Iragarkia
237. ALDIZKARIA - 2013ko abenduaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Udal ordenantza, Enplegua sustatu beharrez enpresei
laguntzak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Tuterako Udalak, 2013ko irailaren 27ko osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Tuteran enplegua sustatu beharrez enpresei laguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza.
Erabaki hori 2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 9an, eta handik goiti iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea, inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49.c) artikulua aldatzen duen apirilaren 21eko 11/1999 Legeari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratuko da Tuteran enplegua sustatu beharrez enpresei laguntzak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2013ko irailaren 27ko osoko bilkuran onetsi zena.
Tuteran, 2013ko azaroaren 15ean.–Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.
UDAL ORDENANTZA, ENPLEGUA SUSTATU BEHARREZ
ENPRESEI LAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA
Krisi ekonomikoa ikusirik eta egungo langabezia tasa handia azterturik, Tuterako Udalak, Sustapen, Berrikuntza eta Afera Ekonomikoen (Industria eta Enplegua) Zinegotzigoaren bitartez, tokiko ekonomia suspertzeko neurri bat gehiago abiarazi du, hirian enpleguaren sorrerari sostengu emateko ildoa irekiz.
Ordenantza honen bidez, Tuterako Udalak, soil-soilik bere finantzabideak erabiliz, Tuterako udalerrian bizi diren langabetuen kolektiboaren kontratazioa bulkatu nahi du eta haren laneratzea sustatu, bai lanaldi osoan bai lanaldi partzialean; horretarako, diru-laguntzak ezarri ditu, haien kontratazioari sostengu emateko helburuz.
1. artikulua. Xedea eta esparrua.
Ordenantza honen xedea da diru-laguntzen kontzesioa arautzea Tuterako udalerrian dauden enpresek enplegua sor dezaten.
Ekimen honen bitartez, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatuaren indarrez, Tuterako Udalak, bere finantzabideak erabiliz, ekimen bat abiarazi du kontratazioa eta enpleguaren egonkortasuna eta Tuterako udalerrian bizi diren langabetuen kolektiboaren laneratzea bulkatu beharrez.
2. artikulua. Onuradunak.
Laguntzen onuradunak izan daitezke Tuteran kokaturik dauden enpresak, haien forma juridikoa edozein dela, betiere kontratatzen dituzten langabeak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan inskribaturik badaude, Tuteran erroldaturik badaude ordenantza honen 4. artikuluan ezartzen den antzinatasunarekin, eta oinarri hauetan ezartzen diren beharkizun eta baldintzak betetzen badituzte. Nahitaezko baldintza izanen da enpresak bi urte izatea funtzionatzen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta egiten den egunetik kontatuko da).
3. artikulua. Bazterketak.
1. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan aipatzen diren debekuetariko bat urratzen duten pertsona edo entitateak; horren balorazioa aipatu artikuluan aurreikusten den gisan eginen da.
b) Administrazio publikoak, sozietate publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.
2. Laguntza hauetatik kanpo gelditu dira kasu hauek:
a) Izaera bereziko lan harremanak. Horiek Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 2.1 artikuluaren a), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan aipatzen dira, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.
b) Honako hauei eragiten dieten kontratazioak: enpresaburuen edo enpresetako zuzendaritza karguak dituztenen edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideak, aurrekoak, ondorengoak eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko bertze ahaideak, eta orobat haien gisakoak, izatezko bikoteen kasuan.
c) Kontratazioaren aitzineko urtean laguntza eskatzen duten sozietateetan partaidetzak dituzten edo izan dituzten pertsonei eragiten dieten kontratazioak.
d) Kontratazioaren aurreko 24 hilabetean enpresa berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak egin dituzten pertsonekin egiten diren kontratazioak.
e) Kontratazioaren aurreko 3 hilabetean enpresa berean edozein kontratu motaren bidez zerbitzuak egin dituzten pertsonekin egiten diren kontratazioak.
f) Kontratua egin baino sei hilabete lehenago lan-harreman mugagabea bien arteko adostasunez amaitu duten pertsonen kontratazioa.
