23. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CADREITA

Terrazak eta beladoreak ezarri eta erabiltzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Cadreitako Udalak, 2012ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen terrazak eta beladoreak ezarri eta erabiltzea arautzen duen ordenantza. 2012ko 235. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cadreitan, 2013ko urtarrilaren 8an.-Alkatea, Berta Pejenaute Prat.

TERRAZAK ETA BELADOREAK EZARRI
ETA ERABILTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da terrazen eta beladoreen instalazioa arautzea, horiek ostalaritzako establezimendu legeztatu batean aldi baterako osagarri direnean, Cadreitako udal mugapeko eremu publikoetan.

2. artikulua. Oro har, terraza non jarri nahi den, kale horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak jartzeko. Ohiz kanpoko ezaugarriak dituzten kaleetan, bestelako kokalekuak ere onartu ahalko dira, eta eremu horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

3. artikulua. Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza/beladorea, eta haren aurrean kokatuko da, 2,00 m-ko gutxieneko tartea utzirik.

Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzuek erabakita, beste toki batean jarri ahalko da, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada.

Terraza edo beladore eremuak, erabilera publikokoak baino ez dira izanen. Baldintza horren ondorioz, debekatuta dago horiek ataripeetan eta eraikin pribatuetako elementu komunetan ezartzea.

4. artikulua. Terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2 x 2 m-ko modulu bakoitzeko (mahai batek eta 4 aulkik 4 m² hartzen dute).

5. artikulua. Terraza edo beladore eremuaren jabea arduratuko da bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.

6. artikulua. Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.) ezin izanen dira zoladuran tinkatu eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.

7. artikulua. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta altzariak bildu egin beharko dira, haren abiadura baldin bada egileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

8. artikulua. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak.

Jabearen erantzukizuna izanen da terraza edo beladore eremuan baldintza horiek mantentzea, baita higiene eta garbiketa baldintza egokiak ere.

9. artikulua. Aulkiak, mahaiak eta eguzkitakoak lokalaren kanpoaldean pilatu ahalko dira, horretarako mugatutako eremu batean, baldin eta ez bada oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa trabatzen. Ongi lotuta egon beharko dute, eta ahal delarik ez dira ordutegitik kanpo erabiliko.

10. artikulua. Terrazak/beladoreak erabiltzeko ordutegia tabernak erabiltzeko ordutegia bezalakoa izanen da, horretarako eman den alkatetzaren ebazpenaren arabera.

11. artikulua. Lokalen jabeen erantzukizuna izanen da trabak saihestea, terrazako/beladoreko bezeroek ozenki hitz egiteagatik edo bestelako arrazoiengatik sor ditzaketenak.

Beladoreen baldintza bereziak

12. artikulua. Beladoreek uniformetasun estetikoa izan beharko dute eta integratuta egon behar dute bai hiri-ingurunean bai beste establezimenduetako beladoreen artean.

Beladoreak jartzeko baimena duten establezimenduen jabeek beladore eredua adostu behar dute, eta Udala izanen da, azken batean, ikus-onetsia emanen duena.

Establezimenduek, hasiera batean ez badute beladorerik jartzen baina beste une batean egin nahi badute, daudenetara egokitu beharko dituzte.

13. artikulua. Baimena emanen da beladoreetan honako material hauek erabiltzeko: aluminioa, altzairua eta olanak (kolore argikoak, zuriak edo artile kolorekoak).

Material guztiek EBko araubidea bete beharko dute, segurtasunari, suteei eta abarri dagokienez.

14. artikulua. Elementu desmuntagarriek osatuko dituzte beladoreak.

Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari edo bestelakoei dagozkien aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

15. artikulua. Beladore estalia jartzeko eskaerarekin batera proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatuta. Bertan egin beharreko egitura justifikatuko da eta ezaugarriak xehe-xehe zehaztuko dira. Ezarriko den elementuaren oinplanoak, aurretiko bistak eta sekzioak aurkeztu beharko dira.

16. artikulua. Beladore estaliak okupatuko duen gehieneko azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, eta gehieneko garaiera 2,80 m-koa izanen da.

17. artikulua. Oro har, terraza eta beladoreetan debekaturik dago honako hau jartzea:

-Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak, baita ateratzeko eta girotzeko edozein instalazio finko ere beladorean.

-Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak.

-Musika eta/edo soinu erreproduzigailuak instalatzea.

-Josteta makinak instalatzea.

18. artikulua. Terrazako eremua berotzeko, berogailuak instalatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologatuta egon beharko dutenak. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da ingurumenaren iraunkortasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

Tasak

19. artikulua. Terraza instalatzeko tasa ezartzeko, mahai kopuruari buruzko egungo sistemari jarraituko zaio, tasa eta zerga-tasak onesteko osoko bilkuran ezartzen den prezioaren arabera.

Beladoreen kasuan, horretarako tasa sortuko da eta okupatutako azalaren m² bakoitzeko kobratuko da.

20. artikulua. Interes publikoaren arrazoiak direla eta, Udalak edozein unetan balio gabe uzten ahalko du baimena, baina horrek ez dio konpentsaziorik ekarriko baimendutako establezimenduari.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Lizentziak prekarioan emantzat jotzen dira eta noiznahi baliogabetzen ahalko dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.4. artikuluari jarraikiz.

Indarraldia

21. artikulua. Terraza eta beladoreen kontzesioak urtebeteko indarraldia izanen du, eta urtero eskatu beharko da kontzesio berria.

Arau-hausteak

22. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Eremua ez zaintzea eta ez garbitzea.

b) Onartu dena baino eremu handiagoa okupatzea.

c) Dagokion udal tasa ez ordaintzea.

d) Terrazako elementuak (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak, etab.) lokalaren barruan ez jasotzea erabiltzeko ordutegitik kanpo.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

b) Terrazan edo beladorean EBko araubidea betetzen ez duen edozein elementu jartzea, segurtasunari, suteei, eta abarri dagokienez.

c) Terraza edo beladorea jartzea, Udalaren baimenik gabe.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

b) Arau-hauste arin edo larritzat hartzen ez den edozein artikulu ez betetzea.

Zehapenak

23. artikulua. Arau-hauste arinen zehapena 100 euroko isuna izanen da; larriena, 150 eta 250 euro bitarteko isuna eta/edo lizentzia urtebetez kentzea, eta oso larriena, 300 eta 500 euro bitarteko isuna eta lizentzia 5 urtez kentzea.

24. artikulua. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (47/1999 Legeak aldatua) eta Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamenduan (1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsia) aurreikusitakoaren arabera.

Erantzukizun zibila

25. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1300251