1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
297/2013 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak ezartzen dituena 2014. urterako.
Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak, apirilaren 17ko 15/2013 Foru Legeak emandako testuaren arabera, 33. artikuluan dioenez, merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak, Nafarroako Merkataritzaren Kontseiluari entzun ondoren, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, horren barne direla Nafarroako Foru Komunitatean merkataritzan aritzeko egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak. Artikulu horretan irizpideak ezartzen dira, baita irekitzeko igande eta jaiegun baimenduen kopurua ere, hamar hain zuzen.
Irekitze baimenduko egunak ezartzeko apirilaren 17ko 15/2013 Foru Legean kontuan hartzen diren irizpideak aplikatuz, ezinezkoa da 2014. urterako 10 egun baliodun finkatzea igande eta jaiegunen egutegian.
Entzunaldia eman zaio Nafarroako Merkataritzaren Kontseiluari ebazpen honi buruz eta hark ebazpenaren aldeko txostena egin du.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean 2014. urteko igande eta jaiegun hauek izanen dira egun baliodunak merkataritzan aritzeko:
–Urtarrilaren 5a.
–Martxoaren 19a.
–Apirilaren 17a.
–Abuztuaren 15a.
–Azaroaren 1a.
–Abenduaren 6a.
–Abenduaren 21a.
–Herriko festa eguna; betiere, otsailean, maiatzean, ekainean, uztailean, irailean edo urrian izan beharko du eta ez da igandea izanen.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2013ko azaroaren 26an.–Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Carlos Erce Eguaras.
Iragarkiaren kodea: F1316794