2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CABANILLAS
Aldaketa, Cabanillasko taxiaren lizentzia ematea
arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Kontuan hartuta 2013ko urriaren 7ko osoko bilkura arruntean hasiera batean onetsi zela aldaketa Cabanillasko taxiaren lizentzia ematea arautzen duen ordenantzan, behar den legezko gehiengoa zuela.
Hura 2013ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 15ean.
Kontuan harturik Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 325.1 c) artikuluaren 2. paragrafoak honela dioela: “hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatuko da, baldin eta inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez badu. Hala izanez gero, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori eta behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira”. Inork ez duela alegaziorik aurkeztu ikusi da.
Alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da, besterik gabe.
Cabanillasen, 2013ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Alberto Santos Alegría.
ALDAKETA, CABANILLASKO TAXIAREN LIZENTZIA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN. BEHIN BETIKO ONESPENA
1.–3.3 artikulua sartzea, idazketa honekin:
“Taxi lizentziek ez dute epemugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, aldizka ikus-onetsi egin behar dira; hau da, egiaztatu egin behar da betetzen direla foru lege honen 6. eta 60.b) artikuluetan ezarritako baldintzak.
Udalerriak edo baterako zerbitzurako eremuan eskumena duen toki entitateak eginen du ikus-onespen hori, dagozkion ordenantzetan ezartzen den aldizkakotasunarekin eta ordenantza horietan ezarritakoari jarraituz.”
2.–3.4 artikulua sartzea, idazketa honekin:
“Taxi lizentzien titularrek eskatu ahal izanen diote udalari edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunari titularraren zerbitzu-ematea eteteko, bi urterako gehienez, baldin eta frogatzen badute gaixorik daudela, istripua izan dutela, ibilgailua matxuratuta dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua ematea eragozten dien beste arrazoi justifikatu bat gertatu dela.”
3.–Egungo 6.1 artikulua kentzea eta honako idazketa hau sartzea:
“Lizentziaren titularrak gehienez ere gidari bat kontratatu ahal izanen du lan gutxiko orduetarako, asteburu, jaiegun eta jaiegun-bezperetarako, gertakari berezietarako, herriko jaietarako eta antzeko aldietarako.”
Titularraren baliaezintasuna, lanerako ezintasun iragankorra, zerbitzu-ematearen eten behar bezala baimendua edo zerbitzua egitea eragozten dion beste edozein egoera suertatzen bada, langileak kontratatu ahal izanen dira lizentzia aldi baterako ustiatzeko, 2. idatz-zatian ezarritako baldintza bete beharrik izan gabe; egoera horiek, betiere, behar bezala frogatu beharko dira. Nolanahi ere, egoera honen gehieneko iraupena ez da bi urtetik gorakoa izanen.
Langileak kontratatu aurretik baimena eman beharko du udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak. Baimen hori lizentziaren titularrak eskatu beharko du. Langileak kontratatzeko eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da baldin eta hilabeteko epean udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak ez badu ebazpen espresik ematen eta jakinarazten. Behin baimena lortu denean, hilabeteko epean, entitate eskudunari aurkeztuko zaio langilearen kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzako altaren edo autonomoen araubideko altaren kopia.
Bi aldeen arteko ahaidetasuna dela-eta kontratatutako pertsona ezin denean Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanda egon, langile autonomoen araubide berezian e.gon beharko du alta emanda.”
4.–Artikulu berriak sartzea:
“17. bis a) artikulua.
1. Ibilgailuaren okupazioari dagokionez, haurrek betetako plazen kontaketa eginen da, trafikoari eta bide segurtasunari buruz indarra duen arautegian xedatutako moduan.
2. Gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko ibilgailu egokitua atxikita dutela ageri diren taxi lizentzien titularrek taxi zerbitzuak egin ahalko dituzte jatorria edo helmuga dutenean ibilgailu egokituetarako lizentziarik ez duten udalerri edo baterako zerbitzurako eremuetan. Zerbitzu horiek ibilbide-liburuan jaso beharko dira.”
“17. bis b) artikulua.
Ibilbide-liburua.
1. Taxi lizentziei edo baimenei atxikitako ibilgailuek behar den ibilbide-liburua dutela zirkulatu beharko dute, eta bertan gidariak, hasi baino lehen, foru lege honetako 23.4, 36.3 eta 46.2 artikuluetan ezarritako zerbitzuak jaso beharko ditu.
2. Ibilbide-liburua edizio librekoa izanen da. Liburuaren azaleko orrian taxi lizentziaren titularraren izen-abizenak idatziko dira, baita zerbitzua batera emateko zein udalerrik edo lurralde-eremuk eman duen lizentzia, haren zenbakia eta ibilgailuaren matrikula.
Ibilbide-liburu bakoitza erabiltzen hasi baino lehen, taxi lizentziaren titularrak hura garraioen arloko departamentu eskudunean aurkeztu beharko du, edo, baterako zerbitzurako eremu bat baldin bada, eremu horretako toki entitate eskudunean, diligentzia dezaten.
Liburu berria diligentziatu denetik gehienez ere hamabost egun iragan direnean, titularrak aurreko liburua aurkeztu beharko dio organo eskudunari, aurreko liburu hori egiazki amaituta dagoela egiazta dezan.
Behin ibilbide-liburua guztiz amaitu denean, garraio ikuskapenerako zerbitzuen eskura gorde beharko da urtebetez, azken oharra egin denetik kontatzen hasita.
3. Ibilbide-liburuan jaso behar diren zerbitzu horietako bakoitzeko, honako datuak bete beharko dira:
a) Jatorriko edo helmugako udalerriak.
b) Zerbitzu mota:
–Hiri arteko zerbitzua, helmuga lizentzia ematen duen udalerrian edo eremuan duena.
