Iragarkia
240. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2013ko azaroaren 4koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, “Nafarroako enpresa instalatzaileak arlo hauetan: iturgintza, berokuntza, aire-girotzea, suteen prebentzioa, gasa eta antzekoak” sektorearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
“Nafarroako enpresa instalatzaileak arlo hauetan: iturgintza, berokuntza, aire-girotzea, suteen prebentzioa, gasa eta antzekoak” sektorearen lan hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31003505011981) aztertu da. Erregistro honetan 2013ko urriaren 22an sartu zen eta ugazaben ordezkariek eta sindikatuen ordezkari batzuek (UGTk eta CCOOk) 2013ko urriaren 15ean izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2013ko azaroaren 4an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
NAFARROAKO ITURGINTZAKO, BEROKUNTZAKO, AIRE-GIROTZEKO, SUTEEN PREBENTZIOKO, GASEKO ETA ANTZEKO ENPRESA INSTALATZAILEEN SEKTOREAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Hitzaurrea: Nafarroako iturgintzako, berokuntzako, aire-girotzeko, suteen prebentzioko, gaseko eta antzeko enpresen elkarteak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostu dute hitzarmen hau.
Indar arau-emailea dauka eta eta bete beharrekoa da, bere indarraldi guztian, bere aplikazio eremuko enpresaburu eta langile guztientzat, beste edozein hitzarmen bazter utzita.
1. artikulua. Lurralde eremua:
Metalaren sektorerako Estatuko Akordioaren 2. artikuluaren esparruan, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek ezartzen dute hitzarmen honek eragina duela Nafarroako Foru Komunitateko iturgintzako, berokuntzako, aire-girotzeko, suteen prebentzioko, gaseko eta antzeko enpresa instalatzaile guztien gainean.
2. artikulua. Langile eremua: Hitzarmenak barnean hartzen ditu ukitutako enpresetako langile guztiak, baita bere indarraldian sartuko direnak ere.
Indarreko araudiak aipatzen dituen langileak soilik gelditzen dira kanpo.
3. artikulua. Iraunaldia: Hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra, eta 2014ko abenduaren 31ra arte iraunen du indarrean. Dena dela, alderdi ekonomikoek 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.
Hitzarmenaren indarraldia amaitzean, beste hitzarmenik izan ezean, lehengoaren arauek indarrean segituko dute, hiru urtez gehienez ere, salatzen den egunetik hasita. Ondorio legal guztietarako, alderdiek salatutzat ematen dute hitzarmen hau, ondorioetarako data 2014ko abenduaren 31 izanik.
Epea hori beste urtebetez luzatzen ahalko da, hitzarmenaren negoziazio mahaiak berariazko akordioa hartzen badu, alderdi bakoitzaren –enpresaburuena eta langileena– gehiengoak hala erabakita.
4. artikulua. Lanbide prestakuntza: 10 langiletik gorako enpresa guztiek lanbide heziketako ikastaroak emanen dizkiete haiek eskatzen dituztenei, ikastetxe ofizialetan eta lanaldiaren barruan, betiere ondoko muga hauek izanik:
a) Ikastaro horietara joan behar dute, gehienez, urteko langile guztien %10ek, eta %5ek baino gehiagok ezin izanen ditu onura horiek batera hartu.
b) Lanetik kanpo ezin izanen da hiru ordutik gora egon egunean.
Ondorio berberak izanen dituzte Nafarroako Iturgintzako eta Berokuntzako Elkarteak antolatu edo ematen dituen ikastaro edo irakaskuntzek.
Bi alderdiek, iturgintzako, berokuntzako, gaseko eta antzeko sektorearen bereizgarritasunak ulertuta, batik bat eskuz lan egin behar baita, dagokien partetik beharrezko arretak eta laguntzak jasoko dituzte, Lanbide Heziketaren eta Lanbide Ikasketaren helburu eta ondorioetarako.
5. artikulua. Ordainsariak: Lanbide kategoria bakoitzerako ordainsariak izanen dira hitzarmen honen I., II. eta III. eranskinetan jasotzen direnak.
Eranskin horietan ezarritako soldatetan soldata kontzeptu guztiak sartzen dira.
6. artikulua. Errendimenduak: ordainsaria errendimenduaren araberako izateko printzipioa ezarri da eta, horrenbestez, gutxienez eska daitekeena baino txikiagoak diren errendimenduei soldata proportzioan murriztuko zaie, kontuan izan gabe zer zehapen jar daitekeen erregelamenduaren arabera.
Gutxienez eska daitekeen errendimendua honako honi dagokio arrazionalizatutako sistemetan: 60 Bedaux puntu, 75 Crea, Produktibitatearen Batzorde Nazionalaren 100 edo baliokideak.
Gutxieneko errendimenduak zehazteko ondorioetarako, gaizki muntatutako instalazioak ez dira kontuan hartuko, hau da, ondorio horietarako, behar bezalako akabera dutenak soilik hartuko dira lan egindakotzat. Produktibitate Batzordeak ebatziko du gai horren inguruan, dudak izatera. Aipatutako soldata taulak gaitasun fisiko eta intelektual guztiak dituzten langileentzat kalkulatu dira, kalte-ordainik edo pentsiorik jasotzen ez dituztenentzat ezgaitasunagatik edo ahalmen urriagatik.
Era berean, produkzio arruntak langilearen lanbide kategoriaren arabera lortzen direnean aplikatuko dira hitzartutako ordainsariak.
Puntualtasun faltak, lana uzteak, lanera ez joateak eta, oro har, produktibitatea murrizten duten guztiak zehapena jasoko dute, hitzarmen honen 24. artikuluan aurreikusten denaren arabera.
Halaber, ondorio horietarako, puntualtasun faltetan nahiz lanera joaten ez denean justifikaziorik gabe, lan egin ez den denbora ez da ordainduko.
7. artikulua. Produktibitatea: soilik enpresari dagokio lana antolatzea, indarreko legeei men eginez. Lanak egiteko errendimendu egokiak aztertu eta zehazteko asmoz, Produktibitatearen Batzorde Paritarioa sortzen da, langileek hautatutako hiru ordezkarik eta enpresek hautatutako beste hiruk osatua, eta beste horrenbeste ordezko edukita, ordezkapenak egin daitezen titularrak justifikazioarekin joan ezin direnetan. Batzorde horietako burua produktibitatea neurtzen eta lana antolatzen duen espezialista bat izanen da; ahal dela, lan metodoen eta antolaketaren ingeniari bat edo antzeko bat. Bi alderdiek parte hartuta eginen da haren izendapena. Produktibitatearen Batzorde horrek lanaren antolaketaren erakunde pribatuei edo Produktibitatearen Zerbitzu Nazionalari eska diezaieke aholkua, egokitzat joz gero. Erabakiak lotesleak dira bi alderdietarako bere eskumeneko gaietan:
a) Errendimendua ezartzea.
b) Lan metodoak.
c) Behar bezalako akabera.
Erabakiak hartzerakoan, Produktibitatearen Batzordeak kontuan izan beharko ditu erabili beharreko lan material egokia eta langilearen lanbide kategoria.
Produktibitatearen Batzordearen eginkizuna produktore bakoitzaren errendimendua zehaztea da, bere erabakiaren menpe jartzen denean, haren zenbatekoa, kalitatea eta abar zehazteko, 6. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Batzordeak berak erabakiko zein arauri jarraitu bere jardunean.
8. artikulua. Lanaldia:
2012: 1.708 ordu urteko.
2013: 1.708 ordu urteko.
2014: 1.708 ordu urteko.
Ezarritako orduak benetan lan egin beharrekoak izanen dira, eta, horrenbestez, langunean edo lan egiten den tokian hasi eta bukatuko dira.
Hori dela eta, langunera edo lan egiten den tokira joateko denbora ez da benetan lan egindako denboratzat hartuko, baldin eta lan egiteko tokia langilearen bizitokiko herrian edo kontratuaren herrian badago.
Aurreko lerroaldean xedatua zehazteko asmoz, “herria” izanen da udalerri jakin bateko hiri mugen arteko espazioa, 3 kilometrora bitarteko erradio baten barrenean.
Iruñearen kasuan, Iruñerrian udalerrien arteko erlazioa eta kontzentrazioa handia denez gero, Iruñerria bera hartuko da herritzat, eta honako udalerri eta entitate hauek izanen dira mugak: Arre, Uharte, Gorraitz, Sarriguren, Taxoare, Noain, Zizur Nagusia, Zizur Txikia, Orkoien, Berriobeiti, Aitzoain eta Artika.
Halaber, ogitartekoa hartzeko denbora ez da benetan lan egindako denboratzat hartuko, non ez den kontrako akordio berariazkorik.
9. artikulua. Lanaldi irregularra: Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan araututakoarekin bat, aldeek adostu dute lanaldia %0n banatuko dela modu irregularrean.
10. artikulua. Aparteko eskersariak: bi eskersari ordainduko dira, bata uztailean eta bestea Eguberrietan, bakoitza 30 egunekoa, hitzarmenaren soldataren arabera (I., II. eta III. eranskinak).
11. artikulua. Oporrak:
11.1. Hitzarmenaren eraginpeko langileek hogeita hamar egun naturaleko opor ordainduak izanen dituzte urtean.
Zer egunetan hartzen diren, orduko soldataren arabera ordainduko dira.
11.2. Oporrak noiz hartu: ondorio horietarako, bi kasu posible bereiziko dira, produkzio jarduera oporrekin eteten den edo ez kontuan izanda. Hartara:
a) Oporrekin produkzio jarduera eteten duen enpresetan, langile guztiek hartuko dituzte oporrak aldi horretan, non ez den bestelako akordio berariazkorik.
b) Gainerako enpresetan, hau da, oporrak txandaka hartzea galarazi gabe, produkzio jarduerari urteko hamabi hilabeteetan eusten dioten enpresetan, langile guztiek ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean hartuko dituzte oporrak, non ez den berariazko akordiorik.
Oporrak eta enpresaren produkzio jarduerari eustea bateragarriak izatea denez lortu nahi den helburua, oporren txandak zehaztean gutxieneko portzentajeak errespetatu beharko dira jarduna mantentzeko; enpresei ahalmena emanen zaie beren baitan erabaki dezaten zein diren prozedurarik, seinalamendu metodorik eta lehentasun irizpiderik egokienak kasuan-kasuan helburu hori bete ahal izateko.
11.3. Langile bat gaixotasun arrunt baten edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz oporretan ospitaleratzen denean, opor egun horiek hartzeko eskubidea izanen du, aldi baterako ezintasunaren egoerak zenbat irauten duen, horrenbeste.
Enpresa eta langilea ados egonda erabakiko da egun horiek noiz hartu behar diren.
Langileak inoiz ez ditu legez dagozkion opor egunak baino gehiago hartuko sistema honen babesean.
12. artikulua. Antzinatasuna: antzinatasunaren saria zerbitzuen hirurtekoen arabera jasoko da, hitzarmen honen II. eranskineko baremoari jarraituz.
13. artikulua. Neke, arrisku eta toxikotasunaren plusak: Hitzarmeneko soldataren gaineko %20 izanen da.
Enpresek ahal den heinean murriztuko dituzte plus horiek sortzen dituzten lan egoerak.
