4. PROZEDURA JUDIZIALAK
NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
Ediktua. 512/2010 prozedura arrunta
María Ángeles Ederra Sanz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako idazkaria.
Aditzera ematen dut: 512/2010 administrazioarekiko auzi-errekurtsoan epaia eman da eta irmo geratu da. Hona hemen horren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:
"872/2013 epaia.
Francisco Javier Fernández Urzainqui jauna. Alfonso Otero Pedrouzo jauna. Miguel Ángel Abárzuza Gil jauna.
Iruñean, 2013ko urriaren 10ean.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratu jaunek osatuak, 512/2010 errekurtsoaren autoak aztertu ditu. Honako honen aurka sustatu zen errekurtsoa: intereseko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek Gorozingo Kontzejuan herriko jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza fiskala (2010eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 8an). Ondokoak izan dira alderdiak: errekurtsogilea, Vodafone España, S.A., Santos Julio Laspiur García prokuradore jaunak ordezkatua eta Javier Gutierrez Viloria legelari jaunak zuzendua, eta demandatua, Gorozingo Kontzejua, autoetan agertu ez dena.
Epaitza:
Partez baiesten dugu telefonia mugikorreko entitate errekurtsogileak prozesuan duen ordezkariak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, demandatuak onetsitako udal ordenantzaren aurkakoa. Ordenantza horrek zerbitzuak eta hornidurak ustiatzen dituzten enpresek herriko jabari publikoaren zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasak arautzen ditu, eta epai honetako idazpuruan berariaz zehaztu da. Horrenbestez, ordenantzaren zati hauek deuseztatzen ditugu:
a) Ordenantzaren 3. artikuluko lehen lerroaldeko azken intzisoa, hornidurak egiteko baliatzen diren sareen titular ez diren enpresa edo entitateak egiten baititu tasaren subjektu pasibo, nahiz eta sare horietan sartu, haiek erabili edo elkarri konektatzeko eskubideen titularrak izan.
b) Ordenantzaren 5. artikulua, tasa finkatzeko aplikatu behar den zenbatekoa ezartzeko sistema edo prozedura jasotzen duena.
Ez da bidezkoa kostuak inori berariaz ezartzea.
Beraz, epai honen bidez, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dugu (epaiaren ziurtapena autoei erantsiko zaie). Epaiaren kontra kasazio-errekurtsoa jar daiteke Sala honi berari zuzendua, hamar eguneko epean.
Eginbidea:
Iruñean, 2013ko urriaren 28an. Nik, María Ángeles Ederra Sanzek, idazkariak, egina, adierazteko gaurko egunean epai hori eman didatela, behar bezala sinatuta, alderdiei jakinarazpena egiteko eta legez ezarritako publikotasuna emateko, eta autoei hitzez hitzeko ziurtapena erantsi diedala eta jatorrizkoa artxibatu dudala. Fede ematen dut."
Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, honako hau egin eta sinatzen dut.
Iruñean, 2013ko azaroaren 18an.–Idazkari judiziala, María Angeles Ederra Sanz.
Iragarkiaren kodea: J1316164