g) Aldi baterako laneko enpresek egindako kontratazioak, kontratatua enpresa erabiltzaileen eskura jartzeko denean, bertan zerbitzu egin dezan.
h) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertu diren enpresak, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren 46. artikuluaren arabera (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).
i) Eskaera aurkeztu aitzineko bi urtean, lan-arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste larri edo oso larriak egiteagatik zehatuak izan diren enpresak, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginaren 46. artikuluan aurreikusiari jarraikiz, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.
j) Enpresak, diziplinazko arrazoiak edo arrazoi objektiboak direla-eta lan-kontratuak azkendu edo kaleratze kolektiboa egin eta horiek, epai judizial irmo baten bidez, bidegabe deklaratu direlarik, laguntza eskatu aitzineko 12 hilabetean.
3. Ditu-laguntza hauek de minimis laguntzen araubideari loturik daude, Batzordeak 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduaren bidez ezarri baitzuen, hartan sektoreka xedatzen dituen salbuespenekin; krisian dauden enpresak ere salbuetsirik daude.
4. artikulua. Kontratatuen betebeharrak.
Kontratua mugagabea lortzen duten pertsonek, indarra duen legeriak ezartzen dituen baldintzez landa, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Langabezia egoeran egon beharko dute, hau da, kontratazioaren aitzinetik Gizarte Segurantzaren inolako araubidetan izena eman gabe. Gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan langabe gisa izen emanda egon beharko dute diru-laguntzaren xede den kontratazioaren aitzinetik.
b) Haien bizilekuari dagokionez, Tuteran erroldaturik egon beharko dute, gutienez ere laguntza eskaera abiarazten duen kontratazioaren aitzineko 6 hilabetean, eta horrela segitu kontratazioaren ondoko urtean, gutienez.
Hala ere, adierazi bezain aitzinetik erroldaturik egon gabe daudenak ere kontratatzen ahalko dira, baldin eta aurreko 10 urtean hala egon badira bi urteko epe etengabean; nolanahi ere, dagokien lan-kontratua sinatzen delarik erroldatu beharko dira eta horrela segitu arestian zehaztu den epean.
5. artikulua. Pertsona edo enpresa onuradunen eginbeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legea 14. artikuluan xedatua ukatu gabe, onuradunen betebeharrak dira:
a) Kontratatu beharreko langileak eskatzea enplegu eskaintza baten bidez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren agentziak edo Tuterako Udalaren enplegu burtsa bitarteko direla.
b) Lan kontratua idatziz formalizatzea.
c) Laguntza emateko oinarria den jarduera egitea eta hura organo emailearen aitzinean egiaztatzea, eta orobat egiaztatzea baldintzak eta kontzesioa araberatu duten baldintzak betetzen direla.
Epe horretan, kontratatuak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen bertze pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako, hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta zerbitzu kudeatzaileari horren berri eman beharko zaio gehienez ere 15 egunean kontratu berriaren dataz geroztik.
Baja laguntza emateko ebazpenaren aitzinetik gertatzen bada, bertan behera geldituko da aurkeztutako eskabiderako eskubidea.
d) Egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea emandako diru-laguntzarekin ikusteko duten kontuen gainean, eta eskatzen zaizkion argibide guztiak ematea.
e) Eginbehar fiskalak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela frogatzea.
f) Tuterako Udalarekin inolako zorrik ez izatea ordaindu gabe.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diruak itzultzea.
6. artikulua. Finantzabidea.
Deialdia urtero eginen da eta ekitaldi bakoitzean gehieneko zenbateko bat izendatuko da aurrekontuko kontu-sail honetan: 47001 7213 “Enplegua sortzeko diru-laguntzak”.
7. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna:
Diru-laguntzak, bakarrik zein bertze diru-laguntza batzuk metatuta, ez du inoiz gaindituko lansarien kostu osoaren %100, gehi enplegu emailearen konturako karga sozialak.
Hori dela eta, diru-laguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz laguntzen den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada horren berri emanen dela.
8. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.
1. Diru-laguntza bildu ahal izateko, enpresaren plantilla osoa handitu beharko da kontratazio berriaren dataren aitzineko 6 hilabetean zegoenaren aldean; haren hasiera data izan beharko da urte bakoitzeko deialdiaren oinarriek indarra hartzen dutenetik urte bereko abenduaren 31ra bitarte.
a) Iraupen mugagabeko kontratuak. Ez dira sartzen finko jarraigabeak: 2.000 euro.
b) Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1995 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.1 artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako kontratuak, gutienez ere 12 hilabete irauten dutenak, salbu eta b) atal horretako kontratuak, sektoreko hitzarmenak horretarako aukera ematen ez badu, orduan gutieneko iraupena hitzarmen horretan ezartzen dena izanen baita; betiere, 6 hilabete iraunen du gutienez.
Plantilla osoa kontatzean ez dira kontuan hartuko bitarte baterako kontratua duten langileak.
Kontratu hauek gutienez urtebete irauten badute, 1.000 euroko diru-laguntza izanen dute. Kontratuak gutienez ere sei hilabete irauten badu, 500 euroko diru-laguntza izanen dute.
c) Desgaitasuna dutenendako enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak, Hazkundea eta enplegua hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian arautzen direnak: 750 euro.
Zenbateko horiek %20 handituko dira kontratatzen badira 30 urtetik beheitikoak, inoiz ere enplegurik eskuratu ez dutenak, edo iraupen luzeko langabetuak edo langabezian dauden 50 urtetik goitikoak. Ehuneko hauek ez dira elkarren artean metagarriak.
2. Lanaldi partzialeko kontratuetan, betiere lanaldi osoko langile baten lanaldiaren %50 irauten badute gutienez, arestian aipatu diren pizgarriak proportzionalki hainbanatuko dira laneko benetako denboraren arabera.
3. Laguntza jasoko dute unibertsitateko goi edo erdi mailako tituludun gazteen kontratazioek, langabezian badaude eta haien tituluak lau urte baino antzinatasuna handiagoa ez badu. Kontratazioa izan beharko dute hitzarmenean haien kategoriarako ezarria dagoen gutieneko soldataren gaineko zenbateko baterako. Zenbatekoa %25 handituko da aitzineko puntuetan ezarritako zenbatekoen gainetik, sinatzen den kontratu motaren arabera.
4. Laguntzak hartzen ahalko dituzte 30 urte baino gutiagoko gazte langabetuen kontratazioek, haien bizitokia Tuteran badute eta Tuterako Udalak egindako prestakuntza edo enplegu batean parte hartu badute (eskola-lantegia, enplegu-lantegia) kontratazioaren aitzineko hiru urtean. Ikasle edo partaide bakoitzak prestakuntza zer espezialitatetan hartu zuen, hartantxe eginen da beti kontratazioa. Bertzenaz, egin beharreko lanak egiteko, kontratatzen den ikasleak hartutako ezagutzak eta prestakuntza beharko dira. Kontratu motaren arabera, diru-laguntza %25 handituko da.
5. Laguntza hauen muga 3 kontratazio izanen da enpresa edo pertsona autonomo bakoitzeko, dedikazio denbora edozein izanda ere.
Pertsona beraren kontratazioagatik diru-laguntza bakarra emanen da, eskaera enpresa edo pertsona autonomo desberdinek egiten badute ere.
6. Arestian aipatu kontratu moten izenak urte bakoitzeko deialdia onestean lanari buruz indarra duen araudiaren baldintzapean egonen dira.
9. artikulua. Eskaeraren aurkezpena eta espedientearen ebazpena.
a) Aurkezpena:
Eskaerak Udal honen sarreren erregistroan aurkeztu beharko dira, eta, haiekin batera, dagokien dokumentazioa, jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua; deialdi bakoitzak zehaztuko du aurkeztu beharreko dokumentazioa. Diru-laguntza zer programatatik jaso nahi den, bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.