Langile bat lantokitik kanpo aritzen denean aldez aurretik toxikotzat, arriskutsutzat edo nekagarritzat jotako lanpostu batean, kasuan kasuko zentroan, artikulu honetako plusa jasoko du, egoera horrek irauten duen bitartean.
14. artikulua. Urruntasun eta garraio plusak: arlo honetan baldintza berariazkoak dituzten enpresek horiei eutsiko diete, eta 2012an, 2013an eta 2014an handituko dituzte, soldatei aplikatzen zaien igoera portzentaje berberetan.
15. artikulua. Bidaiak eta dietak:
15.1. Dieta eta dieta erdia, hitzarmen honek indarra hartutakoan, ondoko balio hauen arabera ordainduko dira:
2012tik 2014ra bitarte, dieta osoa 34 euro da.
Dieta erdia, berriz, 17,5 euro.
Irteera egunetan dieta osoa sorraraziko dute eta itzulerako egunetan dieta erdia, interesdunak gaua bere etxean ematen badu, bi otordu nagusiak etxetik kanpora egiten ez baditu behintzat.
Langileak bete beharreko lana dela-eta, kanpoko otordu bakarra bazkaria baldin bada, harengandik ordaindutakoaren konpentsazioa kobratuko du edo, bestela, dieta erdia.
Inguruabar bereziengatik, joan-etorriko gastuak dietak baino handiagoak badira, gehiegizko gastua enpresak ordainduko du, horren berri izan eta langileen justifikazioa jaso ondoren.
15.2. Enpresaren eta langilearen arteko akordioa dela-eta horrek bere ibilgailua erabiltzen duenean irteeretan eta bidaietan, eta abiapuntua izanik langilearen kontraturako lantokiaren helbidea, honako hau izanen da ordaindu beharrekoa hitzarmenak indarra hartutakoan:
2012. urtean: 0,35 euro, egindako kilometro bakoitzeko.
Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetarako, kilometrajearen zenbatekoa urtero handituko da, soldatetarako aurreikusitako portzentaje berean.
Ondorio horietarako, kontratu mugagabea duten langileentzat, enpresaren helbide soziala edo kokapen industriala izanen da lantokiaren helbidea, eta, obra kontratua duten langileentzat, berriz, bere kontratuaren obra izanen da lantokia. Iruñerria sartzen da kilometrajea konputatzeko erregulazio horren barruan.
Nolanahi ere, argitu behar da aurreko lerroaldean xedatuak ez diola eragiten hitzarmen honen 8. artikuluan araututakoari; hartara, kontuan izan gabe zer abiapuntu hartzen den kilometrajea konputatzeko, langilea lan egiteko tokian dagoenean hasten da lanaldia.
16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna gaixotasun arruntagatik eta absentismoa: gaixotasun arruntaren edo lanez kanpoko istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek unean-unean jasoko dituzte gizarte segurantzari buruzko araudiak horretarako legez ezarritako prestazioak.
Aurrekoa gorabehera, eta enpresa batean erregistratutako absentismo indizea (gaixotasun arruntak, lanez kanpoko istripuak eta justifikatu gabeko absentziak) ez bada langile guztiek benetan lan egin behar dituzten ordu teorikoen %6tik gorakoa, prestazio horiek hitzarmen honen tauletako soldataren %100era bitarte osatuko dira, bai hilabeteko soldatari dagokionez bai aparteko eskersariei eta antzinatasunari dagokienez.
Absentismo indizea hiru hilabetean behin kalkulatuko da, urtea lau hiruhileko naturaletan banatuta. Gaixotasun baja bakoitzari aurreko hiruhileko naturalaren indizetik ondorioztatzen dena aplikatuko zaio.
17. artikulua. Aldi baterako ezintasuna lan istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondorioz: lan istripuaren edo gaixotasun profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, soldataren %100 ordainduko zaio istripua izan duen langileari, hitzarmen honen I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, enpresek zenbateko horretaraino osatuko dituzte legez ezarritako prestazioak.
18. artikulua. Probaldia: sarrerak proba gisa egiten direla ulertuko da. Probaldiaren iraupena bete beharreko lanpostuaren araberakoa izanen da, eta inoiz ez da gaindituko ondoko eskalan finkatutako denbora.
–Kualifikaziorik gabeko langileak: 15 egun.
–Langile teknikoak, administraziokoak eta beharginak: 3 hilabete.
–Langile tekniko tituludunak: 6 hilabete.
Praktiketan kontratatzen diren langileen kasuan, legezko erregulazio berariazkoari jarraituko zaio arlo horretan. (Langileen Estatutuaren 11.1.d) artikulua).
Langileak probaldia egin behar duela ulertuko da idatziz hala ageri bada, soilik.
Probaldian, enpresak eta langileak lan kontratua bertan behera uzten ahal dute aurreabisurako eperik ez dutela eta erreklamaziorik gabe.
Aldi baterako ezintasunak eten egiten du aipatutako probaldia, zenbat irauten duen, horrenbeste.
19. artikulua. Lizentzia ordainduak: lizentzia eta baimen ordaindu hauek ezarri dira:
1. Langilearen ezkontzagatik, 20 egun natural; lizentzia hori oporrei batu ahalko zaie, batera egokitzen badira.
2. Seme-alaben jaiotzagatik, 4 egun natural; jaiotzatik aurrera 2 egun natural hartuko dira eta langileak aukeratuko du noiz hartu beste 2 egunak, jaiotzatik hasita 15 eguneko epearen barrenean.
3. Ezkontidearen heriotza, 7 egun natural.
4. Ezkontidearen gaixotasun ez larriagatik, ospitaleratu beharra badakar, erditzea salbuetsita: 2 egun natural.
5. Gurasoen, seme-alaben, biloben, anai-arreben eta ezkontidearen gaixotasun larriarengatik edo frogatutako ospitaleratzearengatik, 2 egun natural, ezkontidearen kasuan izan ezik, hiru egun izanen baitira.
Ospitaleratzea gertatzen denean, egoera horrek dirauen bitartean hartzen ahal da lizentzia, enpresaren eta langilearen artean ados jarrita.
Gerora hartzeko sistema berri honen eraginez, langileak ez du, inola ere, gertaera sortzailearen ondoren baimena berehala hartu izan balu egokitu zitzaizkiokeen lanegunak baino gehiago hartzeko eskubiderik izanen.
6. Etxeko atsedena eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatik, odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideen kasuan: 2 egun natural.
7. Aiton-amonen, osaba-izeben, iloba propioen, lehengusu propioen, koinata-koinatuen eta aita-amaginarreben heriotza: egun natural bat.
8. Guraso, seme-alaba eta anai-arreba odol bidezkoen heriotza: 3 egun natural.
9. Anai-arrebak, gurasoak, bilobak, seme-alabak, lehengusu-lehengusina propioak eta koinata-koinatuak ezkontzeagatik, egun natural bat.
10. Ohiko bizilekua aldatzeagatik, egun natural bat.
11. Behar-beharrezkoa den denbora, nahitaezko betebehar publiko batera edo epaiketetara joateko, zitazioa ofizioz egiten bazaio.
12. Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira.
Lizentziak egun naturaletarako izanen dira, eta, 2. eta 5. ataletako salbuespenetan izan ezik, gertaera eragiletik aitzina; nahitaez aurkeztu beharko da egiaztagiria, nahiz ondoren aurkeztu.
Artikulu honetan “ezkontidea” aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute. Jakina, berdintze honetatik kanpo utzi da ezkontzeagatiko lizentzia ordaindua.
Zerrendatzen diren kasuetan, langileak hitzarmenaren soldata jasoko du.
Lizentzia horiei egun natural bat edo enpresari bidezkoa iruditzen zaiona gehituko zaie lizentzia eskatzeko gertaerak, urruntasunagatik edo komunikazio zailtasunagatik, hala agintzen duenean.
20. artikulua. Nominaren ordainketa: enpresek soldatak hilero ordain ditzakete banakako ordainagiri baten bidez, legez ezarritako baldintzen arabera. Langileek aurrerakinak eska ditzakete, egina dagoen lanaren kontura.
Enpresek nominak ordain ditzakete langileak zehazten duen aurrezki kutxaren edo banketxearen bidez.
21. artikulua. Laneko arropa: enpresek laneko arropa doan emanen dute urtean bitan, baita bota pare bat ere, betiere langileak andeatu direnak itzuli ondoren. Orobat, norberaren babeserako jantziak banatuko dituzte, haiek erabili behar direnean laneko segurtasun eta higieneari buruzko araudian ezarritakoaren arabera, eta langileek konpromisoa hartuko dute haiek erabiltzeko.
Aurreko lerroaldean zehaztutako arropa modu honetan banatuko da:
a) Neguko banaketa (lohiartzeko bat), urriaren 1a baino lehenago egin beharrekoa.
b) Udako banaketa (praken eta alkandoraren joko bat), ekainaren 1a baino lehenago egin beharrekoa.
22. artikulua. Mailaz igotzea:
22.1. Honela banatuko dira enpresek kategoria bakoitzean izan behar dituzten lanbideko langileak:
%25 lehen mailako ofizialak.
%55 lehen eta bigarren mailako ofizialak oro har, eta gainerakoak hirugarren mailakoak.
22.2. Administrazio arloko langileei dagokienez, ezartzen da ezen, hitzarmen hau argitara ematen den egunetik aurrera, 3 urtetik gorako antzinatasuna duten administrari laguntzaileak bigarren mailako administrari ofizialak izatera pasako direla, une horretatik bertatik aurrera. Era berean, honako hau argitaratzean kategoria horretan 3 urtetik gorako antzinatasuna duten bigarren mailako administrari ofizialak lehen mailako administrari ofizialak izatera pasako dira.
Mailaren igoera automatiko horiek berariaz ezartzen dira hitzarmen hau argitaratzen den egunetik aurrera; hori dela eta, ez da atzerakinik ordainduko egun horren aurreko igoeren ondorioz.
Halaber, ezartzen da ezen, enpresa batek bigarren mailako laguntzaile edo ofizial horiei aurreikusi baino zenbateko handiagoak ordaintzen bazizkien, horiek konpentsatzen ahalko dituela hitzartutako igoera automatikoaren ondoriozko soldataren igoerarekin.
Hitzarmena argitaratuta eta kasuan kasuko igoerak eginda, ezartzen da kategoria horretan 3 urtetik gorako antzinatasuna duen administrari laguntzaile oro bigarren mailako administrari ofizial izatera pasako dela etorkizunean. Era berean, kategoria horretan 3 urtetik gorako antzinatasuna duen bigarren mailako administrari ofiziala lehen mailako administrari ofizial izatera pasako dela.
Orobat, etorkizunerako ezartzen da aurretik deskribatutako konpentsazio eta irenste ahalmena.
23. artikulua. Urteko osasun azterketa: langile guztiek dute osasun azterketa baterako eskubidea urtean. Azterketa hori garaiz programatuko da, hartarako behar den denbora baino erabil ez dadin, eta ugazaben mutualitateko sendagileek eginen dute. Kosturik badu, enpresen kargura izanen da; horiena ere da artikulu hau bete dadin kudeatzea.
Oro har, lanorduetan medikuarengana joateko, enpresak aurretik emandako baimena beharko da, eta langilea aztertu duen sendagileak sinatutako agiria, ondoren.
