245. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABANILLAS

Aldaketa Cabanillasko elbarriendako aparkatze txartelaren gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena

Kontuan hartuta 2013ko urriaren 7ko osoko bilkura arruntean aldaketa hasiera batean onetsi zela Cabanillasko elbarriendako aparkatze txartelaren gaineko ordenantzan, behar den legezko gehiengoa zuela.

Hura 2013ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 15ean.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 c) artikuluaren 2. paragrafoak honela dio: “hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira”. Inork ez duela alegaziorik aurkeztu ikusi da.

Alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, bertzerik gabe.

Cabanillasen, 2013ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Alberto Santos Alegría.

CABANILLASKO ELBARRIENDAKO APARKATZE TXARTELAREN GAINEKO ORDENANTZAN EGIN ALDAKETAREN BEHIN BETIKO ONESPENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

1.–Herriko biztanleen udal erroldan agertzea edo aita edo ama erroldatua egotea, desgaitasuna duena adingabea bada.

2.–Mugikortasuna urritzen dion elbarritasun edo desgaitasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A) Ziurtagiria, %33ko edo hortik goitiko elbarritasuna duela egiaztatzen duena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, elbarritasun edo desgaitasunak kasu hauetako batean modu larrian eragiten diola frogatzeko:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

3.–Ibilgailua Cabanillasko Udalaren TMIZn alta emana egotea.

3. artikulua. Eskatzeko bidea:

1.–Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Karnet neurriko argazkia, kolorezkoa, elbarriarena.

–Elbarritasun edo desgaitasunaren ziurtagiriaren fotokopia eta jatorrizkoa.

–NANaren fotokopia.

–Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, elbarriaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak aipatuko dira.

2.–Udalak behar den dokumentazioa hartu ondoan, Alkatetzak erabakiko du aparkatzeko txartelak eman edo ez, horretarako organo eskuduna baita.

Segurtasuneko kidego eskudunek zaindu eta kontrolatuko dute txartelaren erabilera.

3.–Eskaerak ez baditu baldintzak betetzen edo ez badira aipatu dokumentuak gehitu, interesdunari galdatu eginen zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak gehitzeko; ohartaraziko zaio horrela egiten ez badu eskaera baztertu duela usteko dela, eta artxibatu eginen da.

4.–Eskaera aurkeztu eta 5 egun naturaleko epean, Alkatetzak behar den erabakia hartuko du, txartela emateko edo ukatzeko.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1.–Txartela norberarena da eta inori utziezina; mugikortasuna urritua dutenei aparkatzeko eskubide eta erraztasunak ematen dizkio titularrari.

2.–Txartelaren titularra pertsona fisikoa bada, edozein ibilgailutan erabil dezake, berea izan edo ez eta berak ibilgailua gidatu edo ez, bera barrenean bada.

Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik ikusteko moduan dela.

3.–Txartela duen ibilgailua aparkatzen ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, desgaitasuna dutenendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4.–Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoendako pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5.–Bi urteko indarraldia du, non ez den titularraren elbarritasun edo desgaitasuna aldi baterakoa; kasu horretan, elbarritasun edo desgaitasunaren ziurtagiriak noiz artekoa den aipatu, ordu arte balioko du txartelak.

Elbarritasun edo desgaitasunaren gradua eta epealdia behin betiko finkatua dutenentzat, 5 urteko indarraldia izanen du txartelak.

Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Bertze baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1316548