Aurkeztu eta hiru hilabeteko epearen barrenean ebatzi beharko dira eskaerak. Epe hori ebazpen espresik gabe iragaten bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
b) Epea:
Eskaerak aurkeztuko dira ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera, urte bakoitzeko deialdian finkatzen den epearen barnean.
c) Zuzenketa:
Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta hura artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.
Eskaerei erantzunen zaie urte bakoitzean aurrekontuan izendatua dagoen dirua amaitu arte, barne direla kredituen sorrerak, handitzeak edo gehitzeak, halakorik baldin bada.
Halako ekitaldi batean kreditu gehiagorik ez egoteagatik ukatzen diren eskaerek ez dute eskubiderik sorraraziko hurrengo urterako.
d) Tramitazioa:
Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan izendatua dagoen dirua.
e) Ebaluazioa:
Kasuan kasuko udal teknikariak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.
f) Ebazpena:
Ebaluazioa buruturik, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta hartan jaso behar da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenaren proposamena Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko zaio eta berak ebatziko du deialdia. Ebazpena gehienez ere hiru hilabetean emanen da eskaeraren aurkezpenaren egunetik hasita.
Diru-laguntza emateko erabakiak amaiera emanen dio administrazio bideari eta zehaztuko ditu zenbatekoa, ordaintzeko modua eta hura eskuratzeko, eta segimendua justifikazioa egiteko eskatzen ahal diren gainerako inguruabarrak.
10. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
–Pertsona edo enpresa eskatzailea identifikatzeko datuak: kontratatuaren izena, NAN edo AIZ zenbakia, jaioteguna, kontratazio data, lanpostua eta dedikazio denbora.
–Kontratatuaren lan bizitzaren kopia.
–Egindako kontratuaren kopia.
–Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak ez dituela urratzen adierazten duena.
–Bertze erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian bertze erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da.
–Erantzukizuneko aitorpena, azken hiru zerga ekitaldietan eman zaizkien de minimis laguntzen gainekoa, honako hauek adierazirik: zenbatekoa, organismoa, kontzesioaren data eta laguntzei buruzko zer araubidetan babesten diren. Halako laguntzarik jaso ez badu, horren gaineko aitorpena.
–Banku helbideratzeari buruzko datuen jatorrizko alea, eredu normalizatuaren araberakoa.
–Enpresaren nortasun juridikoaren egiaztagiria.
–Onuraduna pertsona juridikoa bada, eraketaren eskritura aurkeztu beharko du, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribaturik, hori guztia aplikatzen ahal zaion merkataritzako legediaren arabera, horrelakorik eskatzerik bada. Horrela ez bada, eraketaren eskritura edo agiria aurkeztu beharko du, edo hala bada, aldaketarena, estatutuak edo eratzearen akta, jarduera arautzen duten arauak agertuz, betiere behar den erregistro ofizialean inskribaturik.
–Lizitatzailea pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionala aurkeztu beharko du.
–Enpresaren lan bizitzaren txostena, lantoki bakoitzerako eta kotizazio zenbaki bakoitzerako.
–Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta agiria, Tuterako udalerrian.
–Hauekiko zorren ordainketa eta gainerako betebehar formalak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Nafarroako Foru Ogasuna, Tuterako Udala eta gainerako tributu administrazioak. Ziurtagiri horien data laguntza hau eskatu baino hilabete lehenagokoa izan behar da, gutienez.
Eskaerak betetzen ez baditu eskatzen diren baldintzak, edo oinarri hauen arabera eskatzekoa den agiriren bat falta badu, errekerimendu eginen zaio 10 eguneko epean hutsa zuzen dezan edo agindutako agiriak ekar ditzan. Orobat adieraziko zaio ezen, delako epea hala egin gabe iragaten bada, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Halakoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan aurreikusten den gisara jokatuko da, behar den administrazio-ebazpena emanez horretarako.
11. artikulua. Onuradunaren betebeharrak:
1. Diru-laguntza eskuratzen duen enpresa beharturik egonen da diruz lagundutako lan kontratuen gutieneko iraunaldia betetzera. Kontratu mugagabeen kasuan, bi urtekoa izanen da, kontratu mugagabea egiten den egunetik hasita.
