244. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2436/2013 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, administrari laguntzaileen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko deialdia onesten duena, bai eta lanpostu horietan trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko probarako deialdia ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, administrari laguntzaileen lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko izangaien beste zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, Osasun Departamentuan izan ezik, sortzen diren beharrei erantzuteko.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren arabera, aldi baterako kontratazioaren aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak osatzeko.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorrak ezartzen duenez, prestakuntzarako zerbitzu berezietan apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean deklaratu diren langile finkoei araubide hori bera aplikatuko zaie, non eta 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartzen duen egunean agortu ez badituzte aipatutako apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sei eta lau urteko gehieneko prestakuntzaldiak.

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, gehienez ere lau urte iraunen duen bigarren prestakuntzaldian sartzeko, langileek kasuan kasuko deialdian zehazten diren prestakuntza ikastaroak edo hautaprobak egin beharko dituzte (199/2004 Foru Agindu horren bidez, lanpostuak prestakuntzarako zerbitzu berezietan betetzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zen).

Hori guztia ikusita, bidezkoa da administrari laguntzaile gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko probetarako deialdia onestea.

Horrenbestez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan, azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuan eta abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak xedaturikoarekin bat, deialdi hauek iragartzen dira:

DEIALDIAK

I
Deialdia, administrari laguntzaile gisa prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.–Deialdia egiten da administrari laguntzaileen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, gerora Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko, salbu eta Osasun Departamentukoei.

Prestakuntzaldian aritzeko izangaien zerrenda hori azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen diren langileen zerrenda erabiltzerik ez dagoenean erabiliko da. Foru dekretu haren bidez apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua aldatu zen.

Bigarrena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, E mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Beren lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egina izatea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola-Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea, edo titulu hori eskuratzeko ordaindu izanaren gordekina izatea. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jardunean aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Administrari laguntzaile gisa lehenengo prestakuntzaldia egiteko izangaien zerrendan ez egotea.

2.2. Oinarri honen 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio baldintza agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek, deialdi guztietarako balio duen zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.4. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuaren mendeko erakunde autonomoei atxikitako langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Laugarrena.–Prestakuntzaldian aritzeko izangaiei dei egitea.

Izangaien deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoari jarraikiz eginen da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

II
Deialdia, administrari laguntzaile gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiteko

Hauek dira deialdiaren oinarriak:

Lehena.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Administrari laguntzaile gisa trebatzeko lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen ahalko dute lanpostu horri dagokion prestakuntza zerbitzu berezietan egiteko izangaien zerrenda indardunean ageri diren langileek, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuen egunerako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan deklaratu izana apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean.

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan gutxienez ere lau urtez aritu izana, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean. Baldintza hau eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko da.

–Eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

Bigarrena.–Bigarren prestakuntzaldian sartzeko probak.

Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat gauzatuko da hautapen prozesua.

Hirugarrena.–Izangaiei deitzeko hurrenkera.

Lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba gainditzen duten izangaiei administrari laguntzaile lanetan aldi baterako aritzeko deitzen ahalko zaie. Horrelako lanpostuetan hasiz gero, zerbitzu berezietako egoerara igaroko dira, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoarekin bat.

III
Bi deialdietarako arau komunak

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.–Eskabideak.

2.1. Deialdietan parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren erregistroko beste edozein bulegotan (zerrenda 2013ko 30. eta 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu zen, otsailaren 13an eta ekainaren 13an, hurrenez hurren), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.navarra.es). Kasu horretan, artxiboak eransteko Erregistro Orokor Elektronikoan aurreikusitako formatuetatik edozein erabil daiteke parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko.

2.2. Prestakuntzarako izangai berrien eskabideek bat etorri beharko dute I. eranskineko ereduarekin, eta lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko proban parte hartzen dutenen eskabideek, berriz, II. eranskineko ereduarekin. Eredu horiek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean daude eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal dira, www.navarra.es helbidean, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo beren nortasun datuak eta nazionalitatea frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute bakarrik.

Administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko deia jasotzen duten izangaiek ez bestek aurkeztu beharko dituzte deialdiko titulazio betebeharra frogatzen duten agiriak, prestakuntzarako zerbitzu berezien adierazpena egiten denean.

Administrari laguntzaileen lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Hautapen probak gainditu ondoren, Euskararen Gaitasun Agiria edukitzea eskatzen den administrari laguntzaileen lanpostuetan behin-behinekoz aritzeko deitzea nahi duten izangaiek hizkuntza eskola ofizial batek luzatutako titulua aurkeztu beharko dute, edo balio berekotzat hartzen den beste titulu ofizial bat. Titulu hori izan ezean, izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak euskara maila baloratzeko aldian behin egiten dituen berariazko probetan 5 puntu lortu dituztela egiaztatzen ahalko dute. Proba horiek Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzearen ondorioetarako balio dute bakarrik.

