240. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70/2013 FORU DEKRETUA, azaroaren 20koa, “Frantzisko Xabierkoa” saria Javier Urra Portillo jaunari ematen diona.

“Frantzisko Xabierkoa” sariaren helburua da esker ona azaltzea, Foru Komunitatetik kanpora egiten duten lanaren bidez, Nafarroa nabarmenki proiektatzen duten pertsonei, entitateei eta erakundeei, lan horri esker gizarte espainiarraren eta nazioartekoaren aurrerapena, ongizatea eta hobekuntza sustatzen laguntzen duen erkidego gisa aurkezten baitute. Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen, abenduaren 14ko 89/2009 Foru Dekretuaren bidez.

Nafarroako Gobernuaren iritziz, Javier Urra Portillok ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu.

Javier Urra Portillo Lizarran jaio zen. Psikologiako doktorea da, Etika eta Deontologiako unibertsitate-irakaslea, eta hainbat liburu eta lan idatzi ditu haurtzaroaren eta auzitegiko psikologiaren gainean. Erantzukizunezko kargu garrantzitsuak bete ditu (Adingabearen defendatzailea Madrilgo erkidegoan, besteak beste), eta fundazio, elkarte zientifiko eta erakunde askotan parte hartzen du.

Aski ezaguna da liburu eta artikulu ugari idatzi dituelako eta hedabideetan eta teknologia berrietako guneetan parte hartzen duelako. Horrelakoetan, gure garaiko pertsonen eta giza taldeen sentimenduak, sentsazioak eta erreakzioak aztertu ditu, eta, horrela, gizarteari lagundu dio haurren eta gazteen errealitatea hobeki ulertzen eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak egokiago formulatzen. Gainera, ahaleginak egin ditu kontzientzia kolektiboari erakusteko hezkuntza funtsezkoa dela, eta, horrekin batera, belaunaldi berriak aintzat hartu behar ditugula eta haiekin konpromiso bat daukagula.

Javier Urrak ibilbide profesional luzea eta oparoa egin du, eta sari asko eman zaizkio. Harrotasunez erakutsi du beti Lizarrakoa eta nafarra dela, eta beti prest egon da Nafarroaren aldeko proiektu eta ekimenetan parte hartzeko.

Horregatik guztiagatik, Nafarroaren irudi ona kanpoan proiektatzen egiten duen lana eskertu nahirik, Nafarroako Gobernuak rentzat bidezkoa da hari “Frantzisko Xabierkoa” saria ematea.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko azaroaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. “Frantzisko Xabierkoa” saria Javier Urra Portillo jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko azaroaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1316316