24. artikulua. Istripu asegurua: laneko istripuetarako, in itinerekoetan barne, heriotzerako eta edozein lanetarako erabateko baliaezintasunetarako eta baliaezintasun iraunkorretarako ezarritako aseguru osagarriak 34.000 euroko kapital aseguratua du, hitzarmen honek indarra hartzen duen egunetik eta haren indarraldi osoan.
25. artikulua. Diziplina araudia: enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondorengo artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.
25.1. Hutsegiteen mailaketa: langileak eginiko hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira, haien garrantzia, ondorioa eta asmoa ikusita.
25.1.A) Hutsegite arinak: Honako hauek dira hutsegite arinak:
a) Lanera berandu iristea behin, bitan edo hirutan hilabete bateko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea, edo, bestela, hutsegitea gertatu eta hurrengo 24 orduan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, non eta ez den frogatzen ezinezkoa izan dela.
c) Zerbitzua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe, nahiz denbora laburrerako izan. Horren ondorioz enpresari edo lankideei nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo istripuren bat eragiten bada, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.
d) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.
e) Norbere garbitasun eta txukuntasun eza.
f) Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.
g) Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.
h) Lankideekin eztabaida izatea lanaldi barrenean.
i) Sakelako telefonoa, norberarena zein enpresak utzitakoa, helburu partikularretarako soilik erabiltzea lan orduetan; orobat, enpresak utzitako sakelako telefonoa helburu partikularretarako erabiltzea.
j) Hilabetean egun batez lanera ez agertzea bidezko arrazoirik izan gabe.
25.1.B) Hutsegite larriak:
a) Lanera berandu iristea hiru aldiz baino gehiagotan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
b) Lanera ez agertzea behin, bitan edo hirutan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.
c) Lanaldian jostetan ibiltzea.
d) Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian.
Datu horiek faltsutu edo maltzurki eman gabe uzten badira, hutsegite oso larritzat joko da.
e) Desobedientzia bere nagusiei lanaren edozein arlotan, honako hauek barne direla: erresistentzia eta oztopoak jartzea lana arrazionalizatzeko metodo berriei, laneko orriak betetzeari uko egitea, asistentzia kontrola, segurtasuneko nahitaezko prebentzio gailuak eta arropa ez erabiltzea edo behar ez bezala erabiltzea, edo laneko arriskuei aurrea hartzeko neurriak ez errespetatu edo betetzea, eta abar. Diziplina nabarmen hautsiz gero edo horrek enpresari kalte nabaria eragiten badio, hutsegite oso larritzat hartzen ahalko da.
f) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.
g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.
h) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, hutsegite oso larritzat jo daiteke. Nolanahi ere, nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea ere zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da.
i) Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.
j) Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea (berandu iristea salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zigorra jarri izan bazaio.
25.1.C) Hutsegite oso larriak:
Honako hauek hutsegite oso larriak dira:
a) Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz edo gehiagotan, edo urtean hogei aldiz, berandu iristea.
b) Lanera ez agertzea hiru egun jarraian edo bost egun tartekatutan hilabeteko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.
c) Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.
d) Gaixotasunaren edo istripuaren itxura egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean. Atal honetan sartzen dira istripuaren edo gaixotasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
e) Lanorduetan mozkortzea eta drogak hartu ondoko egoeran egotea.
Langilea goian aipatu egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, enpresako osasun zerbitzuak edo, bestela, enpresak izendatzen duen medikuak egin beharreko azterketa onartu beharko du.
Azterketa horiek egitean langilearen duintasuna eta intimitatea ahalik eta gehien errespetatuko dira eta bertan egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, hori lantokian ez badago, enpresako beste langile bat; ahal izanez gero, betiere.
f) Enpresaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak jakitera ematea.
g) Enpresari bidegabeko lehia egiten dioten jardueretan aritzea.
h) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.
i) Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.
j) Erantzukizun berezia izanik, lanpostua bertan behera uztea abisurik eman gabe.
k) Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.
l) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
m) Sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.
Sexu jazarpena lanean, hau da, pertsona baten duintasunaren aurka jotzeko asmoa duen edo hori dakarren edozein sexu jokaera, hitzezkoa nahiz fisikoa, batez ere giro beldur eragilea, degradatzailea edo iraingarria sortzen badu.
Sexuan oinarritutako jazarpena lanean, hau da, pertsona baten sexua dela-eta haren duintasunaren aurka jotzeko eta giro beldur eragilea, degradatzailea eta iraingarria sortzeko asmoa duen edo hori dakarren edozein jokabide.
n) Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.
25.2. Zehapenen araubidea: enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.
Hutsegite larriengatik edo oso larriengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita.
Enpresak hutsegite oso larriengatik ezartzen dituen zehapen ororen berri emanen die langileen legezko ordezkariei.
Zehapena ezartzen den egunetik hiru hilabete igaro daitezke bete arte.
25.3. Zehapenak: hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:
a) Hutsegite arinengatik:
–Hitzezko kargu-hartzea.
–Idatzizko kargu-hartzea.
b) Hutsegite larriengatik:
–Lan eta soldatarik gabe uztea, bi egunetik hogeira bitartean.
–Lanpostuz aldatzea herri beraren barrenean.
c) Hutsegite oso larriengatik:
–Hogei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Enpresa beraren beste zentro batera nahitaez aldatzea, helbidez aldatzera behartu gabe.
–Kaleratzea.
25.4. Preskripzioa.
–Hutsegite arinak: hamar egun.
–Hutsegite larriak: hogei egun.
–Hutsegite oso larriak: hirurogei egun.
Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
25.5. Agintekeria: zuzendariek, buruek edo erdi mailako agintariek agintekeriaz jokatzen badute, enpresek hutsegite oso larritzat joko dituzte gertaera horiek eta dagokien zehapena ezarriko diete.
Zuzendari, nagusi edo erdi mailako agintari batek agintekeriaz jokatu duela ulertuko da egintza arbitrarioren bat gauzatzen badu, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta menpekoari kalte nabarmena eginez. Behin arau-haustea egiaztaturik, enpresako zuzendaritzak zehapena ezartzeko neurririk hartzen ez badu, langile kaltetuak jakitun jarriko ditu langileen ordezkariak, eta hauek egokitzat jotzen dituzten ekintzak gauzatzen ahalko dituzte.
25.6. Lehia: langileak behartuta daude lehiarik ez egitera enpresaburuari, ezta hari egiten diotenekin batera aritzera ere. Beraz, debekatua dago enpresarentzat lehia diren lanak egitera enpresatik kanpo.
Aurreko lerroaldean ezarritakoa betetzen ez bada, portaera desleiala denez gero, aurreikusitako zehapenak ezarriko dira.
25.7. Jazarpen egoeretan jarduteko prozedura: enpresako Zuzendaritzak zainduko du lantokian egoera egokia izan dadin, portaera desegoki edo sexu kutsukorik gabekoa, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu; besteak beste, alde biko espedientea irekiko du.
Edozein instantzia administratibo edo judizialetan horri buruz jartzen ahal diren legezko ekintzak galarazi gabe, barne prozedura hasiko da enpresako zuzendari baten aurrean sexu jazarpena salatzen denean.
Salaketa jaso bezain pronto, espediente informatibo bat irekiko du enpresako Zuzendaritzak, eta gai horretan behar den prestakuntza duten pertsona bateko edo biko batzorde bat eratuko da, egintzak ikertzeko eta salatutako jazarpenak jarrai dezan ekiditeko, horretarako behar diren neurriak hartuz.
Egoera horren berri berehala emanen zaio langileen legezko ordezkaritzari, ukitutako pertsonak eskatzen badu. Horrez gain, ordezkaritza prozedura osoan egoteko eskatzen ahalko du.
Ikerketetan entzute tramitea emanen zaie esku-hartzaile guztiei eta gertatutako egintzak argitzeko bidezkotzat jotzen diren eginbideak gauzatuko dira.
Gehienez ere, 10 eguneko epean gauzatuko da prozesua. Prozesuan konfidentzialtasun eta zuhurtzia osoz arituko da, pertsonen intimitatea eta ohorea zuzenean ukitzen baitira.
Salatu den kasuan sexu jazarpena izan dela frogatzen bada, betiere jazarlea enpresako zuzendaritzaren eta antolaketaren eremupean badago, eta beste neurri batzuen artean, zehapena ezarriko da diziplina araubidean ezarritako kalifikazioaren arabera.
Ondorio horietarako, sexu jazarpena hutsegite oso larria izanen da beti.
Eginbideak gauzatzen dituzten pertsonek ezin dute mendekotasun edo ahaidetasun erlaziorik izan alderdietako edozeinekin, ezta pertsona salatzailea edo salatua izan ere.
Ikerketaren espediente informatiboa bukatu ondoren, kopia bana emanen zaie salatzaileari eta salatuari.
Espediente informatiboa tramitatzen den bitartean beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak har daitezke, pertsona salatzailea eta salatua bereizteko, haien lan baldintzei kalte egin gabe.
26. artikulua. Eskubide sindikalak: Langileen ordezkariek eta enpresa batzordeko kideek indarra duten legezko arauetan xedatutakoa beteko dute eskubide eta betebeharrei dagokienez.
27. artikulua. Prebentzio arloko lurraldeko ordezkaria: Nafarroako Foru Komunitateko Osasuneko ordezkaria eta hitzarmena sinatu duten alderdiek izendatutako teknikariak prebentzioko ordezkaririk ez duten enpresetan sartzen ahalko dira, legeak ematen dizkien eginkizunak betetzera. Lan osasuneko batzordeak eta ordezkariak dituzten enpresetan, hitzarmena sinatu duten alderdietako batek eskatuz gero, aholkularitza eta informazio lanak egitera sartzen ahalko dira.
28. artikulua. Eraikuntza arloko langileek lanean gorabeherak sortu eta horiek hitzarmen honi dagokion sektore osoan edo zati batean lan egitea galarazten duten kasuan, enpresek eta ukitutako langileek legez ezarritako prozeduretara jotzea adostu dute Lan Agintaritzaren aurrean, laneko kontratuak aldi baterako etengo dituen baimena eskuratzeko eta, horrela, bi alderdientzat sor daitezkeen kalteak arintzeko.
Aurreko akordioaren truke, enpresek kontratu etenduraren unean diren soldata errealen %85 arte osatuko dute 30 eguneko epean, gehienez ere.
Kontratu etendura hori onartzen ez bada, enpresek aurreko lerroaldearen arabera ateratzen diren diru kopuruak ordaindu beharko dituzte.
Orobat, aurreko bi kasuetan, enpresek ez dituzte aparteko eskersarien, oporren eta antzinatasunaren zati proportzionalak deskontatuko.
29. artikulua. Aparteko orduak: ohikotzat jotako aparteko orduak kentzea erabaki da, eta une bakoitzean legez baimenduko da haietako zenbat egin daitezkeen egiaztatuta dauden larrialdi kasuetan.
Enpresak eta langileak adostuta, egiten diren aparteko orduak kobratu gabe uzten ahalko dira, eta langileak opor gisa hartuko ditu ordu horietan sartutako denbora, halako bi.
Hilabetero ohar bat igorriko zaio hitzarmenaren jarraipen batzordeari, egindako aparteko orduei eta haien justifikazioari buruz.