2.3. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuak deialdietako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak ikusgai jarriko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenetik abiatuta (“Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala). Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu eta Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.navarra.es) argitaratuko ditu (deialdiaren aipamenean, “Zerbitzuak” atala, “Enplegu Publikoa” azpiatala), deialdi hauetan ezarri diren hautaprobak hasteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Probak:

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako hautapen prozesuan bi proba eginen dira.

a) Lehenbiziko proba: Praktikoa. Epaimahaiak proposaturiko testu bat transkribatu beharko da, ordenagailuaren teklatuarekin duten lastertasuna eta eraginkortasuna baloratzeko. Sakaldi kopurua, zuzentasuna eta epaimahaiak proposaturiko testuarekiko fideltasuna baloratuko dira. Akats mekanografikoak, omisioak eta ariketa egiteko arauen ez-betetzeak zehatuko dira.

Proba hau egiteko, izangaiek gehienez ere 10 minutu izanen dituzte.

Akats mekanografikoen ondoriozko puntuak kenduta, 2.500 sakaldi baino gehiago egiten dituzten izangaiak Gai izanen dira, eta muga hori gainditzen ez dutenak baztertuko dira.

Sakaldiak zenbatzerakoan, normalez gain, honako hauek ere zenbatuko dira:

–Sakaldi bat lerroaldea aldatzen den bakoitzean.

–Sakaldi bat letra larri bakoitzarengatik edo letra larrien tekla sakatu beharra duen zeinu bakoitzarengatik.

–Sakaldi bat azentu ortografiko edo tilet bakoitzarengatik.

Sakaldi zuzenetatik bost kenduko dira akats mekanografiko bakoitzeko. Hauek dira akats mekanografikoak:

–Transkribatu beharreko testuan ez dauden alfazenbakizko karaktereak, zuriuneak, edo puntuazio zeinuak sakatzea: 5 sakaldi kenduko dira bakoitzeko.

–Alfazenbakizko karaktereak ez sakatzea (baita letrak ez idaztea ere, azentudunak izan ala ez), edo puntuazio zeinuak (horietan sartzen dira puntu eta hurrengo paragrafora joateko guztiak edo paragrafoak bereizteko zuriuneak) edo hitzak bereizteko zuriuneak: Halako hutsegite bakoitzeko 5 sakaldi kenduko dira.

–Nahasteak: Alfazenbakizko karaktereen, puntuazio zeinuen edo elkarren segidako bi karaktereren transkripzio okerra, horren ondorioz alfazenbakizko karaktere baten ordez beste bat agertzen bada. Halako kasu bakoitzeko 5 sakaldi kenduko dira.

Zuzenketa egiteko, epaimahaiak emandako testua eta oposiziogileak transkibatua alderatuko dira, karakterez karaktere.

b) Bigarren proba: proba honetan aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko III. eranskinean ageri diren gaiei buruz eta hitz egiteko gaitasunari buruz izanen dira.

Gai zerrendan eskatzen den legedia deialdi hau argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Ariketa hasi aurretik, Kalifikazio Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, baita oker erantzundako galderen penalizazioa ere.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza ez bada.

4.2. Bigarren probak 50 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Izangaien zerrendan sartuko dira proba honetan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen duten izangaiak.

Bigarren prestakuntzaldian sartzeko proba egiten dutenei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Horretarako, arau honetan ezarritako balorazioa hartuko da kontuan. Deialdi honetan “gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak berriz aurkezten ahalko dira Administrazioak, bigarren prestakuntzaldian sartzeko, aurrerago antolatzen dituen probetan.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Hartara nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute izangaiek. Beren nortasuna frogatzen ez duten izangaiak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Juan Antonio Sola Ibarra jauna, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko mahaiburua: Amaya Goñi Lacabe andrea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen eta Antolamenduaren Zerbitzuko zuzendaria.

Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezko mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Vicente Lizaso Bacaicoa jauna, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Barne-Igoerako eta Aldi Baterako Kontratuetarako Ataleko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Teresa Pérez Rodrigo andrea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko lan harremanetako diplomaduna.

5.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaikoei.

Seigarrena.–Proba gainditzen dutenen zerrendak.

6.1. Izangaien artean gertatzen diren berdinketak irizpide hauei jarraituz ebatziko ditu epaimahai kalifikatzaileak:

a) Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera, antzinatasun handiena duena lehenetsiz.

b) Berdinketak jarraituz gero, berariazko zozketa baten bidez ebatziko da. Zozketa epaimahaiak eginen du, alfabetotik bi letra hautatuz. Berdinketa hautsiko da lehen abizenaren ordena alfabetikoaren arabera, eta, behar izanez gero, bigarren abizenaren ordenaren arabera, zozketan ateratzen diren bi letretatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA hartuko dira, berdinketak hausteko. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipamenean) eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean argitaratuko dira.

