2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BUÑUEL
Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Buñuelgo Udalak, 2013ko urriaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza hori.
Aurreko erabakia 2013ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Buñuelen, 2013ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Joaquín Pórtoles Beltrán.
ALDAKETA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZAN
ZIOEN AZALPENA
Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak finkatzen du legearekiko guztiendako berdintasun printzipioa eta 49. artikuluak botere publikoek elbarri fisikoentzat, zentzumen-elbarrientzat eta elbarri psikikoentzat garatu beharreko aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politikak.
7. artikuluaren b) idatz-zatiak (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko abenduaren 19ko 19/2001 Legearen laugarren xedapen gehigarria idatzita, udalerriei esleitzen die, besteak beste, hiri bideetako erabileren eskumena, Zirkulazioari buruzko udal ordenantzaren bidez, eta hiru puntu hauek ondo ezkondu beharko dituzte: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei, horien gizarteratzea errazteko.
Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren abantailen onura hartzen dutela.
Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, desgaitasuna dutenendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea, haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bulkatu beharrez.
Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortu beharrez. Estatu kide guztiek onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.
Mugikortasun arazoen mailak zehazteko irizpideak ezarri ziren Minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan. Egungo araudian, Nafarroako Foru Komunitate osoan ezin da bertze irizpiderik erabili “mugikortasun murriztua” edo “mugatua” ebaluatzeko, alor honetan indarra duten legezko eta erregelamenduzko aginduen ondorioak bete daitezen. Eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagokio hura egitea, irizpideak batuta izatearen komenentziaz haratago baitoa. Izan ere, Nafarroan indarra duen legediaren arabera, Udal batek luzaturiko txartelek beste udalerrietan ere eragina dute.
1. artikulua. Xedea.
Mugikortasun murriztuko desgaituek gidatutako ibilgailuentzat edo haiek daramatzatenentzat aparkatze txartela eskuratzeko prozedura eta haren erabilera arautzea ditu xede ordenantza honek, baita txartel hori 98/376/EC Gomendioan eta 2008/205/CE egokitzapenetan hartutako ereduari egokitzea ere.
2. artikulua. Lurralde esparrua.
Mugikortasun murriztuko pertsona desgaituek aparkatzeko txartelak, ordenantza honetan aurreikusitako prozeduraren arabera emanak, Buñuelgo udalerriaren lurralde eremurako balioko du, eta gaitasuna emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta pertsona desgaituentzat ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bertzetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.
Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek mugikortasuna murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Buñuelgo lurralde eremuan.
3. artikulua. Eskubidearen titularrak.
Mugikortasuna murriztua duten pertsonendako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: Erroldatuta egotea Buñuelgo udalerrian, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko, zentzumenezko edo psikikoa izatea, balorazio unitate egokiko medikuek hori baieztatzen duen irizpen teknikoa eman izana, eta minusbaliotasuna %33tik gorakoa izatea, edo mendekotasun handia edo graduko mendekotasun larri gisa sailkatutako mendekotasun gradua.
4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
1.–Ordenantza honen I. eranskinean zehaztu dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.
2.–Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.
b) Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
c) Txartela daraman ibilgailua desgaitasuna dutenendako erreserbatu eta seinalatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.
d) Denbora tarte mugatu batean aparkatzen ahalko da, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.
e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:
–Txartelaren titularra eramaten ez duenean.
–Oinezkoendako pasabideak.
–Oinezkoendako eremuak.
–Pasabideak eta larrialdietarako irteerak.
–Autobusen geralekuak.
–Espaloi gainean.
–Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.
5. artikulua. Txartelaren deuseztapena.
Txartela erabiltzeko baldintzak edo udaltzainen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatu, eta txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.
6. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.
Buñuelgo Udalari dagokio txartela ematea, ondoko prozeduraren arabera:
A. Eskabidea.
Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiatuko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.
B. Agiriak.
Honako hau da eskaerarekin bat aurkeztu beharreko dokumentazioa:
1.–Eskatzailearen NANaren fotokopia.
2.–Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.
3.–Titularraren argazki bat, nortasun agirikoaren tamainakoa.
4.–%33tik gorako elbarritasuna duela, inguruabar sozialak kontuan hartu gabe, egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publikoa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena, edo mendekotasuntzat sailkatzea (3. artikulua), eta/edo
5.–Medikuaren txostena, lesio muskulu-eskeletikoak edota beste lesio organiko nahiz funtzionalak dituela dioena, eta 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko larriki eragiten dioena, eta makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak nahitaez erabili behar dituela, edo bere harat-honatetarako aulki gurpilduna behar duela, edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak dituela erakusten duena.
C. Ebazpena.
Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udal Erregistroan sartzen den egunetik hasita.
Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea administrazio isiltasunaren bidez ezetsia dela ulertuko da.
D. Prestakuntza.
Aparkatzeko txartela emanik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan eta, ondoren, interesdunari eskuratuko dio.
7. artikulua. Balioaldia.
Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende dago: titularraren adina eta mugikortasunaren gaineko irizpeneko ezaugarriak, desgaitasun mailaren eta haren patologiaren arabera; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.