30. artikulua. Erretiro aurreratua, erretiro partziala eta errelebo kontratua:
Arau iragankorren aplikazioaren ondorioz erretiro mota hori dagoen kasuetan, langileak, berak hala erabakita, eskubidea izanen du 64 urtetan erretiro berezia hartzeko, uztailaren 17ko 1194/1985 Errege Dekretuan eta hura garatu eta aldatzeko arauetan ezartzen diren moduan eta baldintzetan.
Orobat, Langileen Estatutuaren 12.6 artikuluan eta hura garatzen duen araudian erregulatutako erretiro partzialerako ere bada konpromiso hau, indarra duen legerian uneoro ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileentzat.
31. artikulua. Enplegu aniztasuna: hitzarmen honek indarra duen bitartean, enpresek enplegu aniztasuna duten langileei kontratu berririk ez egitea erabaki da, hau da, lan guztien artean legez ezarritako lanaldia baino ordu gehiago egiten dituzten langileei edo, guztira, hitzarmen honetan bermatzen den espezialistaren soldata baino diru-sarrera handiagoak dituztenei.
32. artikulua. Beharrezkoa den aldiro, enpresek langabezian diren langileak kontratatzeko konpromisoa hartzen dute, langile interesdunei autonomo egin daitezen eskatu gabe. Konpromiso horrek ez dakar langile autonomoekin kontratuak sinatzeko debekurik, indarra duten legezko arauei jarraituz.
33. artikulua. Praktikaldiko lan kontratuak:
33.1. Langileen Estatutuaren 11. artikuluko 1. zenbakiko e) atalean ezarritako ordainsariaren ehunekoak handitzea erabaki da, eta %70ekoa edo %85ekoa izanen dira kontratuaren indarraldiaren lehen edo bigarren urtean, hurrenez hurren.
Portzentaje igoera horiek berariaz ezartzen dira hitzarmen hau argitaratzen den egunetik aurrera; hori dela eta, ez da atzerakinik ordainduko egun horren aurreko egoeren ondorioz.
33.2. Kontratu mota honen bidez kontratatzen diren langile gazteek langabeziaren prestazioak eskura ditzaten, kontratazio sistema hau erabiltzen duten enpresak, ahal dela, kontratua prestazio hori eskuratzeko eskatzen den gutxieneko aldia adinakoa izan dadin saiatuko dira.
33.3. Artikulu honek xedatzen ez duen hartan, arlo horren gaineko indarreko legerian ezarritakoari jarraituko zaio, batez ere Langileen Estatutuaren 11.1 artikuluan eta hura garatzen duten arau osagarrietan ezarritakoari.
34. artikulua. Prestakuntzako kontratua:
34.1. Kualifikazio maila jakin bat izatea eskatzen duen ogibide edo lanpostu batean behar bezala aritzeko prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskuratzea du xede kontratu honek, eta arau hauek izanen dute indarra:
a) Prestakuntzako kontratua egin ahalko zaie praktiketako kontraturako titulurik ez duten 16 urte baino gehiagoko eta 25 baino gutxiagoko langileei. Adinaren gehieneko muga ez da aplikatuko kontratua langile minusbaliatu bati egiten bazaio.
b) Kontratu mota honen bidez kontratatzen diren langileek ordainsari bakar bat jasoko dute 2012rako, zenbateko honetakoa gutxienez ere:
–Lehenengo urteko prestakuntzako langileak: 697,60 euro hilean.
–Bigarren urteko prestakuntzako langileak: 785,82 euro hilean.
–Hirugarren urteko prestakuntzako langileak: 942,96 euro hilean.
Halaber, urtean aparteko bi eskersari, uztailean eta Eguberrietan, jasotzeko eskubidea izanen dute, hilabeteko soldata adinakoak.
34.2. Langileen Estatutuaren 11.2 b) artikuluak sektoreko hitzarmen kolektiboei ematen dien ahalmenaren babesean, kontratu horren iraunaldia 3 urte artekoa izanen da.
34.3. Artikulu honek xedatzen ez duen hartan, arlo horren gaineko indarreko legerian ezarritakoari jarraituko zaio, batez ere Langileen Estatutuaren 11.2 artikuluan eta hura garatzen duten arau osagarrietan ezarritakoari.
35. artikulua. Obra edo zerbitzu jakinetarako kontratua:
35.1. Kontratu mota honen arabera obra edo lan jakin baterako kontratatzen diren langileek, kontratua bukatzean eta hura urtebetetik gorakoa izan bada, lana uzteagatiko kalte-ordaina jasoko dute, kontratuaren indarraldian soldata gisa jasotakoaren %4,5ekoa, hain zuzen.
Urtebetetik beherako kontratuetan kalte-ordaina Langileen Estatutuen hamahirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa izanen da, haiek bukatzean, 35/2010 Legean ezarritako testuaren arabera:
–Soldataren bederatzi egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
–Soldataren hamar egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
–Soldataren hamaika egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
35.2. Artikulu honek xedatzen ez duen hartan, arlo horren gaineko indarreko legerian ezarritakoari jarraituko zaio, batez ere Langileen Estatutuaren 15 artikuluan eta hura garatzen duten arau osagarrietan ezarritakoari.
36. artikulua. Ekoizpen-beharretarako behin-behineko kontratua:
36.1. Sinatzaileek, Langileen Estatutuaren 15.1 b) artikuluak sektoreko hitzarmen kolektiboei ematen dien ahalmena erabiliz, kontratu mota honen gehieneko iraunaldia aldatzea erabaki dute, eta 12 hilabetekoa egitea 18 hilabeteko epe baten barrenean.
36.2. Behin-behineko kontratuak bukatzean kalte-ordaina emanen da, hain zuzen Langileen Estatutuen hamahirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, 35/2010 Legeak emandako idazkeraren arabera:
–Soldataren bederatzi egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
–Soldataren hamar egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
–Soldataren hamaika egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera egiten diren kontratuen kasuan.
36.3. Artikulu honek xedatzen ez duen hartan, arlo horren gaineko indarreko legerian ezarritakoari jarraituko zaio, batez ere Langileen Estatutuaren 15 artikuluan eta hura garatzen duten arau osagarrietan ezarritakoari.
37. artikulua. Aukera berdintasuna: Hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek, aurrekoetan ezarritako ildoari jarraituz, bere egiten dute oso-osorik emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasunaren printzipioa, bereizkeria mota guztiak gaitzesten dituzte eta aukera berdintasunez lan egiteko eskubidea aitortzen dute. Hori guztia, Emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007Lege Organikoan jasotakoarekin bat.
Berdintasun printzipioa: hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute lantokian aukera berdintasunaren printzipioa bultzatzeko eta lan giroan genero diskriminaziorik izan ez dadin begiratzeko. Langileen Estatutuaren 17. artikuluan ezarritako diskriminazio ezaren printzipio horrek langile guztiengan izanen du eragina, kontratu mugagabeko langile izan nahiz iraupen mugatuko kontratupeko izan.
Ordainsari berdintasunaren printzipioa: enpresaburua behartua da balorazio bereko lanagatik soldata berdina ordaintzera, bai oinarrizko soldata eta bai soldataren osagarriak ere, sexua dela-eta inolako diskriminaziorik egin gabe.
Baterako klausulak: tratu eta aukera berdintasuna lortze aldera, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:
–Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako bereizkeria baztertuz.
–Soldatetan sexuarengatiko bereizkeriarik ez izatea.
–Aukera eta tratu berdintasuna laneratzean.
–Lanean sexu jazarpenik ez izatea, ezta sexuaren ziozko jazarpenik ere.
–Lanbide prestakuntzarako eta mailaz igotzeko berdintasuna.
Amatasuna.
Erditzearen kasuan, etenaldiak hamasei aste iraunen du jarraian. Erditze multiplea izanez gero, haur bakoitzeko bi aste gehiago hartuko dira bigarrenetik aurrera. Etenaldia interesdunak nahi bezala banatuko da, baina erditu ondoren sei aste hartu behar dira. Ama hiltzen bada, lanik egiten zuen edo ez kontuan hartu gabe, aitak etenaldi osoa edo geratzen den zatia hartzen ahalko du, erditzearen egunetik zenbatuta, eta erditu aurretik amak egunak hartu bazituen, horiek ez zaizkio deskontatuko. Haurra hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, salbu eta, nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldia amaitu eta gero, amak lanpostura itzultzeko eskatzen badu.
Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoan amaren atsedenerako nahitaez sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean hautatzen ahalko du umea izan ondoko baimenaren denborako zati jakin eta jarraitu bat aitak hartzea, bai amarenaren aldi berean bai ondoren. Lanera itzultzeko garaian ama aldi baterako ezintasun egoeran badago, aitak hala ere jarraitu ahal izanen du amak hasieran laga zion amatasuneko baimenaren zatia baliatzen.
Amak, bere lanbide jarduerari buruzko arauen ondorioz, jarduera hori eten eta prestazioak hartzeko eskubiderik ez badu, aitak bere lan kontratua eteteko eskubidea izanen du, amari zegokiokeen aldirako, eta hori aitatasuna dela-eta lan kontratua eteteko eskubidearekin bateragarria izanen da.
Garaia baino lehen erdituz gero edo edozein konturengatik jaioberriak erditzearen ondoren ospitalean egon behar izanez gero, amak edo, ezin badu, beste gurasoak eskaturik, ospitalean senda-agiria hartzen denetik aurrera kontatzen ahalko da etenaldia. Kontaketa horretatik salbuesten dira erditu ondoko lehenbiziko sei asteak: epe horretan amak eten beharko du kontratua nahitaez.
Semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalean egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia gehienez 2 ordu murrizten ahalko dute, eta soldata ere proportzioan murriztuko zaie.
Aski pisu ez izateagatik garaia baino lehen erditzen bada, edo jaioberriak, baldintza klinikoak direla eta, erditu ondoren ospitaleratzea eskatzen badu, zazpi egunez baino gehiago, etenaldia luzatu eginen da, jaioberria ospitaleratua egoten den egunetan. Hamahiru astez luzatuko da gehienez, betiere arauekin bat.
Haurra adoptatu edo babesean hartzen den kasuetan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, etenaldiak hamasei aste iraunen du, jarraian. Haur bat baino gehiago adoptatzen edo babesean hartzen bada, beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko, bigarren umetik aurrera. Langileak erabakiko du noiz izanen dituen ondorioak etenaldiak: adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denean edo babesean hartzeko erabaki administratiboa edo judiziala (behin-behinekoa edo behin betikoa) ematen denean. Adin txikiko batek ez du eskubiderik emanen zenbait etenaldi izateko.
Bi gurasoek lan eginez gero, etenaldia interesdunek hautatzen duten moduan banatuko dute, aldi berean nahiz bata bestearen ondoren, betiere etenik gabeko aldietan eta zehaztutako mugen barrenean.
Atsedenaldiak batera bi gurasoek hartuz gero, haien baturak ezin izanen du gainditu aurreko lerroaldeetan aurreikusitako hamasei asteko kopurua, edo zenbait haur erditu, adoptatu edo babesean hartzeari dagokien kopurua.
Adoptatu edo babesean hartutako haurrak edo nerabeak desgaitasunen bat baldin badu, atal honetako etenaldiak bi aste gehiago iraunen du. Bi gurasoek lan eginez gero, etenaldiaren luzapena interesdunek hautatzen duten moduan banatu ahal izanen dute, aldi berean nahiz bata bestearen ondoren, betiere etenik gabeko aldietan.