6.2. Probak kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren iragarki-oholean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web-orrian (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena):

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko proba gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Bigarren prestakuntzaldia egiteko sarrera proba “gai” kalifikazioarekin gainditu duten izangaien zerrenda.

Halaber, epaimahaiak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dizkio arau honetan aipatzen diren zerrendak, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Administrari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez, izangaien zerrendak onetsiko dira. Zerrenda Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko da (Iruñeko Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa), baita Nafarroako Gobernuaren web orrian ere (www.navarra.es, “Zerbitzuak”, “Enplegu Publikoa”, deialdiaren aipamena).

7.2. Deia.

Arau honetan aipatutako zerrendetan ageri diren izangaiei dei egiteko, ebazpen honen bidez onetsitako deialdietako oinarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio; betiere, prestakuntzarako izangaiak lehenetsiko dira aldi baterako kontratatuak izateko izangaien aurretik.

Deia jasotzen duten izangaiek kasuan kasuko deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Eskola-Graduatuaren edo lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horien baliokidearen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako betebeharrak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Zortzigarrena.–Gehieneko denbora prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko.

8.1. 4 urteko bigarren prestakuntzaldia egiteko eskubidea duten izangaiak ezin dira 10 urte baino gehiago egon prestakuntzarako zerbitzu berezietan, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

8.2. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan 6 urte bitarte egoteko eskubidea duten izangaiek ezin izanen dute gehieneko epe hori gainditu, epe horretan lanpostu batean baino gehiagotan aritu badira ere.

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdien, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2013ko azaroaren 4an.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Nafarroako Gobernua.–Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.–Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabide eredua

Eskabidea, ...........................................… lanpostuetan lehen prestakuntzaldia egiteko izangai berrientzako deialdian parte hartzeko. Deialdia ........…(e)ko ......…..aren …..(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).

1) Norberaren datuak.

Izen-deiturak

NAN zk. ...................... Nazionalitatea ............. Jaioteguna

Helbidea .................................. Herria

Probintzia ............................................. Posta kodea

Telefonoak (3 gehienez)

Helbide elektronikoa

2) Zein lanpostutarako izendatua (datuak).

Departamentua

Zerbitzua

Lanpostua

Maila

3) Desgaitasuna frogatzea (bidezkoa denean bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

4) Euskarazko lanpostuak (deialdian agertzen badira bakarrik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:

Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).

Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

5) Horrez gain, hauxe diot:

Jardunean egoteko tituluez gain, deialdian eskatzen diren tituluak ere baditudala eta deialdiko baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an
(Sinadura)

Oharrak:

Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Nafarroako Gobernua.–Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua.–Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Eskabide eredua

Eskabidea, .................. lanpostuan lau urteko bigarren prestakuntzaldian sartzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ..........(e)ko .........aren ........(e)ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (..... zk.).

1) Norberaren datuak.

Izen-deiturak

NAN zk. ...................... Nazionalitatea ............. Jaioteguna

Helbidea Herria

Probintzia ............................................. Posta kodea

Telefonoak (3 gehienez)

Helbide elektronikoa

2) Zein lanpostutarako izendatua (datuak).

Departamentua

Zerbitzua

Lanpostua

Maila

3) Desgaitasuna frogatzea (bidezkoa denean bakarrik).

Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera horren frogagiria aurkezten dut.

Desgaitasuna dut, eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik. (beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

4) Euskarazko lanpostuak (deialdian agertzen badira bakarrik).

Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetarako aukera ere baliatu nahi dut, eta horretarako honako hau adierazten dut:

Badudala Euskararen Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua (2. eta 3. jakite maila).

Hizkuntza eskola ofizial batean euskarazko laugarren kurtsoa edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi “urrats” gainditu ditudala (1. jakite maila).

Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen dudala.

5) Horrez gain, hauxe diot:

Azaroaren 15eko 347/2004 Foru Dekretuak indarra hartu zuenean prestakuntzarako zerbitzu berezietan nengoen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza eta hobekuntza profesionala arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Errege Dekretuaren babesean.

Egoera administratibo horretan lau urte gutxienez eman ditut.

Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Iruñean, .........(e)ko ....................aren ..............(e)an
(Sinadura)

Oharrak:

Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda (administrari laguntzailea)

1. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak.

2. gaia.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

3. gaia.–Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Egintzak administrazio bidean berrikustea, ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

4. gaia.–Testu-prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2003: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

5. gaia.–Kalkulu-orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2003: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

6. gaia.–Datu-baseak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Access 2003: hastapenak; taulak; kontsultak; formularioak; txostenak; inprimatzea.

Oharrak:

Eskabidearekin batera NANaren fotokopia bat aurkeztuko da.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Datu horiek egoki erabiltzearen arduraduna Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1315772