2. Epe horretan, kontratatu den pertsonak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen bertze pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako, hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta zerbitzu kudeatzaileari horren berri eman beharko zaio gehienez ere 15 egunean kontratu berriaren dataz geroztik. Baja laguntza emateko ebazpenaren aitzinetik gertatzen bada, bertan behera geldituko da aurkeztutako eskabiderako eskubidea.
12. artikulua. Ordainketa eta justifikazioa:
Laguntzak ordainduko dira frogatu ondoan kontratazioa egin dela eta hura eskuratzeko baldintzak bete direla, deusetan ukatu gabe hura eskuratzeko baldintzak egiaztatzeko ezartzen diren kontrolak.
13. artikulua. Diru-laguntzen kontrola.
1. Udalak kontrolatuko du bete ote diren emandako diru-laguntzen xedea, baldintzak eta helburua.
2. Udalak komenigarriak iruditzen zaizkion frogapenak eginen ditu, diru-laguntza eskuratu duen entitateak hartutako konpromisoak egiazki betetzen dituela egiaztatu beharrez.
3. Enplegua mantentzeko baldintzetako edozein bete ezean, diru-laguntzen zenbatekoa itzuli beharko du, gehi sorrarazitako legezko korrituak.
4. Tuterako Udalak sarbide librea izanen du proiektua justifikatzeko dokumentazioan, horretarako gaitzen dituen teknikarien bitartez. Eskatzaileak behar du laguntza eman eta erraztu artikulu honetan ezarri dena bete dadin.
14. artikulua. Diru-laguntzen itzulketa.
Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 36. artikuluan eta ondokoetan ezarritako kasuetan, hartutako dirua itzuli beharko da, eta eskatuko da diru-laguntza ordaindu zenetik hura itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko denborari dagokion berandutza korritua.
15. artikulua. Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.
Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Tuterako Udalak finantzatu dituela.
Onuradunak jarduera hedatzeko hartuko dituen neurriek bat etorri beharko dute diruz lagundutako xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; horiek horrela, ondoko bideak hartzen ahal ditu hedapenak: Tuterako Udalaren erakundearen irudia txertatzea, edota jardueraren finantzaketa publikoa agerian uzten duten testuak paratzea, karteletan, material inprimatuetan, baliabide elektroniko eta ikus-entzunezkoetan edota komunikabideetan egindako aipamenetan.
16. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eskatzaileek emandako datuak Tuterako Udalaren titulartasuneko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira.
Eskatzaileek, halaber, fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea erabili ahal izanen dute Udalaren erregistro orokorrean.
ERANSKINA Enplegua sustatu beharrez, enpresei laguntza emateko eskaera Eskaera egiten duen enpresaren edo entitatearen datuak |
PERTSONA FISIKOA EDO PERTSONA JURIDIKOA | IFK / AIZ/ IFZ | ||||||||||
SOZIETATEAREN IZENA | |||||||||||
HELBIDEA | |||||||||||
HERRIA | PK | PROBINTZIA | |||||||||
LEGEZKO ORDEZKARIA (Deiturak eta izena) | NAN | ||||||||||
TELEFONOA | FAXA | SAKELAKO TELEFONOA | |||||||||
Ordezkariaren datuak |
IZEN-DEITURAK | NANa: ................................... | |||
HELBIDE ELEKTRONIKOA | SAKELAKO TELEFONOA | |||
Laguntza zer langile kontratatzeagatik eskatzen den, harexen identifikazioa |
SEXUA G E | IZEN-DEITURAK | |||||||||||
NAN/AIZ | JAIOTEGUNA | ADINA | ||||||||||
NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAN INSKRIBATU ZEN EGUNA | BETE BEHARREKO LANPOSTUA | |||||||||||
TUTERAN ERROLDATUA BAI EZ | ||||||||||||
KONTRATU MOTA | IRAUPEN MUGAGABEA | LANALDI OSOKO KONTRATUA | ||||||||||
