eta jarraipen arkeologikoko eremuak.

Iragarkiaren kodea: F1315771