2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ESLABA
Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak
egiteko tramitazio tasak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena
Eslabako Udalak, 2012ko abuztuaren 24an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lizentziak eman eta hirigintzan bestelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2012ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 19an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Eslaban, 2013ko urtarrilaren 9an.-Alkatea, Félix María Bariain Zaratiegui.
LIZENTZIAK EMAN ETA HIRIGINTZAN BESTELAKO JARDUKETAK EGITEKO TRAMITAZIO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.
3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:
1) Partikularrek aurkeztu antolamenduko plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, aurrerapen azterlanak, antolamenduko planen aurreproiektuak, planeamenduaren aldaketak, urbanizazio proiektuak, birzatiketak, hirigintza proiektuak, konpentsazio batzordeen estatutuak, exekuzio unitateen mugatzeak eta jarduketa sistemaren aldaketak tramitatzea.
2) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan zehaztutakoak, zehazki:
a) Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira. Berrikuntzako obrak, txikiak, kontserbatziokoak eta apaintzekoak, zaharberrikuntzakoak eta eraikuntza txikikoak.
b) Jadanik diren mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.
c) Bestelako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzen dituzten obrak.
d) Eraikinen barreneko banaketa aldatzen duten obrak, edozein erabilera emanda ere.
e) Behin-behinekoz egin behar diren obra eta erabilerak.
f) Hirigintza lurzatiketak eta landa finken banantze eta zatiketak.
g) Lur-mugimenduak, hala nola zelaitu, lurrerauzi, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsita den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.
h) Eraikin eta instalazioen lehenbiziko erabilera edo okupazioa eta haien erabileraren aldaketa.
i) Eraikinen eraispena, berehalako aurri egoeran deklaratuak izan ezik.
j) Lur azpian eragina duten instalazioak.
k) Zuhaitz multzo, oihan, zuhaizti edo parkeetan zuhaitzak edo zuhaixkak botatzea, planeamendu onetsirik izanda ala gabe, nekazaritzako legeriak baimendutako lanak salbu.
l) Eremu publikotik ikusten ahal diren iragarkiak paratzea, lokal itxietan paratuak salbu.
m) Presa eta baltsak eraikitzea eta ur ibilguetan defentsa eta zuzenketa obrak egitea, betiere interes orokorreko obra publikoak ez badira.
n) Agregakinen erauzketa eta harrobien ustiapena, jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izanda ere.
ñ) Finkak ixtea.
o) Eta, oro har, erregelamendu bidez adierazten diren egintzak, obra gisa hartzen direlako, edo lurzoruaren nahiz zorupearen erabilera handitzen delako, haien erabilera pribatiboa dakartelako edo erabilera ez-normala edo lurren berezko nekazaritza edo basogintzako erabileraz bestelakoa dakartelako.
Zerga-oinarria
4. artikulua. Hauek osatuko dute tasaren zerga-oinarria:
a) Hirigintzako lizentzia edota Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1 c) artikuluan aipatzen den beharrezko txostena behar duten obren edo eragiketen exekuzio materialaren kostua.
Lurzatien barreneko urbanizazioaren balioa tasaren zerga-oinarrian sartuko da.
b) Lehen erabilerako lizentzien kasuan, eraikitako metro koadro kopurua.
Ordaindu beharra
5. artikulua. Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusitako hobari fiskalez gain, ez da besterik aplikatuko.
6. artikulua. Oro har, ordaintzeko betebeharra sortzen da hirigintzako lizentzia edota Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1 c) artikuluan aipatzen den beharrezko txostena ematen denean. Uko egiten bazaio, lizentzia eskatzen den unean egonen da ordaintzera behartua. Ez da ordaindu beharrik izanen Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen interesdunak atzera egiten badu, edota beharrezko txostena eman baino lehen, kontzejuek emandako lizentzien kasuan.
7. artikulua. Partikularrek aurkeztu antolamenduko plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, aurrerapen azterlanak, antolamenduko planen aurreproiektuak, planeamenduaren aldaketak, urbanizazio proiektuak, birzatiketak, hirigintza proiektuak, konpentsazio batzordeen estatutuak, exekuzio unitateen mugatzeak eta jarduketa sistemaren aldaketak tramitatzen direnean, haiek ebatzi edo behin betikoz onesten diren unean sortuko da zerga ordaindu beharra. Tasa sortuko da bai eta interesdunak atzera egiten badu eskaria behin betikoz onetsi baino lehen. Kasu horretan, ordaintzeko betebeharra atzera egiteko unean sortuko da.
Subjektu pasiboa
8. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengandik eragina edo onura hartzen badute. Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, zoruari eta hiri antolamenduari buruzko arauetan hirigintzako lizentziak emateko aurreikusi diren tasetan.
