23. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako
eta industriako beste hondakin batzuk botatzea arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2012ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako beste hondakin batzuk botatzea arautzen duen ordenantza. 2012ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2013ko urtarrilaren 8an.-Alkatea, Berta Pejenaute Prat.

MINDAK, SIMAURRAK ETA ABELTZAINTZAKO, NEKAZARITZAKO ETA INDUSTRIAKO BESTE HONDAKIN BATZUK BOTATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Cadreitako udal mugapean arauak ezartzea mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako beste hondakin batzuk kudeatzeko eta botatzeko, eta orobat, arau-hausteak eta horiei dagozkien zehapenak arautzea.

2. artikulua. Europar Batasuneko Zuzenbidearen araudiaren barruan, kontuan hartuz Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua eta araudi sektoriala, bai autonomikoa bai estatukoa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 f) eta 28. artikuluek ematen dizkioten eskumenak erabiliz, Udalak bidezkoa du Mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako bestelako hondakinak botatzea arautzen duen udal ordenantza hau onestea.

3. artikulua. Ordenantza honetako aginduak bete beharko dira mindak, simaurrak eta Cadreitako (Nafarroa) udalerrian kokatutako abeltzaintza, nekazaritza eta industria jardueretatik datozen bestelako hondakinak botatzerakoan. Ez dira hor sartzen etxeko ukuiluetan sortutakoak.

4. artikulua. Definizioak, ordenantza honen ondorioetarako. Definizioak:

a) Simaurrak: aziendak iraitzitako hondakinak edo aziendak iraitzitako hondar eta hondakinen nahasketa, eraldatuak barne.

b) Mindak: aziendak iraitzitako eginkari likidoak.

c) Azienda: aprobetxamendurako edo irabazi asmoarekin hazten den animalia oro.

d) Isurketa: mindak, simaurrak eta nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako bestelako hondakinak lursailean botatzea, bai gainalde osoan zabalduta, bai bertan injektatuz, lurrazpitik sartuz edo lurzoruaren gainaldeko geruzekin edo ureztatzeko urarekin nahastuz.

e) Nekazaritzako jarduera: nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako produktuak eskuratzeko beharrezkoak diren lanak.

f) Nekazaritzako ustiategia: nekazaritzako jarduera batean haren titularrak enpresa gisa antolatutako ondasun eta eskubideen multzoa, nagusiki merkataritzara bideratua eta bere baitan unitate tekniko eta ekonomikoa osatzen duena.

g) Industria jarduera: Europar Komunitateetan, jarduera ekonomikoen sailkapeneko C eta D ataletan bildutako jarduera oro (NACE Rev.1), Kontseiluaren 3037/90 Erregelamenduan (CEE) jasoa, gehi elektrizitatea, gasa, lurruna eta ur beroa sortzearekin lotutako jarduerak; orobat, hondakin solido edo likidoak birziklatu, tratatu, suntsitu eta deuseztatzea.

II. TITULUA

Xedapen orokorrak

5. artikulua. Debekuak:

1. Arras debekatua dago mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak garraiatzen dituzten ibilgailuak aparkatzea.

2. Arras debekatua dago mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak botatzea Udalaren saneamendu sarera, bai eta ibaien ibilbideetara, erreketara, areketara, erretenetara, kolektoreetara, bideetara eta antzekoetara.

3. Debekatua dago mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak dituzten upelak Cadreitako kale eta zeharbideetan barna eramatea, salbu eta haien estakontasuna bermatua badago itxitura hermetikoen bidez.

4. Debeku da mindak, simaurrak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako bestelako hondakinak finka barruan istiltzea eta laborantzako landalurretik kanpora isurtzea.

6. artikulua. Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak, nekazariek ongarritako erabiltzen dituztenak, botatzeko arauak.

Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak nekazaritzako lurretan botako dira beti, eremu horretan legez ezarritako seinaleetatik abiatuta; botatzeko tenorean, kontuan hartuko dira seinale bakoitzean botatze lanetarako ezarritako mugak, baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea, usaina ez dadin herrigunera edo kontserbetako industria guneetara iritsi. Jarduketa horren erantzulea izanen da lan horien egilea, hura abeltzaina izan edo nekazari izan.

