1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko azaroaren 27an hartua, “Burlatako Zangozako merindadea kaleko 14. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Burlatako Udalak sustatu du.
Burlatako “Zangozako merindadea kaleko 14” jabeen elkarteko buruak eskaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak 2012ko urriaren 24an hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen “Burlatako Zangozako merindadea kaleko 14. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia”, haren helburua izanik etxeko igogailua kaleko kotara jaistea.
Jendaurreko epea iraganik eta planteatu zen alegazioa ebatzirik, Burlatako Udalak 2013ko apirilaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onetsi zen behin betiko aipatu plan bereziak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek, jabeen elkarte baten onurarako, desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea, irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak (kasu honetan igogailu bat) paratzeko asmoz batik bat bizitegitarako erabiltzen diren eraikuntzetan.
Burlatako Udalak aurkeztutako espedientean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako txosten mediko bat dago, non egiaztatzen baita hainbat desgaitasun mota eta hainbat desgaitasun maila dituen jabe bat bizi dela Burlatako “Zangozako merindadea kaleko 14” jabeen elkartean. Horrek justifikatzen du desjabetzeak ukitzen dituen ondasunak presaz okupatzea, etxeko igogailua kaleko kotara jaitsita ahalik eta lasterren izan dezan sarbide hobea bere etxebizitzan.
Horrenbestez, Burlatako Udalak eskatuta, dagokion txosten juridikoa ikusita eta balio justua pagatzeko behar adina kreditu atxikirik dagoela egiaztatuta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. “Burlatako Zangozako merindadea kaleko 14. zenbakian dagoen etxebizitzako eraikinetik oztopo arkitektonikoak kentzeko plan berezia” izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Beriaingo Udalak sustatu du.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, egun horretatik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Burlatako Udalari jakinaraztea.
Iruñean, 2013ko azaroaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1316809