1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2013ko azaroaren 27an hartua, Fustiñanan Hondakin Industrialak Berreskuratu eta Balioztatzeko Zentro bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Equipos de Protección Ambiental, S.L.k sustatua, iraungitzen duena.
Nafarroako Gobernuak 2002ko otsailaren 4an egindako bilkuran, Fustiñanan Hondakin Industrialak Berreskuratu eta Balioztatzeko Zentro bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Equipos de Protección Ambiental, S.L.k sustatua, onestea erabaki zuen. Erabaki hori 2002ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 22an.
Jarduketa, 65.711 m²-ko azalera duena, lurzoru urbanizaezinean dago kokatua, Fustiñanako gunetik IMra, Tutera eta Fustiñana arteko NA-126 errepidearen ondoan, eta hurrengo jarduera garatzea du xede: produktu industrialak berreskuratu eta balioztatzea, aurreko prozesuetan lortutako hondakinen tratamendu fisiko-kimikoa edo/eta haiek inerte bihurtzea, baita balioztaezinak diren produktuenak ere, plantan ezin kudeatu diren produktuak kanpoko kudeatzaileei igortzea eta inerte bihurtutakoak zabortegi baimendu batera.
UPrSa onetsi zenetik aipatu zentroa gauzatzeko behar diren lanak ez dira hasi, eta hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 46.2. artikuluan ezarritako kasuetako bat da aukera ematen diona Nafarroako Gobernuari UPrS baten iraungipena erabakitzeko: “a) Behin betikoz onesten denetik bi urte igarotzen badira hura egiten hasi gabe”.
Obrak hasi gabe 11 urte iragan izatea nahikoa arrazoi izanik ere UPrSaren iraungipena proposatzeko, kasu honetan gehitu behar da tramitatzen ari den Fustiñanako Udalaren Plan Orokorrak (2013ko ekainaren 5ean behin-behinekoz onetsia) aipatu UPrSaren eremua hartzen duela udalerriko industrialdearen barrenean. Bestetik, UPrSa iraungitzeak ez du galarazten Hondakin Industrialak Berreskuratu eta Balioztatzeko beste Zentro bat planteatzea beste eremu batzuetan, UPrStik hurbil, behar bezala kokatuta eta azpiegiturez hornituta badaude.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Fustiñanan Hondakin Industrialak Berreskuratu eta Balioztatzeko Zentro bat eraikitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Equipos de Protección Ambiental, S.L.k sustatua, iraungitzea.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentura eta Sustapen Departamentuko Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusira igortzea.
3. Erabaki hau Equipos de Protección Ambiental, S.L.ri eta Fustiñanako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan; bestetik, adieraztea, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela haren kontra, Nafarroako Gobernuari aurkeztuta, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo zuzenean inpugnatzen ahalko dela Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2013ko azaroaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.
Iragarkiaren kodea: F1316918