Hemen aipatzen diren aldiak lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartzen ahalko dira, enpresaburuak eta ukitutako langileak aldez aurretik ados jarrita, erregelamenduz erabakitzen diren baldintzen arabera.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, atal honetan kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da.
Kontratuaren etenaldiak iraun bitartean langileek izan zezaketen lan baldintzen edonolako hobekuntza berdin izanen dute, atal honetan aipatzen diren kasuetan, baita hurrengo atalean eta aitatasuna dela-eta lan kontratua eteten den kasurako aurreikusitakoetan ere.
Haurdunaldian edo haurrari bularra emateko aldian arriskua baldin badago, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean aurreikusitakoaren arabera, kontratuaren etenaldia bukatuko da amatasun biologikoagatik kontratuaren etenaldia hasten denean, bularreko haurrak bederatzi hilabete betetzen dituenean, edo langilea aurreko lanpostura edo bere egoerarako egokia den batera itzultzeko ezintasuna desagertzen denean.
Aitatasuna.
Haurra jaio, adoptatu edo babesean hartzen den kasuetan, Langileen Estatutuaren Legearen 45.1.d) artikuluarekin bat, langileak kontratua hamahiru egunez eteteko eskubidea izanen du, jarraian, eta haur bat baino gehiago erditu, adoptatu edo babesean hartzen bada, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du, haur bakoitzeko, bigarrenetik hasita. Etenaldi hori eta Langilearen Estatutuaren Legearen 48.4 artikuluan araututako amatasunagatiko atsedenaldiak independenteak dira.
Erditze kasuan, etenaldia beste gurasoari dagokio soilik. Haurra adoptatu edo harreran hartzen denean, eskubidea soilik gurasoetako bati dagokio, interesdunek aukeratuko dute nor. Dena den, Langilearen Estatutuaren Legearen 48.4 artikuluan araututako atsedenaldia guraso batek osoki baliatu duenean, aitatasunagatiko etenaldia soilik besteak baliatzen ahalko du.
Langileak eskubide hori epe honetan baliatzen ahalko du: haurra jaiotzeagatiko baimena bukatzen denetik (legez edo hitzarmenez erabakiko da noiz bukatzen den), edo adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala ematen denetik, edo haurra babesean hartzea ekartzen duen erabaki administratibo edo judiziala ematen denetik, kontratuaren etenaldia bukatzen den arte (Langileen Estatutuaren Legearen 48.4 artikuluan arautua); edo kontratuaren etenaldia bukatu eta segidan amaituko da epea.
Artikulu honetan azaltzen den kontratuaren etenaldia lanaldi osoan edo partzialean baliatzen ahalko da. Lanaldi partzialean bada, %50ekoa izanen da gutxienez, aldez aurretik enpresaburuaren eta langilearen artean adosturik, eta erregelamenduan ezartzen denarekin bat.
Langileak enpresaburuari garaiz jakinarazi behar dio eskubide hau erabiliko duela, gutxienez ere 4 egun aurretik, enpresaburuak produkzioa antolatu ahal izan dezan.
Legezko zaintza.
Legezko zaintza dela-eta, langile batek zortzi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.
Langileak eskubide bera izanen du, odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea zaintzeko, baldin eta ahaidea adinagatik edo istripu edo gaixotasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez denean eta lan ordaindurik egiten ez duenean.
Adopzioa, adoptatu aurreko harrera edo harrera iraunkorra egiten duen gurasoak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larri batek jota dagoen haren ardurapeko adingabea zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar badu, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboak egiaztaturik, gehienez ere adingabeak 18 urte bete arte.
Haurrari esnea emateko baimenaren eta lanaldi murrizketaren orduak eta epealdia zehaztea (artikulu honetako 37.4. eta 5. atalak) langileari dagokio, bere lanaldi arruntaren barrenean betiere. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago jakinaraziko dio enpresaburuari.
Atal honetan ezartzen den lan murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.
Bularra ematea.
Bederatzi hilabetetik beherako semeari edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio edo harrera kasuan, proportzioan gehituko da baimenaren denbora.
Eskubideaz baliatzen denak, hala nahi badu, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordeztu dezake, helburu berbererako, edo enpresaburuarekin adostuta denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du. Baimen hau langileen eskubide indibiduala da, gizon nahiz emakume izan, baina gurasoetako batek bakarrik erabiliko du, biak lanean ari diren kasuetan.
Familia arrazoiengatik hartutako eszedentziak.
Langileek eskubidea izanen dute hiru urte bitarteko eszedentzia hartzeko, haur bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
Bi urtebetera arteko eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu, gaixotasun edo desgaitasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duten langileek.
Langileak aurreko bi ataletan ezarritakoaren arabera eszedentzian ematen duen denbora antzinatasunerako kontuan hartuko da. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epea iraganik, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.
Lan-kontratuaren amaiera.
Kaleratzea baliogabea izanen da kasu hauetan:
a) Amatasuna dela-eta langilearen lan kontratua etenda badago, edo haurdunaldian nahiz haurrari bularra emateko garaian arriskua badago, edo haurdunaldiak, erditzeak nahiz bularra emateak eragindako gaixotasuna, edo adopzioa, harrera zein aitatasuna, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 45. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letran aipatu bezala, edo aurreabisuaren epea aldi horren barrenean amaitzen bada.
b) Haurdun dauden langileak kaleratzea, haurdunaldiaren lehen egunetik hasi eta a) letran aipatutako etenaldia hasi arte; Langileen Estatutuari buruzko Legearen 37. artikuluko 4., 4 bis eta 5. idatz-zatietan aipatutako baimenak eskatuta edo hartuta dituzten langileak kaleratzea eta lege beraren 46. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusten den motako eszedentzia eskatuta edo hartuta dutenak kaleratzea; eta genero indarkeria jasan duten emakumezko langileak kaleratzea beren lan denbora murriztu edo berrantolatzeko, beste herri edo lantoki batera aldatzeko edo lan harremana eteteko eskubideak erabiltzeagatik, Langileen Estatutuari buruzko Legean onartutako moduan eta baldintzetan.
c) Amatasun, adopzio, harrera edo aitatasunagatik kontratua etenda izan ondoren lanera itzultzen diren langileen kaleratzea baliogabea izanen da, jaiotza, adopzio edo harrera egunetik bederatzi hilabete baino gehiago igaro ez badira.
Aurreko letretan ezarritakoa aplikatu beharrekoa izanen da, ez baldin bada deklaratzen, kasu horietan, kaleratzea bidezkoa dela, arrazoiek ez dutelako zerikusirik haurdunaldiarekin edo aipaturiko baimen eta eszedentzietarako eskubidea erabiltzearekin.
Amatasunaren babesa.
a) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen 16. artikuluan aipatzen diren arriskuen ebaluazioa egiteko, zehaztu beharko da haurdun dauden edo haurra izan berri duten emakumezko langileek zein eratan, zenbateraino eta zenbat denboran dauden beren osasunari edota fetuari kalte egin diezaieketen eragileen, prozeduren edo lan-baldintzen eraginpean, berariazko arriskua izan dezakeen edozein jardueratan. Ebaluazioak erakusten badu emakume horien segurtasun eta osasunerako arriskua dagoela, edo haurdunaldian edo haurrari ematen dioten esnean eragina izan dezakeela, enpresaburuak behar diren neurriak hartuko ditu eta, beraz, emakumearen lan baldintzak edo lan denbora egokituko ditu, langile hori arrisku horren eraginpean egon ez dadin. Gaueko lanik edo txandakako lanik ez egitea izanen da neurri horietako bat, behar izanez gero.
b) Ezinezkoa denean lan baldintzak edo lan denbora egokitzea edo, egokitu arren, lanpostu baten baldintzek kalte egin badiezaiokete emakumeari edo fetuari, eta halaxe ziurtatzen badute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo Mutualitateetako mediku zerbitzuek (enpresak lanbide arriskuen estaldura zeinekin duen itundua), langilea aztertzen duen Osasun Zerbitzu Nazionaleko txosten medikoarekin batera, orduan emakumeak beste era batekoa eta bere egoerarako egokia den lanpostu edo eginkizuna bete beharko du. Enpresaburuak, langileen ordezkariekin hitz egin eta gero, halako arriskurik ez duten lanpostuen zerrenda zehaztu beharko du.
Mugigarritasun funtzionaleko kasuetarako aplikatzen diren arauak eta irizpideak erabiliko dira lanpostua edo eginkizunak aldatzeko. Aldaketak indarra izanen du harik eta emakumezko langilearen osasun egoera lehengo lanpostura itzultzeko modukoa izan arte.
Aurreko lerroaldean aipatutako arauak aplikatuta ere lanpostu edo eginkizun egokirik ez badago, zilegi izanen da langileari beste talde edo kategoria bateko lanpostua ematea, nahiz eta berari dagokion lanpostuko ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen duen.
c) Lanpostuz aldatzea teknikoki eta objektiboki ezinezkoa bada, edo eskaera egitea bidezkoa ez bada justifikatutako arrazoiengatik, emakume langileari kontratua eten dakioke haurdunaldirako arriskua izateagatik, Langileen Estatutuaren Legearen 45.1.d) artikuluan ageri den moduan, haren segurtasuna edo osasuna babesteko behar den denborarako, eta aurreko lanpostura edo lanpostu egoki batera itzultzea ezinezkoa den bitartean.
d) Haurrari bularra emateko aldian ere aplikatzekoa izanen da Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legearen 26. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan xedatutakoa, lanpostu baten baldintzek kalte egin badiezaiokete emakumeari edo haurrari, eta halaxe ziurtatzen badute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo Mutualitateetako mediku zerbitzuek (enpresak lanbide arriskuen estaldura zeinekin duen itundua), langilea edo haurra aztertzen duen Osasun Zerbitzu Nazionaleko txosten medikoarekin batera. Halaber, langileari kontratua eten dakioke bederatzi hilabetez beheragoko haurrei bularra ematean arriskua izateagatik, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluan ageri den moduan, baldin eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 26. artikuluko 3. idatz-zatian aurreikusten diren baldintzak betetzen badira.
Oporrak.
Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48 artikuluetan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
Genero indarkeria.
Genero indarkeriaren biktima izan diren langile emakumezkoei, epaileak hura babesteko agindua eman baldin badu, edo Ministerio Fiskalaren txosten baten bidez adierazi bada demandaren jartzailea genero indarkeriaren biktima izan dela ondorioztatzeko zantzuak daudela, Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan arautzen diren lan baldintzen gaineko eskubideak bermatu eta hobetuko zaizkie.
38. artikulua. Berdintasunerako planak.
Hitzarmena sinatzen duten sindikatuek eta enpresa erakundeek pentsatzen dute sektore osoan jarduteko orotariko arautegi bat ezarri beharra dagoela tratu eta aukera berdintasunerako funtsezko eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bermatzeko. Horretarako, berdintasun politikak garatzeko konpromisoa aintzakotzat hartuz, orotariko helburu hauek ezarri ditugu:
A) Jarraibideak ezartzea berdintasun planen prestakuntzari, egiturari eta prozedurei dagokienez, giza baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko, horrela, bereizkeriak saihesteko eta egiazko aukera berdintasuna eskaintzeko, elkarrizketa sozialaren bidea etengabe erabiliz.
