2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MALERREKAKO ZERBITZU OROKORREN MANKOMUNITATEA
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko uraren goi horniduraren kudeaketarako erakunde autonomoaren estatutuak. Behin betiko onespena
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko Batzarrak, 2013ko otsailaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko uraren goi horniduraren kudeaketarako erakunde autonomoaren estatutuak, eta horien erregelamenduzko tramitazioa.
Aldaketa horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2013ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 8an, eta Mankomunitatearen iragarki oholean. Jendaurreko epean inork ez du espedienteari buruzko alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.
Argitara ematen da, aipatu araudiaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.
Donezteben, 2013ko azaroaren 21ean.–Mankomunitateko burua, Alberto San Miguel Mindeguia.
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko uraren goi horniduraren kudeaketarako erakunde autonomoaren estatutuen proiektua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Izaera.
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak, Donezteben, Elgorriagan, Iturenen, Sunbillan eta Zubietan uraren goi hornidura kudeatzearren, tokiko erakunde autonomo hau sortu du. Erakunde autonomo horrek administrazio izaera izanen du, berezko izaera juridikoa, eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2. artikulua. Helburuak.
1. Erakunde autonomoaren helburua da Donezteben, Elgorriagan, Iturenen, Sunbillan eta Zubietan uraren goi horniduraren kudeaketa zuzentzea. Kudeaketa lana eginen da erakundearen beraren bitartekoak eta langileak erabiliz edo eginkizunak erakunde autonomo honen aginduz beteko dituzten beste enpresa, talde edo elkarte batzuk kontratatuz.
2. Uraren zikloaren hasierako zatia kudeatzen duen entitate gisa, haren jarduerak prozesu hauek biltzen ditu:
–Ura hornidurarako hartzea.
–Ura edateko bihurtzeko tratamendua.
–Goi banaketa, udal biltegien kudeaketa barne (aurrerantzean ere Udala izanen da horien jabe); kasuan kasuko Udalak bere gain hartuko ditu biltegi horietan egiten diren edonolako berrikuntzak, eraikuntza berriak edo inbertsioak.
Oinarrizko zeregin horien osagarri izanen dira ur zerbitzua egoki kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako jarduerak.
3. artikulua. Helbidea.
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatearen egoitzan egonen da erakundearen helbidea.
4. artikulua. Iraupena.
Erakundearen iraupena denbora mugagaberako da; Mankomunitateak nahi duelarik erabakitzen ahalko du hura desegitea.
II. KAPITULUA
Gobernu organoak
1. ATALA
Zuzendaritza Kontseilua
5. artikulua. Osaera.
1. Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Sunbilla eta Zubietako udalen ordezkariek osaturiko Zuzendaritza Kontseiluaren gain egonen da erakundearen gobernu, zuzendaritza eta administrazio lana.
2. Toki entitateetako ordezkari horietako bakoitza udalbatzetako osoko bilkurak izendatuko du; ordezkari titular bat izendatuko dute eta, hura kanpoan edo eri dagoenerako, ordezko bat. Kideetakoren batek karguari uko egiten badio, ordezkoa izendatuko da, kargua uzten duen egunetik hasita hilabeteko epean.
3. Zuzendaritza Kontseiluko kideen agintaldiak udalbatzenak bezainbat iraunen du, nahiz eta izendatu dituen organo berak aurretiaz kentzen ahalko dituen. Halaber, besterik gabe kargua galduko dute izendatu dituen udalbatzan izaera hori galtzen dutenek.
6. artikulua. Funtzionamendua.
1. Zuzendaritza Kontseiluak bere bilkura sistema ezartzen ahalko du, eta kontseiluburuak deialdia egiten duen guztietan bilduko da.
2. Kontseiluburuak Kontseiluaren bilera berezietarako deialdia egin beharko du, eskaera egin eta bi egunetara, gutxienez ere kideen herenak eskatzen duenean.