Mindak, simaurrak eta abeltzaintzako, nekazaritzako eta industriako bestelako hondakinak landa-finkan bota eta lurrez estali beharko da hiru egunean, beranduenez ere, eta ardura berezia jarriko da hondakin horiek ondoko bide, ubide edo finketara atera eta bazterrak kirats ez ditzaten.

Simaur likidoa hedatzen denean laborantzarako dosi egokietan zintzilikatutako hodien sistema erabiliz, ez da beharrezkoa izanen lurrez estaltzea labore motak baimentzen ez duen lursailetan, estaltze horrek laborearen galera edo kaltea badakar.

Isurketa horiek ez dute inoiz gaindituko 250 kilogramo nitrogenoko muga hektarea eta urteko, eta kopuru hori 210-170 kilogramo nitrogenora murriztuko da, hektarea eta urteko, kaltebera deklaratutako eremuetan, betiere ura nekazaritzako nitratoen kutsaduratik babesteko indarrean den legediari jarraituz.

7. artikulua. Segurtasun tarteak.

1.-Eremu hauek osatuko dituzte segurtasun tarteak:

a) Biztanleria edateko urez edo bestelako gaiez hornitzeko hartune eta biltontzien inguruan 500 metro zabaleko zerrenda utziko da haien kanpoaldeko mugatik hasita.

b) Lursailean paratu diren mugak, ikusteko moduko seinaleez identifikatuak; tokian bertan ezarri dira, baita ordenantzaren planoan ere. Hona seinalatu diren muga horiek:

Isurketa horiek usain eta kalteak saihesteko ezarritako araudia bete beharko dute, hau da, botatzeko tenorean, kontuan hartuko dira baldintza klimatologikoak eta haizearen norabidea, usaina ez dadin herrigunera edo kontserbetako industria guneetara iritsi.

8. artikulua. Ordenantza honetan xedatutakoaz gain, araudi sektorialak, bai estatukoak bai autonomikoak, eskatutako baimenak eta lizentziak eskuratu beharko dira.

III. TITULUA

Zehapenen araubidea

9. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako debekuak erabat edo hein batean ez betetzea arau-haustea da. Herrilurren eta Nekazaritzaren Informazio Batzordeko burua da zehapen prozedura abiarazteko organo eskuduna; ebazpena alkateari dagokio.

Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuan ezarritako prozedura baliatuko da zehapen ahalmena erabiltzeko.

10. artikulua. Alkateari dagokio landa-finketan ongarritzeko produktu mota horiekin egindako arau-hausteak zehatzea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen 11/2004 Foru Legearen 52.2 artikuluak ezartzen duen bezala.

Hirurogeita bost euroko diru zehapena (75 euro) izanen da arau-hauste mota guztietarako, eta pertsona fisiko eta juridikoa lau aldiz berrerortzen bada, 300 euroko isuna ezarriko zaio zehatzen den laugarren aldian. Aparte gelditzen da, ezarritako zehapenekin batean, hortik etor litezkeen eta bide administratibo, zibil edo penala erabilirik galda litezkeen kalte-ordainen erreklamazioa, irizpide hauei begiraturik: egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den eta, orobat, egindako kalteak nolakoak diren.

3. artikulua betetzen ez bada 600 euroko diru zehapena ezarriko da eta arau-hauste larritzat joko.

11. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egitatearen larritasunaren eta ezartzen den zehapenaren artean. Honako irizpide hauek hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Kalteak nolakoak diren eta bereziki osasungarritasunari eragindako nahasmendua zenbaterainokoa izan den.

c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

12. artikulua. Ordenantza honen arabera arau-haustetzat hartzen diren egintzengatik pertsona fisikoak eta juridikoak zeha daitezke, haien erantzuleak badira, legearen ez-betetze soila bada ere.

13. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura tramitatuko da Zehapen ahalmena erabiltzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraituz, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsi baitzuen.

2. Edonola ere, zehapen prozedura tramitatzean kontuan hartuko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean gaiaren inguruan ezarritako printzipioak.

3. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzeko ahalmena alkateari dagokio.

Iragarkiaren kodea: L1300252