Tarifak eta karga-tasak
9. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Kudeaketa arauak
10. artikulua. Hirigintzako zein araudi dagoen indarrean, hartan aurreikusitako moduan bete beharko dira hirigintzako jarduketaren eskaera guztiak.
11. artikulua. Lizentzien iraungipenari dagokionez, hirigintzari buruzko egungo araudian xedatutakoari jarraituko zaio.
12. artikulua. Proiektu batean edo obra nahiz eragiketa multzo batean lizentzia eskatu eta haiek kontzeptu bati baino gehiagori badagozkio, tarifetan kontzeptu horietako bakoitzarentzat adierazitako portzentaje edo kopuruen batuketa eginez aterako da tasaren zenbatekoa.
13. artikulua. Lizentzien tasak behin-behinekoz likidatuko dira, obrak egiteko aurrekontuan oinarrituta. Aurrekontuak elkargo ofizialaren ikus-onespena izan beharko du, hori ezinbesteko baldintza bada.
Lizentzia behar duten obra edo eragiketak bukatu edo haien harrera ondoko hilabetean aurkeztuko da inguruabar horren deklarazioa, zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria erantsita. Lanbide elkargoak ikus-onetsita egonen da, aginduzkoa bada, obra edo eragiketen guztirako kostua ziurtatzeko, behin betiko likidazioa egitearren.
Aipatu ziurtagiriaren ordez faktura aurkeztuko da, edo beste dokumentu bat, baimendutako obra edo eragiketak egiteko benetako kostua frogatzen duena.
Udaleko teknikariek egiaztatuko dute kostua; bien arteko alderik bada, haienera egokitu eta aurreko lerroaldean aipatu behin betiko likidazioa aterako dute.
14. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, hilabeteko epean tasak ordain ditzan.
15. artikulua. Lehen erabilerako udal lizentzia lortzea beharrezko baldintza izanen da etxebizitzak okupatzeko, urez eta argindarrez hornitzeko zerbitzuak emateko eta erakunde ofizialek bizigarritasun zedula emateko. Lizentzia eraikitzeko lizentziaren titularrak eskatu beharko du, ondoko dokumentazioa aurkeztuta:
1) Eskabidea.
2) Obraren zuzendariak luzatutako ziurtagiri teknikoa, behar den Elkargo profesionalak ikus-onetsia, zeinak obren kostu osoa ziurtatuko baitu. Aipatutako kostua udal teknikariek aztertuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, egokitzen saiatuko dira, eta behin betiko likidazioa eginen da, obren kostu erreal eta benetakoa oinarritzat hartuz.
Lehen erabilerako lizentzia emateko, ondoko baldintzak betetzen ote diren egiaztatu beharko da:
1) Obrak lizentziak ezarritako baldintzak eta hirigintzako konpromiso eta araudia betetzen ote dituen. Udaleko teknikariek baldintza horiek alderdi oinarrizkoak eta agerikoak egiaztatuko dituzte.
2) Lizentziaren titularrak konpondu ote dituen obren ondorioz jabari edo erabilera publikoko ondasunetan eragindako kalte guztiak.
3) Obra osoa egin ote den eta, kasua bada, urbanizazioari eta kasuko hirigintzako zerbitzuei buruzko betebeharrak bete ote diren. Aipatu lizentzia emateak ez du esan nahi obrek hirigintzako araudia erabat betetzen dutenik, haren alderdi oinarrizko eta agerikoak baizik. Hala ere, udal entitateak, nahi izanez gero, agindu ahalko du egiaztapen xehakatuagoak egitea, zeinen kostua entitateak bere gain hartuko baitu inolako arau-hausterik atzematen ez bada, eta lizentziaren eskatzaileak, arau-hausterik atzemanez gero.
Arau-hausteak eta zehapenak
16. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Ordenantza fiskal orokorrean eta 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraikiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
TARIFEN ERANSKINA
A) Hirigintzako lizentziak:
1. Ordenantza honen 3.2 artikuluan aipatu egintzei buruzko hirigintzako lizentzien espedientea, non ez duten tarifa berariaz finkatua, baita emandako lizentzien aldaketa ere: 40 euro, luzatzen den txosten tekniko bakoitzeko.
2. Eraikin edo instalazioen lehen erabilera edo okupazioko lizentzien espedientea: 0,80 euro eraikitako metro koadro bakoitzeko, gutxienez 40 euro.
3. Hirigintzako lurzatiketak eta landa finken banaketa eta zatiketak: txosten teknikoaren edo txosten teknikoen kostua, eta gutxienez 40 euro.
B) 3.1 artikuluan aipatu tresnen tramitazioa: 450 euro.
Iragarkiaren kodea: L1300294