3. Deialdia idatziz eginen da, bilkura baino bi egun lehenago; horiek erakundearen egoitzan eginen dira, deialdian paratu egun eta orduan.
4. Bilkuretan gai zerrendan sartu gabeko aferen gainean aritzeko, Kontseiluko kide eskubidedunen erabateko gehiengoaren adostasuna beharko da.
5. Zuzendaritza Kontseilua modu baliozkoan eratuko da bost kideetako hiru gutxienez bertaratzen direnean bilkurara. Nolanahi ere, modu baliozkoan egin ahal izateko, kontseiluburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo bestela haien legezko ordezkariek.
7. artikulua. Bozketak.
1. Kontseiluaren erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Botoa honela ponderatuko da:
a) 500 biztanle eskubidedun bitarteko herriek, boto bat.
b) 500 biztanle eskubidedun baino gehiagoko eta 1.000 biztanle eskubidedun bitarteko herriek, bi boto.
c) 1.000 biztanle eskubidedun baino gehiagoko eta 1.500 biztanle eskubidedun bitarteko herriek, hiru boto.
d) Proportzio horri segituko zaio 1.500 biztanle eskubidedun baino gehiagoko herriendako.
2. Erakundean parte hartzen duten entitateen ordezkaritza zehazteko biztanleria kontatuko da Zuzendaritza Kontseilua eratzen denean indarra duen biztanleen erroldaren edo horren hurrenez hurreneko berritzeen arabera, udalbatzak berritzearekin batera.
8. artikulua. Zuzendaritza Kontseiluaren egintzen eginkizunak eta izaera.
1. Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, bere helburuak betetzean, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Entitatearen gobernu, zuzendaritza eta administraziorako arauak ezartzea, baita uren zerbitzurako direnak ere.
b) Behar diren langileen kontratazioa, indarra duen legediaren arabera.
c) Aurrekontua, kontuak, planak eta memoriak onestea.
d) Uren zerbitzuaren urteroko plangintza onestea.
e) Ekintza zibiletan, penaletan, administratiboetan, auzietan eta lan arlokoetan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea, eta eskriturak eta mota guztietako agiriak formalizatzea erakundeak bereak dituen baldintzak betez.
f) Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea.
g) Ondasunak eskuratu, besterendu edo kargatzea.
h) Finean, erakunde hau sortzean aipatu diren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.
2. Zuzendaritza Kontseiluak bere eskudantziak erabiliz ematen dituen egintzek administrazio bidea amaitzen dute. Horien kontra, nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa para daiteke, Kontseiluari zuzendua.
2. ATALA
Kontseiluko burutza eta buruordetza
9. artikulua. Izendapena.
Zuzendaritza Kontseiluak kontseiluburu izendatuko du bere kideetako bat.
10. artikulua. Kontseiluburuaren egintzen eginkizunak eta izaera:
1. Kontseiluburuaren eginkizunak hauek dira:
a) Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretarako dei egitea, horien buru izatea eta zuzentzea, eta bilkura horietan hartzen diren erabakiak betearaztea.
b) Presako erabakiak hartzea bere erantzukizunpean eta, betiere, Zuzendaritza Kontseiluak ezarritako irizpideak errespetatuz. Erabaki horien berri eman beharko du Kontseiluaren hurrengo bilkuran.
c) Bere sinaduraren bidez onestea Zuzendaritza Kontseiluaren izenean prestatzen diren agiriak.
d) Aurrekontu proiektuak prestatzea, ordainketak agintzea, diru-sarrerak formalizatzea dakarten agiriak baimentzea.
e) Bere sinadurarekin ikus-onestea erakunde autonomo honen egintzen eta agirien ziurtagiriak.
f) Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea alkateen eskumenen esparruan, 3.000 euro arteko mugarekin.
