240. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

98/2013 FORU AGINDUA, urriaren 28koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko erlijio katolikoko irakasleei destinoak eta mugikortasuna esleitzeko arauak eta aipatu irakasleak kontratatzeko kudeaketa arauak onesten dituen Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 5eko 65/2013 Foru Agindua aldatzen duena.

2013ko abuztuaren 2an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 5eko 65/2013 Foru Agindua, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko erlijio katolikoko irakasleei destinoak eta mugikortasuna esleitzeko arauak onetsi zituena, baita aipatu irakasleak kontratatzeko kudeaketa arauak ere.

Ikusi da zenbait aurreikuspen ez direla aipatu deietako salbuespenei buruz, eta egokia da haiek egotea: batzuk, hala nola, pertsona bera kontratatzea irakasle bera ordezteko, elkarren segidako arrazoiak direla-eta hura ordeztu behar denean eta 20 egun baino gehiago igaro ez direnean aurreko kontratua bukatu zenetik; aurreikuspen hori ezarri da ikasleen hobe beharrez, beste irakasle aldaketa bat izan ez dezaten. Neurri horiek aurreko araudian (Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 28ko 64/2007 Foru Agindua) jasota zeuden, eta antzeko edukia duten beste arau batzuetan badaude; esate baterako, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduan, non Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak kudeatzeko arauak onetsi baitziren, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan, non aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onetsi baitziren; eta beste batzuk, komenigarritzat jotzen direnak ikasturte batetik bestera irakasle beharren aldaketak kolektibo horretan dituen ondorioak arintzeko, lan-kontratu mugagabea izan dutenek baitaukate lehentasuna lanpostu huts baterako kontratatzeko, horrela langile berriak mugagabe kontratatu behar izatea galarazten baita.

Foru agindu honen edukia Lan-kontratudunen Mahaiaren xede izan da nahitaezko negoziazioan.

Artikulu bakarra.–Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 5eko 65/2013 Foru Aginduaren 12. artikulua aldatzea.

Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 5eko 65/2013 Foru Aginduaren 12. artikulua aldatu da eta ondoko idazketa du:

“12. artikulua. Deiak.

1. Lanpostu hutsak direla eta, ikasturte hasieran, jendaurreko ekitaldi batean esleituko zaizkie destinoak kontratazioko izangaiei edo, bestela, Giza Baliabideen Zerbitzuak erabakitzen duen prozeduraren bidez, lan-harreman mugagabeko irakasleen eta zerrenda lehenetsietan ageri diren izangaien ondotik.

2. Ikasturte hasierako lanpostuen esleipena eginik agertzen diren kontratazio premiak bana-banako deien bidez beteko dira. Izangaien lehentasun ordena hau kontuan hartuta eginen dira deiak:

–Lehendabizi, dagozkien mailan eta hizkuntzan kontratatzeko zerrenda lehenetsietako izangaiak, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ordenatuta.

–Ondoren, gainontzeko kontratazio izangaiak, merezimenduen baremoa aplikatuz esleitutako puntuazioaren arabera ordenatuak.

3. Betiere, azkar eginen dira bana-banako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Hortaz, izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte, Giza Baliabideen Zerbitzuak dei egiteko dituen irizpideei jarraituz.

4. Deietarako araubide orokorraren salbuespenak.

a) Lanpostu hutsak kontratu bidez betetzeko deietan lehentasuna izanen dute lanpostu hutsetarako kontratatzeko zerrenda lehenetsietan dauden izangaiek, 8. artikuluan aipatzen baitira, nahiz ordezkotza-kontratu bat egina izan.

b) 8. artikuluan aipatzen diren zerrendak agortutakoan, lanpostu hutsak kontratu bidez betetzeko deietan lehentasuna izanen dute lanpostu hutsetarako kontratatzeko zerrenda lehenetsietan dauden izangaiek, 9. artikuluan aipatzen baitira, nahiz ordezkotza-kontratu bat egina izan.

c) Izangai bat lanpostu batean ari bada ordezkotza-kontratu batekin eta kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada irakasle hori bera ordezteko premia, Giza Baliabideen Zerbitzuak zilegi izanen du ordezkotza lehendik hura egiten duen izangaiari eskaintzea.”

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urriaren 28an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1316641