B) Osatzen den batzorde paritarioari laneko tratu eta aukera berdintasunaren arloan lan eraginkorra egiteko aurrerago aipatzen diren eskumenak esleitzea.
Berdintasunerako planak.
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan, eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu behar dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.
Enpresak 250 langile baino gehiago baditu, lantoki bakarra nahiz lantoki gehiago izan, aurreko lerroaldean aipatutako berdintasun arloko neurriak biltzen dituen berdintasun plana egin eta aplikatu behar da.
Berdintasun planak zer diren.
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, enpresetako berdintasun planak egoeraren diagnostikoa egin ondoren ezartzen diren neurrien multzo ordenatuak dira. Haien bidez enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortu behar da eta sexuagatiko bereizkeria ezabatu.
Berdintasunerako planetan finkatuko dira berdintasunaren arloko helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabili beharreko estrategiak eta jardunbideak. Halaber, helburuen jarraipen eta ebaluaziorako sistema eraginkorrak ezarriko dira.
Egoeraren diagnostikoa.
Lortu behar diren berdintasun helburuak finkatu aurretik, enpresek egoeraren diagnostikoa eginen dute, lan baldintzen inguruko datuak biltzeko sexuaren arabera sailkaturik. Gai batzuk arreta bereziz aztertuko dituzte, hala nola laneratzeko aukera, prestakuntza, lanbide sailkapena eta mailaz igotzea, lana ordaintzeko eta lanaldia antolatzeko baldintzak, lana, familiako bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea, etab. Horrela atzemanen dira gizonen eta emakumeen arteko tratu edo aukera desberdineko egoerak, arrazoi objektiborik eta zentzuzkorik gabeak, edo sexuarengatiko bereizkeriak, halakorik bada; horrekin batera, horiek zuzentzeko helburuak finkatu beharko dira.
Enpresek horren guztiaren berri emanen diete idatziz langileen ordezkariei eta hauek txostena ematen ahalko dute.
Egoeraren diagnostikoan sexuaren arabera banatutako datuak emanen dira honako gai hauei buruz, besteak beste:
a) Plantillaren banaketa: adina, antzinatasuna, hierarkiako maila, lanbide taldeak eta prestakuntza maila.
b) Plantillaren banaketa: kontratu motak.
c) Plantillaren banaketa: lanbide taldeak eta soldata taldeak.
d) Plantillaren banaketa: lanaldiaren antolamendua, urteko lanorduak, txanden araubidea eta familiako bizitza eta lana bateratzeko neurriak.
e) Plantillaren banaketa: ordezkaritza sindikala.
f) Azken urtean enpresan sartu diren langileak eta enpresa utzi dutenak: lanbide taldea, adina eta kontratu mota.
g) Absentismo mailak, absentismoaren arrazoiak zehaztuta: baimenak, ezintasunak eta beste batzuk.
h) Azken urteko eszedentziak eta horien arrazoiak.
i) Azken urteko igoerak: zein lanbide taldetara eta lanpostutara igo den zehaztuko da, bai eta mugigarritasun geografikoari lotutako igoerak ere.
j) Azken urteko prestakuntza orduak, eta prestakuntza ekintzen motak.
k) Ondokoak ere diagnostikoan sartu behar dira: langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan erabiltzen diren irizpideak eta informazio edota komunikazio bideak; lanbide profilen eta lanpostuen deskribapenetan erabiltzen diren metodoak; enplegu eskaintzetan eta langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan parte hartzeko eskaera orrietan erabiltzen den hizkuntza eta agiri horien edukia.
Berdintasun planen helburuak.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, bildutako datuetan oinarrituta, lortu beharreko helburu zehatzak ezartzen ahalko dira; adibidez, ekintza positiboko neurriak, arrazoi objektiborik gabe emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak dauden gaietan, edo tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa eraginkortasunez aplikatzeko neurri orokorrak.
Hona hemen helburu horiek:
a) Langileak aukeratzeko eta mailaz igotzeko prozesuetan bereizkeria eta hizkera sexista saihestea.
b) Emakumeek ardura handiko lanpostuak har ditzaten sustatzea.
c) Emakume gutxiegi dagoen lanpostuetan emakumeak hautatu eta sustatzeko berariazko programak ezartzea.
d) Ohiz kanpoko kontratazio motek (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterako kontratazioaren modalitateak) emakumezko langileen kolektiboan duten eragina aztertzea, gizonezko langileekin alderatuz, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartzea, emakumezkoengan eragin handiagoa dutela ikusten bada.
e) Gizonei eta emakumeei berdintasunez bermatzea enpresako prestakuntza, bai bertakoa, bai kanpokoa, horrela emakumeek lanean iraun dezaten.
f) Emakumeei berariaz informazioa ematea, gizonezkoek bete izan dituzten lanpostuetarako prestakuntza ikastaroei buruz.
g) Aukera berdintasunari buruzko berariazko ikastaroak egitea.
h) Soldataren osagarriak aztertzea, horien atzean emakumezko langileen kontrako bereizkeriarik ez dagoela egiaztatzeko.
i) Gizonen eta emakumeen arteko soldata desberdintasunak badaude, horiek zuzentzeko prozesuak sustatu eta epeak ezartzea.
j) Gizonek zein emakumeek familiako bizitza eta lana hobeki batera ditzaten lortzea, sentiberatze kanpainak eginez eta legezko baimen eta eszedentzien berri zabalduz.
k) Emakumezko langileen osasunari kalte egiten ahal dioten arriskuak atzeman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batez ere emakume haurdunentzat, eta jazarpen moral eta sexuala eragoztea.
Enpresek eta langileen ordezkariek berdintasun planak prestatzeko dituzten eskumenak.
Enpresak egoeraren diagnostikoa egiteko eskumena izanen du. Diagnostiko horretan egiten diren agiriak langileen ordezkariei emanen zaizkie, txostenerako.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, xedapen hauen eraginpeko enpresek berdintasun plana negoziatu beharko dute langileen ordezkariekin. Negoziazioaren emaitza edozein dela ere, bai planaren edukia bai hartu beharreko neurriak beti egonen dira aurretik egindako diagnostikoaren mende, enpresan tratu berdintasunik atzeman bada. Desadostasunik baldin bada, legearen arabera liskarrak baldin badira, Batzorde Mistoko bitartekotza eta arbitraje organoak izanen dira eskudunak.
Enpresan berdintasunerako plana ezarririk, langileen ordezkariei urtero emanen zaie haren bilakaeraren berri eta haiek txostena ematen ahalko dute, egokitzat jotzen badute.
Enpresek hitzarmen kolektibo honen indarraldia amaitu arteko epea izanen dute artikulu honetan egoeraren diagnostikoei eta berdintasun planei buruz xedatutakoa aplikatzeko.
Batzorde Paritarioaren eginkizunak, aukera berdintasunaren arloan.
Hitzarmen hau sinatzen duten entitateen ordezkariek osaturiko batzorde paritarioa arduratuko da II. atalean harturiko konpromisoak betetzeaz. Eginkizun hauek betetzen ahalko ditu:
a) Aurreko puntuetan ezarritako berdintasun planei buruzko xedapenak interpretatu eta aplikatzerakoan enpresetan sor litezkeen zalantzei buruz argibideak ematea.
b) Sektoreko enpresetan adosten diren berdintasun planen bilakaeraren jarraipena egitea.
c) Gizonen eta emakumeen arteko laneko tratu eta aukera berdintasunari buruz txosten teknikoak prestatzea, aldeek eskaturik.
d) Era berean, sektoreko aukera berdintasunari buruzko azterlan berariazko bat prestatzen ahalko da, zehazki, emakumeen lan eta enplegu egoeraren ebaluazio bat, hitzarmen honek ukituriko sektoreko enpresen artean inkesta bat eginez. Horretarako, enpresek generoaren arabera sailkaturik aurkeztu beharko dituzte datuak.
e) Lorturiko ondorioak ikusirik, Emakumearen Institutuarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertuko da, Nafarroako hitzarmen siderometalurgikoak ukituriko enpresetan tratu eta aukera berdintasunaren arloko praktika egokien kode bat prestatzeko.
39. artikulua. “Ad personam” bermea. Edozein inguruabar dela-eta itundutakoaren gainetik norberak izan ditzakeen baldintzak errespetatuko dira.
40. artikulua. Hitzarmen honetako baldintza ekonomikoak, oro har eta urteko konputuan kontuan hartuta, legezko edo erregelamenduzko xedapenen bidez ezar daitezkeen hobekuntzekin konpentsatzen ahalko dira, horiek ere urteko konputuan kontuan hartuta.
41. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula:
41.1. Soldaten araubidea eta Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan araututako gaietan eragina duten hitzarmen kolektiboaren gainerako baldintzak ez dira enpresetan aplikatuko, horren ondorioz haien egonkortasuna kaltetua izan badaiteke.
Enpresaburuaren eta langileen legezko ordezkarien arteko berariazko akordio baten ondorioz utz daiteke aplikatu gabe, nahitaezko kontsultaldiaren ondoren, akordioan baldintza berriak eta haien zenbaterainokoa jasota.
Enpresako zuzendaritzak emanen dio hasiera prozedurari, kontsultaldiaren hasieraren berri idatziz emanda langileen legezko ordezkariei eta hitzarmen honen batzorde paritarioari.
Kontsultaldiaren hasieraren jakinarazpenarekin batera, enpresako Zuzendaritzak hitzarmena ez aplikatzeko alegatzen dituen zergatiak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Langileen ordezkariek aurreko lerroaldeetan ezarritakoaren ondorioz erabiltzen dituzten datuak eta informazioak diskrezio handiz tratatu eta gorde beharko dituzte, lanbideko isilpekotasunari eutsiz.
Batzorde paritarioari egin beharreko jakinarazpenari langileen legezko ordezkariei egindako jakinarazpena gehituko zaio.
Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, langileek Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde baten esku uzten ahalko dute ordezkaritza hori.
Kontsultaldia hamabost egun naturalekoa izanen da, gehienez ere, kontsultaldiaren hasiera jakinarazteko idazkiaren datatik hasita. Kontsultaldian fede onez negoziatu beharko dute alderdiek, akordio bat lortze aldera.
Kontsultaldiaren iraupena luzatzen ahalko da, enpresako zuzendaritza eta langileen legezko ordezkaritza ados badaude. Luzapenerako akordioa idatziz eta akta batean jaso beharko da.
Kontsultaldian, besteak beste, kontsultak izanen dira enpresaren erabakia eragin duten arrazoiei, izaerari eta tamainari buruzkoak. Epe horretan, enpresako Zuzendaritzak egiaztatu beharko du alegatutako arrazoiak egiazkoak direla, proposatutako neurriak justifikatuak eta proportzionalak direla eta enpresaren egoera hobetzen eta enpleguari eusten laguntzen dutela modu frogagarrian.
Edozein unetan, alderdiek erabakitzen ahal dute lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan araututakoak) erabiltzea kontsultaldiaren ordez. Ordezpen hori egiteko, alderdien (hots, enpresako zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkarien) idatzizko eta berariazko akordioa behar da. Bertan kontsultaldia ordezteko alderdien asmo argi eta berariazkoa agertu beharko da, bai eta bitartekotza edo arbitraje prozedurari lotzeko berariazko erabakia ere, borondatezkoa izan behar dena.
Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da lehen aipatutako arrazoiak daudela eta soilik lan arloko jurisdikzioan aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik. Akordioak zehatz azaldu beharko ditu enpresan aplikatzekoak diren lan baldintza berriak eta haien iraupena. Azken hau ezingo da luzatu enpresan hitzarmen berri bat aplikatzekoa den unetik aurrera. Hitzarmena ez aplikatzeko akordioak ez du berekin ekarriko genero-arrazoiengatiko bazterketa desagerrarazteko betebeharrak ez betetzea, hitzarmenean ezarritakoak, edo, halakorik bada, enpresan aplikatzekoa den berdintasunerako planean aurreikusitakoak. Orobat, hitzarmenaren batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio akordioa, sinatu eta hurrengo zapi egunetan, gehienez ere.
Akordio horretara iritsi gabe, enpresaburuak soldaten araubidea edo Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan jasotako hitzarmenaren gaietako batzuk ez aplikatzen tematuz gero, horretarako baimena eskatzen ahalko dio hitzarmenaren Batzorde Paritarioari, hurrengo atalean jasotzen diren prozedurari eta epeei jarraituz.
41.2. Kontsultaldian adostasunik ez bada, edo kontsultaldiaren ordez Nafarroako Lan Auzitegiaren aurrean bitartekotza tramite bat erabiltzen bada, edozein alderdiak jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik. Batzordearen esku-hartzea eskatzen ez bada edo batzordeak akordiorik ez badu lortu, alderdiek lan gatazken konponketa autonomorako prozedurak (Nafarroako Lan Auzitegiaren erregelamenduan ezarritakoak) erabili beharko dituzte, salbu eta alderdiek aldez aurretik kontsultaldiaren ordez lan gatazken konponbide autonomorako organo horren aurrean bitartekotza tramite bat erabili badute.
Arbitraje prozedurari lotzea borondatezkoa da eta, horregatik, beharrezkoa da alderdiek horren menpe jartzeko erabakia hartu behar dute.
Kontsultaldia akordiorik gabe bukatzen denean eta aurreko lerroaldeko prozedurak ezin badira aplikatu, edo azken hauek desadostasuna konpondu ez badute, alderdietako edozeinek Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikora jotzen ahalko du edo, hura eratu ez bada, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalera, eskuduna baldin bada. Organo horien erabakia organo bertan hartuko da, edo haiek horretarako eta behar diren bermeekin izendatutako arbitro batek hartuko du. Hogeita bost eguneko gehieneko epean emanen da, gatazka organo horien menpe jartzeko erabakiaren datatik hasita. Erabaki horrek kontsultaldian lortzen diren erabakien eraginkortasuna bera izanen dute, eta horren kontra bakarrik jartzen ahalko da errekurtsoa Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat eta arrazoien arabera.
Aurreko lerroaldeetan aipatzen diren prozeduren emaitza baldin bada lan baldintzak ez aplikatzea, horren berri eman beharko zaio lan arloko agintaritzari eta batzorde paritarioari, horren gordailua egin dezaten, besterik ez.
42. artikulua. Batzorde Paritarioa: Alderdi sinatzaileek erabaki dute Batzorde Paritario bat ezartzea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren interpretazio, bitartekotza eta ikuskapen organo gisa, indarreko araudiak hitzarmen kolektiboen Batzorde Paritarioei esleitzen dizkien gai guztiei heltzeko eta, halaber, hitzarmen kolektibo honetan esleitzen zaizkien gaien inguruan eta ondoko akordioetan esleitzen ahal zaizkien gaien inguruan ezagutzeko eta, hala balegokio, ebazteko.
42.1. Osaera eta helbidea.
Batzorde Paritarioa hauek osatuko dute: hitzarmena sinatu duten sindikatuetako bina ordezkari eta hitzarmena sinatu duten enpresa erakundeetako bina ordezkari, bai eta haien ordezkoak ere.
Batzorde Paritarioak aholkularien zerbitzuak baliatzen ahal ditu, aldian behingoak edo iraunkorrak izan. Hitzarmena sinatu duten erakunde bakoitzak libreki izendatuko ditu. Aholkulariek hitz egiteko eskubidea izanen dute, baina botorik ez.
Ondorio guztietarako, Nafarroako Iturgintzako, Berokuntzako, Aire-girotzeko, Suteen Prebentzioko eta Antzeko Enpresaburuen Elkartearen egoitza izanen da Batzorde Paritarioaren helbidea.
42.2. Eskumenak.
Sektorearen Batzorde Paritarioak, besteak beste, ondotik heldu diren eginkizunak izanen ditu:
1. Hitzarmen kolektibo hau interpretatzea eta hitzartutakoa betetzen den zaindu eta jarraitzea.
2. Nahitaez ezagutzea hitzarmen honek ukitutako enpresetan hitzarmen kolektibo hau aplikatzeagatik eta/edo interpretatzeagatik sortzen diren gatazkak, haiek bide administratiboan, judizialean edo organo eskudunean formalizatu aurretik.
3. Alderdi negoziatzaileek eskatuta, bitartekotza egitea aurreko ataletan sartuta ez dauden gatazka kolektiboetan.
4. Alderdiak ados egonda, beharrezkoak edo komenigarriak diren beste eginkizun batzuk, hitzarmen kolektibo honen eraginkortasun praktikoa handiagoa izan dadin.
5. Esku hartzea lan-baldintzen funtsezko aldaketaren prozeduretan, eta hitzarmena ez aplikatzeko prozeduretan, hitzarmen honetan ezarri bezala.
42.3. Prozedura.
Batzorde Paritarioak 15 egun naturaleko epean, gehienez ere, hartu beharko du erabakia planteatzen zaizkion kontuei buruz, kontsulta erregistratu eta biharamunetik aurrera.
Batzorde Paritarioak hura osatzen duten alderdi sozial eta ekonomikoen gehiengoarekin hartuko ditu erabakiak. Horrenbestez, adostasuna dagoela ulertzeko, bi ordezkaritzen gehiengoak beharko dira.
Batzorde Paritarioak esku hartzeko tramitea agortutzat joko da adierazitako epea iragaten denean berariazko ebazpenik eman gabe. Hortaz, libre geldituko da bide administratiboa edo judiziala, kasuaren arabera.
43. artikulua. Sektoreko enpleguaren Jarraipen Batzordea: enpleguari jarraitzeko batzorde bat sortzen da, izaeraz eta osaeraz paritarioa, hitzarmen hau sinatzen dutenek osatua, enplegua sustatzen duten kontuak (hitzarmen honetan jasoak) bete daitezen eta sektorean aurkezten diren krisi espedienteez arduratzeko.
44. artikulua. Laneko Segurtasun eta Osasun arloko Sektoreko Batzordea. Batzorde bat sortzen da, izaeraz eta osaeraz paritarioa, hitzarmen hau sinatzen dutenek osatua, eta bere gain du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen manuak zenbateraino bete eta abian jartzen diren analizatu eta aztertzea, baita bera garatzen duen araudi osagarria ere.
45. artikulua. Lanbide sailkapenaren Sektoreko Batzordea. Batzorde bat sortzen da, izaeraz eta osaeraz paritarioa, hitzarmen hau sinatzen dutenek osatua, eta bere gain du lanbide sailkapeneko gaiak analizatu, aztertu eta, behar izanez gero, haiei buruzko erabakiak hartzea.
Batzorde horrek hitzarmeneko kategoriak aztertu eta analizatzea erabaki du, errealitate sozialean gutxietsiak eta urrun egon daitezkeen kategoriak baloratzeko.
Batzorde horrek har ditzakeen akordioak hitzarmen kolektiboaren parte izanen dira, eta Lan arloko Agintaritzari igorri beharko zaizkio, erregistratu eta argitara daitezen.
46. artikulua. Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren mende jartzea.
1. Alderdiek erabaki dutenez, Lan Hitzarmen Kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita horren aplikazio esparruko langileak eta enpresaburuak ukitzen ahal dituen beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.
Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.
Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera, epaitegietara jo aitzin. Hartaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
2. Era berean, lan hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitzeman dute ahaleginak eginen dituztela hitzarmenaren aplikazio eremuko langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozeduren mendean borondatez eta espresuki jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan-gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.
LEHENDABIZIKO KLAUSULA GEHIGARRIA
Hauek dira 2012., 2013. eta 2014. urteetarako adostu diren soldata igoerak:
1. 2012. %0,5eko igoera, 2011-XII-31n indarra duten soldata kontzeptu guztien gainean. Igoera horrek atzerako eragina izanen du 2012ko urtarrilaren 1a arte. (I. eranskin gisa gehitu zaizkio hitzarmen honi soldaten eta hirurtekoen taulak, %0,5 igo ondorengo zenbatekoak dituztela).
2. 2013. %0,6ko igoera, 2012-XII-31n indarra duten soldata kontzeptu guztien gainean. Igoera horrek atzerako eragina izanen du 2013ko urtarrilaren 1a arte. (II. eranskin gisa gehitu zaizkio hitzarmen honi soldaten eta hirurtekoen taulak, %0,6 igo ondorengo zenbatekoak dituztela).
3. 2014. %0,6ko igoera, 2013-XII-31n indarra duten soldata kontzeptu guztien gainean (III. eranskin gisa gehitu zaizkio hitzarmen honi soldaten eta hirurtekoen taulak, %0,6 igo ondorengo zenbatekoak dituztela).
BIGARREN KLAUSULA GEHIGARRIA
Dietarako, dieta erdirako eta istripu-polizarako artikuluetan ezarri diren zenbatekoak hitzarmen honen indarraldiko urte guztiak kontuan hartuta ezarri dira. Horregatik, balio horiek aldatu gabe egonen dira hitzarmenaren indarraldi osoan eta, hortaz, ez zaie berrikuste klausularik aplikatuko.
I. ERANSKINA
(Kopuru hauek 2011-12-31n indarra zuten soldatak
%0,5 igota atera dira)
2012. URTEKO SOLDATAREN TAULA
LANBIDE KATEGORIA | EGUNEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA (30 egun) | ABENDUKO ESTRA (30 egun) | GUZTIRA URTEAN |
Lehen mailako ofiziala | 62,82 | 1.884,60 | 1.884,60 | 26.698,50 |
Bigarren mailako ofiziala | 56,70 | 1.701,00 | 1.701,00 | 24.097,50 |
Hirugarren mailako ofiziala A | 51,52 | 1.545,60 | 1.545,60 | 21.896,00 |
Hirugarren mailako ofiziala B | 47,96 | 1.438,80 | 1.438,80 | 20.383,00 |
Espezialista | 39,73 | 1.191,90 | 1.191,90 | 16.885,25 |
17 urteko langilea | 30,80 | 924,00 | 924,00 | 13.090,00 |
16 urteko langilea | 27,36 | 820,80 | 820,80 | 11.628,00 |
HILEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA | ABENDUKO ESTRA | GUZTIRA URTEAN | |
Biltegizaina/mendekoa | 1.202,19 | 1.202,19 | 1.202,19 | 16.830,66 |
Arduraduna/Ataleko burua | 1.996,93 | 1.996,93 | 1.996,93 | 27.957,02 |
Prestakuntzako langileak | ||||
Prestakuntzako langileak Lehen urtea | 697,06 | 697,06 | 697,06 | 9.758,84 |
Prestakuntzako langileak Bigarren urtea | 785,82 | 785,82 | 785,82 | 11.001,48 |
Prestakuntzako langileak Hirugarren urtea | 942,96 | 942,96 | 942,96 | 13.201,44 |
Administrariak | ||||
Izangaia | 808,04 | 808,04 | 808,04 | 11.312,56 |
Laguntzailea | 1.011,90 | 1.011,90 | 1.011,90 | 14.166,60 |
2. mailako ofiziala | 1.181,67 | 1.181,67 | 1.181,67 | 16.543,38 |
1. mailako ofiziala | 1.552,70 | 1.552,70 | 1.552,70 | 21.737,80 |
Teknikariak | ||||
Goi mailako tituluduna | 2.135,47 | 2.135,47 | 2.135,47 | 29.896,58 |
Erdi mailako tituluduna | 2.043,10 | 2.043,10 | 2.043,10 | 28.603,40 |
ANTZINATASUNA
Hitzarmen honen ondorioetarako, antzinatasuna Fideltasun Saria deituko da, eta hirurtekoa betetzen den egunean sorraraziko da eta ondoko urteetako egun berean. Urtero dena batean ordainduko da, mugaegunera iritsi eta hurrengo hilabetean. Enpresako plantilla utziz gero, fideltasunaren zenbatekoa hainbanatu eginen da, azken sorrarazpenetik lan egindako denboraren arabera.
