244. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

499E/2013 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Eguesibarko udal mugapean, Badostainen (Eguesibar), telekomunikazioetarako oinarrizko estazio baten proiekturako. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.

2013ko ekainaren 26an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Proposamenaren helburua da Badostaingo ur biltontziaren ondoan dauden instalazioak legeztatzea. Biltontzia Eguesibarko 17. poligonoko 260 C lurzatian dago, Badostaingo Irigarai alderdian. Azpiegitura beste operadore batzuekin konpartitzen da, eta GSM/GPRS, DCS, UMTS estaldura emanen dio eskualdeari, baita 112 larrialdi zerbitzurako estaldura ere.

Instalazio horiek (antena bat eta etxola bat) 36 m² inguru okupatuko dute, eta hormigoizko lauzen gainean eraikiko dira. Eraikuntza lanak egiteko, 46 m² okupatu behar dira. Antenaren dorrea 10 bat metro luze izanen da, metalezkoa, sareta gisakoa. Instalazioaren inguruan sare metaliko bat jarriko da, 1,9 metro altu, 15 cm-ko hormigoizko zapata baten gainean. Ez da sarbide berririk egin behar, ez zelaitze-lan nabarmenik, ez eta argindarra eramateko proiektu osagarririk ere, behe tentsioko konexioa izan ezik, hori ondoan dagoen Badostain herritik eramanen den linea baten bidez eginen baita, lur azpitik.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena egin du.

Espedientean Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 26ko 216/2006 Foru Agindua sartu da, Telefonía Móviles de Navarra, S.A.k aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana onetsi zuena, izan ere, plan horretan berariaz onesten da Badostaingo telefoniako oinarrizko estazioa egitea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eguesibarko udal mugapean, Badostainen (Eguesibar), telekomunikazioetarako oinarrizko estazio baten proiektuari. Sustatzailea Telefónica Móviles España, S.A. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da: harriak kentzea proiektuaren xedeko eremutik, itxituraren ingurua lehengoratzea ukitutako lurretan landare-lurra zabalduz, eta sortzen diren hondakinak egoki eta indarreko legediaren arabera kudeatzea. Neurri horiek guztiak aurkeztu den Ingurumen ukipenen azterlanean proposatu dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eguesibarko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 8an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1315761