23. ALDIZKARIA - 2013ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2013 FORU AGINDUA, urtarrilaren 3koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Salesianos Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua lanbide heziketako ikastetxe bateratu izendatzen duena, "Politécnico Salesianos" ikastetxe bateratu pribatuaren izenarekin.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, legeak arautzen dituen lanbide heziketako ikasketak Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan egiten ahal dira.

Azken lege horren 11. artikuluko laugarren idatz-zatian, lanbide heziketako ikastetxe bateratuak honela definitzen dira: "Ikastetxe berriak dira eta, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren esparruan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri diren tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzen diren lanbide heziketako eskaintza guztiak emanen dituzte".

Halaber, 11. artikuluko 4. idatz-zatiaren bigarren atalak ezartzen du administrazioek, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimentzen ahalko dituztela, ezartzen diren baldintza eta betekizunei jarraikiz.

Ildo horretan, Lanbide heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuaren bidez, berriro idatzi da abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atala. Bertan ezarri da hezkuntza administrazioek titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahal dituztela, betiere nahitaezkoa izanda lan administrazioaren txosten lotesle bat.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 18. artikuluko bigarren atalean ezartzen denez, lanbide heziketa ematen duten ikastetxeak ikastetxe bateratutzat jotzen ahalko dira, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluari jarraikiz. Ikastetxe horiek Nafarroako Foru Komunitateko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak arautzen ditu. Haren 3.2 artikuluak xedatzen du ekimen pribatuko ikastetxe bateratuak ikastetxe bateratu pribatuak deituko direla.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, ikastetxe bateratuak sortu eta baimentzea arautzen da. Artikulu horretan ezartzen da ezen, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko hirugarren atalean agintzen denarekin bat, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren txosten lotesle bat beharko dela.

Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoan (Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 198/2010 Foru Aginduaren bidez sortua) erabiltzen den ikastetxe bateratuaren eredua lur eremu eta sektore bereziki aipagarrietan gure foru komunitatearen barruan aritzen diren titulartasun pribatuko lanbide heziketako beste ikastetxe batzuetara zabaltzea egokia dela iritzita, bidezkoa da, puntu horretan eta Estatuko eta Nafarroako araudi aipatua bete beharrez, titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak sortzea Nafarroan.

Hori dela eta, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak egindako aldeko txostena ikusita Nafarroan ikastetxe bateratuaren eredua zabaltzeari buruz titulartasun pribatuko ikastetxeetara horretarako baldintzak (irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan bilduak) betetzen dituzten lanbide heziketako ikastetxe pribatuak eraldatuz, eta, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluan agindutakoaren arabera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren txosten loteslea eskuratu ondoren.

AGINDU DUT:

1. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren eskumenak nireganatzea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikulua betez ditudanak), Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe bateratu pribatuak izendatzeko.

2. Salesianos Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua ikastetxe bateratu pribatu izendatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuari atxikia (ikastetxearen kodea 31004810).

3. Salesianos Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuak zeukan Salesianos deitura espezifikoa aldatzea, "Politécnico Salesianos" izan dadin (ikastetxearen kodea 31004810).

4. Delako ikastetxearen izen ofiziala "Politécnico Salesianos" ikastetxe bateratu pribatua ezartzea.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, hura argitara dezan, eta ohartaraztea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

6. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren xedapen guztiak eman ditzaten, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

7. Foru agindu hau igortzea "Politécnico Salesianos" ikastetxe bateratu pribatura, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 3an.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1300914