Fideltasun Saria zehazteko, kontuan hartuko dira enpresan lan egindako urteak, hirunaka kontatuak, eta hirurteko horien kopuruak ez du mugarik izanen. Antzinatasunaren ondorioetarako, ez dira kontatuko ikastunen, laguntzaileen eta mandatugileen zerbitzualdiak.
1981eko urtarrilaren 1etik aurrera, sartzen diren langile berriek beren antzinatasuna sorraraziko dute aurreko lerroaldean aipatu salbuespenik gabe.
Hirurtekoen taulan zehaztuta daude haien urteko zenbatekoak, berdinak ondoren azaltzen diren lanbide kategoria guztietarako.
Eszedentziek, ordaindu gabeko lizentziek edo antzeko arrazoiek fideltasun sariaren urteko mugaeguna atzeratuko dute, egoera horiek dirauten denboran.
HIRURTEKOEN TAULAK
Lehenengo hirurtekoa | 152,79 |
Bigarren hirurtekoa | 305,37 |
Hirugarren hirurtekoa | 534,27 |
Laugarren hirurtekoa | 686,73 |
Bosgarren hirurtekoa | 763,05 |
Seigarren hirurtekoa | 992,39 |
Zazpigarren hirurtekoa | 1.068,19 |
Hortik gorako hirurteko bakoitzeko 79.63 euro gehituko dira.
II. ERANSKINA
(Kopuru hauek 2012-12-31n indarra zuten soldatak
%0,6 igota atera dira)
2013. URTEKO SOLDATAREN TAULA
LANBIDE KATEGORIA | EGUNEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA (30 egun) | ABENDUKO ESTRA (30 egun) | GUZTIRA URTEAN |
Lehen mailako ofiziala | 63.20 | 1.896,00 | 1.896,00 | 26.860,00 |
Bigarren mailako ofiziala | 57,04 | 1.711,20 | 1.701,00 | 24.242,00 |
Hirugarren mailako ofiziala A | 51,83 | 1.554,90 | 1.554,90 | 22.027,75 |
Hirugarren mailako ofiziala B | 48,25 | 1.447,50 | 1.447,50 | 20.506,25 |
Espezialista | 39,97 | 1.199,10 | 1.199,10 | 16.987,25 |
17 urteko langilea | 30,98 | 929,40 | 929,40 | 13.166,50 |
16 urteko langilea | 27,52 | 825,60 | 825,60 | 11.696,00 |
HILEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA | ABENDUKO ESTRA | GUZTIRA URTEAN | |
Biltegizaina/mendekoa | 1.209,40 | 1.209,40 | 1.209,40 | 16.931,60 |
Arduraduna/Ataleko burua | 2.008,91 | 2.008,91 | 2.008,91 | 28.124,74 |
Prestakuntzako langileak | ||||
Prestakuntzako langileak Lehen urtea | 701,24 | 701,24 | 701,24 | 9.817,36 |
Prestakuntzako langileak Bigarren urtea | 790,53 | 790,53 | 790,53 | 11.067,42 |
Prestakuntzako langileak Hirugarren urtea | 948,61 | 948,61 | 948,61 | 13.280,54 |
Administrariak | ||||
Izangaia | 812,89 | 812,89 | 812,89 | 11.380,46 |
Laguntzailea | 1.017,97 | 1.017,97 | 1.017,97 | 14.279,58 |
2. mailako ofiziala | 1.193,79 | 1.193,79 | 1.193,79 | 16.713,06 |
1. mailako ofiziala | 1.562,01 | 1.562,01 | 1.562,01 | 21.868,14 |
Teknikariak | ||||
Goi mailako tituluduna | 2.148,28 | 2.148,28 | 2.148,28 | 30.075,92 |
Erdi mailako tituluduna | 2.055,36 | 2.055,36 | 2.055,36 | 28.775,04 |
ANTZINATASUNA
Hitzarmen honen ondorioetarako, antzinatasuna Fideltasun Saria deituko da, eta hirurtekoa betetzen den egunean sorraraziko da eta ondoko urteetako egun berean. Urtero dena batean ordainduko da, mugaegunera iritsi eta hurrengo hilabetean. Enpresako plantilla utziz gero, fideltasunaren zenbatekoa hainbanatu eginen da, azken sorrarazpenetik lan egindako denboraren arabera.
Fideltasun Saria zehazteko, kontuan hartuko dira enpresan lan egindako urteak, hirunaka kontatuak, eta hirurteko horien kopuruak ez du mugarik izanen. Antzinatasunaren ondorioetarako, ez dira kontatuko ikastunen, laguntzaileen eta mandatugileen zerbitzualdiak.
1981eko urtarrilaren 1etik aurrera, sartzen diren langile berriek beren antzinatasuna sorraraziko dute aurreko lerroaldean aipatu salbuespenik gabe.
Hirurtekoen taulan zehaztuta daude haien urteko zenbatekoak, berdinak ondoren azaltzen diren lanbide kategoria guztietarako.
Eszedentziek, ordaindu gabeko lizentziek edo antzeko arrazoiek fideltasun sariaren urteko mugaeguna atzeratuko dute, egoera horiek dirauten denboran.
HIRURTEKOEN TAULAK
Lehenengo hirurtekoa | 153,71 |
Bigarren hirurtekoa | 307,20 |
Hirugarren hirurtekoa | 537,48 |
Laugarren hirurtekoa | 690,85 |
Bosgarren hirurtekoa | 767,63 |
Seigarren hirurtekoa | 998,34 |
Zazpigarren hirurtekoa | 1.074,60 |
Hortik gorako hirurteko bakoitzeko 80,11 euro gehituko dira.
III. ERANSKINA
(Kopuru hauek 2013-12-31n indarra duten soldatak
%0,6 igota atera dira)
2014. URTEKO SOLDATAREN TAULA
LANBIDE KATEGORIA | EGUNEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA (30 egun) | ABENDUKO ESTRA (30 egun) | GUZTIRA URTEAN |
Lehen mailako ofiziala | 63.58 | 1.907,40 | 1.907,40 | 27.021,50 |
Bigarren mailako ofiziala | 57,38 | 1.721,40 | 1.721,40 | 24.550,75 |
Hirugarren mailako ofiziala A | 52,14 | 1.564,20 | 1.564,20 | 22.159,50 |
Hirugarren mailako ofiziala B | 48,54 | 1.456,20 | 1.446,20 | 20.629,50 |
Espezialista | 40,21 | 1.206,30 | 1.206,30 | 17.089,25 |
17 urteko langilea | 31,17 | 935,10 | 935,10 | 13.247,25 |
16 urteko langilea | 27,69 | 830,70 | 830,70 | 11.768,25 |
HILEKO SOLDATA | UZTAILEKO ESTRA | ABENDUKO ESTRA | GUZTIRA URTEAN | |
Biltegizaina/mendekoa | 1.216,66 | 1.216,66 | 1.216,66 | 17.033,24 |
Arduraduna/Ataleko burua | 2.020,96 | 2.020,96 | 2.020,96 | 28.293,44 |
Prestakuntzako langileak | ||||
Prestakuntzako langileak Lehen urtea | 705,45 | 705,45 | 705,45 | 9.876,30 |
Prestakuntzako langileak Bigarren urtea | 795,27 | 795,27 | 795,27 | 11.133,78 |
Prestakuntzako langileak Hirugarren urtea | 954,30 | 954,30 | 954,30 | 13.360,02 |
Administrariak | ||||
Izangaia | 817,87 | 817,87 | 817,87 | 11.450,18 |
Laguntzailea | 1.024,07 | 1.024,07 | 1.024,07 | 14.336,98 |
2. mailako ofiziala | 1.200,95 | 1.200,95 | 1.200,95 | 16.813,30 |
1. mailako ofiziala | 1.571,38 | 1.571,38 | 1.571,38 | 21.999,32 |
Teknikariak | ||||
Goi mailako tituluduna | 2.161,17 | 2.161,17 | 2.161,17 | 30.256,38 |
Erdi mailako tituluduna | 2.067,69 | 2.067,69 | 2.067,69 | 28.947,66 |
ANTZINATASUNA
Hitzarmen honen ondorioetarako, antzinatasuna Fideltasun Saria deituko da, eta hirurtekoa betetzen den egunean sorraraziko da eta ondoko urteetako egun berean. Urtero dena batean ordainduko da, mugaegunera iritsi eta hurrengo hilabetean. Enpresako plantilla utziz gero, fideltasunaren zenbatekoa hainbanatu eginen da, azken sorrarazpenetik lan egindako denboraren arabera.
Fideltasun Saria zehazteko, kontuan hartuko dira enpresan lan egindako urteak, hirunaka kontatuak, eta hirurteko horien kopuruak ez du mugarik izanen. Antzinatasunaren ondorioetarako, ez dira kontatuko ikastunen, laguntzaileen eta mandatugileen zerbitzualdiak.
1981eko urtarrilaren 1etik aurrera, sartzen diren langile berriek beren antzinatasuna sorraraziko dute aurreko lerroaldean aipatu salbuespenik gabe.
Hirurtekoen taulan zehaztuta daude haien urteko zenbatekoak, berdinak ondoren azaltzen diren lanbide kategoria guztietarako.
Eszedentziek, ordaindu gabeko lizentziek edo antzeko arrazoiek fideltasun sariaren urteko mugaeguna atzeratuko dute, egoera horiek dirauten denboran.
HIRURTEKOEN TAULAK
Lehenengo hirurtekoa | 154,63 |
Bigarren hirurtekoa | 309,04 |
Hirugarren hirurtekoa | 540,70 |
Laugarren hirurtekoa | 694,99 |
Bosgarren hirurtekoa | 772,23 |
Seigarren hirurtekoa | 1.004,33 |
Zazpigarren hirurtekoa | 1.081,04 |
Hortik gorako hirurteko bakoitzeko 80,59 euro gehituko dira.
Iragarkiaren kodea: F1315411
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