–18 urtez goitikoendako, 6 urteko balioaldia du txartela ematen den egunetik aitzina; betiere, irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua agertu beharko du.
–Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordu arteko balioa izanen du.
–Titularra 18 urtez azpikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.
8. artikulua. Txartelaren berritzea.
1.–18 urtez goitikoak, behin betiko irizpena dutenak: 6 urtean behin berrituko dute. Udalak non bizi eta erroldatuta den begiratuko du eta interesdunak nortasun agirikoaren tamainako argazki bat beharko du aurkeztu.
2.–18 urtez goitikoak, behin-behineko irizpena dutenak: balioaldia amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan, berritzeko, interesdunak mugikortasunaren gaineko irizpen berria aurkeztu beharko du, baita argazki bat ere, nortasun agirikoaren tamainakoak, eta non bizi eta erroldatuta dagoen frogatu.
3.–18 urtetik beheitikoak: aldi baterako balioa bukatzen den egunean berrituko da; ez da 2 urterako baino gehiagorako emanen eta interesdunak irizpen berria aurkeztu beharko du.
4.–Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.
5.–Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.
6.–Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
7.–Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste administratiboak dira:
a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea eta modu agerian ez jartzea.
–Arau-hausteak 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.
–Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.
–Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.
–Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnak eramateko erabiltzea.
–Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.
Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten segituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu da Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza, Buñuelgo Udalak 2004ko maiatzaren 18an egin osoko bilkuran onetsia.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
I. ERANSKINA
Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren
eredu europarrari buruzko xedapenak
A. Eredu komunitarioaren arabera, hauek dira ezinduentzako aparkatze txartelaren neurriak:
–Luzera: 106 mm.
–Zabalera: 148 mm.
B. Aparkatze txartela urdin argia izanen da, aulki gurpildun bat, atzealde urdin ilunean, irudikatzen duen sinbolo zuria izan ezik.
C. Ezinduentzako aparkatze txartelak aurrealdea eta atzealdea izanen ditu, haietako bakoitza bi zatitan banatua. Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:
–Aulki gurpildunaren sinboloa, txuriz, atzealde urdin ilunaren gainean.
–Aparkatzeko txartela zein egunetan iraungitzen den.
–Aparkatzeko txartelaren zenbakia.
–Agintari edo erakunde emailearen izena eta zigilua.
Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:
–“Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela”, letra handitan inprimatua. Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikitan, “Aparkatzeko txartela” Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.
–Idazkun hau: “Europako Erkidegoen eredua”.
Atzean, Espainiaren bereizgarria: E letra Europar Batasunaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.
Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:
1.–Titularraren deiturak.
2.–Titularraren izena; titularraren sinadura edo baimenduriko bestelako markaren bat, legedi nazionalak halakorik aurreikusten badu betiere.
3.–Titularraren argazkia.
Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:
1.–Ohar hau: “Txartel honek erakusten du titularrak baduela baimena aparkatze erraztasunak erabiltzeko, Europar Batasuneko zein estatutan dagoen, bertako legeriaren arabera”.
2.–Ohar hau: “Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko maneran, kanpotik kontrolatzeko.”
II. ERANSKINA
Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eskabidea
Pertsona ezinduaren datuak.
Izena: ................................, NAN zenbakia: ......................, bizitokia: ........................., karrika: .........................., PK: ........................ eta telefonoa: ..........................
Legezko ordezkariaren datuak.
Izena: ............................ NAN zenbakia: ..............; bizitokia: ...............; karrika: .............; PK: .......; telefonoa: ............, gorago aipatu den pertsonaren legezko ordezkari gisa, desgaitasuna baitu.
ESKATZEN DUT:
Desgaitasuna dutenendako aparkatze txartela ematea, atzealdean ageri diren baldintzen arabera, indarra duen honako ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz: Pertsona ezinduentzako aparkatze txartela Europako eredura egokitzen duen eta hura eskuratzeko baldintzak ezartzen dituen ordenantza. .......................
Buñuelen, 2...(e)ko ..........aren .......(e)an
Aitortzen dut badakidala eskabide horretan sartutako datu pertsonalak eta txartela emateko aurkeztu behar diren gainerakoak, arautzen duen ordenantzan ezarri bezala, fitxategi batean erregistratuko direla eta horren arduraduna Buñuelgo Udala izanen dela. Erabiliko direla soilik aparkatzeko txartelak ematearen kudeaketarako eta kontrolerako eta erabiltzaileak fitxategian sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta haien kontra jotzeko eskubideak erabiltzen ahal dituela udal, idatziz udal bulegoetara joz (Vicente Oliver, 19, 31540, Buñuel).
Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela erabiltzeko baldintzak
–Baimen hau norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularrak berak gidatu beharko du ibilgailua edo bertze norbaitek, titularra barrenean dela.
–Horretarako seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du, baita aparkatzea debekatua dagoen tokietan ere behar-beharrezko denboran, salbuespen hauekin:
–Oinezkoendako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoendako pasabideak.
–Gelditzea debekatua dagoen tokian.
–Pasabideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen diren tokietan.
–Zirkulazio lerroak murrizten dituzten tokietan (“bigarren ilara”).
Udaltzainen oharrei kasu egin beharko zaie une oro.
Iragarkiaren kodea: L1316490