–Enkargua.
c) Zerbitzua zein egunetan eta ordutan hasi eta amaitu zen.
d) Gidariaren izen-abizenak eta sinadura.
e) Erabiltzailea edo kontratu-egilea:
–Pertsona fisikoa baldin bada: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa.
–Pertsona juridikoa baldin bada: izen soziala, IFZa eta helbidea.
f) Zerbitzuaren prezioa.
4. Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa ibilbide-liburuan jasotako datu pertsonalei aplikatuko zaie.
“17 bis artikulua c) Taximetroa, modulua eta pilotua.
1. Taxi lizentziak eta baimenak dituzten ibilgailuek taximetroa eduki behar dute, behar bezala prezintatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan eskumena duen organoak ezarritako arauei jarraituz.
Halaber, ibilgailuek modulu bat eduki behar dute, tarifa aplikagarria agertuko duena ibilgailuaren kanpoaldean, indarra duen araudi teknikoan zehaztutakoaren arabera.
Hala eta guztiz ere, udalak edo baterako zerbitzurako eremuan eskuduna den toki entitateak taximetroa eta modulua eramateko betebeharretik salbuetsi ahalko du. Horrelako kasuetan, ibilgailuan taxi zerbitzua identifikatzen duten bereizgarriak eraman beharrari eutsiko zaio, eta neurriak hartuko dira gehiegizko edo iruzurrezko kobrantza eragozteko.
Udalak edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitate eskudunak besterik xedatu ezean, taximetroa ibilgailuaren karrozeriaren barrualdean egonen da, aurrean, erdiko herenean kokatuta, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.
2. Gainera, ibilgailuek kanpoaldean ikus-sistema bat eduki behar dute, ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez adierazteko. Ordenantzetan bestelako prozedurarik zehazten ez den bitartean, taxiak bere sabaian argi-sistema bat edukiko du, non pilotu berdeak adieraziko baitu taxia zerbitzua emateko libre dagoela.
“17 bis d) artikulua.
Taxi lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuak berritu egin beharko dira lehenengo matrikulaziotik hasi eta hamar urteko antzinatasunera iritsi baino lehen, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko da epe hori, udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitateko kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera, baina, ibilgailuak, betiere, garraio publikoko ibilgailu baterako beharrezkoak diren osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak dituela.”
“17 bis e) artikulua.
Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien eta aireportuen inguruetan, edota udalek edo toki entitate eskudunek baterako zerbitzurako eremu baterako zehazten dituzten bestelako instalazioen edo geltokien inguruetan, baldin eta era horretara taxi geltokietan itxaroten dauden erabiltzaileak jasotzeko funtzionamendu normala eragozten badute.”
5.–Artikulu berriak sartzea:
“24 bis a) artikulua.
1. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.
2. Taxi zerbitzuak erabiltzaileei emanen zaizkie, beren ekipajeak eta guzti. Horri dagokionez, gidariek baimena eman beharko dute erabiltzaileek ibilgailuan maletak edo bestelako ekipajeak eraman ditzaten, baldin eta ibilgailuko maletategian sartzen badira, hura kaltetzen ez badute eta horrekin indarreko araudia hausten ez badute.
3. Aparteko kasuetan eta taxi zerbitzuaren prestazio egokian eraginik ez duen bitartean, enkarguak ere garraiatu ahalko dira, aldeek hori espresuki adosten dutenean eta ibilbide-liburuan behar bezala jasota geratzen bada, foru lege honetako 26. bis artikuluan ezarritako moduan. Enkargu horiek soilik egin ahalko dira aldi berean kontratu-egile batekin, eta abiapuntu bakarra eta helmuga bakarra eduki beharko dute, eta enkarguak egite hori ezin izanen da bidaiarien garraioaren aldi berean gertatu.
Horrelako enkarguak egiteko, bidaiarien zerbitzuetarako eskatzen diren tarifa-baldintza berak egon beharko dira, kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera.
4. Garraio publiko kolektiborik ez bada edo behar adinakoa ez, zerbitzua batera emateko lurralde eremuko udalerri edo toki entitate eskudunak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan garraio arloan eskumena duen Departamentuak baimena ematen ahal izanen du, hiriko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalekoak, jarlekuka kontratatu eta banan-banan ordaintzeko.
5. Lizentzien titularren helbide aldaketa jakinaraztea, baita 15. artikuluan aipatzen den erregistroan agertu behar diren bestelako datu edo inguruabarrak ere, edo beste arrazoi bat dela-eta Administrazioari horren berri eman bazaio, dagozkion arauetan zehazten denaren arabera.
“24 bis b) artikulua.
1. Foru lege honen 47. eta 48. artikuluetan zehazten diren kasuetan izan ezik, taxi lizentzia eman duen udalerriaren dermioan hasi behar dira hiriarteko taxi zerbitzuak, edo, kasua bada, lizentzia eman den baterako zerbitzurako eremuko edozein udalerritan.
Hori dela eta, bidaiariak ibilgailuan jasotzen diren tokia joko da garraioaren hasiera toki edo abiaburutzat.
2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, hiriarteko taxi zerbitzuak taxi-lizentzia eman zenekoaz besteko udalerri edo baterako zerbitzurako eremu batean hasi ahalko dira, lizentzia eman zuen udalerrian edo eremuan bukatzen badira eta ibilbide-liburua behar bezala beterik dagoela zirkulatzen bada; izan ere, bertan jasoko da kontratazioa aurretiaz egina dela, bai eta zerbitzuaren helmuga zein den.”
6.–Artikulu berria sartzea:
28. artikulua; hona hemen hitzez hitz:
“Ordenantza honetan xedatua ez den orotan, indarreko foru araudiak ezarritakoari jarraituko zaio”.
Iragarkiaren kodea: L1316475