1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
671/2013 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, nekazaritzako ustiategien titularrak edo/eta bazkideak ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional eta nekazaritzako profesional gisa katalogatzeko, baita nekazaritzako ustiategiak lehentasunezko gisa katalogatzeko ere.
Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa bertan jasotzen dela eta nekazaritzako ustiategiak katalogatzea duela helburu, zein diren lehentasunezkoak eta zein ez.
Ogibide nagusiz nekazaria denaren definizioa ere uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan dago jasota. Bestetik, Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 2. artikuluan definitzen da nekazari profesionalaren figura, eta Landa-ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluan jasotzen da nekazaritzako profesionalaren definizioa.
Katalogazio horiek beharrezkoak dira Nafarroako Foru Gobernuaren eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren NBEF eta LGENF funtsen bidez finantzatutako laguntzak eskuratzeko.
Titularren eta bazkideen kalifikazioek eta ustiategien katalogazioek kontuan dituzte PFEZren aitorpenetan deklaratzen diren diru-sarrerak. 2012ko kanpainako datuak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren esku daude 2013ko irailaren bukaeratik.
Bidezko da, hortaz, ustiategien titular eta bazkideen kalifikazioa onestea ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional edo nekazaritzako profesional gisa; orobat, ustiategiak lehentasunezko gisa katalogatzea eta informazio honen balioa onestea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan 2013ko urriaren 31n dauden datuetatik abiatuta, horiek uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 5. artikuluaren arabera lortu eta eguneratuta baitaude.
Datu hauek erabili dira: 2013ko laguntzetarako eskabide bakarreko lurzatien deklarazioa, 2012-2013 kanpaina bukaeran mahastigintzako erregistroan inskribatutako lurzatiak, titularrek eskatuta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako lurzatiak, 2013ko abuztuaren 28an Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako abelburuak, 2013ko kanpainako esne kuota, 2012ko ekitaldiko PFEZren aitorpena, 2012 erreferentziako errenta (ARM/3220/2011 Agindua) eta 2013ko hirugarren hiruhilekoari dagokion gizarte segurantzako afiliazioa.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional eta nekazaritzako profesional izatea edo ez onestea, baita ustiategien lehentasunezko kalifikazioa ere, 2013ko urriaren 31n Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztiei, ebazpen honen 1. eranskinaren arabera.
2. Katalogazio horiek 2014ko urriaren 31 arte izanen dute balioa, non ez den egiaztatzen ustiategiko NLUetako %20tik gorako gutxitzea dakarren ustiategiko produkzio elementuen murrizketa, edo baja ematen den beregaineko langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren afiliazioan, nekazaritzako jardueraren arabera.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Interesdunek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriaren bidez kontsultatzen ahalko dute beren katalogazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza eremuan, ziurtagiri digitala edo NAN-PIN erabiliz, edo Departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2013ko azaroaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.
Iragarkiaren kodea: F1316060