2. Kontseiluburuak bere eskudantziak erabiliz ematen dituen egintzek administrazio bidea amaitzen dute.
11. artikulua. Buruordearen eginkizunak hauek dira:
a) Kontseiluburua ordeztea eri edo kanpoan dagoenean.
b) Kontseiluburuak haren eskutan uzten dituen eginkizunak betetzea.
3. ATALA
Idazkaria
12. artikulua. Identitatea.
Erakundeak idazkari kontu-hartzaile bat izanen du, Malerrekako Mankomunitatekoa bera izanen dena; Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuretan hitza izanen du baina botorik ez.
13. artikulua. Eginkizunak.
Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateko idazkariaren gain uzten dira eginkizun hauek:
a) Erakundearen esparruan fede publikoa eta legezko aholkularitza emateko eginkizuna.
b) Erakundearen kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontuenaren barne kontrol eta fiskalizazioa.
c) Erakunde eskudunek hartutako erabakiei bide ematea.
d) Kontseiluak egiten dituen bilkuren aktak egitea.
e) Zuzendaritza Kontseiluak egindako lanaren memoria aurkeztea urtero.
f) Zuzendaritza Kontseiluak edo presa dela-eta kontseiluburuak ematen dion beste edozein eginkizun.
III. KAPITULUA
Araubide ekonomiko-finantzarioa
14. artikulua. Aurrekontua.
1. Erakundeak aurrekontuen aurreproiektua prestatuko du urtero, tokiko ogasunen araudia zehazten duen egiturarekin.
2. Aurreproiektua, kontseiluburuak prestatua, Zuzendaritza Kontseiluak onetsi eta Mankomunitatera igorriko da, aurrekontuan txertatzeko.
3. Mankomunitatearen aurrekontu finkatuaren onespenak erakundearen aurrekontuaren onespena dakar, eta horren edukia egintza hartan zehaztutakoa izanen da.
15. artikulua. Erakundearen baliabide ekonomikoak.
Baliabide ekonomikoak honela osatuta daude:
a) Haren ondarea osatzen duten ondasun eta balioak.
b) Ondare horretatik heldu diren etekin eta errentak.
c) Bere eginkizunekin ikusteko duten zerbitzu mota guztiak egiteagatik eskuratzen ahal dituen diru-sarrerak.
d) Administrazio edo entitate publikoetatik heldu diren transferentzia arruntak edo kapitalekoak.
e) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.
16. artikulua. Udalen ekarpenak.
1. Doneztebe, Ituren, Elgorriaga, Sunbilla eta Zubietako udalak aurrekontua gauzatzetik heldu diren zor eta obligazioen erantzule izanen dira.
2. Erakundeak uraren goi hornidurako ustiapen eta mantentze gastuak hilero jasanaraziko dizkie udalei, haien kontsumo mailaren arabera. Ustiapen eta mantentze gastutzat jotzen dira goi hornidurako sistemaren ohiko jarduera egiteko beharrezkoak direnak, hala nola elektrizitatea, telefonoa edo langileak, horren barnean dela makineria berritu eta konpontzea, betiere 5.000 euroko mugarekin.
3. Udalek goi hornidurako instalazioetan hobekuntzak eta inbertsioak egiteko erakundeari egiten dizkioten ekarpenak udalerrietako biztanle kopuruaren arabera kalkulatuko dira. Hobekuntza edo inbertsiotzat joko dira aparteko gastuak, sistema ustiatzeko ohiko jardueratik heldu ez direnak eta instalazioen zerbitzu ahalmena handitzen dutenak, dela bizitza erabilgarria luzatuz dela produktibitatea handituz.
17. artikulua. Urteko kontuak.
Urteko kontuak Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztuko zaizkio, onets ditzan eta Mankomunitateari igor diezazkion. Erakundeko buruak formulatuko ditu eta haien kontu emanen, aurrekontuei buruzko araudiak ezartzen dituen baldintzetan.
18. artikulua. Kontabilitatea eta kontrola.