12 HILABETEKOA, GUTIENEZ | LANALDI PARTZIALEKO KONTRATUA | |||||||||||
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ENPLEGUA SUSTATZEKO ALDI BATERAKO KONTRATUAK | UNIBERTSITATEKO TITULUDUN GAZTEAK TUTERAKO ESKOLA-LANTEGIKO EDO ENPLEGU-LANTEGIKO IKASLE OHIA | |||||||||||
KONTRATUAREN HASIERA DATA | KONTRATUAREN AMAIERA DATA | |||||||||||
LANALDIA (ASTEAN ZENBAT ORDU) | ||||||||||||
Dokumentazioa |
ENPRESARI BURUZKOA |
–Pertsona edo enpresa eskatzailearen identifikazio datuak. –Egindako kontratuaren kopia. –Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak urratzen ez dituela adierazten duena. –Bertze erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako diru-laguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitatea eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. –Erantzukizuneko aitorpena, edozein proiekturengatik azken hiru zerga ekitaldietan eman zaizkien de minimis laguntzen gainekoa. –Banku helbideratzeari buruzko datuen jatorrizko alea. –Enpresaren nortasun juridikoaren egiaztagiria. –Onuraduna pertsona fisikoa bada, NANa aurkeztu beharko du. –Enpresaren lan bizitzaren txostena, lantoki bakoitzerako eta kotizazio zenbaki bakoitzerako. –Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta agiria, Tuterako udalerrian. –Hauekiko zorren ordainketa eta gainerako betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Nafarroako Foru Ogasuna, Tuterako Udala eta gainerako tributu administrazioak. |
LANGILEARI BURUZKOA |
–NANaren fotokopia. –Langilearen lan bizitzaren kopia. –Langabeziaren txartelaren kopia. –Erroldatzea. |
Enpresaren kontu zenbakia |
BANKU ENTITATEA | ||||
KONTUAREN DATUAK - 20 DIGITU | ||||
ENTITATEA | BULEGOA: | KD | BEHIN BETIKO LIKIDAZIOAREN | |
ZIGILUA | ..............................(e)n, 20...(e)ko ............aren ......(e)an Sinatua: ............................ | |||
Erantzukizuneko aitorpenak
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren aitorpena.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betekizunei dagokienez, deklaratzen dut diru-laguntzaren onuradun izateko ez dudala urratzen artikulu horretan aipatzen den debekurik.
2. Lortutako bertze diru-laguntza batzuei buruzko aitorpena.
Eskatutako diru-laguntzari dagokionez, aditzera ematen dut:
Ez dudala eskuratu Espainiako edo atzerriko bertze administrazio publiko batzuen, bertze erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren diru-laguntzarik batere.
Espainiako edo atzerriko bertze administrazio publiko batzuen, bertze erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren diru-laguntza hauek eskuratu ditudala:
ENTITATEA | KONTZEPTUA | EMANDAKO KOPURUA |
(Milaka eurotan) | ||
3. “De minimis” araubideko diru-laguntzei dagokienez, honako hau adierazten dut:
Ekitaldi fiskal honetan eta aurreko bietan ez dudala “de minimis” diru-laguntzarik jaso Estatuko edo nazioarteko administrazio edo erakunde publiko bakar batetik.
Aipatu epean (3 ekitaldi fiskal) honako “de minimis” diru-laguntza hauek jaso ditudala:
ENTITATEA | KONTZEPTUA | EMANDAKO KOPURUA | KONTZESIOAREN DATA |
Behean sinatzen dudan honek ESKATZEN DUT eskaera honi dagokion deialdian onar nazazuen,
ADITZERA EMATEN DUT eskabidean dauden datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak biltzen ditudala. Hitz ematen dut deialdiko betebehar guztiak beteko ditudala eta eskabide honetan dauden datu guztiak agiri bidez frogatuko ditudala.
Tuteran, 201......(e)ko .................aren .......(e)an
(Eskatzailearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: L1316047
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