1. Erakundearen aurrekontu araubidea honako arau hauen araberakoa izanen da: Toki Ogasunen araudia, aurrekontuaren exekuzio oinarriak eta, oro har, aplikatzen ahal zaizkion legezko edo erregelamenduzko gainerako xedapenak.
2. Erakundeak kontabilitate publikoko araubideari jarraituko dio, Toki Ogasunen araudian ezarritakoarekin bat.
19. artikulua. Kontrolaren araubidea.
1. Mankomunitatearen Kontu-hartzailetza Orokorrari dagokio erakundearen kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren eta aurrekontuenaren barne kontrol eta fiskalizazioa egitea, Toki Ogasunen araudian eta aurrekontuaren exekuzio oinarrietan ezarritakoarekin bat.
2. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak eraginkortasunaren kontrola eginen dio erakundeari. Kontrol horren xedea izanen da helburuak zein mailatan bete diren eta esleitutako baliabideak egoki erabili diren egiaztatzea.
IV. KAPITULUA
Ondarearen gaineko araubidea
20. artikulua. Erakundearen ondarea.
1. Hona zerk osatzen duen ondarea: bere ondasun eta eskubideak, udal titulartasuneko beste batzuk, erakundeari atxikitzea edo lagatzea erabaki bada edo etorkizunean erabakitzen bada, eta edozein pertsona edo entitatek ematen dizkienak.
2. Erakundeak bere esku izanen ditu jabari pribatuko edo ondareko ondasun eta eskubideak, haien titularra bada.
21. artikulua. Ondarearen gaineko araubidea.
Tokiko araubidearen araudian ezarritakoa izanen da ondarearen gaineko araubidea, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko Legea galarazi gabe.
22. artikulua. Inbentarioa.
1. Erakundeak inbentarioa eginen du eta hura eguneratua mantenduko, bertan sartuta bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak eta bere xedeak betetzeko atxiki zaizkion ondasunak. Inbentarioa urtero igorri beharko zaio Mankomunitateari.
2. Inbentarioa urtero berretsiko da urte bakoitzeko abenduaren 31n, eta Zuzendaritza Kontseiluak onetsi beharko du.
23. artikulua. Kontratatzeko araubidea.
Sektore publikoko kontratuen arloko legediari jarraikiz gauzatuko du erakundeak bere kontratu jarduera.
V. KAPITULUA
Langileen araubidea
24. artikulua. Langileak.
1. Erakundeko langileei aplikatu beharreko araubide juridikoa funtzio publikoaren araudiak unean-unean ezartzen duena izanen da.
2. Langileen lansariak zehaztu eta aldatzean, Mankomunitateak horren gainean onesten dituen arauei jarraituko zaie, estatutu hauek ezartzen dituzten baldintzetan.
VI. KAPITULUA
Fiskalizazioa eta tutoretza
25. artikulua. Jarduketaren kontrola. Erakundeak, bere jarduketan, emaitzen ebaluazioa eta kontrola izanen du, baita eraginkortasunaren kontrola ere, eta horren ardura Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak izanen du.
26. artikulua. Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak, erakundeari dagokionez, ahalmen hauek izanen ditu:
a) Aurrekontua behin betiko onestea.
b) Urteko kontuak behin betiko onestea.
c) Legez dagozkion guztiak eta beste inoren esku uzten ahal ez direnak.
27. artikulua. Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitateak estatutu hauek aldatzen ahalko ditu, ofizioz nahiz uren erakundeko Zuzendaritza Kontseiluak proposaturik.
28. artikulua. Erakundea deseginez gero, haren oinordeko unibertsala Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea izanen da.
29. artikulua. Aurreikusi ez den orotan Nafarroako toki entitateen araudi indarduna aplikatuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Estatutu hauek indarra hartu ondoko hilabetean eginen da Zuzendaritza Kontseiluaren lehen eraketa.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek 2014ko urtarrilaren 1etik aitzina hartuko dute indarra.
Iragarkiaren kodea: L1316465